07
Ots
2009

Mentalese

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 7 - 18:59

Gaur bidaiatxo bati ekin diot, aulkitik mugitu gabe, neure burura joan naiz eta burutik mahai gainean pilatuta ditudan paper batzuetara: José Luis Guijarro Moralesen Serendipituosidad en la metodología del aprendizaje de idiomas artikulua jasotzen dutenak dira. Eta bidaia horretan ikusi dudana kontatzeko gogoa izan dut, gogoa eta etsipena. Zein zaila den bidaia bat kontatzea! Nola marraztu eta margotu Erromako kale hartako giroa? Nola Sofiako elkarrizketa haren goxoa? Eta zelan lortu nire kontuekin lagunak ez aspertzea?

 

Ideiak trumilka datozkit, ia ordena barik eta ez daukat ordenatzeko gogo handirik. Barkatuko didazue baina ez naiz oso gida zuzena izango. Zatozte gustuko baduzue, baina jakinaren gainean zaudete, gai honetan turista hutsa naiz, apenas ezagutzen ditudan paraje hauek eta ziur aski galdu egingo naiz, gainera.

Galdera batetik partituko dugu: Zein hizkuntzatan pentsatzen dugu?

Aspalditik usnaka zebilkidan ideia ikusi dut idatzita Guijarroren artikuluan, honela dio Steven Pinkerrek bertan: Pertsonek ez dute ingelesez, txineraz edo apatxez pentsatzen, pentsamenduaren lengoaian baizik (…)Mentalese’ deitzen dio hizkuntza horri eta hizkuntza unibertsala izan litekeela esaten du. Leihotxoak zabaldu zaizkit buruan: dejá vu, jendea; Atxaga; euskal zaldia; pin, pum, bang, danba; Krashen… Honela funtzionatzen du nire kaskarrak…

Dejá vu, jendea. Ez al zaizue gertatu inoiz,  burutazio bat etorri, txikitako sentsazio bat edo, hitzetan jarri nahi eta zailtasunak izatea? Ez al zaizue gertatu inoiz, zerbait esan nahi eta ez asmatzea? Ezin zerbait itzuli izana? Segundu bakarra ere hartu ez dizun pentsamendu bat hitzetara ekartzeko denbora luzea beharko duzunaz konturatu eta etsita geratzea? Badakit zer esan nahi dudan baina ez dakit nola pentsatu izana? Hitz berri bat aurkitzea, ‘dejá vu’ adibidez, zure hizkuntzan ez dagoena baina ezaguna duzun sentsazio bati erreferentzia egiten diona eta horregatik mailegu lez zeure egitea? Ez al zaizue gertatu inoiz,  ikasleek ‘jendea’ hitza pluraleko komunztaduran erabiltzea, nahiz eta ‘gente’ gazteleraz ere singularra izan, akaso beren buruan ‘gizakiak’ irudikatzen dituztelako?  Agian badago, beraz, hitza baino lehenagoko zerbait . Horixe da Pinkerren mentalese hori.

Atxagak bere liburuetan behin baino gehiagotan ematen digu gizakiok geure buruarekin izaten dugun elkarrizketaren berri. Mintzoa deitzen dio… Baina hori ote da Pinkerren mentalese lengoaia? Ezetzean nago. Mentalese edo mentalera (hitz traketsa da, gero!) nire ustetan pentsamendutik hurbilago dago eta hizkuntzatik urrunago. Gizakiak input primarioa zentzumenetatik jasotzen du eta memorian gordetzen du zenbaitetan, hortxe hasten da mentalera  lengoaia (ez hizkuntza) lez sortzen. Mintzoak, berriz, hizkuntza du. Nirea batzuetan euskaraz aritzen da eta beste batzuetan gazteleraz; oso noizean behin, beste hizkuntzaren batean (abestiren bat buruan dabilkidanean, normalean). Zein hizkuntzatan pentsatzen dugu? galderari erantzuten diogunean, beraz, sarritan mintzoari egiten diogu erreferentzia. Eta zuzena da, zati batean. Hizkuntza horretan / horietan ere azaleratzen baitugu gure pentsamendua, baina nire ustez pentsamenduak berak ez du hizkuntzarik eta hurbilago dago pentsamendutik mentaleraren lengoaia mintzoaren hizkuntza baino.

Euskal zaldia. Aspaldi batean, hizkuntza baten balioa adierazteko soziolinguista batek zera esan zidan: Pentsa ezak… Euskaldun batek ‘zaldi’ esaten duenean, zaldi txikikitxo bat, pottokaren tankerakoa, izaten dik buruan; aldiz, andaluziar batek ‘caballo’ esaten duenean Jerez aldeko zaldi handi, arranditsu horietako bat (ez nion esan, nik zaldi edo caballo esaten dudanean askoz kontzeptu unibertsalagoa izaten dudala gogoan: pottokak, Mendebaldeko filmetan ikusitako zaldiak eta Jerezekoak, besteak beste, hitz bera erabiliz izendatzeko balio didana). Horretan oinarritzen zuen irakasle hark hizkuntzaren balioa, errealitate desberdinak izendatzeko balio zuelakoan. Baina globalizazioak eta komunikabideek inputa asko bateratu dute eta mentalera lengoaiaren zenbait kontzeptu hurbildu (ingurunearen eragina ere ukaezina den arren). Euskal zaldiaren kontua bestelakoa da, beraz. Inputa daukagu lehenbizi (zaldi irudiak, mugimenduak, hotsak…), mentalera lengoaia ondoren (zaldiak beste izakien artean identifikatzeko balio diguna), eta hizkuntza ondoren, errealitate horren adierazpen eta konbentzio sozial gisa: zaldi, caballo… Baina beti al da horrela?

Nire ustetan ez, badago input sekundarioa (ez bigarren mailakoa) ere. Sozializazioak eta kulturak eskaintzen diguna.  Input mota honek  eskuratze prozesuaren norabidea aldatu egiten du kontzeptutik hizkuntzara izatetik, hizkuntzatik kontzeptura eramanez. Kontzeptuen mundua eta mentalera hizkuntzak berak aberasten du edo hizkuntzaren beraren bidez aberasten da( ‘burua jantzi’ esaten dugu euskaraz) . Horregatik irakurtzen dugu, aritzen gara solasean… zenbaitetan. Mentalera, mintzoa eta hizkuntza, beraz, anitzak dira, ezin dira modu estatikoan irudikatu, etengabeko jarioa dago beraien artean.

Pin, pum, bang, danba. Unibertsala al da mentalera? Nire ustetan ez. Edo ez erabat, behintzat. Ziur nago gizaki guztiok zenbait sentsazio, objektu… konpartitzen ditugula. Pentsatzekoa da, beraz, badagoela mentalera horretan corpus konpartitu garrantzitsu bat eta horregatik hizkuntza guztiek dituztela oinarrizko zenbait sinonimo. Baina inputaren pertzepzio mekanismoak zenbaitetan desberdinak izan litezke edota, behintzat, pertzepzio modu horiek hizkuntza bihurtu eta sozializatzeko moduak (gogoratu onomatopeiak: pin, pum, bang, danba; edo koloreak: beilegi, laru…). Bestalde, inputa ez da beti berbera izaten, ingurugiroa, eskurapen aukerak eta kultura garapenak ez baitira berberak  eta horrek mentalera corpusak desberdintzea ekarri du eta, ondorioz, baita hizkuntza corpusak ere. Argi dago ingelesaren hedadura, semantikoa adibidez, apatxearena baino askoz zabalagoa dela. Mentalerak hizkuntzaren hedaduran eragina duen bezala, hizkuntzak berak ere mentalera eragiten duela onartzen badugu, zilegi al da esatea ingelesa besterik ez dakien gizaki batek apatxea besterik ez dakien gizaki batek baino mundu kontzeptual zabalagoa izateko aukera duela? Utz dezagun galdera aidean, inplikazio gogorrak baititu. Dena den, inplikazio horiek arintzeko, esan dezadan argi daukadala mentaleraren hedapena eta edozein hizkuntzarena ez direla berdinak eta are gutxiago, mentaleraren eta ezein hizkuntzaren edota gizakiren garapen gaitasuna.

Krashen. Hizkuntzen didaktikara etorrita, honek guztiak inplikazio nabariak ditu. Ondo esplikatuko lituzke, adibidez, Krashenen eskurapena eta ikaskuntza bereizketak. Eskurapena mentalera hizkuntza batez errepresentatzea izango litzateke, bitarteko hizkuntzarik gabe. Eta ikaskuntza, berriz, lehenengo fasean, mentaleraren, lehen hizkuntzaren eta xede-hizkuntzaren arteko ‘ménage à trois’ bat eta bigarrenean, automatizazioaren bidez, eskurapen bihurtuko litzateke, hiztunak zuzenean joko bailuke mentaleratik xede-hizkuntzara. Honek esplikatuko luke zergatik ikasten duten umeek errazago (mentalera/hizkuntza eskurapena) eta zergatik nagusiek dituzten zailtasun gehiago nahiz eta metodo naturala erabili (ez litzateke adin edo burmuin kontua soilik izango). Inplikazio didaktikoak ditu, halaber, beste zenbait kontutan: transferentziaren planteamenduan eta abar…

Baina utz dezagun gaurkoz bidaia, Benito irudikatzen dut bestaldean,  nekatuta, muturra oker-oker eginda: psikolasto-morroi honek ez daki mezuak ezin direla hain luzeak izan, ala? bezalako burutazioekin. Barkatu guztiok. Jolas tonto bat da, turista sasijakintsu, harroputz baten bidaia. Abisatuta zeundeten baina… Ez al dizuet esan, bada, zaila dela bidaiak kontatzea? Zaila dela Erromako kale hartako giroa margotzea? Eta ezinezkoa nire kontuekin lagunak ez aspertzea?

Irudia:  Twitter 365 - Ft Yotsuba [027]. Egilea: KayVee.INCFlickr-en. Lizentzia

Etiketak: hizkuntza | lengoaia | mentalera | mentalese |
Bidalitako artikuluak

Telebistan "Noria" eta

jon (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 7 - 23:42-(e)an bidalia.

Telebistan "Noria" eta mentaleseari buruzko ideia hauek larunbat gauean zorabiatzeko modukoak dira. Gaurkoz gehiegi niretzat. Une honetan ez dakit zein hizkuntzatan pentsatzen dudan, ezta pentsatzen dudan ere! Tira, txantxa da. Interesgarria kontua!
Askotan egin diot galdera bera neure buruari: zergatik egun osoan euskararen munduan murgilduta egonik, zergatik bizitza osoan euskaraz ikasita ondoren, ideia asko gaztelaniaz datozkidan lehenago. Ingurua? Barne mintzo hori?

Pentsamenduaren hizkuntza

Benito-(e)k 2009, Otsaila 8 - 01:19-(e)an bidalia.

Zure artikulua irakurrita gogoratu dut lehengo egunean Euskara Irakasleak-en Betizuk gomendatu zigun artikulu honetako pasarte hau (azpimarra nirea):

El texto le da un peso determinante al lenguaje a la hora de configurar el pensamiento, llegando a afirmar de modo taxativo que ``no hay pensamiento sin lenguaje''. Se trata de una opinión muy extendida, pero falsa. Esta idea representa un ejemplo paradigmático del ``absurdo convencional'' y conduce a muchas apreciaciones equivocadas sobre el lenguaje. Evidentemente, no es que el lenguaje no importe: el lenguaje es un modo muy eficaz de expresar el pensamiento, pero no es condición imprescindible para que haya pensamiento, por mucho que esta afirmación resulte asombrosa en una cultura tan logocéntrica como la nuestra. Los estudios más recientes procedentes de las ciencias cognitivas (lugar de encuentro de psicólogos, lingüistas y neurocientíficos) más bien demuestran que no pensamos exclusivamente con la ayuda del lenguaje. Hay análisis rigurosos realizados con afásicos --o sea, personas privadas o desprovistas de lenguaje-- que han conseguido volver a hablar y que entonces describen lo que han vivido como un pensamiento consciente sin lenguaje, no muy diferente al de cualquier persona sana, a pesar de que (y en esto son unánimes) no tenían más palabras en el interior que en el exterior. Otro hermoso ejemplo nos lo recordaba recientemente Steven Pinker con respecto a Einstein, quien decía razonar combinando imágenes mentales de ``tipo visual y muscular''. Al parecer, sólo cuando Einstein se veía capaz de reproducir a voluntad una secuencia crucial de su juego mental se dedicaba ``laboriosamente'' a buscar palabras y símbolos para comunicar su idea a otros.

Sarri entzun dugu "erdaraz pentsatu" vs. "euskaraz pentsatu". Askok segurutzat ematen dute pentsamendua hizkuntza batekin lotuta dagoela. Hortik hizkuntza izaera edo jokaeraren eragile nagusietako bat izendatzera pasatu izan da: euskara ikastea "euskal sena" norberarenganatzeko bide bezala adibidez.

Nik neuk zalantzak izan ditut beti horretaz. Pentsamendua adierazteko hizkuntza batekin beste batekin baino bizkorrago ibiliko gara (zer pentsamendu eta zer testuingurutan adierazi behar den beti ere) seguruenik, baina buru barruan egosten dena ahotik irteten den hizkuntza berean egosten dela esatera ez naiz inoiz ausartu.

A! Plisti, hau irakurrita ez dut psikolasto hitza ahoan/mintzoan, ez kontzeptua garunaren bazterretan erabili. Zerbait diferentea ekarri duzu txoko honetara, eta gustura irakurri dut gainera.

La Noria eta Urtain

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 8 - 11:26-(e)an bidalia.

Bidaiatzen jarraituko dut apur batean. Benito eta Jon, zuona irakurri eta zera esan dit mintzoak: Ez dute egonarri makala morroi hauek! Eta, ostean, Sustrai Colina gogoratu dut bertsotan eta hauen egonarriari ez zaie goroldiorik erneko pentsatu; eta harriak eta jira-birak direla eta, hor izan ditut Rolling Stones eta Angie (ez dakit zergatik).

Zorabio honi erreparatu diot ondoren:

Hasiera batean, sentsazio bat izan dut, pozaren antzekoa, irakurri duzuelako eta, beraz, idazten dudana inporta zaizuelako (oso primarioak gara, finean, eta estimulu positiboak behar ditugu), mentaleraren eraketan hain garrantzitsua den adimen emozionalaz ari natzaizue, mentaleraren eraketarako oinarrizko inputaz beraz.

Sustrai Colinaren hitz jokoa, egonarriarena eta goroldioarena, berriz, input sekundarioari dagokiona da, kulturak eragindakoa, eta bai, euskal kulturak gainera. Hizkuntzak berak eragiten dio oraingoan mentalerari. Rollingena ere maila honetakoa dugu baina, egia esan, nahiko mistoa da, ezen hizkuntzatik baitatorkit (stone / roll), baina Angie-ren kasuan ez, berriro ere sentsazio bat da (ez dakit zer esaten duen abestiak) eta ez dakit adierazten zer eragiten didan baina eragin nabarmena du nigan.

Beste bi kontutxo ere etorri zaizkit gogora. Batetik zein kaotikoa den pertzepzioa, normala ere bada input-ate asko baitauzkagu zabalik aldi berean: zentzumenak eta memoria batik bat. Eta memoriarena da bigarrena. Jonek aipatu du La Noria eta bada gaztelerazko atsotitz bitxi bat: 'hombre sin memoria, pozo sin noria'. Eta honen harian pentsatu dut hizkuntzak memoria habitatzen duela baina pentsamendua beste lurralde batekoa dela, agian.  Ondoren, Urtain etorri zait burura... hainbeste denbora kanpoan bizi ondoren, nekez ari zen euskaraz ETBk egindako elkarrizketa hartan. Eta nire kaosak jarraitu du gainera, izenburuak besterik ez dizkizuet jarriko: Adimen anitzak edo adimenaren aniztasuna?, Adimen artifiziala eta mentalera, Fraga irratian, serendipia: Benjamin Button eta euskaltegiko erlojua...

Jonek ez du ulertzen zergatik euskaran murgilduta egon arren zenbait ideia gazteleraz datozkion. Honengatik dela uste dut, pertzepzio kontzientea gauza bat delako eta inkontzientea beste bat eta honek batzuetan ez duelako hizkuntzarik eta duenean bizi garen gizartean eta mendean ezin delako hizkuntza bakarrekoa izan,  are gutxiago hizkuntza bakar minorizatutakoa; eta pertzepzio hori delako, hain zuzen, mentaleraren eta mintzoaren oinarria. 

Iso! Ixo! Geratu egingo naiz bestela zoratuta nagoela pentsatuko duzue eta. Badakit gauzak sinpleagoak direla (edo ez), gauza sinpleagoak eta txikitxoagoak direla garrantzitsuenak (honetaz seguru nago). Baina batzuetan bidaiatzea gustatzen zait eta sarritan bidaia laburrenak izaten dira luzeenak.

Hizkuntza galdua

Benito-(e)k 2009, Otsaila 9 - 05:40-(e)an bidalia.

Eldarnio horiek guztiak eragin dizkizun artikulua irakurri (edo) dut. Trinkoa eta toreatzen gatxa, baina bere konplexuan estimulantea (hau egonarria gurea, bai). Akabuan hasi garen puntuan geratu garela iruditu zait. Ikuspegi "komunikatiboaren" hainbat axioma zalantzan, edo frogatu ezin batean, ipini nahi izan dituela begitandu zait, baina ezer gutxi gehiago. 

Ez dakit dena dela, artikuluan deskribatzen den ikuspegi komunikatibo hori ez ote den apur bat ikuspegi komunikatibo "tradizionala", hau da, hasiera batekoa, topikoena nonbait. Edonola ere, galdu egin naiz modulu eta konstruktoen artean, aitor dezadan.

Bada puntu bat pentsakor utzi nauena hala ere. Chomsky-ren ideiak ekartzeko orduan, ama-hizkuntza ("idioma") txantiloi moduko baten gainean ("lengua") eraikitzen delako hori. Eta galdera dator hain zuzen ere gaur komentatu dudan "Bidaia intimoak" filmean agertzen diren kasu bi horietatik: ama-hizkuntza (euskara alegia) galdu zuten bi pertsona horiena. Ama-hizkuntza hain errotuta balego, zelan gerta daiteke orduan halako galera bat? Egia da umezaroan gertatu ohi dela, oraindik lehenengo hizkuntza finkatzeko mekanismoak oraindik erabat galduak ez omen daudenean, horrez gain, seguruenik ez naiz izan horretaz konturatu den lehenengoa eta hiper-adituen artean izan da honez gero horri heldu dionik (ez dut ezer aurkitu baina, ezta bilatu ere, egia esanda).

Dena dela, pentsamenduaren hizkuntza eta ahoaren hizkuntza bat ez direla onartuta (bide batez, oso interesgarria informazioa-komunikazioa bereizketa hori: barne-hizkuntza hori ez da komunikatzekoa, informazioa kudeatzekoa baino), eta ikusita halako transferentziak gertatu, gertatu ahal direla, eta gertatzen direla, eta bizitza guztian zehar (Joni gertatzen zaiona lekuko) hizkuntza batean edo bestean sor daitezkeela "pentsamendu automatizatuak" (hau ere aipagarri), ez dugu pentsatu beharko hizkuntza(k) inguru sozialetan bezala, gure baitan ere etengabe ari direla garatzen, lehian eta funtzio batzuk hartzen eta uzten? Hau da, gure baitako hizkuntza ere (ez mentalera) izaki bizia dela, eta "idioma" desberdinak izan ditzakeela, etengabe tokiak okupatzen eta desokupatzen dabiltzan "idiomak".

Ozeano handi bateko ur handiagoetan sartu den "balseroa" irudikatzen dut nik orain. Gatozen bueltan Dortokaren irlara.

Balseroak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 9 - 11:14-(e)an bidalia.

Ni ere galdu egin nintzen Turingen makina abstraktuaren baitan, baina bidea topatu nuenerako banituen kaskarrean zenbait galdera berri eta, balsero eta salsero izaki, horien erantzunaren peskizan abiatu nintzen (serendipia hutsa).

Artikuluari berari dagokionez, berriz, ekarpenak egiten dituela uste dut baina ez nago ados irakasle-kapillatxo horrek duen erregistro eta intentzio nagusiarekin. Bego horretan.

Konforme nago zurekin mentaleraren, mintzoaren eta hizkuntzaren ikuspegi dinamikoan, elkarren arteko eragin etengabean. Lehenengo hizkuntzaren galeraz diozuna, berriz, kontu interesgarria da (horregatik aipatu nuen Urtain, hain zuzen). Lehenagoko batean nioen moduan, nire ustez, hizkuntza memoriaren lurraldean bizi da eta hor normalak dira ahaztura / ordezte prozedurak, baina memoriarena mentalerarena bezain gai latza da eta nahikoa dugu oraingoz.

Irakasle-lagun batek esan dit itzelezko txapa ulertezina bota dugula. Egunotan ekaitz gogorra egiten zuela erantzun diot, eta kostata heldu garela gure balsan Dortoka irlara. Enbatak horrela jarraituz gero, ez dugu itsasoratzerik izango hurrengo egunetan baina zein polita den noizean behin ozeanoari so egitea portuko taberna jendetsutik!

I.O: Ez dakit azkenaldi honetan ez garen pirata sena galtzen ari. Sarea erabiliz, big fish harrapatu nahian gabiltzan arrantzale itxura hartzen diot batzuetan neure buruari.

rafting

Benito-(e)k 2009, Otsaila 9 - 14:15-(e)an bidalia.

Ozeano horietan kapitain iaioenak ere, untzi onenen jabe, iparrorratz eta gps guztiekin ere ez dira eroso ibiltzen, titulurik gabeko marinelek interpretatzeko moduko mapak ekartzea kostatzen zaiela ikusi baino ez da egin behar. Baina olatu handi eta enbat itzeletan rafting apur bat egitearen zirrara ere erakargarria zaigu balserooi, jolas modura baino ez bada ere.

Geu ito edo inor itoarazi baino lehen, Dortokara bueltan joango gara, urregorriz beteriko galeoien ibilbideak zelatatu eta altxorren mapak interpretatzearen monotoniara, gure abenturak ez ditu inork sinestuko gainera.

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia