30
Ira
2007

Espezializazioa

Plisti-plasta | 2007, Iraila 30 - 10:41

Oraingo honetan ere galdera pare batekin hasiko naiz: ez al zaizue iruditzen euskalduntzearen munduan oso jeneralistak garela, hau da, espezializazioaren bidea ez dugula behar beste jorratu?

Argi dago eskola tradizionalaren eredua imitatu dugula, baina ez al gaude kontu honetan pausutxo bat atzerago?

Begira diezaiogun eskolari. Bertan noizbait birplanteatu beharko den ereduari jarraitzen diote: lau hormadun gela nahiko itxiak, ikas-irakaskuntza norabide bakarrekoa neurri handi batean, pertsonalizazio urria... (badute/badugu honi guztiari buelta emateko zer pentsatua) baina euskaltegietan baino espezializazio handiagoa ematen da, zalantzarik gabe.

Lehen Hezkuntzan tutoreaz gain, irakasle espezializatuak (musika, ingelera,soinketa), aholkularia, hezitzailea, laguntza gela, berritzegunea... Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan espezializazioa areagotu egiten da: departamendu eta irakasle espezializatuak ikasgai guztietan...

Euskaltegi gehienetan, berriz, dela lehenengo maila, dela bigarrena edo hirugarrena, taldeko irakasle bakarra izateko joera dago. Joera honek egokitzapen kurrikularra zailtzeaz gain, ez dio behar beste laguntzen ez ikasleari ez irakasleari.

Irakasleoi ez digu laguntzen, ezen denetik jakin behar baitugu eta sarritan ito egiten baikara. Ezinean ibiltzen gara, denetik dakigu apurtxo bat baina nekez sakon genezake ezertan. Ikasleari ere ez dio gehiegi laguntzen. Nire ustetan 3. mailan diharduen batek laguntza handiagoa izango luke tutoreaz gain, koordinazio egoki batekin, irakasle espezializatuekin (trebetasunka adibidez) lan egingo balu.

Administrazioak ere badu zeresana honetan, zurrunegi jokatu du ikastorduen kontu horrekin eta honek euskaltegien egituraketa okerra ekarri digu. Euskaltegiek ez diote bide egin espezializazioari (beste erremediorik izan ez dutenean baino: autoikaskuntza deiturikoaren kasuan, adibidez) baina administrazioak ere diru-laguntzetatik kanpo utzi ditu zenbaitetan espezializaziorako bideak.

Imajinatzen al dituzue euskaltegietan Tailerrak, Idazmen/Entzumen irakaslea, Laguntza gelak, Eskualdeko Berritzeguneak... Hain utopikoa al da?

Etiketak: egituraketa | espezialista | espezializazioa | irakaslea | irakasleak |
Bidalitako artikuluak

Espezialistak

Benito-(e)k 2007, Urria 1 - 00:43-(e)an bidalia.

Neuk ere eduki ditut inoiz horrelako burutazioak, eta interesgarria izan daiteke probatzea. Izan ere, beste hizkuntzen irakaskuntzan klaseen eta programen antolaketan aspaldian egiten dira halako banaketak. Gurean kostatzen da gauza berriak probatzea egia esanda.

Hala ere, espezializazio klaseren bat beti egon dela eta gaur egun ere badagoela uste dut, ez handia, baina ez didazu esango horrelakorik ez duzula ezagutu:

  • Urratsen batean espezializatzen den irakaslea, dela goi-urratsak, dela EGA, dela beheko urratsak.
  • Autoikaskuntza, BOGA edo bestelako inbento modernoetan espezializatzen dena.
  • Talde bereziak: gurasoak, langileak,  irakasleak...
  • Euskaltegira heltzen diren enbajadak eta gauza "arraroak" hartzeko arazo gutxien daukana.
  • Barnetegietako irakaslea.

Dena dela planteatzen duzuna bestelakoa da, ikas-programen modularizazio antzeko zerbait: trebetasunak, edukiak, jarduerak...

Horrek lehenengo eta behin programen diseinu landua beharko lukeela uste dut, eta bigarrengoz, irakasleen arteko koordinazio eta komunikazio handia, eta hirugarrengoz, irakasleak espezializatzeko bideak.

Interesgarria, inor horri oratzen ausartzen bada.

XXI. mendeko euskaltegia

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 1 - 14:26-(e)an bidalia.

Ez dakit argi azaldu dudan Benito, baina ondo ulertu didazulakoan nago. Ez dut nik ukatuko, zuk aipatu duzun moduan, inertziak eta halabeharrak bultzatutako nolabaiteko espezializazio espontaneoa eman dela. Baina fase hori gainditzeko ordua dela uste dut eta espezializazio planifikatura jotzekoa, zeinak diozun moduan programen diseinu landua, koordinazioa eta baliabideak beharko dituen.
Metodologiaz eta abarrez aritzen gara baina kudeaketa kontuetan apenas dagoen garapenik eta euskaltegien egituraketari pare bat buelta eman beharko geniokeelakoan nago.
XXI. mendeko euskaltegiaz ari naiz.

XXI

Benito-(e)k 2007, Urria 1 - 16:15-(e)an bidalia.

Bai, ondo baino hobeto ulertu dizut. Espezializazioaz ari zarela betiko espezializazioak etorri zaizkit gogora, ironia apur batekin, beste barik.

Esan dituzunak eta planteatu dituzun erronkak neuk ere ikusten ditut eta uste dut horrantz dabilela gaur egun hizkuntzen irakaskuntza.

Gurean noiz mugituko da zerbait? Ez dakit, akaso inork praktikan arrakastaz ipini eta erakusten duenean, edo HABEn norbaiti argi izpia etortzen zaionean... Esan duzun modura kudeaketan "sota, caballo y rey" estilokoak izaten gara. Egun batean jardun beharko genuke eraketa-didaktika dikotomia horretaz. Nik neuk gero eta gutxiago ulertzen dut.

Bitartean, XXI mendea aurrera doa. Duela 7 urte hasi zen, hau da, %7 pasatu da (datuak biltzen dituztenentzat).

Umorea

Benito-(e)k 2007, Urria 1 - 17:14-(e)an bidalia.

Honetaz gabiltzala, Anibal de la Torreren blogean Forgesen biñeta hau ikusi dut:


adultos

Aproposa, ezta?

Espezializazioa

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 3 - 18:54-(e)an bidalia.

Aupa benito.
Ba, niri ere behin baino gehiagotan gogoratu zaikit antzekoak. Eta gehiago ere... Bainan, gainera, nik iprraldean lan egiten dut, orduan pisuak izan daitezkeen galdera hauek, pentsa nolako proportzioak hartzen dituzten hemen, ez dut dena errepikatuko, hemen agertzen diren hainbat ohar arras egokiak baitzaizkit.

Bainan diozunean ez dugula bururaino jorratu gaia, ados bainan gainera norbaitek utzi al digu holako zerbait egiten? Bederen bideratu?

Oso profesional eta berezituak ez gaude bainan ez da nahi eskasagatik izango.
Euskara ikasteak eta erabiltzeak eskubide bat izan behar lukeelarik, podere publikoek lagundu eta bideratua. Dohainik ematen den zerbitzu bat (erdararen ikastea izaten den neurrian), ze ostia?

Halere, iduritzen zait hegoaldeko helduen euskalduntzea bide onean dela eta berezitze zerbait dagoela ez?
Beti gehiago behar dela? Urrunago joan behar dela? Hoberenak izan? Noski

Azkenean benito ez hain ezkorra izan, kilometroak eginak direla jada...

Espezializazioaz

Benito-(e)k 2007, Urria 3 - 20:43-(e)an bidalia.

Aupa Bea!! Zer moduz? Zelan izango naiz ezkorra Euskal Herriko bazter guztietan jendea gogoz ari dela jakinik?Smile

Plisti-Plastak plazaratu duen gaia hausnartzeko modukoa dela uste dut neuk ere. Zuenean aipatu duzun arazoa ("norbaitek utzi al digu holako zerbait egiten? Bederen bideratu?") ez dut uste zuenekoa baino ez denik, Bidasoatik honantz ere galbahe administratibo estuekin jardun behar izaten dugu sarri. Baina batzuetan korse administratibo horietatik harago dago arazoa, geure buruan alegia, gauzak era batera baino ezin direla egin dabil airean, eta gutxitan erreparatzen diegu alternatibei.

Hain zuzen ere, espezializazioaren kontu hau oso jardunbide interesgarria dela uste dut. Ongi landuta eta probatuta baina.

Beraz, gure gogoetak lagungarri izan bazaizkizue poztu egiten naiz, eta -jakina!- gaia lantzen hasten bazarete, badakizue hemen daukazuela plaza irekia gogoetak, ideiak eta esperientziak zabaltzeko.

Animoa bada, eta besarkada handia Iparraldeko lankideoi.Wink

espezializazioa

Nerea (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 4 - 15:19-(e)an bidalia.

Oso gai interesgarria plazaratu duzue, eta uste dut denon kezka dela.Egoera ideal batean, irakasle bakoitza arlo baten aditua izateak gure zerbitzuaren kalitatea izugarri hobetuko luke. Gainera azken urteotan bezeria eta behar berriak sortu ahala, esfortzu handia egiten ari gara hauetara behar bezala egokitzeko: autoikaskuntza, teknologia berriak, etorkinendako eskolak, zenbait euskaltegitan ume etorkinei ere klaseak ematen zaizkie, gurasoak, jubilatuak, futbolariak, Iraleko ikastaroak...Dispertsioa izugarria da. Garbi dago kolektibo bakoitzari behar duen metodologia eta programazioa eskaini behar zaiola. Baina euskaltegi ertain edo txiki batek arazoak ditu horiek denak egoki kudeatzeko orduan. Agian euskaltegi handietan errazagoa izan daiteke espezializaio horretara jotzea, baina txikietan datorrenari aurre egin behar izaten zaio, askotan harrapataka, eta ahal den bezala. Esate baterako, urte baten ordutegi ona izan duenak hurrengo urtean gauez lan egin beharko du, kontuan izan gabe zer maila den. Agian bat beheko urratsetan aritu eta adituagoa da, baina gerta liteke ikusturteren baten beheko urratsik ez sortzea. Eta, berdin goi mailetan aritu dena. Gure tamaina txikia da, eta horrek izugarri baldintzatzen du espezializazioaren kontu hau. Dena den, interesgarria iruditzen zait ideia, eta agian, formula berriak pentsatu beharko dira.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia