teknologia

12
Ira
2007

Google Book Search

Ricardo Gomezen Filoblogiari esker asteon eduki dugu Google-en aplikazio honen erabilpenaren berri. FiloBlogiaren liburutegia Google Book Search-en.

Book Search-en bidez Google liburutegi erraldoia sortzen ari da sarean. Liburuak digitalizatu eta kontsultatzeko eran jartzen ditu. Liburuak eta haien testuak. Honetarako prestigioko liburutegi batzuen kolaborazioa dauka.

Ez da horrelako egitasmo bakarra hala ere, polemikatxoa ere sortu da kopia eskubideak direla eta ez direla eta Open Content Alliance izeneko erakundea sortu dute beste batzuek testu libreak zabaltzeko asmoz.

Edonola ere, Ricardok ederto erakutsi digu nola sortu daitekeen liburutegi pertsonala Book Search-eko liburuak hautatuz, eta liburutegi hori bistan ere jarri daiteke, konpartitzeko edo rss-aren bidez jarraitzeko.

Ricardok Euskalaritza zaharraren lanak bildu ditu berean. Nik proba egin dut hizkuntzaren didaktikaren inguruko batzuk batzen. Eta egon badaude, hori bai, ingelesez gehienak eta testuaren pasarte batzuk baino ezin dira berton kontsultatu.

Baliabide interesgarria duda barik norberaren bibliografiak osatzeko, formaziorako eta, testuak osorik sartzen badira, kontsultarako ere bai.

Estekak:

09
Mai
2007

Hizkuntzak ikasteko mp3a

Txelisen zertzelada baten bidez Zibereskolan argitaratutako bideoa aurkitu dugu. Gipuzkoako Berriztapen proiektuen VI. Jardunaldien barruan, Antoine Bidegain eta Maitena Susperreguik aurkeztu dute ponentzia, eta haren harira hizkuntza ikasteko mp3 entzungailuen erabileraz dihardute Maitenak eta Antoinek bideoan.

Gero eta zabalduago dauden aparato horiekin zerbait egin ahal dela barruntatzen baduzue, honek ideiaren bat emango dizue seguruenik.

Bide batez, jardunaldiotako bideo gehiago ari dira zabaltzen. Ez dakit beste inon publikatu diren, baina GoogleVideoko helbide honetara bazoazte, han, alboko barran bideo gehiago ikusiko dituzue.

Eguneraketa:

Hezkuntza telebista vblogean ipintzen dabiltza. 

21
Urt
2007

Haiku: antolatu ikastaroak on-line

Moodlemaniak jo gaituen honetan komeni da gogoratzea Moodle ez dela on-line ikastaroak antolatzeko plataforma bakarra. LMS (Learning Management System: ikaskuntza kudeatzeko sistema-edo) ugari daude, eta web2.0ren haritik, badira ikastaroak antolatzeko sare-aplikazioak. Aspaldian eman genuen Nuvvo-ren berri, oraingoan wwwhat's new-ren bidez berriro, Haiku izenekoa ezagutzeko aukera eduki dugu. 

Itxura sinplekoa baina tresna politak ematen ditu: testu-orriak, artxiboak eskegi, irudiak, entzungaiak eta bideoak kokatu, egutegia, mezuak... Edizio grafiko erraza eta kokapen eta diseinu argia eskaintzen dizkigu gainera.

Ikastaroak antolatzeko edo besterik gabe, aurrez aurreko eskola baterako osagarri modura  oso aukera interesgarria. Hemen daukazue proba bat.

Sindikatu edukia