baliabideak

03
Aza
2009

Euskeraikasi: ikasteko eta euskara erabiltzeko materiala

Duela aste batzuk Euskeraikasi blogaren berri eman genuen Atoanen, fakturak euskaraz jasotzeko jarraibideak ematen zituen mezu landu baten harira, gerora sarean arrakastatsu suertatu dena.

Lehengo egunean blogaren egilea gurekin jarri da harremanetan asmoaren berri emateko. Lander Bilboko euskara irakaslea da, eta blogaren bidez aspaldian darabiltzan kezka eta asmoa bideratu nahi izan ditu: euskara ikasteko ez ezik, euskara praktikan erabili eta sustatzeko balio duten material eta aktibitate didaktikoak sortzea.

Bere hitzetan:

Batetik, helburu didaktikoa. Hau da, ikasleak lexiko, aditz forma eta egitura jakin batzuk ikastea.

Ikusi eta ikasi. Hori da ikaslearen egitekoa. Baina ariketa hauek, beste ariketek ez duten alderdi praktikoagoa dute; egunero, euren bizitza errealean egin beharrekoan euskara topatzea. Ikasitakoa gogorarazi eta BENETAN memorizatzen laguntzea.

Ikasketa prozesua euskaltegian edo etxerako lanetan bukatzen bada, ikasketa prozesua bera, urteetan luzatu daiteke eta nabariki zaildu gainera.

Hartara, material didaktiko osagarria -berak deitzen dion bezala- blogean plazaratzen hasi da, gehien bat zerbitzu desberdinen erabileran euskara sustatzen eta laguntzeko tresnak eta gidak ditugu.

Ariketa praktikoa proposatzeaz gain, haiek euskararen demanda izatera igaro daitezke. Eurentzat lagungarriak diren tresnak izateaz gain, euskararen alde egin dezakete.

Asmoen azalpena blogean bertan daukazue:  Material didaktiko osagarria erabiltzeko helburu eta arrazoiak.

Landerren ekimenak pozteko arrazoi bi ematen dizkigu: batetik, irakasle batek bere lana eta materialak besteokin partekatzeagatik, eta bestetik, irakasle baten ikuspegitik HEAn euskara ikaskuntza hutsetik harago eramateko plazaratu duen kezka eta ahaleginagatik.

Animoa bada, eta ea norbait gehiago ere animatzen den gauzak zabaltzen eta hizkuntzaren ikuspegi horri buelta pare bat gehiago ematen.

22
Ots
2009

EGA azterketa prestatzeko gunea

EGA azterketa online eta doan prestatzeko gunea aurkeztu da asteon. AEK, Jakintza ikastolako Euskaljakintza gunea eta EHUko Ikide taldea ibili dira egitasmoan. Informazio gehiago AEKren webgunean, Jakintza ikastolarenean, hedabideetan eta Euskaltubeko bideo honetan daukazue.

Laburtuta:

  • EGA prestatzen ari direnen eta euskara irakasleen eskura baliabideak jartzea da asmo nagusia. Ez ikastaro bat antolatzea.
  • Ikasteko eta azterketa prestatzeko ibilbidea nork bere kontura egin dezake, edo baliabideok ikastaro antolatuago batean erabiltzeko aukera ere badago.
  • Erabiltzeko gunean izena eman baino ez da egin behar.
  • Azterketako proba desberdinen arabera egin dira atalak.
  • Baliabideak gune desberdinetan daude. AEKren e-gelan eta Euskaljakintzan gehien bat.
  • Gehienak baliabide estatikoak dira, baina bada ibilbide antolatua duen ikastaroren bat. Eta aurrerantzean halako gehiago egiteko asmoa dago.
  • Gunea Moodle software librearekin atondu da, eta materialak Creative Commons litzentziapean jarri dira.
  • Testatze-fasean dago, hurrengo batean baliabideak esportatu eta beste gune batzuetan kokatzeko aukera emango da.

www.e-gela.org helbidea zabaldu da, baina hori AEKren Moodle plataforma da, EGA prestatzeko hau barruko ikastaroa da eta helbide honetan dago: http://www.egela.aek.org/course/view.php?id=9.

Bestalde, izena eman behar dela esan bada ere, une honetan bisitari gisa sartuta eskuratu daitezke baliabide gehienak.

Lehenengo begiradan akats batzuk sumatzen dira (diseinua, hizkuntza, loturaren bat...). Baina esan duten modura, garapenean jarraituko duen gunea da, eta haren baliabideekin bestelako guneak antolatzeko aukera ere badago.

Seguraski, kasu honetan produktua baino gehiago, azpimarragarriagoa da horretara ailegatzeko abiatu den prozesua, erakunde eta persona desberdinen artean denon eskura baliabideak jarri eta osatzea.

Horrez gain, atzetik azken batean filosofia bat barruntatzen da, "negozioa" materialen eta baliabideen salmentan edo kontzesio komertzialetan oinarritu beharrean, baliabide horien gaineko zerbitzuan oinarritzea. Hau da neure ustez egitasmo honen ekarpenik handiena, oraindino askori ulertzea kostatuko zaiena.

27
Aza
2008

Parla.cat

Enric Serraren Aprendre llengües blogaren bidez Parla.cat atariaren aurkezpenaren berri izan dugu.

Parla.cat katalanaren ikaskuntza sarearen eta teknologiaren bidez sustatzeko eta hedatzeko egitasmoa da . Kataluniako Hizkuntz Politikarako Zuzendaritzak, Ramon Llull Institutuak eta Consorci per a la Normalització Lingüísticak garatu dute, erakunde publikoek garatutako proiektua beraz.

Zer daukagu han? Demoa ikusita:

  • Ikastaroak. Bi modalitatetan eskaintzen dira: libreak eta tutoretzarekin. Lau mailatan: Basic, Elemental, Intermedi eta Suficiència. Bakoitzean 3 "grau", hauetariko  bakoitzak 45 orduko iraupena ggb. Ez nuke seguru-seguru esango, baina Moodle erabili dutela dirudi. Ohiko baliabideekin batera (foroak, atazak, txata...), ahozko tresnak ere erabili omen dira, baina demoan ez dut horren aipamenik ikusi.
  • Rambla Virtual. Kataluniako kultura eta hizkuntza ezagutzeko dokumentuak eta materialak ditugu hemen: idatzizko testuak, ikusentzunezkoak, musika, informazioa... eta horrez gain, jolasak eta komunikaziorako tresnak: foroak, txatak...
  • Irakasleentzako baliabideak. Klaserako jarduerak eta ibilbideak antolatzeko baliabide bilduma dugu hemen. Bi atal ditu: "Calaix d'activitats" eta "Espai Compartit". Lehenengoan Parla.cat-eko ikastaroetarko sortutako materialak eskuratu daitezke bestelako ikastaroetan erabiltzeko. Bigarrenean irakasleei aukera ematen zaie euren materialak eta ideiak zabaldu eta partekatzeko.

Denbora behar izan omen du proiektuak, eta oraindik guztiz osaturik ez dagoela dirudi. Ekimen instituzional hauekin hainbesterako ez diren mesfidantza izaten dut sarri, baina aitortu behar dut Parla.cat honetan ideia eta norabide interesgarri batzuk behintzat badaudela: ikastaro irekiak, doakoak edo merkeak (tutoretzadunak 90 euro), ikasmaterial irekiak eta partekatuak, irakasleentzako guneak, komunikaziorako eta praktikarako baliabide osagarriak...

Diseinu eta programazio tekniko txukuna baino zerbait gehiago dago behintzat, liluratu ez, baina erabilgarria eta baliagarria iruditu zait.

Kataluniara begira ibiltzeko tradizioa dugula, ez lidake batere inportako hango gauza batzuk hona ekarriko balira. Hain zuzen ere kasu honetan atariaren eredua izan daiteke guretzako baliabiderik interesgarriena. Eredu modura, edo ideia berriak garatzeko abiapuntu modura.

25
Aza
2008

Teaching english

Teaching english British Council eta BBCren artean atondutako ataria da. ELT (English Language Learning and Teaching, ingelesaren irakaskuntza alegia) mundurako baliabideak, foroak eta informazio iturria izan nahi du.

Lau atal nagusi ditu:

  1. Think. Irakasleen artikuluak eta gogoetak irakaskuntza, praktika eta metodologiaz
  2. Try. Materialen eta ideien bilduma.
  3. Talk. Foroak, blogak eta taldeak irakasleentzat
  4. Transform. Irakasleentzako informazio eta kontsulta zerbitzua.

Bigarren irakaskuntzako irakasleei zuzenduta dago gehien bat, ingelesa ama-hizkuntza ez daukatenak, baina oro har ingelesaren irakaskuntzan diharduten guztientzat ere baliagarria izan daitekeela diote.

Webgune irekia da, irakasleei aukera ematen zaie parte hartzeko euren artikuluak, ideiak eta baliabideak partekatuz, eta dagoeneko (ingeles apur bat jakinda) hizkuntzen irakaskuntzan dihardugun guztientzat egon daitezke baliabide interesgarriak. Terminoen glosario haujardueren bilduma hau edo lehengo egunean LdeLenguan entzun genuen Mario Rinvolucriren bloga bezala.

BBCk "karraju" bat montatu du alegia, gureak engainatzen saiatu beharko dugu. ;-)

12
Aza
2008

Azpidazki berritua

Klaserako baliabideak atal honetan lehenengoz errepikatuko dugu sarrera bat, Azpidazki guneari dagokiona zehazki. Izan ere, EHUren barruko atari hau EMUN, Goisolutions eta di-da kooperatibak berritu eta osatu dute eta baliabide aukera berriak gehitu dizkiote. Haiek azalduta:

  • Lehenik eta behin, kontsultak egiteko tokia dago, Argitokia hain zuzen ere. Bertan ohikoak diren zalantzak galdetu ahal dira, baina horretaz aparte lehendik egindakoak ere ikus daitezke.
  • Bigarrenik, astero-astero albiste interesgarri bat emango du argitara. Apiriletik hona batzuk batu ditugu dagoeneko.
  • Hirugarrenik, txukun eta artez idazteko arauak, gomendioak, txantiloiak, ... eskaintzen ditu webguneak.
  • Aurpegia garbitu diogu webguneari, itxura txukundu, harpidetza egiteko bideak eman. Gozatu eta, batez ere, erabili Azpidazki berria.

Honi guztiari lehengo baliabideak gehitu: idazki ereduak, esaldiak, gramatika eta arauak... Kontsultarako gune are aproposagoa dugu orain duda barik.

24
Ots
2008

Kantuarekin eta kantuz ikasi


Cuaderno Intercultural blogean baliabide eta testuen bilduma interesgarriak ari dira publikatzen hizkuntzaren irakaskuntzarako. Jolasen erabileraz edo AOIren inguruan adibidez.

Oraingo honetan "Canciones para enseñar lenguas" artikuluan testuen, aktibitateen eta baliabideen bilduma interesgarria egin dute. Gaztelaniaren irakaskuntzari begira batik bat, ingeleserako baliabideren bat ere apuntatu dute.

Gurean, kantuzaleak izaten ei garela, ideia politen bat atarako dugu ohiko hutsuneak bete horretatik harago.

Nik beti pentsatu dut kantuek letran esaten dena baino gehiago daukatela atzetik, baita hizkuntz-ikaslearentzat ere. Hau da, entzutezkoaren ulermena ez ezik, gauza gehiago ipintzen direla jokoan: erreferentzia soziokulturalak, gustuen eta sentimenduen adierazpena, balorazio kritikoa, narrazioa... eta ez bakarrik kantariaren aldetik.
Adibidez:

02
Abe
2007

Formespa

Formespa RedIRIS sarearen barruan sortutako foroa da, gaztelaniaren irakaskuntza eta didaktikaren inguruan jarduteko. Posta-zerrendan du oinarria, baina erabiltzaileen kolaboraziorako komunitatea ere eratu du. Hau da interesgarriena hain zuzen.

Kolaborazio gune honetan erabiltzaileek fitxategiak konpartitzeko eta zabaltzeko gunea daukate. EEMko maila desberdinetarako materialak eta ideak (A1-A2, B1-B2, C1-C2), azterketak, klaserako baliabideak eta didaktikari buruzko idazkiak.

Horrez gain klasean erabiltzeko entzungaiak eskaintzen dituzte, baita sarean aurkitzen diren hainbat baliabideren zerrendak ere: baliabide orokorrak, blogak eta argitalpenak.

Baliabide banku konpleto eta kolaboratiboa Formespa hau. Gaztelaniaren irakaskuntzari begira egina, baina seguru geuretzat gauza baliagarri asko daudela.

25
Aza
2007

ELT Notebook

Hemengo blogerako mezu batean deskubritu dugu An ELT Notebook bloga, eta benetan interesgarria da. Sue Swift irakasle eta materialgilea da egilea, eta hainbat hausnarketarekin batera klaserako ideiak eta materialak ere proposatu ohi dizkigu.

ELT edo ingelesaren irakaskuntza duda barik hizkuntzen irakaskuntzaren munduan multzo indartsu eta handiena da: ikerketak, materialak, ideiak, garapena... eta blogak ere badira. Lastima gure ingelesa ez dela izaten WST irakurtzeko modukoa, bestela...

Sue Swift-en ale bi:

Suek beste blog interesgarri bat ere badauka: Languages Languages ...

Sindikatu edukia