22
Ots
2009

EGA azterketa prestatzeko gunea

EGA azterketa online eta doan prestatzeko gunea aurkeztu da asteon. AEK, Jakintza ikastolako Euskaljakintza gunea eta EHUko Ikide taldea ibili dira egitasmoan. Informazio gehiago AEKren webgunean, Jakintza ikastolarenean, hedabideetan eta Euskaltubeko bideo honetan daukazue.

Laburtuta:

  • EGA prestatzen ari direnen eta euskara irakasleen eskura baliabideak jartzea da asmo nagusia. Ez ikastaro bat antolatzea.
  • Ikasteko eta azterketa prestatzeko ibilbidea nork bere kontura egin dezake, edo baliabideok ikastaro antolatuago batean erabiltzeko aukera ere badago.
  • Erabiltzeko gunean izena eman baino ez da egin behar.
  • Azterketako proba desberdinen arabera egin dira atalak.
  • Baliabideak gune desberdinetan daude. AEKren e-gelan eta Euskaljakintzan gehien bat.
  • Gehienak baliabide estatikoak dira, baina bada ibilbide antolatua duen ikastaroren bat. Eta aurrerantzean halako gehiago egiteko asmoa dago.
  • Gunea Moodle software librearekin atondu da, eta materialak Creative Commons litzentziapean jarri dira.
  • Testatze-fasean dago, hurrengo batean baliabideak esportatu eta beste gune batzuetan kokatzeko aukera emango da.

www.e-gela.org helbidea zabaldu da, baina hori AEKren Moodle plataforma da, EGA prestatzeko hau barruko ikastaroa da eta helbide honetan dago: http://www.egela.aek.org/course/view.php?id=9.

Bestalde, izena eman behar dela esan bada ere, une honetan bisitari gisa sartuta eskuratu daitezke baliabide gehienak.

Lehenengo begiradan akats batzuk sumatzen dira (diseinua, hizkuntza, loturaren bat...). Baina esan duten modura, garapenean jarraituko duen gunea da, eta haren baliabideekin bestelako guneak antolatzeko aukera ere badago.

Seguraski, kasu honetan produktua baino gehiago, azpimarragarriagoa da horretara ailegatzeko abiatu den prozesua, erakunde eta persona desberdinen artean denon eskura baliabideak jarri eta osatzea.

Horrez gain, atzetik azken batean filosofia bat barruntatzen da, "negozioa" materialen eta baliabideen salmentan edo kontzesio komertzialetan oinarritu beharrean, baliabide horien gaineko zerbitzuan oinarritzea. Hau da neure ustez egitasmo honen ekarpenik handiena, oraindino askori ulertzea kostatuko zaiena.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia