28
Urt
2011

Zenbat pisatzen du kiloak?

Plisti-plasta | 2011, Urtarrila 28 - 19:14

Grocery variations

Hauxe zioen lehengo egunean egunkarian irakurri nuen izenburu batek: zenbat pisatzen du kiloak? Antza denez, kiloaren definizio berri baten bila ari dira fisikariak. Hara, zein oinarrizko kontzeptuak diren oraindik ere birdefinitu beharrekoak.

Eta pentsatzen jarrita, zenbateraino dakite sendagileek zein den burmuinaren funtzionamendua eta nola sortzen diren emozioak, adibidez?

Erantzungo al didate ekonomialariek egun pairatzen dugun krisia estrukturala ala koiunturala den?

Ba al dakite filosofoek nondik gatozen eta nora goazen?

Honezkero, okertu du muturra baten batek, adarra jotzen ari natzaiolakoan edo. Baina ez, ez, inolaz ere ez nuke horrelakorik nahi. Nabarmendu nahi dudan bakarra pellokeria hutsa da: ez dagoela dena jakiterik, alegia. Oro ez dela beti urrea.

Bada, orduan, zergatik eskatzen zaigu irakasleoi guztia jakitea? Buruan izatea euskara guztia: dela lexikoa, direla arauak, dela dena delakoa? Bada, hara, sekretutxo batzuk kontatuko dizkizuet: nik ,sarritan, ez dakit komak non jarri; zalantza ugari izaten ditut hitzen ordenarekin; intentsiboen erabilerak buruhauste ugari ematen dizkit, kale egiten dut EGAko atariko probako item batzuetan eta… jarrizue ‘eta abar’ buztan luze bat…

Ez naiz, ez, irakasle orojakilea. Ezin didazue hainbeste eskatu. Ikasleari, nola edo hala, laguntzeko beste badakidala uste arren, ni ere ikasten ari naiz.

Argazkia: Grocery variations (Flickr). Egilea: Feliciano Guimarães. Lizentzia.

Etiketak: irakaslea | jakintza | orojakilea |
Bidalitako artikuluak

Nork eskatzen du dena jakitea?

Benito-(e)k 2011, Urtarrila 28 - 19:41-(e)an bidalia.

Sarri entzun dugu azken urteotan irakasle orojakilearen paper hori utzi behar dugula eta beste paper batzuk indartu behar ditugula: aholkularia, laguntzailea, bideratzailea eta abar. Zuk diozun moduan inork ez daki dena, eta irakasle onena bere materiaz gehien dakiena ez duela zertan izan frogatzeko denok ditugu adibide eta kasu ezagunak seguruenik, baina niri galdera bat etortzen zait: nork eskatzen digu guztia jakitea?

Ikasleak horrela ikusten ote gaitu? Euskarari buruz eta euskaraz jakin daitekeen guztiaren jabe? Ez du hark jakingo geuk ere mugak ditugula?

Lan egiten dugun erakundeak edo "diruzlaguntzen" digun administrazioak eskatzen digu? Geure profil profesionalean nonbait jartzen du hori? Edo praktikan hala eskatzen zaigu "goitik"? Lehenengo galderak ez du edukiko erantzun ofizialik seguraski. Bigarrenak, auskalo.

Eta eskakizuna geugandik baletor? Hutsaren beldurra edo lotsagarri geratzearen beldurra, edo dena kontrolpean eduki nahi izatea, edo inseguritatearen mehatxua edo autoestimuarentzako euskarri baten beharra... Zer ote?

Eta kutsagarria da?

Ez dakit

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 29 - 02:08-(e)an bidalia.

Ez dakit baina...

Iruditzen zait irakasleoi ez digutela onartzen ez jakitea.

Iruditzen zait irakasleok ez dakigula 'ez dakit' esaten.

Ez dakit.

Aipatzen duzuen hori,

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 29 - 23:23-(e)an bidalia.

Aipatzen duzuen hori, senditzen da dudarik gabe, eta gehiago ere. Euskara erakasleak dena daki (euskarari buruz noski) eta munduko euskaldunik osatu eta perfektuena da, purista eta autentikoa, euskara garbian bi oreneko oratorioetan luzitzen dena adibidez... Eta kutsakorra denez? Erranen nuke baietz eta guhaurrek gure buruei eta elkarri jarririk.
Ez dakit presio soziala deit daitekeenez, baina sendi da bai, izan dadin karrikan, izan dadin lantokian, izan dadin etxean. Paraleloan ez dit arazorik sortzen.

Garenak gara, eta pieza puska horiek, beste anitzez osatuak dira. Garen hori osatzen duten aldeetarik bat da, euskara erakasleak garela. Normalki, alde hau hautatu genuen, hainbat arrazoinengatik. Suposatuko zuena (nik jendeari ematea, jendeak niri eskatzea, artetan zerbait jasotzea) fite deskubritu nuen eta onartu.
Euskara erakasleak dena dakienez? Dena jakin behar duenez? Noski ezetz. Baina, ez dakienak, nori galdetuko dio? Norenganik (espero) izanen du erantzuna?
Migraina kronikoa baduzu eta ez badakizu zergatik, ez ote zira joanen medikuei galdetzera, pentsatuz norbaitek jakitekotan, haiek dakitela?

Euskara erakasle gisa, jendeak goaitatzen du niganik, hizkuntza menperatzea eta horren transmisio ahalik eta zehatzena eta osatuena egitea. Hortik, euskara ez dakienak, gutxi dakienak, zalantza bat duenak, niregana joko du, erantzun bat emanen diodalako esperantza fermuarekin.
Baldin badakit, erantzunen dut (harrotasun punta txiki batekin, aitortzen dut, euskara irakaslea izateaz gain, pertsona ere naizelako, eta ego txiki bat dudalako) Eta ez badakit? Ez dakit. Saiatuko naiz jakiten. Jakinen dut edo ez. Ez kitto. Baina ez dut kulpabilisatuko, ez segunda bakar batez, ez jakiteagatik.

Iduri luke zenbait frustrazio badela horren atzean, baina ez dut argi zein?
Ulertzen dut pisua izan daitekeela, batzuetan. Baina zer da pisua? Jakitatearen bidean aintzina egin ahala, ohartzea oraindik ere badela bide? Ala, jendeak ia beti galdetzea, xuxen, erantzuten ez dakizun hori? Ala, jendeak zuganik asko edo zerbait berezi espero izatea eta zure aldetik poztuko, beteko, aseko duen erantzunik ez jasotzea? Ala jendeak ikusten zaituela nagusiki erakasle gisa, eta ez gehiago pertsona gisa?

Dena jakin nahi duena maiz haserre

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 30 - 11:38-(e)an bidalia.

Arrazoi galanta duzu, Bea, esaten dituzun gauza guztietan. Akaso, gure lanbidearen gakoetariko bat da zalantzari erantzuna ematea. Baina ez dakit, ba, batzuetan ez garen erantzungailu automatiko bihurtu. Ikaslearen (eta gizartearen) espektatiba bete behar horrek maiz erantzun-emaile bilakatzen gaitu, erantzun-bilatzaile izan beharrean. Erantzuna eman behar horrek, nire irudiko, euskara txuri-beltza zabaltzera bultzatu gaitu; non benetako arauak hamar badira, ustezko ehun zabaldu ditugun.

Onerako eta txarrerako

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 30 - 16:12-(e)an bidalia.

Dena jakin nahi duenak, dela ikasle, erakasle, lankide, ez du aspertzerik izanen. Ez dakit zein den panorama, ez dakit ikasleen jarreraz ari zaren, ala beste norbaitenaz, iduriz tripako batzuk ematen dizkizu. Ez nuke erranen hainbestekoa denik, txuri beltzarena, arauak (zentzu errestriktiboan). Baina, hala sentitzen dugu (edo sendiarazten digute). Gogorrak izaten gara.

Ez naiz luzatuko, gauza txiki bat . Errekonozimenduari lotua dela: nork bere buruari aitortua, profesionalki aitortua eta gizarte mailan aitortua. Lehen biak ez dakit nola diren, baina azkenari doakionez, jendeak aitortzen eta eskertzen du euskara erakaslearen lana, bere orokortasunean, dituen on-gaitz guziekin.

Eta hori ikusi nuen, preseski, duela hilabete bat edo, hogei bat urteko bospasei gazteren begitan, nire lanaz galdetzera etorri zitzaizkidanean. Nire erakundea gutxi ezagutzen zuten, bere zerregina doi doietarik, gure lana batere.

- Eta hori guzia antolatzen duzue? Eta edozeinek ikasten du? Hutsetik ere? Eta gero, euskara erabiltzen dute? Eta ikasten dute zer den gure herria ere? Eta kultura, eta literatura eta musika eta... eta...? ...

- Bai, bai, bai, ….bai.

Azalpenak eman arau, ohartu nintzenean nola so egiten zidaten begiak dir-dir zabalik, eta beren oharrak eta inpresioak ematen hasi zirenean, ba, gainditurik, alde egin nuen ez nindezaten ikus negarrez hasten. Gainera batek bota zuen: « nahi nuke egin holako zerbait, lan ederra da... »

Ez dut moralisatzailea izan nahi. Gauza guziek bi alde dituzte, onerako eta txarrerako. Eta, gaur hala ez bada, noizbehinka onak ere ikusten dituzula espero dut.

Izan ontsa

Bi aldeak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Urtarrila 30 - 16:41-(e)an bidalia.

Asko estimatzen dut irakasle lana, are euskara irakasle lana, etzazula zalantzarik izan, sentitzen dut bestelako irudia eman izana. Ikaragarri gustatzen zait nire lana (bestela balitz, arituko ote ginateke honetaz idazten, gaur bezala, igande goiz/arratsalde batean?) Gustuko ditut, gainera, zuk egiten duzun bezala emozioa isurtzen duten irakasleak. Kritikoa naiz, nabaria da, neure lanarekiko eta egoerakiko. Ez zaizkit ur geldiak gustatzen, baina oso maite dut itsaso zabala. Mila esker, Bea.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia