30
Abe
2007

¡Que inventen ellos!

plisti-plasta | 2007, Abendua 30 - 18:39

Urteak joan ahala, usteak galdu egiten ei dira, baina Unamunok esandakoak ez dakit ez ote dituen gure artean ere erro luzeegiak.

Lehengo egunean, mailetako azterketen baremazioaz ari ginela, gauzak bere horretan uzteko erabilitako arrazoiak bultzatu nau hau idaztera. Batera eta bestera argudiatu ostean, bueltan jasotako erantzun bakarra beste batzuek ere horrela egiten dutela esatea izan zen... besterik gabe, duda egin gabe. Batzuek txikikeria dela pentsatuko duzue baina nire ustetan erantzun horrek barren mikatza dauka, Unamunoren "¡Que inventen ellos!" hura etorri zitzaidan burura.


Ez dut esango homologazio kontu honetan ez dugula bateratsu jokatu behar, horrela da. Ez dut esango ez zaiola kanpokoari begiratu behar, ez dut zalantza egiten. Baina itsu-itsuan jokatu beharrean, izan gaitezen kritiko eta jar ditzagun gure ekarpenak geure eta besteen mahai gainean.

Neuretzako daukat euskaltegion mundu honetan gabiltzanok gure oskolean aurkitzen dugula babesa, estimu gutxian dugula geure burua. Harritu egiten nau, hainbeste ahalegin eta lan egin ostean, hizkuntzen didaktikaren munduan zein presentzia eskasa dugun ikusteak. Zurtu egiten nau hainbeste jarraitzailekeriak.

Bada garaia kanpotik baliagarria zaiguna hartu ez ezik, daukaguna eta dakiguna konplexurik gabe kanporatzen hasteko, lan prospektiboa egiteko, euskaltegiak eta unibertsitatea harremanetan jartzeko, Ikerketan eta Garapenean indarrak jartzeko... Finean, zera esateko:

¡Que inventen ellos! eta Asma dezagun guk!

Argazkia: am I in the right line?. Steve took it Flickr-en.

Etiketak: didaktika | euskaltegiak |
Bidalitako artikuluak

Autoisiltasuna

Benito-(e)k 2007, Abendua 31 - 20:51-(e)an bidalia.

Gabinete de informatica blogeko mezu honetan (oso gomendagarria bestalde) topatu dut zure Siemens maitearen aipu hau:

Estamos -por malcitar a Kant- en una posición de silencio autoincurrida en la que permitimos a otros que hablen en nuestro lugar. El silencio autoincurrido se encuentra en los medios de ese último siglo: periódicos, radio, televisión. Hoy en día estamos en un punto de reinspiración (re-esclarecimiento) en el que estamos empezando a reclamar nuestras voces en un diálogo público. Este redespertar tiene importantes repercusiones en el mundo educativo.

Hirugarren ikasketa gunea

plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 2 - 00:19-(e)an bidalia.

Arretatsu irakurri nuen aipatu duzun mezua (nire ustez ere gomendagarria oso). Hirugarren ikasketa gune horrek rugbyko hirugarren denbora ekarri zidan gogora. Badakizu partida amaitutakoan jokalari guztiak elkartzen direla hirugarren denbora deiturikoan. Behin jokalari bati irakurri nion lehenengo bi denboratan jokalari izaten ikasten zutela eta hirugarrenean, berriz, pertsona izaten.

Ikasketa gune informalarekin honelako zerbait gertatzen delakoan nago, hementxe bihurtzen baita ikaslea hiztun. Berau delako benetako komunikazioaren gune hurbila.

Nire ustetan komenigarria da ikasketa gune formala eta informala batzea eta modu sinkronikoan gainera. Honek ikaskuntza formaleko metodologia nagusia (konstruktibismoa, adibidez), ikaskuntza informalekoarekin (metodo naturala, adibidez) lotzea ahalbideratzen baitu, elkar elikatuz. Horra hor, Vigostky eta Krashen, rugbyko jokalariak bailira, lepotik helduta tragoxka egiten.

Birtualitateak gauzak aldatu egingo dituen susmoa daukat. Batetik, bi ikaskuntza motak errazago lotuz (ikasketa ingurune pertsonalizatuak sortuz) eta , bestetik, metodologia bera apur bat baldintzatuz: gune formaletan, konstruktibismoa giza konstruktibismorantz lerratuz; eta informaletan, belaunaldi berriekin eta u-learningarekin batera konektibismoaren zenbait ardatz ahalbideratuz.

Dena den, ez naiz ni neu ere jarraitzalekeriatan eroriko. Metodo onena ikasleari ondoen egokitzen zaiona dela argi baitaukat. Eklektikoa naiz, beti ere, eklektizismoak ( eta ez eszeptizismoak) bide laburrena aukeratzen laguntzen badu.

Serendipity

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 2 - 02:37-(e)an bidalia.

Artikulu horren kontura gauzatxo pare bat dauzkat komentatzeko neuk ere. Hain zuzen bidali duzun hurrengo artikuluaren harira (ez dut oraindik publikatu aurrekoari tartetxo bat ematearren), eta horretarako erreserbatuko ditut.

Dena dela, hemen bota duzun gaiari dagokionez, gure sektorearen geldotasuna, jarraitzailekeria, ikerketa falta... gauzatxo pare bat:

  • Ikerketaren bat egin egiten da (Hizpiden gauza interesgarriak agertzen dira adibidez), baina zer kanal daukagu ikertzaile, teoriko edo adituarengandik "operarioarengana" ailegatzeko? Lantzean behin ikastaro formalen bat, artikuluren bat... Horiek guztiak nola iristen dira esperientziaraino? Goitik behera komunikaziorako arazoren bat daukagula susmatzen dut.
  • Ingurune ez formala. Beharbada hor dago gakoa. Irakasle eta didaktikarien artean komentatzen dira Hizpideko azken artikuluak adibidez? Didaktikaz egiten da berba? Gauzak probatzen dira? Igual arazoa ez da goitik beherakoa soilik.
  • Bestalde, aztertzeko kontua da hau ere. Zelan ikusten ditugu etxeko eta urruneko adituak? "Hark esaten badu, hala izango da" horrela sinesten dugu beste barik. Arrazonamenduak ulertzen dira? Hala azkenengo sententziarekin geratzen gara?
  • Zer dago horren atzetik? Autoestima falta? Prestakuntza falta? Estresa eta itomena? Komunikazioa?

Hizkuntzen irakaskuntzan ikerketa eta teorizazio lan handia egiten da munduan. Horretan guk zer ekarria eduki beharko genukeela? Seguruenik, baina eman baino lehen, datorrena hartu, izpiritu kritiko batekin aztertu eta egokituko bagenu, konforme egon gintezkeela uste dut.

Hirugarren denbora baten faltan gaude akaso.

Oparitxo bat. Gabineten gaur 2008rako hezkuntz-teknologiaren prosbektiba egin digute. Hauek iragarri dizkigute:

  • LMStik PLEra
  • e-learning-etik v-learning-era
  • Egitura irekien integrazioa (Open University)
  • Garrantzitsuena pedagogia da, ez teknologia
  • Mugikorra plataformetan integratzea. M-learning
  • Microblogging-a hezkuntza-inguruneetan integratu.
  • Norberaren zein kanpo erramintak framework egituretan integratu
  • Lan baten konektibitatea da garrantzitsua, ez edukia soilik
  • Mundu birtualak eta sare sozialak bat egitea
  • Mundu birtualak eta on-line jolasak bat egitea
  • Web 3Dren garapena.
  • "Nortasun" digitalak kudeatzeko aplikazioak. Lifestreaming.
  • Manierismo puntu batera heltzen ari gara, informazio asko darabilgu. Metaplikazioak sortuko dira honetarako.

Bide batez, zure e-posta helbidetik erantzuna bueltan etortzen zait (Errege Magoei eskatu ahal diezu e-posta helbidea oraindik) ;), eta zure ezizenarekin sinatzeko egon diren arazoak konponduta daudela uste dut.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia