02
Api
2007

Balio erantsiko zerbitzuak

HABE aldizkarian argitaratu dute Mondragon Linguaren zerbitzuei buruzko artikulua. Ikasbilen dokutekan daukazue irakurgai:

Balio erantsiko zerbitzuak euskara-ikaslearentzat: Mondragon Lingua euskaltegien apustua

Mondragon Linguaren webgunean azaldu dira zerbitzu hauek aspaldian, baina egia esanda, artikulua irakurri arte ez diot erreparatu zerbitzuen eskaintza horri. Hauek aurkitu ditut eskaintzan:

  • Lingua bazkariak: irakaslearekin bazkaltzeko aukera ematen zaie bertako ikasleei, praktikatzeko, baita aurrez aurreko eskolaren bat ordezkatzeko. Gogora etorri zait duela aste batzuk aipatu genuen Galeseko lehiaketa. Ideia bitxia dirudi lehenengo batean, baina gogoratu zenbat bazkari-afari-txikiteo-parranda egin ohi ditugun ikasleekin bestela. Eskaintzan sartu dute hauek, besteoi lotsa emango liguke akaso horrelakoak saltzea?
  • Txat-ak. Astero, irakasle baten gidaritzapean antolatzen ei dira.
  • Mp3en deskarga. Idatzizko testuen grabazioak dira dirudienez. Ebakera praktikatzeko.
  • Grabatutako eskolak. Ez dakit aurrez aurreko eskolen grabazioak ala berariaz atondutakoak diren. Hauek ere aukeran ematen zaizkie aurrez aurreko eskoletara joan ezin direnei.
  • E-posta bidezko ikasgai laburrak, "hizkuntza-pilulak" deitzen diete eurek. Ikasgai osagarriak dira antza. Ikasleari astean behin e-postara bidaltzen zaizkionak.

Zerbitzu hauek guztiak ikaslearentzat hautazkoak dira eta matrikularen prezioarekin batera ordaintzen dira. Honekin batera deigarria da hartzen duten konpromisoa. Behin ikastaroaren epea igarota, eta ikasleak egin behareko ahalegina egin arren ez badu xede-mailara heldu, doan jarraitzeko aukera ematen zaio harik eta maila hori erdietsi arte.

Mondragon Lingua teknologia berrietan ardaztutako hizkuntz-ikaskuntza eskaintzen du, euskararen irakaskuntzan Bai&By izan zen aintzindaria honetan. Honakoak, ez dakit zehazki zergatik, ez dira euskaltegiaren kontzeptu klasikoan sartu ohi. Baina aitortu behar da berrikuntza ekarri dutela gure mundu honetara, eta gutxi-asko gauzak berplanteatzeko beharra gogorarazten digute guztioi.

Nire partez hausnarketatxo pare bat:

  • Balio erantsiko zerbitzuak denok eskaintzen ditugula esango nuke. Baina, edo ez ditugu aintzat hartzen eskaintza zabaltzeko orduan, edo ez ditugu serioski garatzen, edo zerbitzutzat hartu beharrean aukera osagarritzat-festibotzat hartzen ditugu sarri. Serioa eta "saldu" litekeen bakarra "klasea" baino ez da?.
  • Lerro estu batean mugitzen ohitu gara, talde bat-irakasle bat-maila bat-ordutegi bat-gela bat-programa bat korrelazio batean sartuta, gero eta zailagoa dena aurrera eramaten. Hortik irteten dena "autoikaskuntza" etiketaren barruan sartzeko joera daukagu, baina uste dut beste zerbait dela, eskaintzaren indibidualizatzea eta, aldi berean modularizatzea eskaintzen zaigu, hau da, zerbitzu monolitikoa barik, zerbitzuen aukera ugariagoa eta norberari egokituagoa. Ez dut uste honek eskola partikularrak eskaintzea esan nahi duenik, hizkuntza ikasteko ahalik eta aukera gehien ematea (edo nahastea) baino: taldeka edo-eta bakarka, instrukzioa edo-eta praktika, aurrez aurre edo-eta urrunekoan, papera edo-eta ordenagailua, ikasgelan edo-eta jantokian,...
  • Iritzia eduki dut sarri teknologia berriek ez dutela ezer konpontzen aplikazio didaktiko egokirik gabe. Ikusi ditudan teknomaterial batzuek inpresio horixe eman didate: didaktikoki ez dutela ezer aportatzen. Baina argi dago ezin garela sartu tradizionalismo anti-teknologiko batean, teknologia aurrera doa, eta ikasleak ere konturatu dira. Sinestu nahi nuke teknologia gehien erabiltzen duenak barik, teknologiari erabilera egokiena ematen dionak edukiko duela arrakasta gehien.

Edozelan ere, honako albisteak ondo etortzen dira hamabost minutuko gloriako unea pasatu dela eta aurrera egin behar dela gogoratzeko.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia