teleikaskuntza

11
Urr
2007

(des)espezializazioa

Plisti-Plastak gogoeta landuak bota zizkigun lehengoan espezializazioaz. Hantxe jardun genuen, eta gaia bueltak emateko dela uste dut, hausnarketan zein praktikan. Gaur, berriz, web2.0 zerbitzu berria topatu dut, hizkuntzen ikaskuntzarekin lotua: Livemocha, eta espezializazioaren kontua egosten jarraitzeko parada eman didate..

Livemochak hizkuntza batzuk ikasteko eta praktikatzeko zerbitzua eskaintzen du. Alde batetik hizkuntza batzuk ikasteko lekzio sortak eskaintzen ditu (lehengoan txinera ikasten jarri nintzen, pikatu egiten zara ba!). Bestalde, web2.0ren estilora erabiltzaileen euren esku uzten ditu beste zerbitzu bi: praktikatzea eta, interegarriena nire ustez, ikasten ari direnek bidaltzen dituzten testuak (ahozkoak nahiz idatziak) zuzentzea eta komentatzea.

Azken honetan zuzenketak edo iruzkinak egiten dituztenek ez dute zertan irakasle profesionalak izan, edonork komentatu eta zuzendu ditzake testua, blog baten komentarioen antzera.

Hizkuntzak ikasteko sare sozialez behin baino gehiagotan egin dugu berba hemen. Halako loraldia dabilela esan daiteke. Web2.0 guztian bezala, erabiltzaileen esku dago edukia, eta, kasu honetan, ezagutza zabaltzea.

Irakasleak espeizializatzea hartu dugu gogoetagai. Desespezializazio antzeko baten aurrean gaudela dirudi honekin bestalde. Ez dut uste kontrajarritako ideiak direnik, aitzitik, hizkuntzaren ikaskuntzaren bideak dibersifikatzearen aurrean gaudela susmatzen dut. Plisti-plastari ulertu (nahi) izan diodan ikas-prozesuaren banatzea, edo zatitzea akaso.

Alde batetik hiztuna irakasle (Nork aldarrikatzen zuen "Herria irakasle" hura?), beste batetik arlo batean zentratutako irakaslea-trebatzailea-tutorea-instruktorea, eta beste batetik hau dena gobernatzen duena, ikaslea (?) laguntzarekin (edo). Ze, kaosean ibiltzen jakin egin behar da eta.

P.D. Plisti, ez dakit hau amets gozoa, lokamutsa, bisioa ala déjà vu izan den.

Argazkia: Old Skool, Tinker*Tailor

23
Mai
2007

Ohiko erroreak hizkuntzak ikastean

Prokastineo teknolingusitiko honetan sartuta ez dakit dagoeneko zenbat 2.0 zerbitzutan zabaldu dudan kontua probatzeko edo ikusteko. Haien artean hizkuntza praktikatzeko sare sozial batzuetan. Badakizue, sartu, begiratu, apur bat endredatu eta ahaztu. Baina gero sorpresak etortzen dira. Gaur FriendsAbroad saretik mezua etorri zait, italiar batek gaztelania praktikatu nahi du nirekin. Ene! Hasiera baten mesfidantza (euskalduna izatea zer den!), profila ikusi, ummmm! Gero, zalantza, gaztelania praktikatzeko "mintzalagun" ona ote naiz? Azkenean gonbidapenari erantzun diot, ea ba! keletxes! (bilbainoa izatea zer den!).

Total, FriendsAbroaden murgildu naiz apur batean, zelan funtzionatzen duen jakiteko sikieran, eta hango blogean Michael Gabrikow-en artikulu hau aurkitu dut. Gustatu egin zait, ez zait berria iruditu, baina aipagarria bai, dekalogo baten antzera aurkezteko modukoa:

6 Common Mistakes Made in Language Learning (Ohiko 6 errore hizkuntzak ikastean)

Laburtuta (eta halan-holan itzulita seguruenik)

  1. Hizkuntza zientzia bat bezala ikastea: hizkuntza trebetasuna da, ez ezagutza soila.
  2. Ikasprozesuan etenaldi luzeak egitea: jarraikortasuna behar da.
  3. Arinegi ikastea: edo arinegi ikasi nahi izatea, presarekin.
  4. Ikasteko metodo "teorikoak" baino ez erabiltzea. Praktika behar da, lagunok!
  5. Dibertimendurik ez, "lan eta lan eta lan" teknika erabiltzea. Erlaxazio uneetan ere ikasten da.
  6. Ikastearen monotonia. Ikasteko denbora behar da, eta arrisku hori hor dago beti.

Sinplea, guk askotan ikusitakoa seguruenik. Eta esandakoa, ezta?

Bide batez, Gabrikow horren peskizan leku bitxi hau aurkitu dut: www.internetpolyglot.com.

Ondo ulertu badut, hiztegia ikasi eta gogoratzeko teknikak eskaintzen dituen gunea. Hemen daukazue adibide bat. Hitz zerrenda ingelesez eta alboan gaztelaniazko itzulpena. Bakoitzaren ondoan, hitz horren irudiak eta argazkiak eta Google-en hitz hori sartuta agertzen diren emaitzak (linkak, bideoak,..), baita audio artxiboak ere. Interesagarria eta bitxia.

22
Mai
2007

Blogak, Moodle eta enparauak

Txelisek kontu hau plazaratu zuen atzo: Moodle vs. blogak.

Asko gara momentu honetan tresna bi hauek erabiltzen ari garenak. Batzuetan lana bikoizte sortzen du eta ezin egin aurre, beste hainbatetan, esparru biei. Bataren ala bestearen aldeko apustua egin behar al dugu? Zein baztertu? Biei eutsi.

Berton hausnaketa honen erreferentzia ere eman zigun.

Gaur, Planeta Educativoren bidez beste honetara heldu naiz: Fugacidad de los blogs educativos. Berton edublog delakoen bizitzaz egin den ikerketa baten iruzkina egin digute.

Ondorio nagusia: edublogen bizitza bestelako blogen aldean askoz laburragoa dela. Kompass-en iruzkinean ideia interesgarri batzuk:

  • Blog asko perspektiba gehiegirekin abiatzen dira.
  • Bloga zer den eta zelan dabilen ondo jakiteaz gainera, oso argi eduki behar da zertarako erabiliko dugun eta etekina zelan atera. Planteamendu didaktikoetan dago sekretua, eta abilezia teknikoan soilik.
  • Blogak ez dira bizirauteko pentsatu ohi.

Moodle-n kasuan ez dakit halako azterketarik egin den, baina lehenengo ideia bietako arrisku berdinak eduki ditzake. Nire partetik, ez naiz inori zer egin behar duen esateko zale baina aholku pare bat ematen ausartuko nintzateke:

  • Ikaskuntzaren munduan bazabiltza, lehenengo pentsatu behar duzuna zer, nork, nola eta noiz ikastea nahi duzun da, gero etorriko dira tresnak.
  • Erabiltzen duen jendeak, denok hasiberriak izanda, lantzean behin euren lana erakusteaz gain (blogak, moodle plataformak...), hori dena antolatzeko prozesuaren berri ematea estimatuko lukete hasiberriagoek: pausoak, baliabideak, arazoak, egokitzapenak...
  • Ikasteko eta aukera egokienak aurkitzeko bide ona dabilen jendearengana jotzea da: euren lanak ikusi, galdetu, norberaren esperientzia kontatu...

Eta nik, ahal dudan guztietan egiten dudan bezala, gorantza dabilen kontzeptu bati erreparatzea gomendatuko nuke: interneteko sare sozialak.

Amaitzeko, dena irakurtzeko umorea eduki baduzue, pelikulatxoa sari:

21
Api
2007

Drupaled, instalazioa eskuragarri

Funnymonkeyko jendeak DrupalEd instalazio berezia atondu dute hezkuntza munduari begira. Aspaldian dabiltza Funnymoneykoak Drupal CMS (karrajuan erabiltzen dugun berbera) hezkuntza mundura egokitu nahian, eta lehenngo fruitua datorrela dirudi.Hemen daukazue iragarkia.

Funtsean Drupaled-en egin dutena da Drupal hezkuntzaren inguruko "site" edo webgunea antolatzeko atondu, horretarako erabili daitezkeen moduluak eta konfigurazioa emanez. Honako aukerak ematen ditu instalazio honek:

  • Lanerako gune pertsonala
  • Talde-lanerako gunea
  • Erabiltzaileek eurek lan-taldeak sortzeko aukera.
  • Ikastalde edo klase baterako guneak sortzeko aukera.
  • Podcast plataforma
  • WYSIWYG testu editorea
  • wiki funtzionalitea
  • blog pertsonalak eta klasekoak.
  • RSS jarioak: gune osoarena, ikastaro bakoitzarena, kategoriak eta etiketenak, eta erabiltzaileenak.
  • Norberaren irudi-galeriak
  • Norberaren artxibategiak edo errepositoriak
  • Talde itxiak (gonbidapenaren bidezkoak) sortzeko aukera.
  • Markadore soziala, laster-marketan bilatzeko aukerarekin.
  • Spamaren kontrako babesa
  • Ikastaroko egutegiak;
  • Gune osorako egutegia;
  • Erabiltzaileen profil edo deskribapen moldagarria. Etiketekin hornituta, gustuen edo lanen arabera bilatzeko adibidez.
  • Guneko erabiltzaileen artean lagun zerrendak sortzeko aukera;
  • the ability to find the missing sock in the dryer, hau da, lehorgailuan galtzerdi galdua aurkitzeko aukera (??? Badakit honek beste zerbait esan nahi duela baina ez dut esanahia, edo txistea, hartzen)

Ikaskuntza sozialerako ingurunea sortu nahi izan ei dute honekin, ikuspegi tradizionalago baterako ere balio badu ere.

Karrajurako Drupal aukeratu nuenean,Wordpress bezalako blog plataformetatik harago, aukera eta malgutasun gehiago eskaintzen dituen CMSaren bila nenbilen, hainbaten artean Drupal izan da, nire ustez, aukerak eta malgutasuna ez ezik, hezkuntza eta irakaskuntza mundurako hurbilpen interesgarrienak zituena, Moodle bezalako LMSen funtzionalitate zehatzera heldu barik aldi berean. DrupalEd hau horren adierazgarria izan daiteke.

Lokalean instalatu dut, eta probatzen nabil, alde batetik Elgg-en eredua gogoratzen dit gauza batzuetan, beste batzuetan Moodle-en funtzionalite batzuk ere badauzka. Edonola ere, Funnymonkeykoak bi plataforma horiekiko integrazioa ere lantzen dabiltza. Ikasleekiko harreman formal eta informaletarako tresna interesgarriaren itxura dauka, segituko dugu aztertzen.

Sarean ez dut erakusteko probalekurik topatu, nahi baduzue zerbitzarian proba bat instalatuko dut ikus dezazuen. Bestela jaitsi eta lokalean probatzeko aukera ere baduzue.

Estekak:

16
Api
2007

Bideokonferentzia

Euskara ikasten, bideokonferentzia erabilita [Sustatu] Joxe Arantzabalek HUHEZIk garatu duen esperientziaren berri eman digu. Bruselan lanean dabiltzan funtzionari bik euskara eskolak urrunetik hartu dituzte, emaitzen aldetik ikasleak nahiz irakaslea pozik daudela diote. Horretarako teknologiak eskaintzen dituen baliabideak erabili dira, berri-berriak ez direnak: Skype (internet bidezko telefonia) eta hartarako multimedia ekipoa: webcam-a, aurikularrak eta mikrofonoa. Ez dut uste lehenengo aldia dela gurean horrelakoak erabili direna, HABEk Argentinan daraman programan saioren bat egon dela uste dut, Andonik ere urruneko irakasleren batekin erabili du Skype oker ez banago.

Esan bezala, ez dira gauza berriak eta hor ditugu aspaldian. Web2.0az (eta orain web2.1az ere bai) gabiltza han eta hemen berbaz, baina sarritan lehenagoko aukerei ere kostatzen zaigu etekina ateratzea: VoIP telefonia, P2P sareak, Divx eta mp3 multimedia formatoak, ...eta askotan DVD edo CDari berari ere bai.

02
Api
2007

Balio erantsiko zerbitzuak

HABE aldizkarian argitaratu dute Mondragon Linguaren zerbitzuei buruzko artikulua. Ikasbilen dokutekan daukazue irakurgai:

Balio erantsiko zerbitzuak euskara-ikaslearentzat: Mondragon Lingua euskaltegien apustua

Mondragon Linguaren webgunean azaldu dira zerbitzu hauek aspaldian, baina egia esanda, artikulua irakurri arte ez diot erreparatu zerbitzuen eskaintza horri. Hauek aurkitu ditut eskaintzan:

  • Lingua bazkariak: irakaslearekin bazkaltzeko aukera ematen zaie bertako ikasleei, praktikatzeko, baita aurrez aurreko eskolaren bat ordezkatzeko. Gogora etorri zait duela aste batzuk aipatu genuen Galeseko lehiaketa. Ideia bitxia dirudi lehenengo batean, baina gogoratu zenbat bazkari-afari-txikiteo-parranda egin ohi ditugun ikasleekin bestela. Eskaintzan sartu dute hauek, besteoi lotsa emango liguke akaso horrelakoak saltzea?
  • Txat-ak. Astero, irakasle baten gidaritzapean antolatzen ei dira.
  • Mp3en deskarga. Idatzizko testuen grabazioak dira dirudienez. Ebakera praktikatzeko.
  • Grabatutako eskolak. Ez dakit aurrez aurreko eskolen grabazioak ala berariaz atondutakoak diren. Hauek ere aukeran ematen zaizkie aurrez aurreko eskoletara joan ezin direnei.
  • E-posta bidezko ikasgai laburrak, "hizkuntza-pilulak" deitzen diete eurek. Ikasgai osagarriak dira antza. Ikasleari astean behin e-postara bidaltzen zaizkionak.

Zerbitzu hauek guztiak ikaslearentzat hautazkoak dira eta matrikularen prezioarekin batera ordaintzen dira. Honekin batera deigarria da hartzen duten konpromisoa. Behin ikastaroaren epea igarota, eta ikasleak egin behareko ahalegina egin arren ez badu xede-mailara heldu, doan jarraitzeko aukera ematen zaio harik eta maila hori erdietsi arte.

Mondragon Lingua teknologia berrietan ardaztutako hizkuntz-ikaskuntza eskaintzen du, euskararen irakaskuntzan Bai&By izan zen aintzindaria honetan. Honakoak, ez dakit zehazki zergatik, ez dira euskaltegiaren kontzeptu klasikoan sartu ohi. Baina aitortu behar da berrikuntza ekarri dutela gure mundu honetara, eta gutxi-asko gauzak berplanteatzeko beharra gogorarazten digute guztioi.

Nire partez hausnarketatxo pare bat:

  • Balio erantsiko zerbitzuak denok eskaintzen ditugula esango nuke. Baina, edo ez ditugu aintzat hartzen eskaintza zabaltzeko orduan, edo ez ditugu serioski garatzen, edo zerbitzutzat hartu beharrean aukera osagarritzat-festibotzat hartzen ditugu sarri. Serioa eta "saldu" litekeen bakarra "klasea" baino ez da?.
  • Lerro estu batean mugitzen ohitu gara, talde bat-irakasle bat-maila bat-ordutegi bat-gela bat-programa bat korrelazio batean sartuta, gero eta zailagoa dena aurrera eramaten. Hortik irteten dena "autoikaskuntza" etiketaren barruan sartzeko joera daukagu, baina uste dut beste zerbait dela, eskaintzaren indibidualizatzea eta, aldi berean modularizatzea eskaintzen zaigu, hau da, zerbitzu monolitikoa barik, zerbitzuen aukera ugariagoa eta norberari egokituagoa. Ez dut uste honek eskola partikularrak eskaintzea esan nahi duenik, hizkuntza ikasteko ahalik eta aukera gehien ematea (edo nahastea) baino: taldeka edo-eta bakarka, instrukzioa edo-eta praktika, aurrez aurre edo-eta urrunekoan, papera edo-eta ordenagailua, ikasgelan edo-eta jantokian,...
  • Iritzia eduki dut sarri teknologia berriek ez dutela ezer konpontzen aplikazio didaktiko egokirik gabe. Ikusi ditudan teknomaterial batzuek inpresio horixe eman didate: didaktikoki ez dutela ezer aportatzen. Baina argi dago ezin garela sartu tradizionalismo anti-teknologiko batean, teknologia aurrera doa, eta ikasleak ere konturatu dira. Sinestu nahi nuke teknologia gehien erabiltzen duenak barik, teknologiari erabilera egokiena ematen dionak edukiko duela arrakasta gehien.

Edozelan ere, honako albisteak ondo etortzen dira hamabost minutuko gloriako unea pasatu dela eta aurrera egin behar dela gogoratzeko.

17
Mar
2007

1, 2, 4, BOGA

Aurtengo azterketetarako deialdiak irten dira. Ikasbilen daukazue informazioa:

1. eta 2. mailak egiaztatzeko azterketa deialdia 

2007ko martxoaren 16ko EHAAn (54 zk.) argitaratu da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren lehen eta bigarren mailak egiaztatzeko 2007ko azterketen deialdia egiten duen EBAZPENA.

4. maila egiaztatzeko azterketa deialdia 

2007ko martxoaren 16ko EHAAn (54 zk.) argitaratu da Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluaren laugarren maila egiaztatzeko 2007ko azterketen deialdia egiten duen EBAZPENA.

BOGA oporretan joaten da?

Euskarazoak blogean irakurri dut hau Bogari buruz mezuan:

Nik honeri buruz kexa bat nahi nuke aipatu. Nahiz eta ikasle arruntek ordaintzen duten  guk beste ordaindu, eta bakarrik astean behin euskaltegira joan mintzapraktika egitera, ikasle arrunta ia egunero joan bitartean. Eta nahiz eta Boga sistema erabili denbora gutxi daukagulako, zergatik serbidorearen konexioa mozten da oporretan?

Ez naiz BOGArekin ibili izan, eta, egia esanda, orain arte ez dut honelakorik entzun. Egia da BOGA oporretan eten egiten dela?

Baten batek argitu ahal badu, hemen berton, edo hobeto Euskarazoakeko lagunari, galdera egin du eta.

12
Mar
2007

Ikasten plataforma euskaltegiei irekita

HABEk duela gutxi zabaldu duen Ikasten plataforman euskaltegiei euren gunea kudeatzeko aukera emango die, ikastaroak eskaintzeko nahiz barne kudeaketa eta komunikaziorako, Moodle instalazioa erabiltzeko aukera azken baten.

Hemen daukazue HABEtik bidali duten informazioa:

IKASTEN plataforma erabiltzeko eskaintza

HABE erakundeak euskararen irakaskuntzan Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak sustatzeko asmotan, IKASTEN izeneko plataforma euskaltegien esku jartzea erabaki du. IKASTEN plataforma Moodle-n oinarrituta dago. Moodle ikastaroak sortzeko eta kudeatzeko software multzoa da eta GNU (Iturri irekia) lizentzia publikoaren baitan garatzen da.

IKASTEN plataformaren bidez euskaltegiek mota askotako jarduerak burutu ditzakete: ikastaroak eman, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa indartu, klaustroaren zereginak bideratu, euskaltegiko egutegi eta jarduerak antolatu, ikastaro eskaintza zabaldu eta abar.

Erabilpen hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, euskaltegi bakoitzak IKASTEN plataforma orokorrean esparru berezitua izango du, beste euskaltegietatik aparte, baina betiere IKASTEN marka nagusiaren azpian. Euskaltegi bakoitzak administrari bat izendatu beharko du eta hau arduratuko da euskaltegiaren esparrua kudeatzeaz.

Euskaltegi bakoitzak zerbitzariaren diskoan 5 Gb-eko espazioa izango du bere jarduerak bideratzeko. Horretaz gain, euskaltegi bakoitzak bere esparruaren itxura aldatu ahal izango du muga batzuen barruan.

HABE erakundea arduratuko da IKASTEN plataforma bideratuko duen zerbitzaria eta honek behar dituen softwareak eguneratu eta mantentzeaz. Bestalde, IKASTEN plataformaren orrialde nagusian euskaltegi guztien ikastaro eskaintza erakutsiko da.

IKASTEN plataforma erabili nahi duen euskaltegiak ezinbestekoa du ondoren datorren eskaera-orria osatzea. Bertan berari dagozkion datuak beteko ditu eta euskaltegiko arduradunaren izenean sinatuta, HABE erakundeari helaraziko dio. Agiri horretan jasoak daude, besteak beste, euskaltegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Agiri hori jasotzean, HABEren zuzendariak ebazpen bidez onartuko dio Euskaltegi horri IKASTEN plataforma erabiltzeko eskubidea.

Hezi Top-ek norberaren ikastaroak eskaintzeko aukera eman zigun duela egun batzuk, orain HABEk ikasten plataforma zabaldu die euskaltegiei. Zerbitzua interesgarria da, baina alde batetik euskaltegiei inor Moodle kudeatzen trebatzea eskatzen die eta bestetik euskaltegi eta erakunde batzuk euren plataformak antolatzen hasita daude dagoeneko, ez dakigu eskaintza hau beranduegi ez ote datorren hain zuzen ere orain arte aktiboenak izan direnentzat.

Bestalde,  euskaltegi bakoitzak bere gunea edukitzeko pentsatuta dago, interesgarria izango litzateke, irakasleek, pertsonak alegia, eurek elkarrekin komunikatzeko eta konpartitzeko aukera edukitzea era berean.

Sindikatu edukia