teleikaskuntza

04
Urr
2006

Urola Kostako euskaltegi birtuala

Urola Kostako euskaltegi birtuala - [Del.icio.us: "Euskaltegiak" etiketa]

Moodle-ekin animatzen hasi gara. Atzo Jakintza ikastolakoen EGA ikastaroaren berri, eta gaur Urola Kostako euskaltegi birtuala topatu dugu.

Ez dago informazio handirik, ez nork egin duen, ez norentzat den, egitasmoaren nondik-norakoak...datozen egunotan honen berri agertuko da seguruenik. Bertan ikusten denagatik hau dakigu: euskaltegia.net domeinua hartu dute (libre egon da orain arte!), tutore-zerrenda eta hiru talde/ikastaro daude: behe-maila, erdi-maila, goi-maila, eta horrekin batera esteka eta software zerrendak. Ez dakigu on-line eskaintza garbia ala euskaltegiko ikasleentzako gela birtuala den (edo biak).

Edonola ere, kontu birtualetan BOGAtik harago joateko asmoa dabilela dirudi. Ez hemen bakarrik

Orain arte euskaltegien inguruan Moodle hauek ezagutu ditugu:

Ikasturte honetatik aurrera HABE ere Moodle hasi da formaziorako erabiltzen. Hemen sarrera: http://www.ikasten.ikasbil.net.

Tira ba, euskaltegi fisikoekin batera hemedik aurrera euskaltegi birtualak ere badaude, ofizialki.

04
Urr
2006

EGA ikastaroa

EGA ikastaroa - Azkenaldi honetan, erabat murgilduta nago Moodle plataformaren ur sakonetan. Iaz gure Axularreko lagunei, besteak beste, e-learning edo plataforma birtual honek eskain dakizkigukeen mila aukerei buruz luze entzun ondoren, udan buru-belarri sartzea erabaki nuen. Gaia erabat interesgarria iruditzen zait gure irakasgaiak modu ezberdinez fokatzeko aukera ematen digun neurrian (ikasleen gorabeheren gertuko jarraipena, baliabide guztiak gelan [...] [IKTeroak]

Moodle plataforman EGA ikastaroa diseinatu dute Jakintza ikastolan. Irekita utzi digute bisitatzeko eta ideiak hartzeko. Gurean ere horrelako gehiago egingo bagenitu! Ala espioitza industrialaren beldur gara? 

22
Ira
2006

Nuvvo: LMS on-line

nuvvologoEz dakit LMS hitza jartzeagatik inor egile-eskubideak kobratzen etorriko zaidan, baina tira, sarean topatu dudan bitxikeria baten berri emateko baino ez da.

Sarean on-line ikastaroak, formazioa edo denetariko jarduera didaktikoan garatzeko hainbat tresna eta platafoma daude une honetan. Gehienak zerbitzariren batean instalatu behar dira. Ezagunena Moodle da seguruenik. HABE bera ere lehengo Kanpus-a baztertuta beronekin hasiko dela dirudi (egia esanda aurrekoa nahikotxo mugatuta zegoen).

Sarean saltseatzen, berriz, on-line ikastaroak sortzeko eta eskaintzeko aukera ematen duen zerbitzua aurkitu dut. Nuvvo dauka izena. Moodle eta halako LMSak bezalakoa baina zerbitzaria barik. Web2.0 ikutua dauka: etiketen sistema, rss-ak, blogak, erabiltzaileek eurek sortutak edukiak, eta gehien bat norberak zerbitzarian instalatu behar ez izatea.

Kontua zabaldu eta ikastaroak sortu daitezke segituan, ikasleak sartu,.... Hainbat ikastaro dauzka dagoeneko,  batzuk debalde, ingeles-ikastaro hau bezala.

Norbaitek on-line irakasteko grina badauka eta LMSa zerbitzarian instalatu eta  konfiguratzeko modurik ez badauka, hemen dauka aukeratxo bat. Aukera interesgarria izan daiteke era berean klaseko ikasgela birtual osagarri modura erabiltzeko, edo autoikaskuntza zentroetan, beste aukera teknikorik ez badago behintzat.

Nik hemen egin dut probatxoa. Ez dut asko saltseatu eta ezin dizuet deskribapen handirik egin zelan dabilen-eta, interesa badaukazue sartu eta probatu, debalde eta erraza da.

Hemen daukazue zerbitzu honi buruzko wikipediaren sarrera.

Espero izatekoa zen halako zerbitzuak ere etoritzea, harrigarriena orain arte gehiago agertu ez izana da.

11
Ira
2006

Formazio eskaintza negurako

Euskaltegietako irakasleen etengabeko prestakuntzarako ikastaroak udazken, negu eta udaberrian | [HABE-Ikasbil]

HABEtik formazio eskaintza berria etorri zaigu derrepentean. Ikasturtean zehar egiteko on-line ikastaroak. Bi lehendik ere eginda daude.: Entzumena lantzen eta Irakurmena lantzen. Eta ikastaro berria: Internet didaktizatzen: blogosfera euskararen ikas-irakaskuntzan.
Ez dakit matrikula data hauetan jendea zelan ibiliko den. Urria hasi orduko izena eman eta matrikula eginda eduki behar da. Iraila (h barik) hil tontoa izaten da, eta asko oraindino oporretan edo euskaltegi askotako plantilak finkatu barik ere egongo dira.

Agurne Azpitarte eta Natxo Gillen teknikariak izango dira blogosferaren ikastaroaren arduradunak. Interneten aplikazioaren inguruan ibili dira lanean azkenotan dirudienez. Hizpiden artikulu pare bat argitaratu ere egin dituzte.

Ikastaro hauek guztiak on-line egingo dira. Badirudi era berean HABEk lehengo plataforma (Kanpusa) prestakuntzarako alde batera utziko duela eta Moodle-en aldeko apustua egin duela. Webgunea ere aldatu egin dute. Eusko Jaurlaritzaren web guztien diseinuaren barruan sartu dira.

Ez da albiste txarra. Hasieratik gabiltza hemendik euskaltegien inguruko blogosferari jarraipentxoa egiten. Lehenego euskaltegi-blogak eta gero ikasle-blogak. Ikastaroaren programan zerrenda atondu dute. Den-denak ez daude, azkenengo batzuk faltan topatu ditut (bide batez, erdarakadekin arduratuta ibiltzen zaretenok irakurri hau).

Falta diren horien artean ikasle-blogak deitu genituen horiek daude: Itsaspepinoak edo Erandioko Udal euskaltegikoena adibidez. Eta irakasleon blogen artean plisti-plasta ez digute aipatu (Inperioaren kontraerasoa ote?). Ez da erraza denak kontrolatzen hala ere eta hemen daukazue gure zerrenda.

Gure mundu honetan ez dakit blogosfera, internet eta teknologia berriekin norainoko jakinmina eta interesa dabilen. Urrutiko kanpaiak entzun eta ezagutu nahia izan daiteke, gauza berriak plazaratzeko gogoa, modaren tiradizoa,...

Blog didaktikoen eta on-line irakaskuntzaren mundua dudetan dabilela dirudi. Bidea urratu guran, baina iparra ondo markatu gabe oraindino. Etengabeko esperimentazioa (beta jarraia?), proba-errakuntza metodoan bigarrenetik asko, baina aurrera egiteko gogoa itzela.

Tira ba, zortea ikastaroa eman-egin behar duzuenoi, eta nahi duzuen eta ahal dugunerako badakizue non gauden.

Ea technorati, del.icio.us eta halakoetan euskaltegiak jarioa animatzen den.

17
Mai
2006

Gerrilariak eta e-learning-a

Txelis ekinaren blogari esker webgune bitxiaren berri eduki dugu: http://www.fontaneda.net. Gailetak espero eta txuletak topatu. Euskara ikasteko txuletak hain zuzen ere, halako gramatika on-line. Izenetik ere hizkera deigarria da: "Euskal Euskara", "aditzaren muina",....

Lehengo egunean wikilearning egitasmoaren barruan beste hau aurkitu nuen. Edukiak ezagunak egin zitzaizkidan, hain zuzen ere  blogean aspaldi komentu nuen berbera bertsio berrituta dirudi. (Geocities-etik wikira, web 1.0>web 2.0?).

Kasu bietan halako "gramatikak" ditugu. Ikuspegi estrukturalaren harian egindakoak. Eta kasu bietan ere, aurrekoan esan nuen bezala, honakoek kalte gutxi egiten dutela uste dut eta gutxien-gutxienik eskertzekoak dira. Eta bigarrenaren kasuan behintzat halaxe adierazi diote irakurleek iruzkinen bidez.

Oraingo honetan hala ere, beste gauza batek eman dit zer pentsatua. Euskararen irakaskuntzako profesionalak ez direnek, aparteko inbertsiorik gabe, gogo eta borondate hutsarekin euskara ikasteko baliabideak sarean jarri dituzte denon eskura. Eta helduen euskalduntzeko profesionalok, ikuspegi didaktiko-pedagogiko zabalago eta eraginkorragoa ei daukagunok, baliabide, prestakuntza eta dedikazio handiagoa ere badaukagunok gutxi eta harekin ere ez gara konforme egoten.

Sentsazioa daukat Vaya Semanitako jubilatuen antzera egiten dugula halakoak ikusita: "¡Aficionaos!" pentsatu gure artean eta hesiaren gainetik begira geratu.

08
Mai
2006

Sedukzioa

E-learning-en gaineko blog interesgarria deskubritu dut, Alvaro Gregori kontsultorearena. Formazio korporatiboaz eta teleikaskuntzaz dihardu gehien bat, baina irakurriaren irakurriaz gurera orokorrean ekartzeko moduko gogoetak ere piztu dizkit. Berbarako, hau ez da gurera ekartzeko moduko hausnarketa? Motibazioa, talde-dinamika, helburuen gardentasuna,...

Errematea gehien bat, mundiala:

¿No sería genial que nuestras actividades fuesen tan adictivas como un sudoku?. (Ez litzateke geniala izango gure jarduerak sudokua bezain adiktiboak izatea?)

Beste honekin ere buruari eragiten hasi naiz. Grafiko honek dioenaz dihardu:

 

 Partizipazioaz hitz egiten dugu sarri. Klase "partizipatiboak". Urliak ez duela "parte hartzen",... Grafikoarekin hasi eta hor amaitu da nire buru-jarioa.

Blogean, orohar darabilen hizkerak guretik urrun dagoen munduaz ari dela dirudi: enpresa, teknologia,.... Baina kontuz, berbek hain urrun ez dagoena urruntzeko erraztasuna daukate eta berton daukagunarekin sano lotuta daudela barruntatzen dut. 

Hemen blogaren helbidea: http://www.mandarina-learning.com. Gomendagarria benetan.

 

05
Mai
2006

Hizkuntzak ikasteko plataforma bat garatzen ari gara...

Hizkuntzak ikasteko plataforma bat garatzen ari gara... - COVCELL proiektuaren helburu nagusia da Moodle izeneko ikaskuntza plataforma garatzea bereziki hizkuntzen irakaskuntza kontuan hartuta. Plataforma hau software librekoa denez, proiektu honetan garatzen dena denontzat izango da... [Sustatu]

Albiste hau zabaldu da Sustaturen bidez. Euskara ikasteko plataforma telematikoa garatzen dabil EHU beste unibertsitate batzuekin batera. Lehenengo azterketa egiten ari dira egitasmoa egokitzeko eta laguntza eskatu dute. Irakasle eta ikasleentzako galdetegiak prestatu dituzte hain zuzen ere. Ez dakit egitasmoak zer bide egingo duen, baina galdetegiko galdera batzuen emaitzak ezagutzea interesgarria izan liteke.

BOGA ezagutu dugu lehenagotik, hauek berriz, software librearen bidezko plataforma garatu nahi dute. Oso interesgarria, teknologiatik harago geureganatu beharko genukeen lan egiteko modua nire ustez.

 

Sindikatu edukia