11
Urr
2007

(des)espezializazioa

Plisti-Plastak gogoeta landuak bota zizkigun lehengoan espezializazioaz. Hantxe jardun genuen, eta gaia bueltak emateko dela uste dut, hausnarketan zein praktikan. Gaur, berriz, web2.0 zerbitzu berria topatu dut, hizkuntzen ikaskuntzarekin lotua: Livemocha, eta espezializazioaren kontua egosten jarraitzeko parada eman didate..

Livemochak hizkuntza batzuk ikasteko eta praktikatzeko zerbitzua eskaintzen du. Alde batetik hizkuntza batzuk ikasteko lekzio sortak eskaintzen ditu (lehengoan txinera ikasten jarri nintzen, pikatu egiten zara ba!). Bestalde, web2.0ren estilora erabiltzaileen euren esku uzten ditu beste zerbitzu bi: praktikatzea eta, interegarriena nire ustez, ikasten ari direnek bidaltzen dituzten testuak (ahozkoak nahiz idatziak) zuzentzea eta komentatzea.

Azken honetan zuzenketak edo iruzkinak egiten dituztenek ez dute zertan irakasle profesionalak izan, edonork komentatu eta zuzendu ditzake testua, blog baten komentarioen antzera.

Hizkuntzak ikasteko sare sozialez behin baino gehiagotan egin dugu berba hemen. Halako loraldia dabilela esan daiteke. Web2.0 guztian bezala, erabiltzaileen esku dago edukia, eta, kasu honetan, ezagutza zabaltzea.

Irakasleak espeizializatzea hartu dugu gogoetagai. Desespezializazio antzeko baten aurrean gaudela dirudi honekin bestalde. Ez dut uste kontrajarritako ideiak direnik, aitzitik, hizkuntzaren ikaskuntzaren bideak dibersifikatzearen aurrean gaudela susmatzen dut. Plisti-plastari ulertu (nahi) izan diodan ikas-prozesuaren banatzea, edo zatitzea akaso.

Alde batetik hiztuna irakasle (Nork aldarrikatzen zuen "Herria irakasle" hura?), beste batetik arlo batean zentratutako irakaslea-trebatzailea-tutorea-instruktorea, eta beste batetik hau dena gobernatzen duena, ikaslea (?) laguntzarekin (edo). Ze, kaosean ibiltzen jakin egin behar da eta.

P.D. Plisti, ez dakit hau amets gozoa, lokamutsa, bisioa ala déjà vu izan den.

Argazkia: Old Skool, Tinker*Tailor

Errealitate gozoa

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Urria 11 - 09:39-(e)an bidalia.

Etzazula zalantzarik izan, errealitate gozoa dira livemocha bezalako guneak.

Nukleo bakarretik ateratako inputa dibertsifikatu eta sarean (nukleo anitzekin) lan egitera igarotzea ikaragarrizko pausua da; guztion lanaren birdefinizioa dakarrena. Eta ikaslearen PLEak atontzen ikaragarri lagun dezakeena.

Ez naiz ni dikotomia zale: irakaslearen eginkizunak vs ikaslearenak//giza-kontstruktibismoa vs konektibismoa// ikaskuntza formala vs informala//kaosa vs ordena.
Pertsonalizazioa da gakoa. Ikasle bakoitzak bere behar komunikatiboak asetzeko ibilbide egokiena hautatu behar du eta horretan irakasleok orientazioa, laguntza eta jario aberatsa eskaini behar diegu.

Kaosa aipatzen zenuenez hona hemen iruzkin kaotikoa (ez da ez gaurkoa nire egunik onena!).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia