ikasbil

10
Ots
2010

Mailatik mailara

Aldaketa txikia sumatu genuen lehengo egunean Ikasbilen. HABEtik ez dute horren azalpenik edo jakinarazpenik eman, baina han dauden baliabideen mailakako sailkapena HEOKaren mailaketatik Europako Markoko mailetara eraman dute.

Funtsean ematen du lehengo izendapena ordeztera mugatu direla, horrela 4. mailatik C2ra, 3. etik C1era eta 2.etik B2ra joan gara. Bazen Ikasbilen HEOKen jasotzen ez zen bereizketa bat: 1a eta 1b mailak. Han 1. maila baino ez dugu, EEMko B1ekin bateratu dena. Ez dut inoiz 1a/1b horren azalpen-bereizketa ofizialik entzun-ikusi, baina logikoa zen pentsatzea 1b maila hori 1. maila izango zela, eta 1b-rako materialak horrelaxe agertzen dira orain, B1 epigrafean.

Baina 1a hori zer zen? Orain argiago izan beharko genuke. 1a=A2 parekatu baitituzte baliabideak.

Katea osatu dute beraz, baina arazo txiki bat egon da. EEMn beste maila bat dago, baxuena: A1. Ez dut gogoratzen Ikasbilen 1atik beherako ezer inoiz egon denik, baina orain sailkapen horretan A1 agertu zaigu. Hori bai, bilatzailean ez dut ezer aurkitu A1 horretarako.

Tira, eta zer esan nahi du honek guztiak? Jakin, ez dakit. Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean argiago izango al dute! Lehenengo batean pentsa daiteke Europako Markorako hurbilpena egiten hasi direla. Hemendik aurrera zer-noiz etorriko den? Dekretu bidez jakin behar ez izaterik espero dugu sikieran.

Lehengo urtean Bilbon egin zen jardunaldi akademikoan horren inguruko asmoak aurkeztu zizkiguten, mailaketa eta azpimailaketa berria osatzeko asmoa. Funtsean 12 urratsen sistema tradizional-historikoaren izen aldaketa hutsa iruditu zitzaidan momentuan. HABEk urratsen sistema horren gainean urteetan eraiki du azpiegitura administratibo konplexua eta horrek pisu handiegia du akaso aldaketa gehiegi egiten hasteko.

HEOKen mailaketarekin hutsuneak egon dira era berean, administrazio-kontuetarako irakasleek ikasleei urratsak jarri behar dizkiete orain ere, baina urrats horiek 12 izanda eta HEOK jasotzen eta definitzen diren mailak 4, bistan dago urrats askoren deskribapena eta definizioa irakaslearen beraren (intuizioaren?) edo erakunde bakoitzaren esku geratzen direla neurri batean, edo HABEren HEOKen aurreko definizio historikoetan.

Zergatik gertatu da hau? Seguruenik eraketa-didaktika bereizketa tradizional-historiko-monumentalaren ajeak baino ez dira izan. Kontrolerako datu-baseetan zenbaki bat aldatzeak dena jar dezake hankaz gora, eta didaktikariak letretakoak izaten dira.

Eta orain Europatik datorren honek kristo hau argitzen lagunduko ote du, ala kristo handiagoa ekarri? Bigarren hori gertatzeko arriskua dago nire uste-eskarmentuz, gauzak neurriz eta ganoraz egin ezik behintzat.

27
Mai
2007

RSS jarioak Ikasbilen

Ikasbil, euskara ikasteko Interneteko baliabidea ikastaroaren programa irakurtzean konturatu naiz. RSS jarioak ipini dituzte Ikasbilen. Hasierako orrian, behean eskuman agertu da bloketxo bat, ez dute iragarri oraindik webgunean.

Aspaldian ibili gara hemen jarioak ondo etorriko zirela esaten. Bitartean Feed43 zerbitzuarekin atondu genituen geureak. Orain zuzenean jarraitu ahal izango ditugu. Karrajuko agregatzailea berriztu egin beharko dugu bada!

Honela antolatu dituzte:

Atalez ataleko jarioak:

Dokuteka eta atazak

Liburutegia

Dokuteka eta atazak mailaka:

1A. maila

1B. maila

2. maila

3. maila

4. maila

Podcast-a ere badago, entzungai batzuetan oraindik pottoki efektua dago baina ideia ona da duda barik:

Hemendik entzun ahal duzue:

Beste berrikuntza bat dago. Inkestak ipini dituzte.

Ondo berrikuntzok. Iradokizuntxo bat: OPML fitxategia, ohiko agregatzaileetara inportatu ahal izateko.

Dena dela, eskertuko litzateke lantzean behin zer asmo daukaten eta zertan dabiltzan kontatzea, ezta? Ez da ahalegin handia.

12
Mar
2007

Ikasten plataforma euskaltegiei irekita

HABEk duela gutxi zabaldu duen Ikasten plataforman euskaltegiei euren gunea kudeatzeko aukera emango die, ikastaroak eskaintzeko nahiz barne kudeaketa eta komunikaziorako, Moodle instalazioa erabiltzeko aukera azken baten.

Hemen daukazue HABEtik bidali duten informazioa:

IKASTEN plataforma erabiltzeko eskaintza

HABE erakundeak euskararen irakaskuntzan Informazio eta Komunikazio Teknologia berriak sustatzeko asmotan, IKASTEN izeneko plataforma euskaltegien esku jartzea erabaki du. IKASTEN plataforma Moodle-n oinarrituta dago. Moodle ikastaroak sortzeko eta kudeatzeko software multzoa da eta GNU (Iturri irekia) lizentzia publikoaren baitan garatzen da.

IKASTEN plataformaren bidez euskaltegiek mota askotako jarduerak burutu ditzakete: ikastaroak eman, ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa indartu, klaustroaren zereginak bideratu, euskaltegiko egutegi eta jarduerak antolatu, ikastaro eskaintza zabaldu eta abar.

Erabilpen hori modu eraginkorrean burutu ahal izateko, euskaltegi bakoitzak IKASTEN plataforma orokorrean esparru berezitua izango du, beste euskaltegietatik aparte, baina betiere IKASTEN marka nagusiaren azpian. Euskaltegi bakoitzak administrari bat izendatu beharko du eta hau arduratuko da euskaltegiaren esparrua kudeatzeaz.

Euskaltegi bakoitzak zerbitzariaren diskoan 5 Gb-eko espazioa izango du bere jarduerak bideratzeko. Horretaz gain, euskaltegi bakoitzak bere esparruaren itxura aldatu ahal izango du muga batzuen barruan.

HABE erakundea arduratuko da IKASTEN plataforma bideratuko duen zerbitzaria eta honek behar dituen softwareak eguneratu eta mantentzeaz. Bestalde, IKASTEN plataformaren orrialde nagusian euskaltegi guztien ikastaro eskaintza erakutsiko da.

IKASTEN plataforma erabili nahi duen euskaltegiak ezinbestekoa du ondoren datorren eskaera-orria osatzea. Bertan berari dagozkion datuak beteko ditu eta euskaltegiko arduradunaren izenean sinatuta, HABE erakundeari helaraziko dio. Agiri horretan jasoak daude, besteak beste, euskaltegiak bere gain hartzen dituen betebeharrak.

Agiri hori jasotzean, HABEren zuzendariak ebazpen bidez onartuko dio Euskaltegi horri IKASTEN plataforma erabiltzeko eskubidea.

Hezi Top-ek norberaren ikastaroak eskaintzeko aukera eman zigun duela egun batzuk, orain HABEk ikasten plataforma zabaldu die euskaltegiei. Zerbitzua interesgarria da, baina alde batetik euskaltegiei inor Moodle kudeatzen trebatzea eskatzen die eta bestetik euskaltegi eta erakunde batzuk euren plataformak antolatzen hasita daude dagoeneko, ez dakigu eskaintza hau beranduegi ez ote datorren hain zuzen ere orain arte aktiboenak izan direnentzat.

Bestalde,  euskaltegi bakoitzak bere gunea edukitzeko pentsatuta dago, interesgarria izango litzateke, irakasleek, pertsonak alegia, eurek elkarrekin komunikatzeko eta konpartitzeko aukera edukitzea era berean.

20
Aza
2006

Teknoendredoen saga: klonaren erasoa eta pokastinaren porrota

Griposo pasatu ditut azken lau egunak etxean, eta Potemkin erizain fidelari kasu egitearren sarean endredatzen ibili gara biok. Esperimentu bitan gehien bat.

Sindikatu edukia