10
Ots
2010

Mailatik mailara

Aldaketa txikia sumatu genuen lehengo egunean Ikasbilen. HABEtik ez dute horren azalpenik edo jakinarazpenik eman, baina han dauden baliabideen mailakako sailkapena HEOKaren mailaketatik Europako Markoko mailetara eraman dute.

Funtsean ematen du lehengo izendapena ordeztera mugatu direla, horrela 4. mailatik C2ra, 3. etik C1era eta 2.etik B2ra joan gara. Bazen Ikasbilen HEOKen jasotzen ez zen bereizketa bat: 1a eta 1b mailak. Han 1. maila baino ez dugu, EEMko B1ekin bateratu dena. Ez dut inoiz 1a/1b horren azalpen-bereizketa ofizialik entzun-ikusi, baina logikoa zen pentsatzea 1b maila hori 1. maila izango zela, eta 1b-rako materialak horrelaxe agertzen dira orain, B1 epigrafean.

Baina 1a hori zer zen? Orain argiago izan beharko genuke. 1a=A2 parekatu baitituzte baliabideak.

Katea osatu dute beraz, baina arazo txiki bat egon da. EEMn beste maila bat dago, baxuena: A1. Ez dut gogoratzen Ikasbilen 1atik beherako ezer inoiz egon denik, baina orain sailkapen horretan A1 agertu zaigu. Hori bai, bilatzailean ez dut ezer aurkitu A1 horretarako.

Tira, eta zer esan nahi du honek guztiak? Jakin, ez dakit. Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean argiago izango al dute! Lehenengo batean pentsa daiteke Europako Markorako hurbilpena egiten hasi direla. Hemendik aurrera zer-noiz etorriko den? Dekretu bidez jakin behar ez izaterik espero dugu sikieran.

Lehengo urtean Bilbon egin zen jardunaldi akademikoan horren inguruko asmoak aurkeztu zizkiguten, mailaketa eta azpimailaketa berria osatzeko asmoa. Funtsean 12 urratsen sistema tradizional-historikoaren izen aldaketa hutsa iruditu zitzaidan momentuan. HABEk urratsen sistema horren gainean urteetan eraiki du azpiegitura administratibo konplexua eta horrek pisu handiegia du akaso aldaketa gehiegi egiten hasteko.

HEOKen mailaketarekin hutsuneak egon dira era berean, administrazio-kontuetarako irakasleek ikasleei urratsak jarri behar dizkiete orain ere, baina urrats horiek 12 izanda eta HEOK jasotzen eta definitzen diren mailak 4, bistan dago urrats askoren deskribapena eta definizioa irakaslearen beraren (intuizioaren?) edo erakunde bakoitzaren esku geratzen direla neurri batean, edo HABEren HEOKen aurreko definizio historikoetan.

Zergatik gertatu da hau? Seguruenik eraketa-didaktika bereizketa tradizional-historiko-monumentalaren ajeak baino ez dira izan. Kontrolerako datu-baseetan zenbaki bat aldatzeak dena jar dezake hankaz gora, eta didaktikariak letretakoak izaten dira.

Eta orain Europatik datorren honek kristo hau argitzen lagunduko ote du, ala kristo handiagoa ekarri? Bigarren hori gertatzeko arriskua dago nire uste-eskarmentuz, gauzak neurriz eta ganoraz egin ezik behintzat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia