17
Mai
2009

Moodle ez dena

Blogarion ohitura onak galtzen hasita gaude azkenotan, joaten garen ebentoen aipamenak, iruzkinak edo laburpenak egitearena hain zuzen ere.

Ostiralean Bilbon, Athleticen aste nagusi luzearen akaberaz gainera, beste ebento bat izan zen: MoodleMoot Euskadi, eta bertan egon nintzela ordukoaren izpitxo pare bat ekarriko ditut sikierasean.

Jendea, horixe akordura etorri zaidan lehenengoa, jendea. Moodle-ekin endredatzen jendea dabil bazterrotan duda barik, arlo askotakoa gainera: eskola, unibertsitatea, lan-hezkuntza, hizkuntzen irakaskuntza, informatika... Hemen Euskal Herrian interneten saltseatzen dabiltzan izen ezagun asko han antza, baina aurpegiak ezagutu barik gehienak bertan identifikatu ezinda (trebezia sozial presentzialak garatzeko ibilbide formatibo librea diseinatuko al du Moodlezaleren batek!).

Programa ere luzea, erreseinak egiteko behintzat luzeegia. Anibal de la Torre kartelburuak zabaldu zuen eguna, ordubete baino gehiagorako eduki zuen kantxa eta pozik utzi zuen publikoa. Moodle atxakia hartuta, bere ibilbide, ideia, gogoeta eta proiektuen berri eman zigun. Ideia asko hitzaldian zehar, seguru guztioi zerbait geratu zaigula buruan, nik neuk:

  • 5-90-5 zatiketa: inmobilistak, tropel nagusia, aintzindariak hurrenez hurren. Aurrerakuntza azkenengoen esku utzi behar da, denak inplikatu beharrik gabe. Interesa eta jakin mina dituenak urratuko du bidea. Era berean, langintza hau ez da "funtzionarien" esku utzi behar, dabilen jendeari laguntza eman eta -behar denean- bakean utzi behar da. Ondo ulertu nuen?
  • Konektibismoari egin zion kritika (?). Ez ei da ikaskuntzaren teoria berririk behar, badakigu betidanik zelan ikasi den, horri erreparatzea da kontua.
  • Testu idatzitik harago joan beharra dago, ikasmaterialak eta hezkuntz-komunikazioan multimedia gero eta erabiliagoa izango da, eta horren erabilpenean trebatu egin behar da.
  • Atazetan oinarritutako metodologia aldarrikatu zuen,eta, jakina, ezaguna egin zitzaigun kontua, gauza beraz ari ote gara gure AOIrekin?
  • Ebaluazioak eta feedback-ak karga ekartzen dute, gehiegizkoa sarri. Itota ei dabiltza elearning-eko tutore asko eta asko.

Gauza gehiago ere esan zituen, den-dena ez dut gogoratzen eta gogoratuta ere ez nuke hona ekarriko.

Anibalen ostean saio laburren sorta hasi zen, 10 minutuko tartea bakoitzari, gauza asko eta ikuspuntu, ingurune eta interes anitzak.

Hablapalabra. Conectivismo para niños de 10 años en Moodle saioan neukan interes berezia. Luis Soldevllak eta David Vidalek aurkeztu behar zuten. David Vidal izen ezaguna da blogosferan, Nodos Ele taldeko kidea eta konektibismoaren predikatzaile nagusietako bat. Eta interesa nuen behingoz saltsa berri horiekin sukaldatutako platerren bat ikusiko ote nuen, gogoeta, eztabaida eta psikolasto interesgarri bezain ikuezinetatik landa. Hamar mintutuk ez dute askorako ematen, baina itxura ona dauka Hablapalabra horrek. Jende gaztea dabil hor eta gogotsu gainera. Ez da seguruenik askok esperoko duten edo kezkatuko dituen iraultza, azken batean eurek esan zuten modura, kontua ez da hitz, termino edo berba handiekin loratu behar, azken batean oso gauza naturala ari dira aurkezten. Ideian nagusi batzuk:

  • Ikaskuntza eta jakintza ingurutik, eguneroko esperientziatik abiatu
  • Umearen ikaskuntza prozesuan partaidetza dugun guztiok kontzientzia eta parte hartzeari begira jarri.
  • Pertsonalizazioa, ikaskuntzaren ikuspegi zabala, norberak gidatuta eta, gehien bat, jakintza konexioa bezala ulertuta, ez eraikuntza.

Euren hitz batzuk ekarrita laburtu daiteke egitasmoa:

Queríamos desafiar la imagen del barco que se dirige hacia el océano del conocimiento, dirigido por un capitán y por un cauce único. hablapalabra se parece más a un ecosistema fluvial, en el que podemos encontrar multitud de pequeñas embarcaciones que se dirigen cada una a un destino diferente.

Egia esanda, hitzaldietatik baino argiago ikusten dira ideiak dokumentazioa irakurrita, Nodos Elen dauzkazue erreferentziak. Anibalek aurretik esandakoetatik eztabaida interesgarria sortu zitekeela zirudien, baina astirik ez, lastima. Dena dela seguru nago sarean jarraituko duela kontuak.

Gainerakoan bakar-bakarrik aipatuko dut arratsaldeko azken orduan antolatu zen Euskara irakasleen ez-konferentzia. Mahararen konpetentzia latza eduki genuen eta ez ginen majareta asko-asko bildu. Dena dela, Ainhoa antolatzaileak tartea gustura pasatzeko jeneroa ekarri zigun eta halaxe egon ginen. Denetariko pertsonala, eskoletakoa, HABEko teknikariak, euskaltegietakoak... Bakoitzaren aurkezpenetik tiraka eman genuen ia denbora guztia. Apuntatzekoak boteprontoan:

  • Ainhoa, Maite eta Andoni lantzen ibili diren proiektua bezalakoak elkarlanean ekiteko gonbidapen etengabea. Euren partetik behintzat gogoa badago, dena dela, zer-zertan-zertarakoak zehaztu beharko dira gehiago nire ustez.
  • Moodle-en inguruan Santurtziko Udal Euskaltegikoak ibili dira orain arte itzulpenak eta plataforma bera sustatzen neurri batean. Hala ere moodle.org-eko euskarazko foroa bastante triste dabil. Neu ere apur bat harritu nau Moodle-ek sortu duen mogimenduak sarean oro har hain saltsa gutxi sortzeak, eta ez nabil soilik foro horretaz. Sarea partekatu eta elkarlanerako gune bezala etengabe ari gara predikatzen, baina zaila izaten da ezeren eta inoren berri izatea halako jardunaldi antolatuetan ez bada. Akaso sareko komunikazioak ere beharko luke antolakuntza eta dinamizazio apur bat, topaketa presentzialen antzera.
  • Hau guztia dela eta HABEko Iñaki Muruak ekarri zigun gogora aspaldian egin zuen ikerketako ondorio batzuk (hori da, ezta?). Partaidetza eta elkarlana aurrera eroateko orduan konfidantza mailekin egiten da topo, jendea ez da berehala ezagutzen ez duenarekin partekatzen hasiko nahiz eta interes eta behar izan berdinak izan, lotura sozial edo afektibo handiagorik ez badago. Pentsatzen utzi nuen kontuak (ondo ulertu banuen), eta neurri handi batean horrela dela esango nuke, hala ere, era berean esango nuke sarean konfidantza maila horiek lortu egin ahal direla, batzar hartan geunden batzuen arteko loturak lekuko, batik bat sarearen bidez eginak. Dena dela, argi dago lotura horiek ez direla automatiko etortzen lan-interesetatik soilik, alderdi afektibo hori ere landu beharra dago seguruenik. Sare sozialen eredua etorri zitzaidan burura, lagunaren laguna eta halakoak, ez dakit hori ote den bidea, baina horrantz apuntatzen dela iruditu zitzaidan.
  • Bestalde, HABEkoek primizia pare bat eman zizkiguten. Ikasbil aldatzen ari dira, eta laster sekuentziak eta materialak norberak ere igotzeko aukera emango omen da (web2.0 edo horrelako zerbait entzun nuela iruditu zitzaidan), eta gainera norberaren Moodle ikastaroetan txertatzeko moduko formatuan banatuko omen dira. Ez dakit hau isildu beharreko sekretua ote den, ez dut uste, han esan bazen jakina zen kontakatilu news han egongo zela eta ez dela bertan geratuko, hemen doa beraz. Edozelan ere, HABEren gardentasunaz eta komunikazio politikaz segitzen dut gauza asko ulertu gabe. HABE -erakunde publikoa den partez eta hiritar honen uste apalean- zertan ari den, zer proiektu eta asmo dauzkan eta haien zergatiek, helburuek, epeek eta abarrek publikoak eta eskuragarriak izan beharko lukete uneoro, areago kudeatzen duen sektoreko partaideentzat, inori "primiziak" eman edo lagunarteko kontu bezala tratatu barik. Hain zuzen ere, han eman ziren azalpen batzuk entzunda (HABEko kideen partaidetzaz, materialen banaketa...) "excusatio non petita..."  bat etorri zitzaidan asoziazio mental gisara.

Tira ba, honaino ailegatu naiz. Beste norbaitek beste zerbait badauka botatzea dauka hemen edo nahi duen lekuan. Eta aupada handi-handia antolakuntzan ibili ziren guztiei, Txapo, lagunok!

Argazkia: MoodleMoot Euskadi 09. Egilea. binnary. Lizentzia.

MoodleMoot Euskadi 09

Iñaki Murua (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 18 - 15:35-(e)an bidalia.

Arratsaldeko saioaz egin duzun laburpenari ohar batzuk nire partetik, Benito (egun osokoak luzeegi joko luke)

- HABEko kide gehiago izan zen tartean baina azaldutako izen bakarra neurea. Are, izen gutxi aipatzen duzu eta oker ez banago izen-deiturekin bakarra berriz ere neurea. Hau honela, argitu "primizia"ren kontua ez nuela neuk plazaratu.

- Ideiak antzekoak izan arren, aipatu nuen ikerketa beste bat da (Hizpide 64an argitaratua laburpena euskaraz)

- Puntu gehiago aipatu nuen, hala nola, partekatzeko ereduaren mugak, erakundea-norbanakoa tentsioa elkarlanaz ari garenean, euskaltegien eragin-esparrua era presentzialean eta Interneten... Eta asmoa behintzat, "excusatio non petita..." horretatik urruti. Sentitzen dut hala hartu izana.

Ondo segi eta hurrengora arte.

Argituta

Benito-(e)k 2009, Maiatza 18 - 16:44-(e)an bidalia.

Bai, orain konturatu naiz gaizkiulertu hori gerta daitekeela. Zure izena aipatu nuen partaidetzari buruz egin zenuen ekarpena zela eta egia esanda aurreko HABEko hori kenduta ez zen ezer pasatuko.

Primiziei dagokienez, HABEtik etorri zen beste teknikari batek -informatika sailekoa uste dut, ez dut izena gogoratzen (barkatu)- eman zizkigun primiziook, ez Iñakik. Baina ez-konferentzia eta guzti, ekitaldi publikoa zen hura, eta horren berri emateko asmoa eta onespena egongo zirela suposatu nuen, hau da, HABEk MoodleMoot honetan ofizialki zabaldu nahi zuen albistea, eta horregatik jarri dut HABEkoek subjektua perpaus horretan. Barkatu honek inori nahasteak edo endredoak ekarri badizkio.

Bestalde, interesgarriak iruditu zitzaizkidan partaidetzaz-eta esan zenituenak, partaidetza eta lankidetza predikatzen ditugu erraz eta pentsatu ohi dugu borondate hutsarekin etorriko direla, eta partaidetza ere landu beharreko elementua dela ondorioztatu nuen hain zuzen ere.

Dena dela -eta hortik excusatio-arenak- une batean (erakundea-norbanakoa tentsio horretaz aritu zinenean) HABEko teknikarien parte-hartzeaz zerbait justifikatu beharko balitz bezalako sentsazioa hartu nuen. Akaso ez da hala izango, baina tonoak sentsazio hori eman zidan, zoritxarrez.

Enpin, azken batean sektore honetan partaidetzaz eta lankidetzaz batzuk behintzat arduratuta gaudela dirudi. Ainhoak-eta eskatu zuten moduan, ea pausoren bat emateko gauza garen. Izan ere, Ikasbil2.0 horrek adibidez horren beharra izango du, ezta?

Moodlemoot Euskadi 09

Ainhoa Ezeiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 18 - 16:46-(e)an bidalia.

Oraindik tartea hartzeko nago moodlemoot Euskadiren neure ikuspegia idazteko, bai antolatzaile gisa, bai iKide taldeko gisa, bai euskal-sarauaren erantzule gisa... Gero eta identitate gehiago ditugu eta denei erantzuteko gai izatea zaila da oso, baina hitz ematen dut zereginak beteko ditudala ;-)

Honako hau nire ikuspegi subjektiboa da moodlemoot-eko euskara irakasleen ez-konferentziaren inguruan, antolatzaile (ez-antolatzaile) gisa:

Oso garbi dut lankidetzan dagoela gakoa, erakundeez ahaztu eta pertsonen artean eraiki behar direla zubiak. Baina oso kontziente naiz bide malkartsuak direla tarteko, tentsioak, arazoak, gaizki-ulertuak eta arazo fosilizatuak.

Horregatik ez zegoen plan zehatzik bileratxorako, "B Plana" prest genuen badaezpada baina aurpegiak eta jarrerak sentitu nahi genituen batez ere. Arintzeko estrategia eskaxak prestatu genituen (pastak+patxarana, nola ez) baina tentsioa sentitzen zen. Ez helbururik, ez ibilbiderik aurrez ezarri ez genuenez, eskerrak eman nahi dizkizuet gerturatu zinetenoi, jakin gabe "entzerrona" bat izango zen edo trukotxo teknikoak trukatzeko espazio tekniko-didaktiko bat. Beharbada hurrengoan egingo dugu azken hau.

Bi proposamen-iradokizun-ideia:

  • Alde batetik, SUEkoon ikuspegia jakin nahi nuen. Moodlemoot-etan urtero elkartu baina inoiz ez dugu denborarik izaten hitz egiteko eta oraingoan ere, askorik ez. Lan asko egiten ari dira eta ez dute gure komunitateko askoren atxikipena lortzen. Itzulpenetan ia bakarrik aritzea latzegi suertatzen ari zaiela iruditu zait, ilunegi eta eskertxarrekoegi. Baina nire ustez, euskara irakasleok ez gara itzultzaile edo ez da hori gure ekarpen onena. EHU inplikatzeko garaia heldu dela uste dut, bereziki halakoetan aditu direnak inplikatzeko (filologoak, itzultzaileak, zuzentzaileak...), eta zubi-lanak egiten hasiko naiz, ea zerbait serioa ateratzea lortzen dugun.
  • Beste aldetik, oraindik kosta egiten zaigu materialak mahaigaineratu eta partekatzea. Dinamika falta da eta dinamika hori hedatzeko segur aski lehenik mikrodinamikak sortu behar dira eta gero mikro horien arteko zubiak eraiki. Horregatik, Andoni Tolosa, Maite Goñi eta hirurok urratutako bideari segiko diogu eta hemendik aurrera, pauso horien berri emango dugu moodle.org euskarazko gunean. Bakarrik bagaude, ba beno, baina gure arteko trukeak hara pasata, publikoago egingo dugu lana eta errazagoa izango da jendea erakartzea. Kontua ez da mila blog, sare eta abarren artean zatikatzea, baizik eta moodle ikastaroak diseinatzeko eta koordinatzeko foro bat sortzea.

 

Beti abiatzen naiz porrotaren posibilitatea buruan, horrela hortik gora eraikitzen den guztia arrakastatsua izango da. Bi lagun nahikoak dira elkarlanari ekiteko, mikrotalde honetan hiru gaude gehi Andonirekin AEKn ari diren guztiak, hori asko da. Mikrotalde gehiagorekin trukatzen has bagaitezke, askoz hobeto.

Hemendik aurrera hemen idatziko dugu horretaz, foroa irekitzen diguten bezain pronto: http://moodle.org/course/view.php?id=42

Norberak erabaki dezala nork bere izenean egiten duen lan, bere erakundearen izenean edo anonimoki, hori hasieratik zehaztu eta hala "roilo txarrak" murriztuko dira. Nik neuk EHUko iKide taldearen izenean egiten dut lan.

Besarkada bat denoi!

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia