moodlemoot

17
Mai
2009

Moodle ez dena

Blogarion ohitura onak galtzen hasita gaude azkenotan, joaten garen ebentoen aipamenak, iruzkinak edo laburpenak egitearena hain zuzen ere.

Ostiralean Bilbon, Athleticen aste nagusi luzearen akaberaz gainera, beste ebento bat izan zen: MoodleMoot Euskadi, eta bertan egon nintzela ordukoaren izpitxo pare bat ekarriko ditut sikierasean.

Jendea, horixe akordura etorri zaidan lehenengoa, jendea. Moodle-ekin endredatzen jendea dabil bazterrotan duda barik, arlo askotakoa gainera: eskola, unibertsitatea, lan-hezkuntza, hizkuntzen irakaskuntza, informatika... Hemen Euskal Herrian interneten saltseatzen dabiltzan izen ezagun asko han antza, baina aurpegiak ezagutu barik gehienak bertan identifikatu ezinda (trebezia sozial presentzialak garatzeko ibilbide formatibo librea diseinatuko al du Moodlezaleren batek!).

Programa ere luzea, erreseinak egiteko behintzat luzeegia. Anibal de la Torre kartelburuak zabaldu zuen eguna, ordubete baino gehiagorako eduki zuen kantxa eta pozik utzi zuen publikoa. Moodle atxakia hartuta, bere ibilbide, ideia, gogoeta eta proiektuen berri eman zigun. Ideia asko hitzaldian zehar, seguru guztioi zerbait geratu zaigula buruan, nik neuk:

  • 5-90-5 zatiketa: inmobilistak, tropel nagusia, aintzindariak hurrenez hurren. Aurrerakuntza azkenengoen esku utzi behar da, denak inplikatu beharrik gabe. Interesa eta jakin mina dituenak urratuko du bidea. Era berean, langintza hau ez da "funtzionarien" esku utzi behar, dabilen jendeari laguntza eman eta -behar denean- bakean utzi behar da. Ondo ulertu nuen?
  • Konektibismoari egin zion kritika (?). Ez ei da ikaskuntzaren teoria berririk behar, badakigu betidanik zelan ikasi den, horri erreparatzea da kontua.
  • Testu idatzitik harago joan beharra dago, ikasmaterialak eta hezkuntz-komunikazioan multimedia gero eta erabiliagoa izango da, eta horren erabilpenean trebatu egin behar da.
  • Atazetan oinarritutako metodologia aldarrikatu zuen,eta, jakina, ezaguna egin zitzaigun kontua, gauza beraz ari ote gara gure AOIrekin?
  • Ebaluazioak eta feedback-ak karga ekartzen dute, gehiegizkoa sarri. Itota ei dabiltza elearning-eko tutore asko eta asko.

Gauza gehiago ere esan zituen, den-dena ez dut gogoratzen eta gogoratuta ere ez nuke hona ekarriko.

Anibalen ostean saio laburren sorta hasi zen, 10 minutuko tartea bakoitzari, gauza asko eta ikuspuntu, ingurune eta interes anitzak.

Hablapalabra. Conectivismo para niños de 10 años en Moodle saioan neukan interes berezia. Luis Soldevllak eta David Vidalek aurkeztu behar zuten. David Vidal izen ezaguna da blogosferan, Nodos Ele taldeko kidea eta konektibismoaren predikatzaile nagusietako bat. Eta interesa nuen behingoz saltsa berri horiekin sukaldatutako platerren bat ikusiko ote nuen, gogoeta, eztabaida eta psikolasto interesgarri bezain ikuezinetatik landa. Hamar mintutuk ez dute askorako ematen, baina itxura ona dauka Hablapalabra horrek. Jende gaztea dabil hor eta gogotsu gainera. Ez da seguruenik askok esperoko duten edo kezkatuko dituen iraultza, azken batean eurek esan zuten modura, kontua ez da hitz, termino edo berba handiekin loratu behar, azken batean oso gauza naturala ari dira aurkezten. Ideian nagusi batzuk:

  • Ikaskuntza eta jakintza ingurutik, eguneroko esperientziatik abiatu
  • Umearen ikaskuntza prozesuan partaidetza dugun guztiok kontzientzia eta parte hartzeari begira jarri.
  • Pertsonalizazioa, ikaskuntzaren ikuspegi zabala, norberak gidatuta eta, gehien bat, jakintza konexioa bezala ulertuta, ez eraikuntza.

Euren hitz batzuk ekarrita laburtu daiteke egitasmoa:

Queríamos desafiar la imagen del barco que se dirige hacia el océano del conocimiento, dirigido por un capitán y por un cauce único. hablapalabra se parece más a un ecosistema fluvial, en el que podemos encontrar multitud de pequeñas embarcaciones que se dirigen cada una a un destino diferente.

Egia esanda, hitzaldietatik baino argiago ikusten dira ideiak dokumentazioa irakurrita, Nodos Elen dauzkazue erreferentziak. Anibalek aurretik esandakoetatik eztabaida interesgarria sortu zitekeela zirudien, baina astirik ez, lastima. Dena dela seguru nago sarean jarraituko duela kontuak.

Gainerakoan bakar-bakarrik aipatuko dut arratsaldeko azken orduan antolatu zen Euskara irakasleen ez-konferentzia. Mahararen konpetentzia latza eduki genuen eta ez ginen majareta asko-asko bildu. Dena dela, Ainhoa antolatzaileak tartea gustura pasatzeko jeneroa ekarri zigun eta halaxe egon ginen. Denetariko pertsonala, eskoletakoa, HABEko teknikariak, euskaltegietakoak... Bakoitzaren aurkezpenetik tiraka eman genuen ia denbora guztia. Apuntatzekoak boteprontoan:

  • Ainhoa, Maite eta Andoni lantzen ibili diren proiektua bezalakoak elkarlanean ekiteko gonbidapen etengabea. Euren partetik behintzat gogoa badago, dena dela, zer-zertan-zertarakoak zehaztu beharko dira gehiago nire ustez.
  • Moodle-en inguruan Santurtziko Udal Euskaltegikoak ibili dira orain arte itzulpenak eta plataforma bera sustatzen neurri batean. Hala ere moodle.org-eko euskarazko foroa bastante triste dabil. Neu ere apur bat harritu nau Moodle-ek sortu duen mogimenduak sarean oro har hain saltsa gutxi sortzeak, eta ez nabil soilik foro horretaz. Sarea partekatu eta elkarlanerako gune bezala etengabe ari gara predikatzen, baina zaila izaten da ezeren eta inoren berri izatea halako jardunaldi antolatuetan ez bada. Akaso sareko komunikazioak ere beharko luke antolakuntza eta dinamizazio apur bat, topaketa presentzialen antzera.
  • Hau guztia dela eta HABEko Iñaki Muruak ekarri zigun gogora aspaldian egin zuen ikerketako ondorio batzuk (hori da, ezta?). Partaidetza eta elkarlana aurrera eroateko orduan konfidantza mailekin egiten da topo, jendea ez da berehala ezagutzen ez duenarekin partekatzen hasiko nahiz eta interes eta behar izan berdinak izan, lotura sozial edo afektibo handiagorik ez badago. Pentsatzen utzi nuen kontuak (ondo ulertu banuen), eta neurri handi batean horrela dela esango nuke, hala ere, era berean esango nuke sarean konfidantza maila horiek lortu egin ahal direla, batzar hartan geunden batzuen arteko loturak lekuko, batik bat sarearen bidez eginak. Dena dela, argi dago lotura horiek ez direla automatiko etortzen lan-interesetatik soilik, alderdi afektibo hori ere landu beharra dago seguruenik. Sare sozialen eredua etorri zitzaidan burura, lagunaren laguna eta halakoak, ez dakit hori ote den bidea, baina horrantz apuntatzen dela iruditu zitzaidan.
  • Bestalde, HABEkoek primizia pare bat eman zizkiguten. Ikasbil aldatzen ari dira, eta laster sekuentziak eta materialak norberak ere igotzeko aukera emango omen da (web2.0 edo horrelako zerbait entzun nuela iruditu zitzaidan), eta gainera norberaren Moodle ikastaroetan txertatzeko moduko formatuan banatuko omen dira. Ez dakit hau isildu beharreko sekretua ote den, ez dut uste, han esan bazen jakina zen kontakatilu news han egongo zela eta ez dela bertan geratuko, hemen doa beraz. Edozelan ere, HABEren gardentasunaz eta komunikazio politikaz segitzen dut gauza asko ulertu gabe. HABE -erakunde publikoa den partez eta hiritar honen uste apalean- zertan ari den, zer proiektu eta asmo dauzkan eta haien zergatiek, helburuek, epeek eta abarrek publikoak eta eskuragarriak izan beharko lukete uneoro, areago kudeatzen duen sektoreko partaideentzat, inori "primiziak" eman edo lagunarteko kontu bezala tratatu barik. Hain zuzen ere, han eman ziren azalpen batzuk entzunda (HABEko kideen partaidetzaz, materialen banaketa...) "excusatio non petita..."  bat etorri zitzaidan asoziazio mental gisara.

Tira ba, honaino ailegatu naiz. Beste norbaitek beste zerbait badauka botatzea dauka hemen edo nahi duen lekuan. Eta aupada handi-handia antolakuntzan ibili ziren guztiei, Txapo, lagunok!

Argazkia: MoodleMoot Euskadi 09. Egilea. binnary. Lizentzia.

18
Api
2008

MoodleMoot Euskadi´08rako gonbitea

Ainhoa Ezeiza. iKide taldea | 2008, Apirila 18 - 02:29

Kaixo denoi:

Mezu honen bitartez jakinarazi nahi dizuet aurtengo MoodleMoot Euskadi, moodle erabiltzaileen jardunaldiak, maiatzaren 23an izango direla, Arrasaten.

Iaz bezala, aurten ere Euskadin egiten ari diren ikaskuntza-irakaskuntza esperientziak aurkeztuko dira eta euskaltegiek euren lekua izan dezaten nahi genuke.

Aurkeztu nahi diren esperientzien, proposamenen edo kritiken laburpenak aurkezteko epea maiatzaren 2an amaituko da. Nahikoa da gutxi gorabehera laburki azaltzea zeri buruz hitz egin nahi duzuen.

Badakigu euskaltegietan ez dagoela ohitura handirik egindako lana publikoki aurkezteko; halere, benetan interesgarria iruditzen zaigu zuen ekarpena.Horregatik, inork laguntzarik behar badu edo kezka jakinik badu nirekin jar daiteke zuzenean harremaneta eta ahal dudan neurrian lagunduko diot (ainhoa.ezeiza[@]ehu.es).

Gainerakoan, hauxe duzue ekitaldiaren webgunea: http://www.mondragon.edu/mooteuskadi08/

Parte hartzera animatu nahi zaituztegu, hizlari zein entzule gisa.

Agur bero bat

Sindikatu edukia