03
Urt
2010

Mundu berri bat?

Lehengo asteko Argian Petra Elserri egin zion elkarrizketa Uxue Alberdik. Petra alemaniarra jaiotzez, aspaldian Euskal Herriratu eta euskaldundu zaigu. Haren bizitza interesgarriaren pasarteen artean euskarekin izan zuen erlazioaz hitz hauek:

...nik euskararekin ez dut hemengo jende askok daukan harreman traumatikoa. Alderantziz, hitz bakoitzak, esaldi bakoitzak mundu bat eman zidan, eta eman zidan gaitasuna gauza gehiago esateko, jendearekin gauza gehiagori buruz hitz egiteko, testuak ulertzeko... Hasieran ez nuen ezer ere ulertzen, gero bat batean hasi nintzen entenditzen... eta erabat ezezaguna zitzaidan zerbait hasi zen irekitzen, lehen niretzat existitzen ez zen mundu bat.

Mundu berri bat zabaltzen da hizkuntza bat ikastearekin, ez da ideia berria, argudio ezaguna eta erabilia azkenotan, baita ikasten animatzeko edo matrikulatzeko kanpainetan ere. Euskarak lana topatzeko titulua baino zerbait gehiago eman dezake.

Duela hilabete batzuk Euskonews & Median Iñaki Martínez de Luna soziolinguistari egin zioten beste elkarrizketa bat. Honako gogoeta utzi zigun han:

...ideologia eta atxikimendu identitarioen gainetik euskarak beste hizkuntzekin lehiatu beharra dauka hizkuntzen merkatuan, euskaldun eleanizdunak erakartzeko. Erantzun beharreko galdera hauxe da: Zer eskaintzen die euskarak euskaldunei, beste hizkuntzetan aurkitzea ezinezkoa zaiena?

(Ba al duzu erantzunik?)

Bertsolaritza eta nortasun-marka bat, adibidez. Eta ez dira gutxi! Baina bere buruan horietan ikusten ez duen euskaldunak (eta euskaldun askok erdaraz lasai egiten dute gehienetan, euskal sentimendua izanik ere) bestelako eskaintza bat beharko du euskararantz erakarria izateko. Ahaleginak eginda ere, ez dut hiritar xumeari erakargarri gerta litzaiokeen beste ezer aurkitzen, kontsumora emanda dagoen gure gizarte honetako parametroetan, behintzat.

Mundu berria agintzen dugu batetik, baina honantz arrimatzea nahi dugun horri Petrak bezain argi jakingo genioke mundu honetan -edo munduaren alde honetan- zer aurkitu duen azaltzen-saltzen?

Petrak aurkitu duenak edonorentzat balio dezake? Azaltzeko modukoa da? Ala Iñaki bezala, erantzuna topatu ezinik geratuko gara? Baieztapen sendo bezain anbiguo batean nonbait.

Akaso galdera horren subjektuan norbera jartzea izan daiteke abiapuntu. Zer eman dit niri?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia