11
Eka
2008

NNN zapaltzailea

Lehengo egunean Jon Urruxulegik euskaltegi mota berria antolatzeko proposamena egin zuen Berrian, Euskal Estatua izeneko artikuluan hain zuzen ere. Joxe Manuel Odriozolak izenburu berarekin plazaratu zuen gutunean jorratu zuen haritik tiratzen du Urruxulegik: euskal estatua eraikitzeko orduan euskarari zer balio-pisu ematen dioten alderdiek eta politikariek, euskal subjektu nuklearra...

Jonek hain zuzen ere, euskal subjektu nuklear hori eraikitzen laguntzeko modu bat proposatzen du: hutsik dauden herriak "euskaltegi" bihurtzea, euskaraz funtzionatu eta biziko liratekeen entitate lokal berriak, barnetegi modura ere funtzionatu dezaketenak...

Inoiz entzun dut halako proposamenik, hustutako herriak euskaldunekin berpopulatzea eta hala. Proposamena bitxia behintzat bada, baina ez naiz hasiko hura aztertzen. Jonek balizko euskaltegi hori deskribatzeko pasarte honetan azpimarratutakoak eman dit atentzioa:

Subentzio beharrik gabeko euskaltegi librea, idealismoaren habia, Nor-Nori-Nork sistema zigortzailerik gabeko eskola liberatzailea, euskaraz bizi leloaren praktika sozio-linguistiko plastikoa, kibutz euskaldun ez estatala, naturaren kodigoaren erresuma, euskal herria litzatekeen euskaltegia litzateke horrelako bat. Zergatik ez martxan jarri?

NNN, alde batetik euskalduntze-alfabetatzearen ikur bihurtuta (bai, Gozategiren kantua), bestetik sistema zapaltzaile baten ikurra, askatasunaren ukatzaile omen. Eta ez dakit ba, muturretik muturrerako bidaian ez ote gabiltzan..

Gogoratu dut duela hilabete batzuk Gontzal Fontanedaren Euskal Euskara liburuaz ari ginela, Gontzalen aipu hau:

Gero azaldu zen nor-nori-nork, Elvira Zipitriaren bidez. Estibalizko priorea bere ikaslea zen, nire adiskidea eta liburuxka bat idatzi zuen: Nor-nori-nork el secreto del verbo vasco.

NNN, euskal aditzaren paradigmak sailkatzeko terminologia hori, ez zuen zapaltzaile batek sortu antza, ikastola eta gau-eskoletan ziharduten irakasleek baino, frankismoaren sasoi gogorrean. Seguruenik gainera, asmo bakarra zuten orduan euskara ikasten eta alfabetatzen saiatzen ziren animosoei hizkuntzaren forma ulertu eta buruan eskemak egiteko lagungarri bat eskaintzea. Euskara ikasi eta, ondorioz, erabiltzeko tresna bat.

Ausartegia izatea da akaso, baina ikas-estrategia ez genioke deituko gaur egun? Hizkuntzaren forma interpretatzen laguntzen digun tresna, terminologia, sailkapena, deskripzioa... Ikasteko tresna edonola ere.

Neuri behintzat lagungarri suertatu zitzaidan ikasten nenbilenean, grafikoa eta argia. Euskararen aditzaren paradigma egun batzuetan lortu nuen hala ulertzea eta memoriaz ikastea. Gero hizkuntzaren formari esanahia eman behar izan diodanean, erabili alegia, eskema bat eduki dut eraikita, gauzak biziki erraztu dizkidana.

Errorea izan daiteke ikas-prozesua hizkuntzaren forman zentratzea. Horretaz uste dut aspaldi gaudela gehien-gehienok jabetuta. Hizkuntza ikasteko hizkuntza erabili egin behar da, esangura eman, elkarreragina eta hori guztia. Baina ikasteko modu "naturalenean" ere ikasten duenak hizkuntza hartu behar du hausnarketagai eta mintzagai. Irakur-entzuten duenari erreparatu, ondorioak atera, formaz pentsatu, galdetu ("Nola esaten da?"), hizkuntza "eraiki". Eta eraikuntza lan horretan laguntzeko tresnak badaude, sistematikoki baztertzea behintzat ez zait egokia iruditzen.

Aspaldian entzun nion baten bati euskara ez dela ikasten "por via axilar", liburua besapean batetik bestera eroaten dutenengatik. Ez ba! Baina basoko polena ere ez dakit transmisio bide eraginkorrena ote den.

Eta zapaldu aditzaren esanahia ez dago aditz laguntzailearen forman, subjektua eta objektuaren arteko erlazioan baino, seguraski.

Mnemoteknia eta abar

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 13 - 12:58-(e)an bidalia.

Ez dakit, Benito, "hitzez hitz"egi ez ote duzun interpretatu Urruxulegiren artikulua. Ez dakit zenbateraino deitu nahi zion "zapaltzaile" euskal gramatikari, aditzari edo dena delakoari.

Edozein kasutan, eta zuk irekitako gogoeta-bidetik jarraituz, uste dut gaur eguneko irakasle gehienon kasuan ohikoa dela aditz sistemak (aditz sistemak aipatzen ditut bereziki berauek sortzen baitituzte buruhausterik handienak) ikasteko (memorizatzeko) hainbat trikimailu eta teknika (adibidez, baldintza nondik eratortzen den, zer nolako transformazioak egin behar diren; edo ahaleran, zein den ezaugarri-marka, subjuntiboarekin duen parekotasuna e.a.) Memoriari lagungarri zaion edozer ondo etorria da.

Ez dakit hortik zoazen...

Mekanismoak interpretatzea

Benito-(e)k 2008, Ekaina 13 - 14:00-(e)an bidalia.

Urruxulegiren hitzen interpretazioa baino gehiago, inguruan somatu dudan joera bat etorri zait akordura. Egia da urteetan "gramatikan" gehiegi fokalizatu dela hizkuntzaren irakaskuntza, askotan xedea ezagutza metalinguistikoa bera dela iruditu arteraino. Baina horren kontrako erreakzioa, ikaskuntza "natural" edo "komunikatibo" baten aldarrikapena, askotan aurrekoa ukatzera mugatu dela begitantzen zait batzuetan, haren ekarpenak ahaztuta eta "hitz egin" eta "erabili" planteamendu sinplista baten erorita sarri.

Bestalde, gogoratu nahi izan dut, beste barik, NNN eta halakoak euskararen irakaskuntzaren ingurumarian sortutako gauzak direla, kalte egiteko inolako asmorik gabe, behar bati erantzunez, eta, akatsak akats, baliagarriak izan zaizkiola jende askori (ni neu barne). Egia da, era berean, beste askorentzat oztopo eta etsipena izan direla.

Azken batean ikasteko tresnak izan dira deskribapen metalinguistiko horiek guztiak, batzuen ikas-estiloarekin bat etorri direnak eta lan bat egin dutenak. Akats nagusia akaso izan da pentsatzea guztientzako balio dutela eta horren gainean sistema bat ezarri behar dela. Hainbesteko akatsa izango litzatekeen bezala pentsatzea praktika eta erabilera soilarekin edonork ikasiko duela euskara ondo eta bizkor, gogoeta metalinguistiko barik. Askok bai agian, baina den-denek ez.

Azken batean hizkuntza ikasteko bide asko jorratu direla, eta guztiek euren ekarpena egin dutela, "fuera lehengoa!" bezalako jarrerak barik, ez litzateke zentzuzkoagoa izango, "zer falta zaigu?" galdetzea? Hau da, zerbait berri datorren bakoitzean iraultza egin beharrean oreka aurkitzen eta hobetzen saiatzea. Zeren, azken batean, zigortzailea markatutako bidetik joan ezin dena zigortzen duena da, eta bidea estua bada (era batera nahiz bestera) erraza da irtetetea.

NNN eta enparauak, horrela, ikastean ezinbestekoa den gogoeta metalinguistikoan laguntzeko tresnak izan dira, mnemoteknikoak edo tarteko hizkuntza eraikitzeko "planoak" nahi baduzu. Gure eta ikaslearen eskura daudenak eta une batean erabilgarri izan daitezkeenak. Ez dira ikaskuntzaren azkenengo xedea ez, ikaskuntzaren autobide zabalean pasabide batzuk igarotzen lagundu dezaketen seinaleak baino, ahal bada bidesariaren ordainlekutik kanpo.

Bua! A ze txapa! Eta azkenean ez dakit zure zalantza argitu dudan. 

Berdetik horira

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 14 - 17:28-(e)an bidalia.

Bai, txapa-txoa atera zaizu, baina txapa interesgarria. Eta bertan diozunarekin erabat ados nago.
Gogoratzen duzu garai hura non "AEKn hitz egiten ikasten zen" eta "HABEn gramatika"? Garai horiek joan ziren. Gurean ("HABE" deitu horretan, baina benetan Udal Euskaltegietan) garai bat ailegatu zen zeinetan ia beste muturrera pasatu baikinen: ia debekatuta zegoen gramatika azaltzea, gaizki ikusita zegoen. Behin lankide batek ia barkamena eskatu zigun Klaustroan azalpen gramatikal bat egiteko tentazioan erori zelako. Dena ondorioztatu behar zuten ikasleek...
Garai hura ere joan zitzaigun eta orain, zuk aipatzen duzunaren haritik, ia metodo eta material guztietatik atera daiteke probetxu. KOntua erabiltzen jakitea da: zer, zertarako, nola, noiz eta norentzat...

Bukatzeko, ia hasierara itzuliko naiz:

"Aditz koadroa ikasle guztiek eskuratu nahi zuten altxorra zen Irakasle batek aditza lantzek jostailu polit bat asmatu zuen eta Mañueta karrikan txurroak nola, horrelaxe saldu genituen jostailu haiek. Ikasle eta irakasle guztien obsesioa izan zela uste dut. Nor, nori eta nork beti inguruan, euliak behiarenean bezalaxe... Azkenean nor, nori eta nork balkoitik bota behar izan genituen. Laugarren pisuan egonik, irtenbidea ez zen txarra. Denak lasaitu ginen pixka bat."
Hitzak euskaltzain onartu berria dugun Sagrario Alemanenak ditugu, bere sarrera hitzaldian botatakoak. Hitzaldian zehar HEAn gure aurretik desfilatu duten metodo eta liburuen aipua egiten da (behintzat ile urdinak orrazten hasiak garenon aurretik desfilatu dutenak) Irakurri eta gozatu!

Irakurtzeko esteka

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Ekaina 16 - 12:56-(e)an bidalia.

Aurreko mezuan ahaztu egin zait esteka jartzea Sagrarioren hitzaldi osoa irakurtzeko.

Hementxe duzue.

Eskerrik asko

Benito-(e)k 2008, Ekaina 16 - 16:21-(e)an bidalia.

Eskerrik asko, Aitor. Irakurrita eduki dut, eta gauza bat dela bestea dela, orain erte ez dut Sagrarioren hitzaldiaren aipamenik egin. Bego hor aipamena beraz. Ea datozen egunotan zer jorratua ematen digun.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia