15
Ira
2010

Txisteak

Biderik bide

Albiste deigarri bi jaso ditut gaur Atoan-en, euskara ikasteko ez ohiko bide bi edo. Getxon antolatu duten antzezlan ludiko-didaktikoa bata, euskara 20 minutuan ikasteko parada eman nahi duena. Donostiako autobusetako monitoreetan jarriko dituzten euskara ikasteko ariketak bestea.

Irribarrea ateratzen dute albisteok lehenengo kolpe batean: euskara 20 minutuan ikasi eta euskara autobusean ikasi, txiste-ukitua eduki dezakete, bai. Serioak dira baina, ez euskara ikasteko metodo definitiboa direlako, ez, ezta hori asmoa seguruenik. Motibazioarekin edo marketing-arekin lotura gehiago izan dezakete akaso, baina seguru nago neurri handian edo txikian (seguruago baina ez meritu gutxiagorekin) euskara ikasten lagunduko dutela biek ala biek, edo biek batera: baten batek Getxoko emanaldia ikusi eta Donostiako autobus batean ariketa egin dezake, probabilitatea egon badago eta.

Ikastea bizitzaren testuinguru eta sasoi guztietan geratzen dela gero eta gehiago aldarrikatzen da sasoi honetan, eta ez "modernoenek" soilik, pertsona hizkuntza erabiltzeko ez ezik, bere kasa ikasteko ere prestatu behar omen dugu azkenotan bedeinkapen guztiak jasotako predikuen arabera. Badakizue: ikasten ikastea, ikas-estrategiak, ikaslearen autonomia, long life learning... eta abarrak.

Ondo, berrikuntzaren dominak nornahik gaur egun, ez da txarra. Baina aldi berean, aldi honetan alegia, ikastearen ikuspegi global hori ukatzen duten esan-eginak, eta ez nornahiren aho-eskuetatik:

Internetetik ikastea utopia bat dela, ikasteko era (serio?) bakarra aurrez aurreko klasea dela, horretaz haragoko jarduerak ez direla ganorazkoak, eta hori guztia, ondorioz, ez dela euskalduntzea kudeatu behar duen erakunde (publiko) baten ardura edo.

Baliteke norberaren belarriak eta entzumen-estrategiak apur bat laburrak izatea, edo miopeak akaso. Baliteke diru-murrizketak egin behar diren sasoian artazia zeri sartu topatu behar izatea, eta hura arrazoitzeko arrazoiak ere bai. Baliteke off the record botatzen direnak prozesatzeko abilidadeak garatuak ez izatea, on the record gutxi entzun arren. Baliteke zenbakien arbolen adarrek eta orbelek oihana zeharkatzeko bidea lausotzea. Litezkeenak asko dira, izan.

Segituko dugu orduan 20 minutuan euskara ikasi daitekeela uste dutenei edo autobusetan ariketak ipintzen dituztenei barre egiten, txisteek ez baitute jende serioaren arretaren minutu bat ere merezi, eta 60 minuturen kostua badakigu zein den.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia