diktaketa

25
Mai
2008

Hitzaditza 2008: zuzen idaztea da giltza... eta aitzakia

Euskal Herri penintsularraren alde batean azkenotan euskaraz idaztearekin azterketak, probak, tituluak, aztoramenak, izuak, tentsioak eta malatxeak ditugula mintzagai eta kezkagai, kontinente partean idaztea jolas eta topagunea izateko aitzakia bihurtu nahi dute berriro. Larunbat honetan hain zuzen ere, Hitzaditza 2008, Baionan, AEK-k eta EKEk antolaturik.

Euskal kultur erakundeak eta AEK-k Hitzaditza, euskarazko diktaketaren hirugarren edizioa proposatzen dute maiatzaren 31n, 9:30etan, larunbatez, Baionan, AEK-ren egoitza berrian. Hiru maila proposatuak dira aurten. Izena eman oraindanik !

2007an, 70 bat pertsonek ariketan parte hartu zuten, bi maila ezberdinetan : lehena, eta lehen aldikotz, 12 urtetarik 15 urte arteko gaztetxoena, bestea aldiz helduena.

Aurten, testu bat proposatuko zaie 13 urtetarik 16 urte arteko gaztetxoei. Helduak aldiz bi taldetan banatuko dira : euskara ikasten ari direnak eta euskaldunak. Euskaltzaindiak testu guziak balioztatuko ditu. Hizkuntza mailaren araberako ariketak izanen dira. Aitzineko urteetan bezala, testuen idazleak diktaketa egunean ezagutuko dira.
Ariketa hau aitzaki bat besterik ez da euskarazko momentu goxo baten iragaiteko : topaketak iparraldeko idazleekin, euskarazko liburuen eskaintza, kultura animazioa eta euskal kulturarekin zer ikusteko duten sarien banaketa.

Izenak eman daitezke Euskal kultur erakundearen webgunean (www.hitzaditza.eke.org) edo deituz (EKE : 05.59.93.25.25. / AEK : 05.59.49.11.81.)

Hitzaditzaren orrian izena emateko modua ez ezik, entrenatzeko online ariketa batzuk ere jarri dizkigute. Lau idazleren testuekin cloze testa, sinonimoak eta diktaketa pare bat.

Zuzen idaztea, hain kezkagarria omen den kezka hori, eta hartarako behar omen diren ariketa latzak leuntzeko alternatiba interesgarria dator Atturriren bazterretik, ezta? Eta gainera euskaldunok juntateko aitzakia.

Zibergarai honetan boligrafoari zelan heldu behar zaion ahazten hasita gaude asko, bestela...

Argazkiak: Hitzaditza 2007 

Sindikatu edukia