komikia

22
Urt
2008

Komikia


corto Komikiekin akordatu naiz egunotan (
ez naiz bakarra izan gainera).

Oporretan Corto Malteseren album pare bat eman zizkidaten irakurtzeko. Aspaldian neukan gogoa Cortorenak patxadaz irakurtzeko. Komikiok jatorrizko bertsioan zeuden baina, italieraz hain zuzen. Italiera apur bat badakit, baina irakurtzeak halako errespetua ematen du hasiera batean.

Hala ere animatu, eta, tira! Uste baino gusturago, eta ez italiera derrepentean ondo ikasi dudalako, marrazkiak eta bokadiletako testu laburrek ez daukate zer ikusirik liburuetako letren desfilearekin, eta errezago gozatzen da irakurketa. Ahozko jardueratik hurbilago dago gainera: elkarrizketa, berriketa...

Ondorioa, komikia istorioak eta narrazioak irakurtzen trebatzeko tresna aproposa da, duda barik. Areago tebeoekin hazitakoon belaunaldiarentzat.

Euskara ikasteko beraz, aprobetxatzeko moduko baliabidea izango da. Eta euskaraz zer daukagu bada? Jeneroa egon badago, eta sarean berehala topa daitekeen bat azpimarratu behar da lehenengo: HABEko Mik, HABEk duela urte batzuk argitaratu zituen komikiak. Ikasbil atarian jarri dituzte, eta orrialdez orrialde berton irakurri daitezke, 20 ale guztira. Hasteko leku ona. Zerbait gehiago ere bada sarean. Egunkari eta aldizkarietako tirak. Sarean egunero aurkitu daitezkeen artean aipagarriena Berriarena: Zaldi Eroaren "De rerum natura" eta harekin Montxo eta Olariagarenak ere bai.

Sarean bestela ez dut askoz gehiago aurkitu oraindik, baina euskaraz uste baino komiki gehiago argitaratzen dira. Gomendio bakarra emango dizuet: bisitatu Igor Leturia komikizalearen E-gor blog, han komikiari buruzko informazioa eta iruzkinak ugari topatuko dituzue.

Eta, ez dago esan beharrik, zuek ere beste zerbait ezagutzen baduzue bota hemen beldur barik.

Sortu zeure komikia

Ez, ez zaituztet ipini nahi komikigile lanetan. Komikiari zortzigarren artea ere deitu izan zaio, eta ez dago edonoren esku album, orri edo tira onak egitea (Anton Ego gogoan). Komikia tresna didaktiko modura erabiltzea da kontua, testu idatziari bizitasuna eta erakargarritasuna emateko baino ez bada ere. Adibidez:

  • Elkarrizketa idatziak testu hutsean barik elementu grafikoekin hornitzeko.
  • Entzungai bat ilustratzeko (eta hutsuneak betetzeko esate baterako)
  • Emozioen eta jarreren berri emateko.
  • Zer eginak eta testuak alaiago aurkezteko beste barik.

"Baina ni ez naiz marrazkilaria!" Bai, gehienok ez gara marrazkilari onak, baina teknologiak honetan ere pentsatzen dugun baino gehiago lagunduko digu. Web2.0 honekin sarean baditugu marrazkilari trebeak izan barik geure klaserako komiki domestikoak sortzeko aukerak. Zerbitzu eta tresna hauek aurkitu ditut adibidez:

Hemen marrazki hutsekin dabiltzan batzuk:

  • Toonlet. Web-comic-a egitea proposatzen digu gune honek (kontzeptu interesgarria). Pertsonaiak sortzeko tresnak dauzkazu han, ematen dikzkizuten elementuekin pertsonaia osatu eta haiekin berehala egin dezakezu tira, eta esan bezala tirak blog baten antzera publikatu. Behin komikia sortuta, irudia gorde eta inprimatu edo sarean publikatu. Muga batzuk ditu, pertsonaia bakarra baino ez da sartzen bineta bakoitzean adibidez. Adibide bat.


1736-Dizkioketekete-sfull

  • Make Beliefs Comix. Hezkuntzan erabiltzeko komikiak sortzeko tresna. Toonlet-en antzera dabil, ematen dizkizun elementuekin biñeta sortzen duzu. Inprimatu egin daiteke, baina ez du irudi modura gordetzeko edo sarean konpartitzeko aukerarik ematen. Proba bat hemen.


komikia

Beste hauek norberaren irudi edo argazkiekin dabiltza:

  • Story Top Story Creator. Pertsonen, fondoen eta objektuen irudi batzuk ematen dizkizu eta haiekin sortu ahal duzu zeure komikia. Beste proba bat.
  • Quick toons: Irudiak eta marrazkiak igo eta tirak osatzen dituzu haiekin.
  • Comiqs. Beronek ere aukera ematen du norberaren argazki eta irudiekin istorioak sortzeko.
  • Bubblr: Flickr-en dauzkazun argazkiekin komikiak eta istorioak osatu ditzakezu. Emaitza inprimatu edo flash formatoan enbotatzeko kodea ematen dizu. Honelako zerbait

Gogoratu argazkiekin eginez gero, pertsonen istorioak edo umorezko kontuak ez ezik, aukera gehiago daudela. Adibidez, errezeta bateko pausoak grafikoki kontatzea.

Amaitzeko komikiei animazioa ematen dien bat:

  • Dfilm. Zerbitzu honetan emandako pertsonaia eta fondoekin egin ahal duzu komikia, eta gainera musika eta animazioa gehitzen dizkio. Flash pelikulatxoa ematen dizu, eta enbotazeko kodea ere bai. Hemen proba.

Gauza gehiago ere egongo dira. Seguru! Ordenagailurako aplikazioak, zerbitzu gehiago... ideia gehiago. Badakizue, hemen bota ditzakezue.

Sindikatu edukia