web2.0

14
Eka
2009

Layers.com: web orriak osatu eta eraldatu

Egunero sortzen dira hainbat web aplikazio, Interneten mila gauza desberdin egin eta konpartitzeko. Wwwhat's New bloga sarritan aipatu dugu hemen edo Atoan-en, izan ere horrelako aplikazioen berri izateko iturri onenetako bat da, Diego Polo egileak han eta hemen bildu eta ederto komentatuta ekartzen dizkigu egunero.

Gaurko labekadan hain zuzen ere sinplea dirudien aplikazioa erakutsi digu: Layers.com. Sinplea ideia, funtsean webgune batean oharrak, argazkiak eta bideoak erantsi eta web orri horren zeure bertsio osatua egin eta publikatu ahal duzu. Web semantikoaz eta web bertikalaz mintzo dira Layers.com-eko egileak. Hala izango da, baina, lehenengo kolpe batean, aukera sorta handia zabaldu dutela begitandu zait.

Zer egiten da Layer.com horretan bada?

  • Horrelako aplikazioetan ohikoa dena: joan, erregistratu, eta kontu bat zabaldu.
  • Bookmarklet-en bidez funtzionatzen du. Beraz, ematen dizuten esteka zure nabilgatzailearen barran kokatu behar duzu. Badakizue zertaz ari naizen? Galdetu bestela.
  • Nahi duzun orrira nabigatu, behin han zaudela, orri horren gainean layer ("layer" euskaraz "geruza" itzul dezakegu) bat egin nahi baduzu, klikatu nabigatziaileran botoian eta segidan (beno, apur bat itxaron behar da), menu bat zabalduko zaizu.
  • Aukeratu testuaren pasarteak eta gehitu oharrak. Oharretan bideoak eta argazkiak ere txertatu ditzakezu.
  • Kokatu ondo oharrak, gorde zure "geruza" eta publikatu.

Askok nahiago izango duzue ikustea azaltzea baino. Proba bat egin dut Argia.com-en Pello Zubiriak publikatu duen artikulu honekin, Transito Amaguaña indigena ekuatoriarrarren heriotzaren harira idatzia. Saiatu naiz artikulua irakurtzeko laguntza eta gida ematea balizko ikasle bati. Proba baino ez da, beraz ez zaitezte hasi aizkora didaktikoak zorrozten. Hemen daukazue: http://layers.com/bontxi/305.

Hobetzeko batzuk dauzka layer.com horrek duda barik: oharrak bilduta edo zabalik erakusteko aukera, testuaren erreferentzia argiago erakustea, disenua eta kolorea, oharretan iruzkinak gehitzeko aukerak... Baina ez diezaiegun meritua kendu hasi berriei, ez dute merezi eta. Sinpletasunetik imaginatu eta espero ezin daitezkeen ideien esparru ikaragarria zabal dezakeen beste aplikazio bat da eta. Adibidez:

  • Hiztegi lagungarria eskaintzeko erabili (Aizu! edo HABE aldizkariek egiten duten bezala, baina alboan edo azpian jarri beharrean testuaren gainean bertan).
  • Pasarte edo testu zatiei buruzko iruzkinak, galderak edo zer eginak plazaratu
  • Loturak gehitu informazio osagarrira, baliabideetara, ariketetara...
  • Testu idatzien edo weborri osoen zuzenketa edo ebaluazio oharrak txertatu.
  • Itzulpenak, parafrasiak, zer eginak txertatu.
  • Zirriborroak komentatu eta eztabaidatu.
  • Kolaboratiboa da, hau da, askoren artean editatu daiteke layer bat (hala iruditu zait behintzat), beraz, web orri baten gainean zer egin desberdinak banatu daitezke pertsona desberdinen artean.
  • Atazak, zer eginak edo ariketak aurkeztu eta eskatzeko.
  • Webgune batean zer dagoen azaltzeko, tutorial modura edo.
  • ... eta okurritzen zaizuen beste guztia.

Aukera didaktiko-pedagogiko eta sozial handiak zabaltzen dituen beste aplikazio bat beraz, orain kontua, beti bezala, aplikazio horiek aurkitzea eta erabiltzea da. Tresnak berez tresna baino ez baitira azken batean.

15
Mai
2008

Idatzizko dokumentuak zabaltzeko zerbitzuak

Aspaldian gabiltza hemen kaparrada ematen jakintza, ezagutza eta web2.0 bizimodu estiloarekin bat konpartitu eta partekatzaren komenientziaz. Ez da erraza kultura horren izpiritua harrapatzea, are gutxiago horretarako baliabide teknikoak ezagutu eta erabili barik.

Gurean hain zuzen ere, ikasmaterialak partekatzeaz egin dugu berba behin baino sarriago. "Ikasmaterial" hitzaren definizioaren buelta guztiekin ere, klase askotako produktuak aurkituko ditugu sarri: dokumentuak, entzungaiak, bideoak, idatzizkoak, interaktiboak, irakurtzekoak, entzutekoak, ikustekoak...

Klasikoenera joanda, irakasle batek produzitzen duena, orokorrean idatzitako testuak izango dira: klaserako ariketak, atazak, sekuentziak... Askotan koadernoan eskuz zirriborratuta baino ez ditugu izango, beste askotan buruan apuntatuta. Egia esanda, gehienetan ez da edizio eta maketazioan aparteko lanik egin beharko zerbait partekatzeko, idatzi besterik ez. Baina era berean, testu prozesadoreko dokumentuetan (Msword, OpenOffice...) eta halakoetan edukiko ditugu gordeta gure kumetxoak. Zelan partekatu horiek internet-en? Tira ba, aukerarik bada.

Sinpleena blog edo wiki batean idaztea izan daiteke, baina oraindinokarren askorentzat WYSIWYG guztien laguntzarekin ere HTML kodea ez da gure abilidade edo testuekin bat etorriko. Eta gure dokumentua bere horretan ezin dugu publikatu? Bai, lagunak. Hemen aukera batzuk:

Scribd

Dokumentuen Youtube deitu zitzaion hasiera batean. Zer egiten du? Erraza. Zeure ordenagailuan daukazun dokumentu bat hartu, eta interenten dagoen-dagoenean erakusten du. Irakurtzeko eta haren barruan nabigatzeko aukerekin. MSoffice eta  OpenOffice-ko dokumentuak igo eta formato desberdinetan aurkezten dizkizu: pdf, testu hutsa, eta entzuteko moduko testu modura ere aurkezten dizu, baita jatorrizkoa jaisteko aukera eman ere. Bestalde, dokumentuak PDF hutsean ere igo ahal dituzu. Etiketatu eta sailkatu egin ahal dituzu eta, gainera, taldeak sortu ahal dituzu beste batzuekin batera zerbaiten inguruko dokumentu bildumak osatzeko.

AEKn, proba modura, ataza batzuk jarri ditugu han. Hemen daukazue adibide bat. Horrez gain talde bat sortu dugu "Atazak eta ikasmaterialak" izenekoa, materialak partekatu nahi dituzten beste batzuekin bilduma handiagoa osatzeko. Ez dugu arrakasta handirik eduki, baina.

Read this doc on Scribd: Kirol arriskutsuak 1A

Scribd, estilo honetako zerbitzuen artean ezagunena eta erabiliena da duda barik. Baina ez da bakarra. Hona hemen beste batzuk:

Edocr

Scribd-en antzera, formato desberdinetako dokumentuak igo eta erakusteko moduan ipintzen ditu. Onerako nahiz txarrerako Scribd baino sinpleagoa da. Dokumentuak sailkatzeko aukera gutxiago, baina aldi berean fitxategiak bihurtzen arinago eta fidagarriago, besteak baino arazo gutxiago bihurtzean hain zuzen ere. Neure ustez oso gomendagarria blogetan dokumentuak enbotatzeko. Hemen daukazue lehengo ataza bera.

Aurrekoak baino ikusgarriagoak diren beste bi agertu dira azkenotan. Abantailak: ikusteko modua erakargarria da oso. Kontra: dokumentuak ikusteko denbora eta potentzia gehiago behar da, astunagoak dira nonbait.

Calameo

Zerbitzu hau espektakularra da benetan. Dokumentua osorik ikusi, orriak pasatu, berton bilatu, markak egin... Oso diseinu erakargarria, baina aldi beran oso astuna nabigatzailearentzat. Maketazioa landu baduzu aukera interesgarria izan daiteke diseinu ona erakusteko. Lehengo ataza Calameon.

Isuu

Antzerakoa, beronek dokumentua igotzeko eta enbotatzeko formatu desberdinak eskaintzen ditu. Eraskusteko modua ere ikusgarria da. Hau ere komenigarria dokumentuaren diseinua landua denerako. Ataza Isuu-n.

Ez dugu orain arte apenas aipatu, baina web2.0 zerbitzu gehienen modura, hauek ere "enbotatzeko" kodea eskaintzen dute. Hau da, zeure blog edo webgunean erakusteko aukera (Youtubeko bideoak bezala). Badira hain zuzen ere webgunean erakusteko aukera soilik eskaintzen duten zerbitzuak. Pare bat

Zoho viewer

Zoho online suite-aren parte da. Dokumetua igo eta erakusteko moduan bueltatzen dizu. Epe labur baterako soilik ikusgai uzteko aukera ematen du (egun 1, hilabetea...). Helbide bat ematen dizu eta enbotatzeko kodea, baita jaisteko aukera ere. Aukera ona blog edo webgune batean erakusteko, edo besterik gabe dokumentu astunak epostaz bidali beharrean link hutsa bidaltzeko, posta zerbitzariak kargatu barik. Hemen daukazue lehengo ataza Zoho viewer-en.

Pdfmenot

Hau oraindik sinpleagoa. Interneten dauden pdf dokumentuak erakusteko egina da gehien bat. Ez badaukazu ordenagailura jaisteko gogorik, helbidea sartu eta erakutsi egingo dizu. Gainera enbotatzeko kodea ere emango dizu. Lehengo ataza pdfmenot-en

Honaino lehenengo errepasoa. Hauek guztiok dokumentuak partekatzeko eta zabaltzeko aukera onak dira, ez dute editatzeko aukerarik ematen, horretarako badaude beste zerbitzu batzuk, baina gure "obrak" erakusteko eta lankideen edo ikasleen eskura ipintzeko baliagarriak duda barik. Ahaztu barik aipatu ditugun beste aukera batzuk: eposta mezuari erantsi barik dokumentuak bidali, zerbitzariak kargatu barik blog edo webguneetan erakutsi, papera erabili gabe publikazioak zabaldu... Zeuen esku hemendik aurrerakoa. 

22
Urt
2008

Komikia


corto Komikiekin akordatu naiz egunotan (
ez naiz bakarra izan gainera).

Oporretan Corto Malteseren album pare bat eman zizkidaten irakurtzeko. Aspaldian neukan gogoa Cortorenak patxadaz irakurtzeko. Komikiok jatorrizko bertsioan zeuden baina, italieraz hain zuzen. Italiera apur bat badakit, baina irakurtzeak halako errespetua ematen du hasiera batean.

Hala ere animatu, eta, tira! Uste baino gusturago, eta ez italiera derrepentean ondo ikasi dudalako, marrazkiak eta bokadiletako testu laburrek ez daukate zer ikusirik liburuetako letren desfilearekin, eta errezago gozatzen da irakurketa. Ahozko jardueratik hurbilago dago gainera: elkarrizketa, berriketa...

Ondorioa, komikia istorioak eta narrazioak irakurtzen trebatzeko tresna aproposa da, duda barik. Areago tebeoekin hazitakoon belaunaldiarentzat.

Euskara ikasteko beraz, aprobetxatzeko moduko baliabidea izango da. Eta euskaraz zer daukagu bada? Jeneroa egon badago, eta sarean berehala topa daitekeen bat azpimarratu behar da lehenengo: HABEko Mik, HABEk duela urte batzuk argitaratu zituen komikiak. Ikasbil atarian jarri dituzte, eta orrialdez orrialde berton irakurri daitezke, 20 ale guztira. Hasteko leku ona. Zerbait gehiago ere bada sarean. Egunkari eta aldizkarietako tirak. Sarean egunero aurkitu daitezkeen artean aipagarriena Berriarena: Zaldi Eroaren "De rerum natura" eta harekin Montxo eta Olariagarenak ere bai.

Sarean bestela ez dut askoz gehiago aurkitu oraindik, baina euskaraz uste baino komiki gehiago argitaratzen dira. Gomendio bakarra emango dizuet: bisitatu Igor Leturia komikizalearen E-gor blog, han komikiari buruzko informazioa eta iruzkinak ugari topatuko dituzue.

Eta, ez dago esan beharrik, zuek ere beste zerbait ezagutzen baduzue bota hemen beldur barik.

Sortu zeure komikia

Ez, ez zaituztet ipini nahi komikigile lanetan. Komikiari zortzigarren artea ere deitu izan zaio, eta ez dago edonoren esku album, orri edo tira onak egitea (Anton Ego gogoan). Komikia tresna didaktiko modura erabiltzea da kontua, testu idatziari bizitasuna eta erakargarritasuna emateko baino ez bada ere. Adibidez:

  • Elkarrizketa idatziak testu hutsean barik elementu grafikoekin hornitzeko.
  • Entzungai bat ilustratzeko (eta hutsuneak betetzeko esate baterako)
  • Emozioen eta jarreren berri emateko.
  • Zer eginak eta testuak alaiago aurkezteko beste barik.

"Baina ni ez naiz marrazkilaria!" Bai, gehienok ez gara marrazkilari onak, baina teknologiak honetan ere pentsatzen dugun baino gehiago lagunduko digu. Web2.0 honekin sarean baditugu marrazkilari trebeak izan barik geure klaserako komiki domestikoak sortzeko aukerak. Zerbitzu eta tresna hauek aurkitu ditut adibidez:

Hemen marrazki hutsekin dabiltzan batzuk:

  • Toonlet. Web-comic-a egitea proposatzen digu gune honek (kontzeptu interesgarria). Pertsonaiak sortzeko tresnak dauzkazu han, ematen dikzkizuten elementuekin pertsonaia osatu eta haiekin berehala egin dezakezu tira, eta esan bezala tirak blog baten antzera publikatu. Behin komikia sortuta, irudia gorde eta inprimatu edo sarean publikatu. Muga batzuk ditu, pertsonaia bakarra baino ez da sartzen bineta bakoitzean adibidez. Adibide bat.


1736-Dizkioketekete-sfull

  • Make Beliefs Comix. Hezkuntzan erabiltzeko komikiak sortzeko tresna. Toonlet-en antzera dabil, ematen dizkizun elementuekin biñeta sortzen duzu. Inprimatu egin daiteke, baina ez du irudi modura gordetzeko edo sarean konpartitzeko aukerarik ematen. Proba bat hemen.


komikia

Beste hauek norberaren irudi edo argazkiekin dabiltza:

  • Story Top Story Creator. Pertsonen, fondoen eta objektuen irudi batzuk ematen dizkizu eta haiekin sortu ahal duzu zeure komikia. Beste proba bat.
  • Quick toons: Irudiak eta marrazkiak igo eta tirak osatzen dituzu haiekin.
  • Comiqs. Beronek ere aukera ematen du norberaren argazki eta irudiekin istorioak sortzeko.
  • Bubblr: Flickr-en dauzkazun argazkiekin komikiak eta istorioak osatu ditzakezu. Emaitza inprimatu edo flash formatoan enbotatzeko kodea ematen dizu. Honelako zerbait

Gogoratu argazkiekin eginez gero, pertsonen istorioak edo umorezko kontuak ez ezik, aukera gehiago daudela. Adibidez, errezeta bateko pausoak grafikoki kontatzea.

Amaitzeko komikiei animazioa ematen dien bat:

  • Dfilm. Zerbitzu honetan emandako pertsonaia eta fondoekin egin ahal duzu komikia, eta gainera musika eta animazioa gehitzen dizkio. Flash pelikulatxoa ematen dizu, eta enbotazeko kodea ere bai. Hemen proba.

Gauza gehiago ere egongo dira. Seguru! Ordenagailurako aplikazioak, zerbitzu gehiago... ideia gehiago. Badakizue, hemen bota ditzakezue.

09
Urr
2007

ESLvideo


Anibal de la Torreren
blogetik ESLvideo zerbitzuaren berri jaso dugu. Sarean blogetan, web orrietan eta halakoetan 2.0 tresnak erabiltzea gustatzen bazaizue, hau erabilgarri suertatuko zaizue seguruenik.

Sarean zerbitzu ezagunetan bideo interesgarriren bat ikusten baduzue zerbitzu erabilienetan (youtube, google video, daily motion... Euskaltuberekin probatu dut baina ez dut lortu ibiltzea), ESLk aukera ematen dizue bideoari galdetegiak, transkripzioa edo bestelako oharrak gehitzeko.

Eta esan bezala zeuen blog, orrian edo bestelako webgunean txertatzeko kodea ere ematen du.

Hemen daukazue proba bat:

Zerbitzua ingelesaren irakaskuntzari begira eginda dago nagusiki. Galdetegiak eta bideoak mailaka daude sailkatuta. Hala ere beste hizkuntzetako bideoak ere onartzen ditu (edo ez dituzte kentzen behintzat).

08
Api
2007

Hizkuntzak ikasteko sare sozialak

Lehengo egunean "Foro de idioma vasco" izenekoa aurkitu genuen sarean. Hizkuntzen ikaskuntzaren inguruko webguneak eta zerbitzuak aspaldian dira ezagunak sarean.Web2.0 honekin zerbitzu berriak hasi dira agertzen, gehienetan aukera ugari eskaintzen dituzte: hizkuntz-trukeak, praktikatzeko taldeak, irakasleen eta tutoreen direktorioak, txat-ak, baliabideen gidak,... ikasteko halako sare sozialak dira gehien bat.

Bildu.net-en eta Del.icio.us-en markatu ditut batzuk eta hemen behean ipini dut "linkroll-a", esteken zerrenda. Gehiago deskubritu ahala hemen agertuko dira. Eta gogoratu, zeuek ere markatu ahal dituzue: "saresozialak" eta "hizkuntza" etiketak erabili.

25
Ira
2006

Informatika tutorialak bideoan

Gorka Julio, Teketen, Elurnet enpresako partaideak bideo-tutorialak egiten ditu informatikan eta sarea manejatzen trebatzeko. Youtube zerbitzuan jartzen hasi da. Ez da berez baliabide didaktikoa, baina azkenotan internet eta halakoen inguruan sukarra piztu dela, interesgarria da lokalizatuta edukitzea.

  • Hemen bloglines tutoriala. Adibide gisa eta sindikazioan eta erreseseoan hasteko polita.
  • Hemen teketenen kontua youtuben. Tutorial berriak sartzen baditu, hemen agertuko dira.
  • Hemen erabiltzen duen tutoriala etiketa daukaten bideoak. Beste norbaitek halako tutorialak egiten animatzen bada eta etiketa hori erabiltzen badu hor agertuko dira.

Camtasia, bideo-tutorialak egiteko software-a

Ez dakit Teketen-ek zer software erabili duen tutorialok egiteko. Nik aspaldi deskubritu nuen Camtasia. Programa honek ordenagailuaren pantailan egiten ari garena grabatzen du bideoan eta aukera ematen digu ahozko eta idatzizko azalpenak txertatzeko. Ona ordenagailuan ibiltzen irakasteko.

Ez da zaila erabiltzen. Probatu nahi baduzue probako bertsioa ekarri dezakezue ordenagailura. Windows-erako da eta ez da debaldekoa, beraz gustatzen bazaizue erosi edo botikaren bat aplikatu beharko diozue. Besteren bat ezagutzen baduzue esan hemen.

Sindikatu edukia