bideoa

29
Mai
2009

Udaberri galdua

Ez da lehenengo aldia Josi Sierraren lana hona ekarri duguna. Komunikazioan ikasle nekaezina (bienke!), poliblogaria eta bideogilea gure Josi. Aspaldian eman zigun proiektu honen berri, eta lehengo maiatzaren 19an aurkeztu zuen Galdakaon, bere herrian.

Kamera eskuan, 36ko gerraren lekukoen bidez oroimen historikoa berreskuratzeko lana egin du egitasmo pertsonal honetan, ilusioz eta gogoz, ondo dakigu ezagutzen dugunok. Eta lanaren fruitua guztion eskura jarri du sarean gainera. Orduko bizipenak kontatzen dizkiguten pertsona arrunten ahozko testigantzak bideoan. Memoria historikoa berpizteko ez ezik, ahozko euskararen dokumentu ugari ere ekarri dizkigu, duda barik, euskararen ikas-irakaskuntzan interesgarri bezain baliagarri egin ditzakegunak.

Dokumentu eta informazio gehiena Udaberri galdua blogean publikatzen du Josik. Horrez gain, blip.tv zerbitzuan Udaberri galdua kanala zabaldu du bideoak kalitate onean publikatzeko. Gogoratu blip.tv-k bideoak jaisteko aukera ere ematen duela. Horrez gain, blogean elkarrizketatuko pertsonen zerrenda eta erabilitako galdetegia ere jarri dizkigu eskura.

Lan ona, eta gainera gustuz eta maitasunez eginda (ondo dakigu, jakin).  Aupa Josi eta ondo pasa igandean.

16
Api
2009

Ikusezazu.com: film eta bideoen bilduma

Euskarazko ikus-entzunezko ekoizpena sano ugaldu da duela 25 urtetik hona. Gogoan dauzkagu askok oraindino orduko urritasunak: materiala bera, eta banatzeko eta ikusteko teknologiarenak.

Hizkuntzaren ikas-irakaskuntzan ez dago dudarik multimedia produkzioa baliabide eta lagungarri estimatua dela eta zenbat eta gehiago, ugariago, eskuragarriago, eguneratuago eta biziago hobeto.

Ikusezazu.com horretan laguntzera dator hain zuzen ere. Euskarazko filme, dokumental, telesail eta edozertariko bideo-ekoizpenak batu, eta sarean ikusteko zein jaisteko eran ipini dizkigute. Ez daude denak noski, baina biltze-lana ez da gelditzen eta aurrera doaz. Gainera kolaboraziorako atea irekita daukate.

Hiru kategoria nagusitan paratu dizkigute bideoak: filmak, telesailak eta dokumentalak. Iturriak desberdinak dira: telebistatik grabatutakoak, DVDen "ripeoak"... Bideoak interneten dauden zerbitzu batzuen bidez ematen digute aukera ikusteko eta jaisteko: GoogleVideo eta gehien bat Megavideo.

Megavideo Megaupload zerbitzuaren adarra da. Azkenotan modan ipini dira deskarga zuzenetako zerbitzuak (Rapidshare, Mediafire...). Filmak, musika eta halakokak partekatzeko P2P sareei lekua kentzen ari dira azkenotan berauek. Edozelan ere fitxategi handiak partekatzeko, banatzeko eta zabaltzeko aukera onak izan daitezke.

Esan bezala, bideo bakoitza online ikusi ahal duzue, ordenagailura jaitsi (gehienak), edo zuen blog-webgunean enbotatu ere bai, hemen bezala:

Beraz, bideo euskarrian publikatutako zerbaiten bila bazabiltzate klaserako, ikasteko, praktikatzeko edo besterik gabe, gozatzeko, Ikusezazu.com-en bilatu badaezpada.

Espero dezagun honelako webguneek izaten dituzten arazo legal-legalistekin topo ez egiterik. Euskarazko edukien banaketa eta zabalkundea horrelako saltsen gainetik egotea komeni dela uste dugu askok.

23
Ots
2009

ETBren bideoak

Irakasle lanean aspaldi hasi ginenok ondo gogoratzen dugu orduan zer zaila izaten zen klaserako ikus-entzunezko dokumentuak (entzungaiak, bideoak...) aurkitzea, eta klaseratzea (ai! orduko kaseteak, eta VHSa bazegoen, txarto ere ez).

Gaur egun berriz, sano aldatu dira gauzak, eta teknologiari esker ikus-entzunezkoak non aurkitu egoten da, teknikoki (enteratu nahi ez dutenenentzat izan ezik, noski) ere askoz errazagoa da klaseratzea. Orain lehengo arazo bietako bat baino ez da geratzen sarri: dokumentu horiekin zer egin klasean? Galdera ona, eta ona izaten jarraituko du. Mezu honetan bideoen-iturri bat aipatu baino ez dugu egingo: ETBren bideoak.

Eitb.com ataria berriztu denetik ETB1 eta ETB3ko programazioaren zati handi bat daukagu interneten bidez noiznahi ikusteko moduan. Era berean bideoak mp4 formatuan jaitsi eta hainbat erreprodukzio-gailutan erabil ditzakegu.

www.eitb.com/bideoak helbidean agertzen dira kronologikoki, berrienetik zaharrenera. Esan bezala mota guztietako bideoak dauzkagu: albisteak, telesailak, saioak... Ez daude saio guztiak, ez albiste guztiak, baina egunero 20tik gora bideo-pasarte jartzen dira ikusgai eta guretzat erabilgai.

Hobetu beharreko batzuk ere baditu atari horrek: bilaketa sistema, bideoak sailkatzeko etiketak edo atalak, bideoen RSS jarioak edo videocast-a. Bihoaz horiek guztiak Eitb.com-ekoentzako iradokizun edo eskaera modura, umiltasunez noski.

Orain arte ezagutu dugun Ikasbilen bideo biltegiaren aldean abantaila asko ditu bestalde: bideoen kopurua eta barietatea, egunerokotasuna, web-ean zuzenean ikusteko aukera, bideoak beste webguneetan enbotatzeko aukera, kalitate handiagoa jaisteko formatuan. Ez dago bideoen erabilerarako proposamen didaktikorik, baina, egia esanda, Ikasbilen ere ez normalean. Falta da, hala ere, Ikasbilekoa bezalako antolaketa sistema: maila,gaiak, bilatzailea...

Ideia ona izan liteke ikusita Ikasbilen gehien bat ETBko bideoak sareratzen dituztela, bideoak hara eraman beharrean Eitb.com-etik zuzenean estekatu edo "enbotatu" (zer da enbotatzea? Hemen behean egin dudana, hango bideo bat hemen ipini), eta Ikasbilen gehien bat baliabide hauentzako proposamen didaktikoak eskaintzea, ikasle nahi irakasleentzat. HABEn horretaz ari dira akaso, edozelan ere hor doa beste iradokizun bat.

Horrez gain beste aukera bat daukagu, bideoak enbotatuta edo estekatuta, bideo horiekin egin ahal diren edo egiten ditugun jarduerak  batzeko, proposatzeko eta lantzeko gune kolaboratiboren bat. Hor dago ideia, ikusita jeneralean kolaboraziorako deiek zelako arrakasta izaten duten, iradokizuna bota baino ez dut egingo oraingoz (pesimista izateak abantaila hori dauka, espektatibek gutxitan egiten dute huts).

Amaitzeko, labur, interneteko bideo hauek ikusteko aukera tekniko batzuk (gehiago badituzue, bota)

  1. Ikasleari interneten bertan ikusteko aukera eman. Dela norberaren ordenagailuan, euskaltegiko ordenagailuetan, edo enbotatuta; adibidez blog, webgune edo Moodle ikastaro batean. Edo helbidea epostaz bidalita (baina mesedez, ez bidali bideo-fitxategi osoak epostaz, ez, faboreeeez :(((( ).
  2. Bideoa jaitsi eta erreproduzigailu mugikorretan ikusi: iPod, mp4 erreproduktoreak, sakelako telefono batzuk, PDA, ordenagailu eramangarriak... Horiek oraindik ez dituela inork ezagutzen? Egon horretan, bai. Galdetu zeuen ikasleei, beharbada bizitzan lehenengo aldiz ikusiko dituzue horrelakoen dozena bat batuta.
  3. Fitxategia jaitsi eta pendrive, flash txartel, disko gogor eramangarri edo DVD baten bidez ohiko erreproduzigalu batera eraman telebista pantaila batean ikusteko: DVDa, Disko gogor multimedia (gogoratu gailu hauetako askok aukera izaten dutela pendrive-ak eta SD txartelak irakurtzeko)

Bideoak interneteko nabigatzailean ikusteko flash plugina instalatuta baino ez duzu eduki behar. Ez badaukazue, instalatu, edo esaiozue zuen sistemen arduradunari instalatzeko eta ez etortzeko "eske gero jendeak Youtuben pasatzen du denbora guztia" bezalako pitokeriekin.

Bestalde, DVD edo DGMetan ikusteko mp4 formatuak ez du arazo handirik ematen normalean. Emango balu, bideoak Xvid edo Divx formatu batera pasatu beharko lirateke. Ez da zaila izaten, sarean apur bat bilatuta berehala aurkituko dituzue horretarako jarraibideak eta programak. Nik pare bat gomendatuk dizkizuet: Avidemux eta HandBrake (Windows eta Linux-erako, software librea biak. Sentitzen dut, baina Mac unibertsoa ez dut ondo ezagutzen. Ez esan honi, mesedez. Ikusten? Mac OS X-erako bertsioa ere badutela konturatu ere ez.).

Esteka interesgarri batzuk:

29
Ira
2008

Azpitituluak euskaraz

Azpitituluak EuskarazLuistxo Fernandezek duela astebete inguru aurkeztu zigun Sustatun bere azken ekimena: euskarazko azpitituluak batzeko gune kolaboratiboa.

Filmak, telesailak, dokumentalak, saioak... Ikusentzunezko edozein produktu ulertzen lagundu ahal digute azpitituluek eta egitea ez da bereziki saila, denbora, gogoa eta pazientzia izanez gero.Gunean zelan egin azaltzeko wiki modukoa zabaldu du hain zuzen ere.

Momentuz ez dago jenero askorik, hasi berria da, baina ekimena hor dago eta une honetan dagoena agian baliagarria izan daiteke euskara ikasten edo irakasten dabilen baten batentzat.

Ez da eztabaida berria filmak bikoiztea edo azpititulatzearena, eta ez gara horretan sartuko. Egia da azpititulatzeak euskaldunek ikus litzaketen filmen kopurua sano handituko litzatekeela. Dena dela gureari begira jarrita azpititulatzeak aukerak zabaltzen ditu:

  • Testu laburrak eta ikusten denarekin oso lotuak dira, beheko mailetatik praktikan ipini daitekeen irakurketa estiloa alegia.
  • Gerora, bikoizketetan edo euskarazko jatorrizko ikusentzunezko ekoizpenetan entzungo den hizkera identifikatu, ezagutu eta harekin ohitu eta lantzeko bidea: hiztegia, esamoldeak, diskurtso "zinematografikoa"...
  • Ez da ahaztu behar hizkuntza ikasten ari denarentzat biziki lagungarri suertatzen zaiola ulertzeko ahalegina egin behar duen ahozko testua ulertzen lagunduko dioten tresnak eta baliabideak. Entzuten duena entzun eta ikusi ahala irakurri ahal izatea da horietako bat. Bideo transkripzioak ematen dira sarri, gaur egueneko teknologiekin nahikoa eskuragarri izan daiteke transkripzio horiek azpitituluetara ekartzea. Nik neuk, apur bat menperatzen ditudan hizkuntzetan ulermena hobetzeko batzuetan DVDko jatorrizko bertsioa eta jatorrizko hizkuntzaren azpitituluak ipintzen ditut batera, ariketa ona izaten da, eta alboan hiztegiren bat (ordenagailuan adibidez) badaukazu hobeto.
18
Ira
2008

Euskal encodings

Aspaldian ezaguna, baina kasu handirik egin barik gaur Igor Leturiak eta Sustatuk gogorazi arte. Euskal Encodings erabiltzaile euskaldunen komunitatea da, P2P zerbitzuen bidez, Emule batez ere, euskarazko serieak, filmak eta edozelako bideo emanaldiak grabatu edo ripeatu (gazt, eng) ondoren sarean zabaltzeko.

Katalogoa ikusita denetarik daukagu, eta asko:

Uste dut Emuleren funtzionamenduak euskal internauten artean -baita euren burua analfabeto digitaltzat aurkezten duten askoren artean ere- ez lukeela azalpen gehiegirik behar. Seguru blogak, wikiak, sare sozialak, podcastak eta oro har internet-en inguruan hainbat arazo eta zalantza plazaratzen dituzten askok badakitela zein den pelikula, diskoa edo liburuak mandoari enkargatzeko prozedura, jakin eta egin (ala ez?).

Edozelan ere, zerbitzu eta programa hauen legalitatea, polemikak eta kontuak gora behera (Igorren mezua irakurtzea gomendatzen dizuet, kontzientzia arazorik balego-edo), P2P sistemak oso bide interesgarri eta eskuragarriak izan daitezke bideo luze eta kalitatezkoen banaketarako, eta ez soilik "pirateatutakoak". Izan ere, badira euren edukiak zabaltzeko P2P protokoloak aukeratu dituzten telebistak, aplikazioak edo bideo-zerbitzuak.

Gurera etorrita, adibidez, HABEk antolatzen dituen hitzaldien bideoak (total, liburutegitik debalde eskuratu ahal baduzu, zer dio sarean ipintzen badira?), edo euskaltegietan dauzkagun pelikula horiek guztiak (Aizu! DVDa kopiatu eta bidaliko didazu, faborez?) edo kilobiteen tonak pisatzen duten material horiek guztiak (eta zelan bidaliko dizut?) banatzeko aukera interesgarria da. Gainera, susmoa dut balizko erabiltzaile askok ez luketela honetarako prestakuntza gehiegi beharko, bakar-bakarrik etxerako egiten dena lanerako ere egin daitekeela konturatzea.

Igual opari bat egingo diet P2Pren bidez hemen dabiltzan laguntxu biri.

16
Api
2008

Ahotsak.com

Gaur aurkeztu da Euskal Herriko Ahotsak proiektua. Asier Sarasua hizkuntzalari eta blogariak lehengoan bidali zigun proiektuaren berri eta gonbidapena (eskerrik asko, Asier). Hemen duzue Sustatun agertu den albistea eta hemen behean ETBren bideoa.

Badihardugu euskara elkarteaeren proiektu honek EH guztiko adineko euskaldunen testuak batzea eta hedatzea du helburu. Grabazioak eta bideoak egiten dituzte, eta gero haiek katalogatu, transkribatu, sailkatu eta zabaldu.

Azken honetarako ahotsak.com webgunea sortu dute, berton ditugu materialok eskura jartzeko hain zuzen ere: testuak, entzungaiak eta bideoak. Herririk herri sailkatuta.

Horrezaz gainera, interesgarriena da hazten jarraituko duen bilduma honetan parte hartzerako ateak zabal-zabalik utzi dituztela: grabazioak bidaliz, eginez, hiztunak topatzen lagunduz edo transkripzioak eginez interesa daukan edonork lagundu ahal du (2.0 filosofia nonbait).

Ahozko hizkuntzaren erakusgarri ona daukagu beraz, eta gainera osatzen lagundu ahal dugu. Klaserako ideiarik ez dizue ematen ahotsak.com honek?

A, eta bideoak enbotatzeko aukera ere ematen du:

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Bediako hiztun honena ekarri dugu hona adibidez.

05
Mar
2008

Bertsoplaza.tv

Bertsozale elkarteak aurkeztu du aste honetan Bertsoplaza.tv. Aizu!-n eta Sustatun zabaldu da berria.

Berton sartuta, bertsolaritzaren inguruko atari multimedia eta parte-hartzailea aurkitu dugu. Bideo-edukiak dira nagusi: saioak, elkarrizketak, erreportajeak... Horrez gain iritzia emateko aukerak: iruzkinak, bozketak...

Bertsozale denarentzat ia ezinbestekoa. Eta euskara ikasle-irakaslearentzat dokumentu eta ideia iturri ona. Ezta?

Enbotatzeko kodea ere ematen digute. Hona hemen ale bat, Xa bi Payaren seguidilla.

(ez dut lortu hemen sartzea, arazo teknikoren bat).

20
Urt
2008

Ikastube

Duela hilabete luze sortu zen Ikastube ataria. Youtuberen erara irakaskuntzarako bideoak gorde eta partekatzeko gunea.

Irakaskuntzan munduan dabilen profesional talde batek antolatu du, eta asmoen artean ikusentzunekoak partekatu eta eurek dioten modura "Hezkuntza 2.0" mugimendua sustatzea dituzte. Erregistratzeko esteka dute hasiera orrian, baina momentuz izen-ematea mugatua dela dirudi.

Hilabete honetan bideo batzuk bidali dira dagoeneko. Gehiago dira etortzeko seguruenik. Hemen daukazue ale bat: IVAPeko prestakuntza online

Bide batez Bideoblogak atalean bi aipamen interesgarri. Alde batetik honez gero ezaguna dugun Ikasvlogak eta bestetik haren gaztelaniazko bertsioa: Eduvlog

Azken honetan ingelesaren irakaskuntzaren inguruko bideo eta iruzkin interesgarriak dituzte. Hau adibidez: Aprendiendo inglés a la japonesa

Sindikatu edukia