telebista

08
Ira
2011

Aprende ingles TV

TDT eta kable bidezko telebistarekin hainbat kanal ditugu derrepentean etxean, kanal tematiko deritzen horietakoak dira asko, eta, sarritan, ez diegu arreta handirik ematen, zapping atake horietako batean kateatu arte.

Aprende Inglés TV topatu dut gaur horrela, aspaldian dago dialean seguruenik (Euskaltelen kablea daukat nik etxean), eta funtsean ingelesa ikastearen inguruko kanala da. Vaughan Systems enpresa dago atzetik dirudienez, eta gaztelaniadun hiztunei bideratuta dago kanal hori.

Gauza bat iruditu zait deigarriena, aurkezleak irakasleak ei dira, eta benetako ikasleak agertzen dira saio askotan, dela erroreak zuzentzeko lehiaketa-saioan, dela komunikazioari buruzko saio-klase batean adibidez. Telebista-akademia moduko bat alegia.

Ez naiz hasiko euskara ikasteko horrelako kate bat egin behar dela aldarrikatzen (kalterako izango ez litzatekeen arren), euskara irakasleoi kate horrek eman diezazkigukeen ideiei buruz baino. Esaterako, erroreak zuzentzeko burua bertan enterratzeko ariketa sortak prestatu beharrean, lehiaketa-jolas modukoak prestatzea. Edo ikasle-irakasle batzuk jardunean ikusteak ekar ditzakeen ideiak edo inspirazioa besterik gabe.

Ez da asko izango, baina beti izan daiteke interesgarria hizkuntza ikasle-irakasleak lanean ikustea, telebistan (edo Interneten) bada ere.

23
Ots
2009

ETBren bideoak

Irakasle lanean aspaldi hasi ginenok ondo gogoratzen dugu orduan zer zaila izaten zen klaserako ikus-entzunezko dokumentuak (entzungaiak, bideoak...) aurkitzea, eta klaseratzea (ai! orduko kaseteak, eta VHSa bazegoen, txarto ere ez).

Gaur egun berriz, sano aldatu dira gauzak, eta teknologiari esker ikus-entzunezkoak non aurkitu egoten da, teknikoki (enteratu nahi ez dutenenentzat izan ezik, noski) ere askoz errazagoa da klaseratzea. Orain lehengo arazo bietako bat baino ez da geratzen sarri: dokumentu horiekin zer egin klasean? Galdera ona, eta ona izaten jarraituko du. Mezu honetan bideoen-iturri bat aipatu baino ez dugu egingo: ETBren bideoak.

Eitb.com ataria berriztu denetik ETB1 eta ETB3ko programazioaren zati handi bat daukagu interneten bidez noiznahi ikusteko moduan. Era berean bideoak mp4 formatuan jaitsi eta hainbat erreprodukzio-gailutan erabil ditzakegu.

www.eitb.com/bideoak helbidean agertzen dira kronologikoki, berrienetik zaharrenera. Esan bezala mota guztietako bideoak dauzkagu: albisteak, telesailak, saioak... Ez daude saio guztiak, ez albiste guztiak, baina egunero 20tik gora bideo-pasarte jartzen dira ikusgai eta guretzat erabilgai.

Hobetu beharreko batzuk ere baditu atari horrek: bilaketa sistema, bideoak sailkatzeko etiketak edo atalak, bideoen RSS jarioak edo videocast-a. Bihoaz horiek guztiak Eitb.com-ekoentzako iradokizun edo eskaera modura, umiltasunez noski.

Orain arte ezagutu dugun Ikasbilen bideo biltegiaren aldean abantaila asko ditu bestalde: bideoen kopurua eta barietatea, egunerokotasuna, web-ean zuzenean ikusteko aukera, bideoak beste webguneetan enbotatzeko aukera, kalitate handiagoa jaisteko formatuan. Ez dago bideoen erabilerarako proposamen didaktikorik, baina, egia esanda, Ikasbilen ere ez normalean. Falta da, hala ere, Ikasbilekoa bezalako antolaketa sistema: maila,gaiak, bilatzailea...

Ideia ona izan liteke ikusita Ikasbilen gehien bat ETBko bideoak sareratzen dituztela, bideoak hara eraman beharrean Eitb.com-etik zuzenean estekatu edo "enbotatu" (zer da enbotatzea? Hemen behean egin dudana, hango bideo bat hemen ipini), eta Ikasbilen gehien bat baliabide hauentzako proposamen didaktikoak eskaintzea, ikasle nahi irakasleentzat. HABEn horretaz ari dira akaso, edozelan ere hor doa beste iradokizun bat.

Horrez gain beste aukera bat daukagu, bideoak enbotatuta edo estekatuta, bideo horiekin egin ahal diren edo egiten ditugun jarduerak  batzeko, proposatzeko eta lantzeko gune kolaboratiboren bat. Hor dago ideia, ikusita jeneralean kolaboraziorako deiek zelako arrakasta izaten duten, iradokizuna bota baino ez dut egingo oraingoz (pesimista izateak abantaila hori dauka, espektatibek gutxitan egiten dute huts).

Amaitzeko, labur, interneteko bideo hauek ikusteko aukera tekniko batzuk (gehiago badituzue, bota)

  1. Ikasleari interneten bertan ikusteko aukera eman. Dela norberaren ordenagailuan, euskaltegiko ordenagailuetan, edo enbotatuta; adibidez blog, webgune edo Moodle ikastaro batean. Edo helbidea epostaz bidalita (baina mesedez, ez bidali bideo-fitxategi osoak epostaz, ez, faboreeeez :(((( ).
  2. Bideoa jaitsi eta erreproduzigailu mugikorretan ikusi: iPod, mp4 erreproduktoreak, sakelako telefono batzuk, PDA, ordenagailu eramangarriak... Horiek oraindik ez dituela inork ezagutzen? Egon horretan, bai. Galdetu zeuen ikasleei, beharbada bizitzan lehenengo aldiz ikusiko dituzue horrelakoen dozena bat batuta.
  3. Fitxategia jaitsi eta pendrive, flash txartel, disko gogor eramangarri edo DVD baten bidez ohiko erreproduzigalu batera eraman telebista pantaila batean ikusteko: DVDa, Disko gogor multimedia (gogoratu gailu hauetako askok aukera izaten dutela pendrive-ak eta SD txartelak irakurtzeko)

Bideoak interneteko nabigatzailean ikusteko flash plugina instalatuta baino ez duzu eduki behar. Ez badaukazue, instalatu, edo esaiozue zuen sistemen arduradunari instalatzeko eta ez etortzeko "eske gero jendeak Youtuben pasatzen du denbora guztia" bezalako pitokeriekin.

Bestalde, DVD edo DGMetan ikusteko mp4 formatuak ez du arazo handirik ematen normalean. Emango balu, bideoak Xvid edo Divx formatu batera pasatu beharko lirateke. Ez da zaila izaten, sarean apur bat bilatuta berehala aurkituko dituzue horretarako jarraibideak eta programak. Nik pare bat gomendatuk dizkizuet: Avidemux eta HandBrake (Windows eta Linux-erako, software librea biak. Sentitzen dut, baina Mac unibertsoa ez dut ondo ezagutzen. Ez esan honi, mesedez. Ikusten? Mac OS X-erako bertsioa ere badutela konturatu ere ez.).

Esteka interesgarri batzuk:

30
Mar
2007

Pastoralak EITBn

Erabili.com-en bidez jakin dugu. Badakizue ETBn Zuberoako pastoralak grabatu eta urtean zehar ematen dituztela. Urtero webgunea atontzen dute pastoral horien eta euren emanaldien informazioa eskaintzeko. Telebistaz emango dituzten pastolaren testuak (Zubereraz eta batuaz), emisio orduak eta lotura interesgarriren bat ere topatuko duzue berton.

Aurtengoan gainera Zubereraren ezaugarriak eta glosarioak gehitu dituzte.

2004tik hona urtero atondu dute informazio orri berdina. Estekako orriaren behekaldean dauzkazue aurreko urteetakoak.

Folklorea, kultura eta herri-literaturaz interesatuta bazaudete abiapuntua izan daiteke berau.

Sindikatu edukia