bideoak

18
Ira
2008

Euskal encodings

Aspaldian ezaguna, baina kasu handirik egin barik gaur Igor Leturiak eta Sustatuk gogorazi arte. Euskal Encodings erabiltzaile euskaldunen komunitatea da, P2P zerbitzuen bidez, Emule batez ere, euskarazko serieak, filmak eta edozelako bideo emanaldiak grabatu edo ripeatu (gazt, eng) ondoren sarean zabaltzeko.

Katalogoa ikusita denetarik daukagu, eta asko:

Uste dut Emuleren funtzionamenduak euskal internauten artean -baita euren burua analfabeto digitaltzat aurkezten duten askoren artean ere- ez lukeela azalpen gehiegirik behar. Seguru blogak, wikiak, sare sozialak, podcastak eta oro har internet-en inguruan hainbat arazo eta zalantza plazaratzen dituzten askok badakitela zein den pelikula, diskoa edo liburuak mandoari enkargatzeko prozedura, jakin eta egin (ala ez?).

Edozelan ere, zerbitzu eta programa hauen legalitatea, polemikak eta kontuak gora behera (Igorren mezua irakurtzea gomendatzen dizuet, kontzientzia arazorik balego-edo), P2P sistemak oso bide interesgarri eta eskuragarriak izan daitezke bideo luze eta kalitatezkoen banaketarako, eta ez soilik "pirateatutakoak". Izan ere, badira euren edukiak zabaltzeko P2P protokoloak aukeratu dituzten telebistak, aplikazioak edo bideo-zerbitzuak.

Gurera etorrita, adibidez, HABEk antolatzen dituen hitzaldien bideoak (total, liburutegitik debalde eskuratu ahal baduzu, zer dio sarean ipintzen badira?), edo euskaltegietan dauzkagun pelikula horiek guztiak (Aizu! DVDa kopiatu eta bidaliko didazu, faborez?) edo kilobiteen tonak pisatzen duten material horiek guztiak (eta zelan bidaliko dizut?) banatzeko aukera interesgarria da. Gainera, susmoa dut balizko erabiltzaile askok ez luketela honetarako prestakuntza gehiegi beharko, bakar-bakarrik etxerako egiten dena lanerako ere egin daitekeela konturatzea.

Igual opari bat egingo diet P2Pren bidez hemen dabiltzan laguntxu biri.

23
Ira
2007

Iparraldetik: ariketak eta bideoak


Iparraldeko AEK
-koek euren webgunean ariketa eta bideo sorta dauzkate eskuragai. 

Ariketak mailaka (1. urratsa baino ez oraingoz) eta gaika daude sailkatuta, eta pdf formatoan jaitsi ahal dira ordenagailura. Autoikaskuntzako ikasleentzako atazak dirudite. Hemen behean daukazue ale bat:

Bideoak Real Media formatoan daude eginda. Eurek egindakoak dira. Asko daude baina formatoak eta bideoen tamainak arazoak eman ditzake jaitsi eta ikusteko. Bideo bakoitzarekin galdera eta ariketa sortatxoa egoten da.

23
Urt
2007

Euskal natura

Ikasbil-en bidez jaso dugu webgune honen berri. Han eman duten aurkezpena ekarri dugu hona:

Euskalnatura.net natura eta zientziaren gaineko informazioa euskaraz eskaintzea xede duen web gunea da. Naturak eta zientziak interneten duten presentzia urriari aurre egiteko asmotan sortu zen 2006ko urrian, ahalik eta informazio gehien batzeko asmoz. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle gazte talde batek sortu, mantendu eta eguneratzen dihardu. Naturaren eta zientziaren gaineko informazioaz gain, hainbat erreportaje, foroak, argazki-galeria, natur ekintzen gaineko agenda eta abar aurki daitezke web gunean.

Apurka-apurka informazioa gehitzen ari dira eta egun informazioz beteriko 200 orrialdetik gora aurki daitezke. Web gunea hiru atal nagusitan banatzen da: naturaren gaineko informazioa biltzen duen atala (Euskal Herriko animalia, landare, onddo eta natur guneen gaineko informazioa biltzen duena), zientziaren atala (Besteak beste, biologia, geografia, kimika eta ingurugiro zientzietako informazio biltzen duena) eta laster prest izango den erreportajeen atala (askotariko gaiei buruzko erreportaje edo dossierrak bilduko dituena).

Sindikatu edukia