10
Urt
2008

INPUTetik OUTPUTera. Bigarren hizkuntzaren eskurapena: irakasleentzako gidaliburua

Otto | 2008, Urtarrila 10 - 19:56

Amaitu berri dut liburu honen irakurketa eta hainbat ideia botatzera ausartuko naiz.

Lehenik eta behin, oso liburu interesgarria iruditu zait. Irakurterraza da; adibidez hornituta dago, hainbat hizkuntzatakoak baina itzultzaileak ondo ekarriak euskararen kasura hainbatetan; eta irakasleok ditugun hainbat intuizio paperera dakartzana. Hori bai, hizkuntzen eskurapenaz ari da, eta ez ikaskuntzaz. Eta eskurapena dioenean, hitz egiteaz ari da. Egileak esaten duen moduan, pertsona batek ingelesez dakien galdetzen dugunean, ez gara ari ingelesez hainbat gauza egiten ote dakien, baizik eta hitz egiten dakien, egoera guztietan.

Eta, alde horretatik, onena denok etxera joatea delako sentsazioa geratu zait. Ze, izan ere, planteatzen baitu eskurapena eta ikaskuntza independenteak direla bata bestearengandik. Zentzu honetan, oso eredugarria iruditu zait 106. orrialdean dagoen pasarte bat:

"Bihurtzen" al da jakintza esplizitua jakintza inplizitua? [kontuan hartu berarentzat hizkuntzaren jakintza inplizituak adierazten duela soilik hizkuntzaren eskurapena] BHEko [Bigarren Hizkuntzaren Eskurapena] aditu gehienen iritziz, ez. Jakintza inplizitua sortzeko "bideratzailea" edo "lagungarria" izatea ez da arau inplizitu "bihurtzea". Analogia bat eginez, jo dezagun pertsona batek hanka apurtu duela eta makuluez dabilela. Makuluek lagundu egiten diote ibiltzen, baina horretaz gain hanka geldirik izaten laguntzen diote. Geldirik izan behar du hanka (eta kaltzioa hartu eta abar) hautsitako hezurra osatzeko. Hanka osatzen zaionean ez dugu esaten makuluek osatu diotenik edo makuluak pertsonaren hanka bihurtu direnik. Osatzen lagundu diotela diogu.

Beraz, nolabait esatearren, gure lana izango litzateke pertsonak nolabaiteko laguntza izatea bigarren hizkuntzan maneiatzeko; bitartean, Garatuz Doan Sistema (tarteko hizkuntza, gure berbetan), horixe, garatuz joango da, input komunikatiboarekin harremanetan badago.

Uste nuen Krashenen jarraitzaileei ez zietela, jada, argitaratzen; baina haren kutsua sentitu dut hainbat momentutan. Eskurapenaren gakoa inputean dagoela diosku: zenbat eta input gehiago jaso, orduan eta arinago gauzatuko da eskurapena, esanahia bilatzen, lehenengo, eta esanahia eratzeko forman, gero, arituko baita bigarren hizkuntza eskuratu nahi duena.

Outputaren funtzio lagungarria ere azpimarratzen digu, beti ere, zentzu komunikatiboa badu, eta elkarreraginean gauzatzen bada; elkarreraginak dakarren esanahiaren negoziazioa da, Van Pattenentzat, gauzarik interesgarriena.

Gure eskolei begira, honako ondorio nagusiak ateratzen ditu (189. or.)

  • zenbat eta input gehiago, hobeto (zenbat eta gehiago oinarritu esanahian eskola, orduan eta hobeto); [hori bagenekien]
  • zenbat eta interakzio [maila eta norabide guztietan] gehiago, hobeto; [hori ere bagenekien, baina ez dakit zer neurritan hartzen dugun kontuan]
  • ikasleen ekoizpen guztiak esanguran oinarrituak edo komunikatiboak izan beharko lukete; [hau ere, jakin arren, ez dakit gure teoriak eta praktikak bat datozen]
  • forma (edo gramatikaren irakaskuntza) arretagunea izanez gero, esanahian oinarritu beharko litzateke eta inputari edo komunikazioari lotua [idem]; eta
  • kontuz ibili beharko ginateke ikasleengandik ze espero dugun [ikasleei esijitzen dieguna egingarria ote da?]

Baina, bestalde, eskurapen prozesuaren inguruan ematen dituen hainbat eta hainbat azalpen oso-oso interesgarriak iruditu zaizkit; hainbat gauzari esplikazioa aurkitu diedalakoan nago. Eta, Van Pattenek berak esaten duen moduan, hizkuntzaren eskurapenaren inguruko hainbat gako baditugu, errazago izango zaigu non eragin erabakitzea.

Hori bai, hainbat azalpen ematen ditu egia unibertsalak balira bezala. Irakurtzen duzunean, ba, pentsatzen duzu: "halako aditu batek esaten baditu... kontxo! egia izango dira"; harik eta azaltzen duen arte zergatik umeek ikasten duten lehenago AMA esaten AITA baino (Ma ahoskatzen errazago ikasten omen da, Ta ahoskatzen baino), eta nire eta nire ingurukoen kasuaz konparatu: nire koadrilakoen ume guztiek ikasi dute lehenengo AITA esaten, eta gero AMA; beno, nireak oraindik ez du AMA esaten. Orduan, egia unibertsal horiek zalantzan jartzen hasten zara.

Baina, orokorrean, oso liburu interesgarria. Irakurri, eta gehitu honi irakurketa berriak.

Etiketak: didaktika | eskurapena | hizpide | liburuak |
Bidalitako artikuluak

Ongi etorri!

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 10 - 21:38-(e)an bidalia.

Ongi etorri Karrajuko kolaboratzaileen clubera, Otto. Eta eskerrik asko libuburuaren iruzkinagatik.

Oso interesgarria azkenengo gogoeta hori, adituek diotena sinesteko daukagun erraztasunarena. Plistik lehengo egunean bidali zuen artikuluarekin oso lotua. Eta artikulu hartan hain zuzen ere, ikaskuntza informalaz zirriborratu genuen gogoetarekin ere bai.

Bueltatxo pare bat emango diogu.

Inputa

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 11 - 15:59-(e)an bidalia.

Van Pattenen liburua irakurtzen hasi eta beranduagorako utzita neukan, baina bistan da irakurketa kritikoa egin ostean, gomendagarria iruditu zaizula; hortaz, neuri ere irakurtzeko gogoa piztu didazu, Otto. Diozunarengatik nik ere Krashenen usaina hartzen diot inputean eta eskurapenean egiten duen azpimarragatik baina izango dugu aukera irakurtzen dudanean honetara bueltatzeko.

Orain, labur-labur, input/ output kontzeptuek nigan izan duten bilakaera azaldu nahi dizuet.

Hasiera batean, irakaskuntzan, batik bat, sinesten nuen. Beraz, eduki egokien (input aberatsaren) transmisioan oinarritzen nuen nire lana. Materialek eta edukiek (ariketa motak...) berebiziko garrantzia zuten orduan. Input aberatsaren transmisioa nuen giltzarri eta neu nintzen input hori bilatzen eta zabaltzen zuena.

Urrats txiki bat eman nuen ondoren, inputaren ardura ez zela neurea bakarrik ikusi nuen. Beste ikasleekiko inputa eta gizarteak berak eskainitakoa (telebista...) garrantzitsua zela, eta, nolabait, eskolan sartu behar nuela/genuela (benetako materialak...)

Beranduago beste pausutxo bat eman nuen, inputaren eta outputaren artean, inputetik outputera dagoen tarte horretan, gertatzen zena zen garrantzitsuena orduan. Neure buruari zera galdetu nion: antzeko inputa duten hamabost ikaslek, zergatik ekoizten dute hain output ezberdina?. Puntu honetan jabetu nintzen prozesu eta estrategia kognitiboen garrantziaz. Jada, materialak baino garrantzi handiagoa ematen hasi nintzaion inguru linguistikoarekiko elkarreraginari. Ikaskuntzan jarri nuen azpimarra gehienbat. "Café para todos" horretatik norbanakoan fokalizatzera jo nuen.

Gaur egun, momentu nahasi batean nago (aterako naiz hemendik, nik uste). Ideia gutxi ditut argi kaskarrean, egia esan. Hauexek dira honelako apur batzuk:

Inputa konplexua da, irakasleak aurreikusitako elementuek (syllabusak), ikasleak hautatutakoek (autonomiaren garrantzia) eta kaotikoek (ingurune eta murgilketaren garrantzia) osatua.
Outputak benetakoa izan behar du, komunikazioan fokalizatua gehien bat. Baina outputaren eta inputaren elkarrelikadura egon behar da; garrantzitsua da norbanakoaren diskurtsoaren azterketa.
Eta zer esan inputaren eta outputaren artean gertatzen denari buruz? Hemen egia esan galderak eta galderak ditut. Prozesu kognitiboen mundua, burmuinaren mundua da eta mundu horretan esploratzaile beharrean gaude. Baina faktore batzuk argiak dira: motibazio emozionalaren eragina, giro atseginaren eragina... Honez gain, argi dago garrantzi handia daukatela estrategiek, bai irakas-estrategiek, bai ikas-estrategiek eta horretan hitz ugari idatzi ahal dira baina kontzeptuak lausoegiak dira gehienetan (formazio mailan alderdi honexek kezkatzen nau gehienbat).

Beno, bada, Otto, ikusten duzunez ez dut aparteko ibilbiderik egin baina kontua geldi ez geratzea da (beti ere norabidearekin asmatuz gero, jakina). Konbentzituta nago, gainera, esanak esan ikaslearen nolakotasunak duela garrantzi handiena ikaskuntzan, baina irakaslearen nolakotasunak ere eragiten duela.

Liburua irakurritakoan, arituko gara berriro ere.

Ona

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 11 - 22:35-(e)an bidalia.

Ona bilakaeraren kontakizuna Plisti.

Galdera bat etorri zait burura:

Input-a aukeratzea noraino da irakaslearen lana?

Edo beste era batera esanda:

Irakasleak orain inputa (entzungaiak, irakurgaiak, bideoak...) bilatu, aukeratu, aztertu eta haren gainek jarduerak eta atazak prestatzen ditu.

Eta ikasleak egiten badu lanaren lehenengo partea, input-a bilatu eta aukeratu, zertan geratzen da irakaslearen lana?

Ez dakit galdera ondo ulertzeko moduan bota dudan... Galdetu bestela.

Irakaslearen lanak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 11 - 21:45-(e)an bidalia.

Erantzuten baino galdetzen naiz trebeagoa baina nire ustetan irakasleak oraindik ere badu lanik. Hasteko, ez dut uste paperen aldaketa erabatekoa denik eta ez dut uste inputaren kontua materialaren aukeraketan (entzungaiak, irakurgaiak, bideoak...) amaitzen denik.

Ikasleak horretarako behar besteko gaitasunik badu, berak hartu behar du ikaskuntzaren ardura nagusia. Berak sortuko du bere PLEa (birtualitatearen laguntzarekin edo ez). Bertan, ikaskuntza formala (non irakaskuntza eta irakaslea osagarri garrantzitsu diren), ikaskuntza indibiduala / soziala eta ikaskuntza informala uztartuko ditu. Ikaskuntza mota honetan irakaslearen papera garrantzitsua izanda ere, ez da orain artekoa bezain nabarmena; baina ez dezagun ahaztu irakaslea aditua dela eta ikas-komunitatearen barruan ez dela beste elementu bat , garrantzizko elementua baizik.

Hala ere, ikasleak sarritan (bere ikasteko kulturagatik, besteak beste) ez du ikaskuntzaren ardura hartzeko besteko gaitasunik. Honelakoetan irakaslearen ardura izan behar da ikaslearen autonomia sustatzea: takataka hasieran eta makulu ondoren, ikasleak bere ikas-prozesuaren ardura hartu arte. Baina tentuz jokatu behar da honetan, oso kontuan izan behar baititugu ikasleen espektatibak eta berorietatik partituz pixkanaka-pixkanaka gure lana egin (didaktikoki oso polita eta zuzena izan ez arren).

Aipatzen nizun beste kontua inputarena da. Inputari dagokionez, ez dut uste irakaslearen lanik garrantzitsuena material egokia bilatzea denik (hori ere bere lana den arren, ikasleekin konpartitua izan ala ez). Nire ustez irakaslearen lan garrantzitsuena edukiaren eta ikaslearen arteko elkarreraginaren kudeaketan dago (hausnarketa bultzatu, errorearen tratamendua, diskurtsoaren azterketa...).

Amaitzeko, neurera joko dut berriro ere, "autoikaskuntzara" alegia. Inputaren gai hau baita gaur egun leku askotan "autoikaskuntza" planteatu dugun moduaren arantzetako bat. Inputaren zati handi bat programa informatiko itxi batek ematen dio ikasleari. Inputaren transmisioaren eskuetan uzten du outputaren zati garrantzitsu bat, didaktikoki pausutxo batzuk atzera eginez. Badira gure mundu honetan ere inputaren tratamendu egokia egiteko bideak: pull ereduak edo wikiak adibide, baina oraindik ere apur batean basamortuan sermoika arituko garelakoan nago. 

Usteak erdia ustel

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 16 - 21:34-(e)an bidalia.

Bukatu berri dut, Otto, VanPattenen liburua eta, egia esan, liseriketa garaian nago (hausnarketara ere ez naiz heldu oraindik). Nagikeriak jota, kohesio eta batzuetan koherentzia gabeko apuntetxo batzuk utziko ditut hemen:

  • Gustatu egin zait idazkera. Gogaituta naukate, bi esalditik behin, sona handiko autorearen izena eta argitaratze data ageri duten tesi antzeko horiek.
  • Iruditu zait arazoaren muinera jotzen duela. Inputa eta outputa aztertzen ditu baina horrekin batera berorien arteko jarioa eta hizkuntzaren eskurapena.
  • Syllabusa, akaso, triangelu honetan oinarritu beharko litzateke: inputean, outputean eta eskurapenaren ezaugarrietan, baina oraindik ere gehiegi jorratu gabeko lurrak direlakoan nago. VanPattenek pistak ematen ditu baina nire ustetan ez dira behar beste, eskurapenaren ezaugarri gutxi ezagutzen direlako, oraindik ere froga enpiriko asko egin behar direlako, esaldi mailan geratzen direlako...
  • Ondorioz, eskurapenaren nolakotasunean eta ordenean zehatz eta ausart jokatzen badu ere, irakaskuntzarako ondorioetara etorrita arrasto gutxi eta nahiko ezagunak dakarzkigu.
  • Dena den, zenbait uste kolokan jarri dizkit eta egia borobiltzat neuzkan kontu batzuk berriro pentsarazi : ikaskuntza inplizituaz eta esplizituaz, trebetasun bakoitzak eskurapenean duen garrantziaz eta elkarrelikaduraz, inputaren konplexutasunaz, eskurapen estrategiez eta ordenaz...
  • Argi erakusten du euskararen mundu honetan ere I+G horretan aritu beharra zenbait arazori aurre egiteko (“ere”ren erabilera, “badago jendea aberatsa dela*” bezalako esaldi traketsen atzean dauden arrazoiak ezagutu eta estrategia didaktikoak martxan jartzeko...).

Pazientziaz irakurri beharreko liburua, beraz. Galdera klabeak planteatzen dituena eta, ikerketen egoera gordin azalduz, ahal den neurrian erantzunak ematen saiatzen dena. Polemikoa ere bai, zeren kontu batzuetan ez baitio gaur egungo ildo didaktiko nagusiari jarraitzen baina, norbera zenbait gauzatan ados egon ala ez, pentsarazten duten horietakoa.

Nik uste dudana

etxepel (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 24 - 19:00-(e)an bidalia.

Ezer baino lehen, esan behar dizuet, Otto, Benito eta Plisti, oso-oso interesgarria iruditu zaidala orain arte eraman duzuen eztabaida eta bertara ekarri dituzuen ekarpenak. Eskerrik asko!

Berandutxo oraingo ere, baina zuek esandakoaren haritik, zerbait erantsi nahiko nuke. Oraindik ez dut irakurri eztabaidari hasiera eman dion liburua ("Inputetik..."), baina berau irakurri aurretik ausartuko naiz nire iritzia ematera. Neu ere, Plisti bezala, autoikaskuntza gelan ari naiz lanean, arlo presentzialean, bakarka edo talde txikietan diharduten ikasleekin.

Eta azken hilabeteetako esperientzia ikusita (bizi izanda eta sentituta) esan beharra dut oraindik garrantzitsu-garrantzitsua irizten diodala irakasle-tutoreon zereginari. Zeregin honetan hiru osagai bereiztuko nituzke: jakintza (hizkuntzaren ezagutza, jokamolde eta planteamendu pedagogikoak...), urteetako sena (aurrekoari ere gehi geniazaiokeena) eta jarrera (lanarekiko identifikazioa, irakaslearekiko feeling-a, entusiasmoa...). Ez dakit zein proportziotan banatuko nituzkeen hiru osagaiok, baina gero eta sinistuago nago hirugarrenak, hau da, jarrerari dagokionak berebiziko garrantzia duela. Hirurak dira beharrezko output egokia eskaintzeko; baina jakituria, jakintza, egunean egotea planteamendu pedagogikoetan, "teknika" ondo menperatzea..., baina ilusiorik gabe, ikasleekiko lotura urriarekin... emaitza urriak emango lituzkeelakoan nago; entusiasmo eta "rollito" on hutsa ere ez lihoake urrutira. Bion lotura eta osagarri izatera dator senak, esperientziak, urteek emandako eskarmentua.

Ez naiz oso teoria-zale, agian defizit puntu bat ere izango dut. Baina hau guztia azken hilabeteetako esperientzia pertsonaletan oinarrituta diot.

Honek guztiak ez du kentzen, inondik ere, ikasleari berari dagokion protagonismoa bere prozesuan: inputaren aukeraketan e.a. Baina azpimarratu nahi dudana zera da: nahiz eta gaur eguneko kurrikulu(et)an nagusitasuna eta protagonismoa ikasleari aitortu eta benetan berak izan, gure lana eta eragina ezibestekoak direla arestian aipatutako terminoetan.

Muturrak

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 25 - 01:56-(e)an bidalia.

Interesgarria. Irakasle saltseroa eta irakasle makina. Elkarrengana hurreratu beharreko muturrak ote?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia