Elipsiak

Benito(e)k bidalita 2009, otsaila 12 - 01:17(e)an.

Lehengo egunean Bidaia intimoak filmaren estreinaldia komentatzen, halakoetan hutsune bat nabaritu ohi dudala esan nuen.

Badirudi euskara ikasteko prozesuaz hitz egiten denean prozesuaren beraren gorabeherak, sentsazioak eta egindakoak ez direla aipatzen askotan. "Elipsi" bat egiten dela iruditu zitzaidan.

Hitz hori geratu zait buruan, eta elipsi pare bat gehiagorekin akordatu ere bai.

  • Txerrak lehengoan erreparatu zuen Patxi Baztarrikaren elkarrizketa batean. Transmisioa zelan lortzen da? galdearen erantzuna elipsi batean dagoela dirudi. Inork ez bide dio erantzun behar, esatearekin bakarrik denok jakingo dugu zer den alegia. Jeneralean "nola" galderak du elipsirako joera handiena.
  • Hitz eliptiko bat aurkitu dudala uste dut: "landu". Inguruan behin eta berriz erabiltzen da berba hori: "konpletiboak landu", "argudio testuak landu", "autonomia landu", "euskal kultura landu", "motibazioa landu"... Berba gehiago behar ez duen hitza. Hura esatearekin prozesua automatikoki abiatzen da, buruan baino ez bada. Denok dakigu edozer zelan "lantzen" den.Lanketaren azken exekutorea den irakasleagandik hasita.

Elipsi hitza ez da euskarazko sinonimo hiztegietan agertzen. Tabua ez da esanahikidea orduan.

Irudia: Bilboko Moyua plaza (aka "eliptikoa"). svet-en argazkia Flickr-en. Lizentzia.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga

Erantzunak

Ikasleen buruaren barruan zer gertatzen den jakingo bagenu...

Oraindik erantzun asko falta ditugu eta egun egiten ari diren ikerketa neurolinguistikoak eta halakoak oso lagungarri egingo zaizkigu gutxienez arrazoi batzuk ulertzeko, baina bitartean, ilargiaren alde ezkutu hori izango da. Segur aski "landu" diogunean honelako zerbait esan nahi dugu: "ikasteko aukera eskaini", eskaini eta gero gerokoak.

Okerragoak iruditzen zaizkit honela hasten diren unitate didaktikoak:
- Unitate honen amaieran gai izango zara x, y eta z egiteko

Askotxo, ezta? Horregatik, nahiago "unitate honetan x, y eta z landuko dituzu", alegia, "jarduera batzuk izango dituzu zeinetan elementu horiek agertzen diren modu esplizituan eta irakasleon asmoa da zuk horretaz zerbait ikas dezazun baina beharbada beste zerbaitek erakartzen du zure arreta eta zure ikaskuntzak beste bide bat hartuko du"

ainhoa (ez da egiaztatu) | 2009, otsaila 12 - 20:43 | erantzun honi

"Gai..." horrekin hasten direnek neuri ere egiten didate grazia batzuetan, "ikasi X hizkuntza hamabost egunean" esaten duten horiek bezala.

Uste dut gehienetan Europako Markoa eta halakoen deskribatzaileen proiekzioa baino ez dela izaten. Baina ikaslea maila batean dagoela esateko erabiltzen diren deskribatzaile horiek unitate didaktiko, ariketa edo ataza-sorta baten helburuetara ekartzea behar den ibilbidea ondo ez zehaztea dela uste dut. Deskirbatzaile horiek helburu bihurtzen dira, eta helburu horiek banan-banan "landu" behar direla pentsatu. Beste elipsi bat azken batean, ezta?

Bestela, hizkuntzaren ikas-prozesuaren elipsiaz ez dut prozesu neuronalen mailaraino iritsi nahi izan. Bakar-bakarrik ikasleei euskara ikasteaz galdetzen zaienean motibazioaz, hasieraz eta gerora lortu dutena eta behin ikasita sentitu edo irabazi dutena izaten direla mintzagai, eta gutxi, anekdotaren bat gora-behera, bitartean gertatu, sentitu eta pentsatu dutena. Erdiko hori elipsian geratu ohi dela alegia.

Benito | 2009, otsaila 13 - 02:19 | erantzun honi

Elipsiak aipatzen hasita, bada aspalditik bereziki kezkatzen nauen bat: input( )output elipsiaz ari natzaizue, hain zuzen. Irakasle asko eta asko inputa eman eta outputaren zain geratzen gara, ondo lasai. Gure lana input aukeratzaile eta output ebaluatzaile izatera mugatuz.

Adibidez:

Entzungaia edo irakurgaia eman(input), galderak luzatu eta erantzunak (output) ebaluatzen ditugunean.
Idazlana agindu eta idazlana zuzentzen dugunean.
Mintzagaia proposatu eta zuzenketak egiten ditugunean.

Nire ustetan/ input ( X ) output \tarte horretan dago irakaslearen lanik zailena, baina baita lanik nabarmenena ere: ikasle bakoitzak nola entzuten edo irakurtzen duen aztertuz eta ulermena hobetzeko estrategiak eskainiz. Ikaslearekin batera idatziz, planifikazio, formulazio eta ebaluazio garaian erabakiak hartzen lagunduz. Mintzamenerako estrategia egokiak irakatsiz...

Batzuk konturatu ere ez dira egiten elipsia hauetaz, batzuk konturatu ere ez dira egiten mezu honetan ageri den Bilboko plaza eliptikoaren azpitik jende ugari dabilela hara eta hona, Santutxura eta Santurtzira.

Plisti-plasta (ez da egiaztatu) | 2009, otsaila 14 - 16:13 | erantzun honi

Eta ez da hori hain zuzen ere "landu" aditzaren adiera? "Ulermena landu", "mintzamena landu", "idazmena landu"... Ikasleak berak egingo du lanketaren bat noski, batzuk Santutxura eta beste batzuk Portugaletera (Santurtziraino oraindino ez da ailegatzen, ezta?), asko Deustuan geratuko dira, baten bat galdu eta Plentzian agertuko da, eta beste askok Indautxuraino soilik joateko metroa hartzea ez duela merezi pentsatuko dute.

Irakasleak Gurutzetan jaitsi behar ez duen bitartean.

Benito | 2009, otsaila 14 - 20:10 | erantzun honi

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
  • Link to content with [[some text]], where "some text" is the title of existing content or the title of a new piece of content to create. You can also link text to a different title by using [[link to this title|show this text]]. Link to outside URLs with [[http://www.example.com|some text]], or even [[http://www.example.com]].
  • Web and e-mail addresses are automatically converted into links.
  • Use <!--pagebreak--> to create page breaks.
Formatu aukerei buruz informazio gehiago Captcha Image: you will need to recognize the text in it.
Tekleatu goian ikusten dituzun letrak edo zenbakiak, mesedez.

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak