23
Api
2009

Testu-libururik gabeko eguna

Liburuaren eguna da gaur hainbat lekutan, eta egun hau aukeratu dute hezkuntzaren munduan dabiltzan batzuek Testu-libururik gabeko eguna egiteko. Eskolan testu-liburuaren beharra, haren erabileraz eta haren balioaz eskolan eztabaida aspaldian dabilela begitantzen zait. Bihoaz ekimen honen inguruan zabaldu diren gogoeta pare bat ilustratzeko, hau eta hau.

Helduen euskalduntzean berriz testu-liburua zer izan den-eta arin pentsatuta, aspaldiko "Jalgi Hadi", "Euskalduntzen" eta halakoak etorri zaizkit gogora lehenengo. Gero, inoiz baten batek eskola-insitutuetan erabiltzen direnak euskaltegiar ekarri dituela gogoratu dut, ez da sistematikoa izan baina. Gerora zabaldutako hainbat metodo eta material-bildumak testu-liburuaren papera bete dutela ere esan daiteke, norberak eman dizkien erabileraren arabera beti ere.

Egia esanda, esango nuke gurean oro har ez dugula inoiz testu-liburua deitu dakiokeenik izan, bai ordea "metodo" asko. Errealitate ugari eta desberdinak izan ditugu eta ditugu hala ere, eta egongo da testu-liburuaren erabilera klasikora gehiago hurbildu denik seguruenik.

Testu-libururik ez, baina esango nuke irakasle askok ez lioketela muzin egingo euren jarduna burutzeko pausorik pausoko instrukzioak ematen dituen zerbaiti. Akaso Nodos Elekoek Ikea aktibitateak deitzen diotenaren antzeko zer edo zer. Zer pentsatua ematen du asuntoak:

  • Testu-liburua azken batean programazio zehaztua da, egin beharreko guztia ordenatzen duena. Oso ikastaro luzeak izaten dira gureak, ordu askokoak, ondorioz ibilbide hori gobernatzeko programazioa diseinatzea ez da ez samurra ez laburra izaten. Elementu asko konbinatu behar dira denbora sekuentzia luze batean, jarduera eta tarte-mota desberdinak, edukiak, pertsonak, aurrerapena... Ez da erraza, ez, eta erraza da pentsatzea 300 orduko ikastaro baten panorama aurrean jarrita, horren "mapa" egin behar hutsak ikaratu egin behar dituela irakasle gehienak. Areago horretarako prestakuntza, laguntza eta ereduak gutxi eta urrunak badira.
  • Programazio zehaztua izatea laguntza handia da duda barik, eta programazio hori ona bada, eraginkorra ere bai, baina, arriskuak ere badaude. Instrukzioak arautegi bezala erabiltzea bat, "hau da guztiek egin behar dutena eta kitto", egokitzapen edo aldaketa barik. Erantzunkizuna saihestea beste bat, gauzak txarto badoaz, badago errua nori bota, "materiala txarra da eta...".  Beste bat, irakaslea azken batean operario baten papera hartzea: "esaidazu zer egin behar dudan". Ekimena, analisia eta garapenerako aukerak baztertuta.

Azken urteotan materialgintza eskaintza aktibitateen diseinuan zentratu dela esango nuke, azaleko pertzepzioa baino ez da beharbada. Egia da modulu eta ikastaro batzuk eskaini direla, baina jarduera "berezien" munduan kokatuta gehien bat (Aisa, merkatariak, gurasoak...). Lehenago berriz "mailak" edo urratsak diseinatzea izaten zen ohikoa.

Nire ustez diseinu maila desberdinak ditugu, eta denei eman beharko litzaieke arreta.

  • Ikastaroa edo ikas-jarduera. Denbora tarte batean garatzen den aktibitatea, ikasleari "saltzen" dioguna nolabait: X orduko aurrez aurreko ikastaroa, X eguneko barnetegia, X orduko autoikaskuntza modulua... Horiek guztiek helburu batzuek izaten dituzte eta haraino egin beharreko ibilbide bat, duda barik. Baina, uste dut eskola mundutik sarri hartzen dugula gurean hala ez den gauza bat: gure curriculumetan dauden mailak ez dira eskaintzen ditugun ikastaroak derrigor. Eskola batean maila bakoitza ikasturte bat izan ohi da, ikastaro bat esan dezagun. Gurean berriz, ordu kopuru desberdineko ikastaroak, ikas-sistema edo ingurune desberdinetan, xede-talde desberdinekin, abiapuntu eta xede-puntu irregularrekoak... Gure eskaintza ez da eskola batena bezain monolitikoa alegia, badakizue, "maila guztiak eta ordutegi guztiak". Saiatu "katalogo" bat osatzen eta begiratu curriculumarekin bat datorren ala ez.
  • Moduluak, ikas-unitateak, sekuentziak.... Ikastaro edo ikas-programa batean txertatuta egon beharko lukete. Ez dira aktibitate isolatuak, nolabaiteko ibilbide baten barruan daude, akaso askotan eurek bakarrik osatu dezakete ikastaro bat, baina gehinetan testuinguru batean kokatzea eskatzen dute, hau da, aurrekoarekin lotu eta ondorengoari sarrera eman.
  • Aktibitateak. Badakizue, ariketak, atazak, jolasak... Solte etortzen dira, batzuk besteak baino garatuago, luzeago, zehatzago... Klase guztietako eduki edo helburuei begirakoak, ikuspegi metodologiko batekin edo bestearekin lotuta... Kasu guztietan irakasleari ibilbide batean kokatzea dagokio: noiz, nola, zertarako, zergatik. Bestela klasea ikasleari noraezeko buelta iruditzen zaio erraz asko..

Tira, beti bezala gogoeta kaotiko boteprontikoa. Artezteko modukoa ez ezik arteztu beharrekoa ere bai.

Totemak

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Apirila 24 - 14:08-(e)an bidalia.

Testu-liburu ‘klasikoa’ irakasteko modu baten totema da, paradigma zaharraren ikurra. Besteak beste, bost ideia nagusiotan oinarritzen da:

• Irakastea ezagutza transmisioa da.

• Hizkuntza eduki multzotan zatika daiteke: syllabusa.

• Edukiak modurik eraginkorrenean eta homogeneoenean transmititu behar dira.

• Didaktikak ariketa diseinu egokiak ahalbideratu behar ditu. Eta diseinu hori egokia izan dadin aditu batzuek egin behar dute, materialgileek.

• Eskolari edo euskaltegiari eta irakasleari dagozkio aplikazioa eta ebaluazioa.

Gaur egun, ordea, beste paradigma bat eraiki nahian gabiltza. Beronen arabera:

• Ikas-irakaskuntza ezagutza transmisiotik haratago doa. Ikaskuntza bera da irakaskuntza baino garrantzizkoago. Edukia/Ikaslea/Irakaslea/Komunitatea laukiaren jarioan oinarritzen da.

• Ikaskuntza errazteko hizkuntza ezinbestez multzotan zatikatu behar bada ere, hierarkizazio lausoa du eta onartu egin behar dira ibilbide anitzak, iturburu ezberdinak (ikaslea, irakaslea, medioa), eta eduki ez-prebisibleak (kaosa bera barne).

• Fokusa ez dago materialean, beronen gestioan baino. Eta haratago: lauki didaktikoaren jarioaren gestioan. Horrexetan aritu behar dira adituak.

• Ezinezkoa da homogeneotasuna. Ikasle bakoitzak modu batean ikasten du. Ikas-prozesuek fokus ugari dituzte. Norbanakoarengana iritsi behar da. Bukatzen ari dira ‘café para todos’-en garaiak.

• Ebaluazioa eta aplikazioa eskolari edo euskaltegiari eta irakasleari ez ezik, ikasleari ere badagokio.

Finean, argi dago testu-liburuak edo programa informatiko itxiak ezin diola erantzun paradigma berri honi. Argi daukat nik neuk nahiago dudala material kontu honetan ibilbide anitzak ahalbideratzen dituzten banku zabalekin lan egin. Argi dago, halaber, gaur egun ‘industriak’ testu-liburuari eusten diola diru-iturri oparoa delako (pentsa ingelesaren ikas-irakaskuntzan) eta berau, zenbaitetan paradigma berriaren/ berrien galga bihurtzen dela. Eta abar eta abar.

Eta orduan,zer, erabat baztertuko ditugu testu-liburuak? Beno, akaso, gauzak ez dira hain txuribeltzak.Testu-liburu batzuk ez dira hain zurrunak, dinamika politak eragin litzakete. Batzuek eskertuko genuke aditu talde batek edo editorial batek edo dena delakoak horrelako libururen bat ateratzea. Beste aukera bat da. Telebistako enegarren katea bezalakoa. Gutxitan ikusten dugun horietakoa baina hor dagoela dakiguna eta inoiz erabil genezakeena. Baina ez testu-liburuaren zentzu itxian. Beste material bat bailitzan baizik.

Dena den, ulertzen dut, ulertzen ditut eta hurbileko sentitzen ditut testu-libururik gabeko eguna bultzatu duten irakasleak eta haien ideiak.

Formatuak eta intentzioak

Benito-(e)k 2009, Apirila 26 - 22:42-(e)an bidalia.

Akasko gauza bat da liburu formatua eta beste bat testu-liburu intentzioa. Azalduko dut. Liburua -paper josien kontzeptu klasikoa edo liburu digitalaren kontzeptu modernoagoa- materialak, ideiak, haunargaiak, proposamenak, ildoak biltzeko eta laguntzeko formatu baliagarria izan daiteke oraindik orain eta luzaro seguruenik.

Bestalde, klasean egin behar den guztia pausorik pauso, jarraitu beharreko eta fedearen fedeaz onartu beharreko ebangelio batek bezala ordenatzea asmoa duten dokumentuak (klasikoak, digitalak edo bipuntozeroak) dira testu-liburuak, liburu-liburu izan ez arren.

Hala ere, arazo bat sortzen da askotan. Prestakuntza eta esperientzia gutxiko irakasleekin horrelako instrukzio-liburuak ematea izan daiteke berehalako irtenbide posibleenetako bat. Horrek arazoa materialgintzan ez dagoela esango luke nolabait.

Testu-liburua

Jon (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 5 - 19:51-(e)an bidalia.

Arratsalde on!

Aurreko baten irakurri nuen testu-liburuen gaineko mezu hau, eta zerbait komentatu nahiko nuke.
Nire ustez testu-liburua norberak ikasturte edota ikastaro baten lantzen duena da. Bi aukera daude taldea hartu eta bakoitzak duen esperientziarekin testu liburu argitaragabea erabiltzea, edota
x eduki zein helburu duena sortzea. Askotan gertatzen da norberak sorturiko edo eginikoak ez duela alde handirik argitaletxe batek eginikoarekin.
Nire ustez arriskutsuena da egokitzen ez den testuliburua erabiltzea, baina egokitzapena eta hautaketa jasoko duen testuliburua ez dut gaizki ikusten.
Gustuak gustu norberak ahal duena, edota gustukoa duena egin dezala!!!

Aio

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia