programazioa

23
Api
2009

Testu-libururik gabeko eguna

Liburuaren eguna da gaur hainbat lekutan, eta egun hau aukeratu dute hezkuntzaren munduan dabiltzan batzuek Testu-libururik gabeko eguna egiteko. Eskolan testu-liburuaren beharra, haren erabileraz eta haren balioaz eskolan eztabaida aspaldian dabilela begitantzen zait. Bihoaz ekimen honen inguruan zabaldu diren gogoeta pare bat ilustratzeko, hau eta hau.

Helduen euskalduntzean berriz testu-liburua zer izan den-eta arin pentsatuta, aspaldiko "Jalgi Hadi", "Euskalduntzen" eta halakoak etorri zaizkit gogora lehenengo. Gero, inoiz baten batek eskola-insitutuetan erabiltzen direnak euskaltegiar ekarri dituela gogoratu dut, ez da sistematikoa izan baina. Gerora zabaldutako hainbat metodo eta material-bildumak testu-liburuaren papera bete dutela ere esan daiteke, norberak eman dizkien erabileraren arabera beti ere.

Egia esanda, esango nuke gurean oro har ez dugula inoiz testu-liburua deitu dakiokeenik izan, bai ordea "metodo" asko. Errealitate ugari eta desberdinak izan ditugu eta ditugu hala ere, eta egongo da testu-liburuaren erabilera klasikora gehiago hurbildu denik seguruenik.

Testu-libururik ez, baina esango nuke irakasle askok ez lioketela muzin egingo euren jarduna burutzeko pausorik pausoko instrukzioak ematen dituen zerbaiti. Akaso Nodos Elekoek Ikea aktibitateak deitzen diotenaren antzeko zer edo zer. Zer pentsatua ematen du asuntoak:

  • Testu-liburua azken batean programazio zehaztua da, egin beharreko guztia ordenatzen duena. Oso ikastaro luzeak izaten dira gureak, ordu askokoak, ondorioz ibilbide hori gobernatzeko programazioa diseinatzea ez da ez samurra ez laburra izaten. Elementu asko konbinatu behar dira denbora sekuentzia luze batean, jarduera eta tarte-mota desberdinak, edukiak, pertsonak, aurrerapena... Ez da erraza, ez, eta erraza da pentsatzea 300 orduko ikastaro baten panorama aurrean jarrita, horren "mapa" egin behar hutsak ikaratu egin behar dituela irakasle gehienak. Areago horretarako prestakuntza, laguntza eta ereduak gutxi eta urrunak badira.
  • Programazio zehaztua izatea laguntza handia da duda barik, eta programazio hori ona bada, eraginkorra ere bai, baina, arriskuak ere badaude. Instrukzioak arautegi bezala erabiltzea bat, "hau da guztiek egin behar dutena eta kitto", egokitzapen edo aldaketa barik. Erantzunkizuna saihestea beste bat, gauzak txarto badoaz, badago errua nori bota, "materiala txarra da eta...".  Beste bat, irakaslea azken batean operario baten papera hartzea: "esaidazu zer egin behar dudan". Ekimena, analisia eta garapenerako aukerak baztertuta.

Azken urteotan materialgintza eskaintza aktibitateen diseinuan zentratu dela esango nuke, azaleko pertzepzioa baino ez da beharbada. Egia da modulu eta ikastaro batzuk eskaini direla, baina jarduera "berezien" munduan kokatuta gehien bat (Aisa, merkatariak, gurasoak...). Lehenago berriz "mailak" edo urratsak diseinatzea izaten zen ohikoa.

Nire ustez diseinu maila desberdinak ditugu, eta denei eman beharko litzaieke arreta.

  • Ikastaroa edo ikas-jarduera. Denbora tarte batean garatzen den aktibitatea, ikasleari "saltzen" dioguna nolabait: X orduko aurrez aurreko ikastaroa, X eguneko barnetegia, X orduko autoikaskuntza modulua... Horiek guztiek helburu batzuek izaten dituzte eta haraino egin beharreko ibilbide bat, duda barik. Baina, uste dut eskola mundutik sarri hartzen dugula gurean hala ez den gauza bat: gure curriculumetan dauden mailak ez dira eskaintzen ditugun ikastaroak derrigor. Eskola batean maila bakoitza ikasturte bat izan ohi da, ikastaro bat esan dezagun. Gurean berriz, ordu kopuru desberdineko ikastaroak, ikas-sistema edo ingurune desberdinetan, xede-talde desberdinekin, abiapuntu eta xede-puntu irregularrekoak... Gure eskaintza ez da eskola batena bezain monolitikoa alegia, badakizue, "maila guztiak eta ordutegi guztiak". Saiatu "katalogo" bat osatzen eta begiratu curriculumarekin bat datorren ala ez.
  • Moduluak, ikas-unitateak, sekuentziak.... Ikastaro edo ikas-programa batean txertatuta egon beharko lukete. Ez dira aktibitate isolatuak, nolabaiteko ibilbide baten barruan daude, akaso askotan eurek bakarrik osatu dezakete ikastaro bat, baina gehinetan testuinguru batean kokatzea eskatzen dute, hau da, aurrekoarekin lotu eta ondorengoari sarrera eman.
  • Aktibitateak. Badakizue, ariketak, atazak, jolasak... Solte etortzen dira, batzuk besteak baino garatuago, luzeago, zehatzago... Klase guztietako eduki edo helburuei begirakoak, ikuspegi metodologiko batekin edo bestearekin lotuta... Kasu guztietan irakasleari ibilbide batean kokatzea dagokio: noiz, nola, zertarako, zergatik. Bestela klasea ikasleari noraezeko buelta iruditzen zaio erraz asko..

Tira, beti bezala gogoeta kaotiko boteprontikoa. Artezteko modukoa ez ezik arteztu beharrekoa ere bai.

Sindikatu edukia