materiala

Testu-libururik gabeko eguna

Benito(e)k bidalita 2009, apirila 23 - 18:39(e)an.

Liburuaren eguna da gaur hainbat lekutan, eta egun hau aukeratu dute hezkuntzaren munduan dabiltzan batzuek Testu-libururik gabeko eguna egiteko. Eskolan testu-liburuaren beharra, haren erabileraz eta haren balioaz eskolan eztabaida aspaldian dabilela begitantzen zait. Bihoaz ekimen honen inguruan zabaldu diren gogoeta pare bat ilustratzeko, hau eta hau.

Helduen euskalduntzean berriz testu-liburua zer izan den-eta arin pentsatuta, aspaldiko "Jalgi Hadi", "Euskalduntzen" eta halakoak etorri zaizkit gogora lehenengo. Gero, inoiz baten batek eskola-insitutuetan erabiltzen direnak euskaltegiar ekarri dituela gogoratu dut, ez da sistematikoa izan baina. Gerora zabaldutako hainbat metodo eta material-bildumak testu-liburuaren papera bete dutela ere esan daiteke, norberak eman dizkien erabileraren arabera beti ere.

Egia esanda, esango nuke gurean oro har ez dugula inoiz testu-liburua deitu dakiokeenik izan, bai ordea "metodo" asko. Errealitate ugari eta desberdinak izan ditugu eta ditugu hala ere, eta egongo da testu-liburuaren erabilera klasikora gehiago hurbildu denik seguruenik.

Testu-libururik ez, baina esango nuke irakasle askok ez lioketela muzin egingo euren jarduna burutzeko pausorik pausoko instrukzioak ematen dituen zerbaiti. Akaso Nodos Elekoek Ikea aktibitateak deitzen diotenaren antzeko zer edo zer. Zer pentsatua ematen du asuntoak:

  • Testu-liburua azken batean programazio zehaztua da, egin beharreko guztia ordenatzen duena. Oso ikastaro luzeak izaten dira gureak, ordu askokoak, ondorioz ibilbide hori gobernatzeko programazioa diseinatzea ez da ez samurra ez laburra izaten. Elementu asko konbinatu behar dira denbora sekuentzia luze batean, jarduera eta tarte-mota desberdinak, edukiak, pertsonak, aurrerapena... Ez da erraza, ez, eta erraza da pentsatzea 300 orduko ikastaro baten panorama aurrean jarrita, horren "mapa" egin behar hutsak ikaratu egin behar dituela irakasle gehienak. Areago horretarako prestakuntza, laguntza eta ereduak gutxi eta urrunak badira.
  • Programazio zehaztua izatea laguntza handia da duda barik, eta programazio hori ona bada, eraginkorra ere bai, baina, arriskuak ere badaude. Instrukzioak arautegi bezala erabiltzea bat, "hau da guztiek egin behar dutena eta kitto", egokitzapen edo aldaketa barik. Erantzunkizuna saihestea beste bat, gauzak txarto badoaz, badago errua nori bota, "materiala txarra da eta...".  Beste bat, irakaslea azken batean operario baten papera hartzea: "esaidazu zer egin behar dudan". Ekimena, analisia eta garapenerako aukerak baztertuta.

Azken urteotan materialgintza eskaintza aktibitateen diseinuan zentratu dela esango nuke, azaleko pertzepzioa baino ez da beharbada. Egia da modulu eta ikastaro batzuk eskaini direla, baina jarduera "berezien" munduan kokatuta gehien bat (Aisa, merkatariak, gurasoak...). Lehenago berriz "mailak" edo urratsak diseinatzea izaten zen ohikoa.

Nire ustez diseinu maila desberdinak ditugu, eta denei eman beharko litzaieke arreta.

  • Ikastaroa edo ikas-jarduera. Denbora tarte batean garatzen den aktibitatea, ikasleari "saltzen" dioguna nolabait: X orduko aurrez aurreko ikastaroa, X eguneko barnetegia, X orduko autoikaskuntza modulua... Horiek guztiek helburu batzuek izaten dituzte eta haraino egin beharreko ibilbide bat, duda barik. Baina, uste dut eskola mundutik sarri hartzen dugula gurean hala ez den gauza bat: gure curriculumetan dauden mailak ez dira eskaintzen ditugun ikastaroak derrigor. Eskola batean maila bakoitza ikasturte bat izan ohi da, ikastaro bat esan dezagun. Gurean berriz, ordu kopuru desberdineko ikastaroak, ikas-sistema edo ingurune desberdinetan, xede-talde desberdinekin, abiapuntu eta xede-puntu irregularrekoak... Gure eskaintza ez da eskola batena bezain monolitikoa alegia, badakizue, "maila guztiak eta ordutegi guztiak". Saiatu "katalogo" bat osatzen eta begiratu curriculumarekin bat datorren ala ez.
  • Moduluak, ikas-unitateak, sekuentziak.... Ikastaro edo ikas-programa batean txertatuta egon beharko lukete. Ez dira aktibitate isolatuak, nolabaiteko ibilbide baten barruan daude, akaso askotan eurek bakarrik osatu dezakete ikastaro bat, baina gehinetan testuinguru batean kokatzea eskatzen dute, hau da, aurrekoarekin lotu eta ondorengoari sarrera eman.
  • Aktibitateak. Badakizue, ariketak, atazak, jolasak... Solte etortzen dira, batzuk besteak baino garatuago, luzeago, zehatzago... Klase guztietako eduki edo helburuei begirakoak, ikuspegi metodologiko batekin edo bestearekin lotuta... Kasu guztietan irakasleari ibilbide batean kokatzea dagokio: noiz, nola, zertarako, zergatik. Bestela klasea ikasleari noraezeko buelta iruditzen zaio erraz asko..

Tira, beti bezala gogoeta kaotiko boteprontikoa. Artezteko modukoa ez ezik arteztu beharrekoa ere bai.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 3 iruzkin

Didaktikari: artzain-alegoria

Benito(e)k bidalita 2009, urtarrila 23 - 09:36(e)an.

Klase bateko krisiak klase guztietako krisiak eragin ditzakeela eta neuri identitate laboralaren krisia etorri zait gaur. Didaktikaria? Zer da didaktikaria izatea?

Halakoetan denok barruan daroagun gaztagile artisau hori azalerazten da lehenengo-lehenengo. Basoaren bake santura noa ardiak jagoten txakur ilegorria konpainia bakarra hartuta, buruan Idiazabal puruena zelan egin neke bakarra hartuta orduak eta orduak gogoeta iraunkorrean pago milenario baten arrimuan.

Baina siesta Euskalmeten elur-kotaren mugan suertatu ohi den pagoaren azpian egin edo gas naturalaren epelean egin balantzan jarrita, ardilatxak pegatinarako geratzen dira segidan eta malaletxeak gaztanberaren tenperaturara epeldu.

Estufara arrimatu eta eskuak igurtzi bitartean autodefinitzen saiatuko gara.

  • Nora, noiz eta nola joan behar den dioen pastoreak gara? Zelan dakigu guk berriz? Ardiak bagina gure moduko artzain bati egingo genioke kasu? Fidatuko ginateke? Belar ona eta freskoa aurkitzen jakingo genuke beti?
  • Instrukzioak jaso eta haiexek betearazten ditugun artzai-txakurrak gara akaso? Fede itsu horrekin gobernatu behar dugu azienda? Nor da gure patroia orduan? Nondik datoz instrukzio horiek? Ondo eman dizkigute? Ondo ulertu ditugu?
  • Edo belartzara gidatu beharrean pentsua egin eta banatzen ibili behar dugu? Belar onik beti ez eta pentsua aukera onena ote? Gure pentsuek beteko dituzte proteina-karbohidrato-koipeen proportzioak?
  • Edo herren zein ardi dabilen begiratu, hura hartu eta tratamenduan ipini? Larrialdietako albaitaria 24 orduz. Anbulantzia nahikorik bai? Botikarik?
  • Ardiak eta txakurrak entrenatzen eman behar dugu denbora? Gure hizkera ulertuko ote dute? Jakingo dute gero bazkarako bide ona aurkitzen? Trokaren batean behera ez dira amilduko? Ala buelta eman eta guri begira-begira jarriko zaizkigu, kieto-kieto geldirik? Ardiek berez belarra aurkitzeko sena dutela sinesten dugu?
  • Mataderora zein bota behar den erabakitzea ere tokatuko zaigu? Hau estura!
  • Borda ondoan orduak eta egunak luze nora edo hara begira kaskarra irakinetan hasiko zaigu akaso? Milaka bidezidor egingo ditu hark gora eta behera ipurdia harritik altxatu barik. Zorameneraino bidea egiten ei du sarri artzainaren buruak. Tradizioan bestalde artzaina kantari eta olerkari irudikatzen da sarri.
  • Gure ardiek ematen duten onena jetzi eta labeldun gazta eginda munduari ematea izan liteke gure zer egina? Ketuta, ketu barik, gatzatuan edo gazta zahar eginda. Jakingo ote dugu halako delicatessen-ak prestatzen? Eta saltzen?
  • Hobe izango genuke bestela ardiak kortan sartu, makinak entxufatu eta handixik gobernatu? Baina gazta berdin-berdina izango litzateke? Puristek onartuko lukete?
  • Eta otsoa? Otsoa baletor? Zer egin beharko genuke? Otsorik bada ala?

Honetan nabilela ardiak eta txakurra berbetan hasi dira, gure modura. Eurek ere ardia izatea zer den ondo ez dakitela esan dute. Ahariren bat agertu da harro-harro,  berak bai, berak badakiela. Segidan beste ahari batekin hasi da talkan.

Alegoria pastoril batean sartu gara deskuidoan. Akabuan orain ulertzen dut hark ulertzen ez zuena: euskaraz artzaina izendatzeko zergatik dauden hainbeste berba.

PD: eta non ikasten da artzain izaten?

Argazkia: Nevadan euskal artzainek egindako inskripzioa. Eusko Sareren bidez.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | 6 iruzkin

Syndicate content

AzkenakHarpidetu (RSS)

Harpidetu erantzun eta iruzkinetara (RSS)

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak