aek

16
Urr
2007

mintzapraktika.org

Mintzapraktika.org atari berria aurkeztu dute gaur Bilbon Topaguneak eta AEK-k. Mintzapraktika proiektuen erreferentzia-ataria izan nahi du Mintzapraktika-org honek.

Kukutxua eginda hauek aurkitu ditugu:

Jarraipena egin beharko zaio MP ume jaio berriari.

Eguneraketa:

Topagunearen webgunean eta Sustatun informazio gehiago zabaldu da gaur arratsaldean. 

11
Ira
2007

0708 kanpaina

0708ko matrikulazio kanpainako lehenengo perretxikoak hasi dira irteten.

ZATOZ_EUSKALTEGIRA_070910_1234_0001

HABEk aurten "Zatoz euskaltegira!" leloa hautatu du, bideoa, irratirako iragarkia eta afixa prestatu ditu. Hemen daukaue Ikasbileko albistea. Eta hemen behean bideoa.

Udal Euskaltegiek ere diseinatuta daukate kanpaina, "Nahi baduzu, egingo duzu" leloa, eta hau da kartela. Azpeitiko Udal Euskaltegikoek eman digute kanpainaren azalpena erabili.com-en.

AEKn webgunea berritzen ari direla dirudi, helbidea ere aldatu da: www.aek.org da oraingoa, www.aeknet.net zaharrera joanda helbide berrira bidaltzen da hala ere. Kanpainarako flash animazioa jarri dute bertan, leloa "Euskara, zure altxorra/ Euskara, tu secreto".

aek0708

Elkarlanen blogean "Bilbon euskaraz" irakurtzen den kartela daukagu, eta Gabriel Aresti euskaltegiaren webgunean banner hau ikus daiteke, haren 25. urteurrenaren karira.

matrikulazio-kanpainia

Besteen webguneetan ez dut kanpaina edo lelo berririk ikusi oraingoz. Datozen egunotan jarraituko dugu kukutxua egiten.

Bide batez, alboko barran aurkitu ditudan publizitate kartelak ipini ditut bistan. Zuena ez badago eta agertzea nahi baduzue, bidali eta ipiniko dut.

04
Ira
2007

Magikoa?

Gaur8n Elizabeth Macklin New Yorkeko poetari buruzko artikulu polita idatzi du Ines Intxaustik aste honetan. Pasarte hau hona ekartzeko modukoa begitandu zait, Euskal Herrira etorri, euskara ikasten hasi eta lehenengo berbak esan behar zituenekoa:

...«Nor zara zu?», galdetu zion irakasleak. «Ni Elizabeth naiz». «Zer zara zu?» galdetu zion ostean. Galdera entzun bezain azkar, inoiz ahoskatu gabeko erantzuna ematera zihoala jabetu zen: «Ni idazlea naiz». Ordura arte ez omen zion inoiz buruari «I'm a writter» esan. 46 urte zituen dagoeneko. Ez al da magikoa?

Inguruan uste dugun baino magia gehiago dabil, guk ez dugu beti sentitzen baina. Lastima!

Elizabeth Macklinen webgunea bisitatzen baduzue, euskara ikasi eta praktikatu bitarteko esperientzia-testuetan "aurkitu" zuen poema esperimental hau duzue: Who Put the Code in the Dagoeneko?

Berton Macklin-ek

...euskara eta aurre-itzulpenaren mundua esploratzen du -non "ulertzen ez duzunean zaila da gaizki ulertzeak azaltzea, eta, bereziki ez dakizunean ez duzula ulertzen".

25
Mai
2007

Sagarno Eguna Baionan

Baionako lankideek eskatuta, atsegin handiz pasarazten dizuet Gure Irratiak, bi ikastolak eta Baionako gau eskolak antolatu duten Sagarno Egunerako gonbitea.

Hau da gonbitea:

Zatozte numbre haundian, ekitaldi mundial honetara!!...eta mezua pasaraz...

hau da programa:

Maiatzaren 26an, 18:00etatik goiti, 9. Sagarno Eguna ospatuko da Baionan, Gure Irratiak, Baionako Gau Eskolak eta bi ikastolek antolaturik. Sukaldaritza eta kultura uztartzeko parada.

Euskal kultura eta sukaldaritza

Sagarno Egunak garatzen ari den ekonomia baten islada izan nahi du, euskal kulturaren eta sukaldaritzaren inguruko animazio baten karietara.

Urtez urte, besta gero eta arrakastatsua bilakatzen ari da, gero eta partaide gehiago, eta sagarnoa gero eta hobeki ezagutzen duen publikoa izanez.

Alabaina, Euskal Herriko 25 elkarte partaide dira beren pintxoak eskainiko dituztenak.

Egunaren egitaraua aberatsa izanen da :

- 18:00 : Sagarno Egunaren estreinatze ofiziala

Baionako 25 elkartek zerbitzatu 25 sagarno mota ezberdinen dastaketa pintxoekin. Sartzea : 6 euro. Sagarno edalontzi bat eskainia izanen da sartzeko txartelaren truke.

  • Txotxttiki : sagar jusa haurrentzat
  • Txotxofer : sagar jusa gidarientzat

- 21:00 : Patxi Perez eta Konpainia

- 23:00 : Larrain Dantza

- 23:15 : Kiki Bordatxo

Jateko formula arinak, atsedengunea eta jokoak haurrentzat. Animazioak : Errobiko Gaiteroak, Hiriburuko trikitilariak, Chérubinots taxaranga, Orai Bat eta Jo Txistua-ko txistulariak, txalaparta, Ibaialde eta Baionan Kantuz-eko kantariak, Txikitoren Batukada.

Animazioak egun guzian :

- 11:00 : Baionan Kantuz merkatuan

- 16:00 : musika karriketan

Eta hemen daukazue informazio gehiago.

22
Mai
2007

Irrintzi400 karpa

Iruñeko Donibane auzoko Irrintzi euskaltegiak urtero antolatzen duen karpa-jaia iragarri du bere blogean.

Hemen daukazue albistea eta egitaraua:

irrintzi400 karpa, larunbatean denok Donibanera!!!
Urtero bezala Iruñeko Donibane auzoko Irrintzi-AEK euskaltegiak antolatu du besta handi bat. Maiatzaren 26an, larunbatarekin, aurten 7. aek karpa izanen da. Egun osoko egitaraua prest dugu:
Goizeko 10etatik hasita, futbito txapelketak, dantzari txikien topaketa (100tik gora dantzari), 12etan fanfarrea,txalapartariak ...eta aurten, lehenengoz, Nafarroako bodega askoren partehartzearekin "ardo feria erraldoi eta herrikoia" eginen dugu. 14:30ean Herri Bazkaria (txartelak salgai aek-ko euskaltegietan) eta arratsaldean, karaokea, TRIKIZIO, talde sorpresa eta beste hamaika ikuskizun.

20
Mai
2007

Paparrekoak II

Aurreko astean pasatu didaten pegatina bilduma non erakutsi topatzen banuen han ipiniko nuela esan nuen. Hemen daude.

Google-en Picasa Web Albums probatzen ibili naizela pegatina horientzako erakustoki ona izan litekeela eta 300 bat sartu ditut. Gehienak AEKrenak dira, baina besteen alerik ere badago.

Klikatu beheko irudian eta album osoa ikusiko duzue.

Euskaltegiak: pegatinak

Edo, nahi baduzu, aurkezpen honetan ikusi:
12
Mai
2007

Paparrekoak

astiroGaur arratsaldean lagun batek pegatina bildumak erakutsi dizkit. Pegatina bildumazale koadrilatxoa dabil gure herrian, bildumazale porrokatuak eta zehatzak, 30.000 aletik gorako bildumak ei daude hortik, batzuk duela 30 urtetik gora hasita.

Pegatinak, kartelak, txapak eta halakoak batuta gure herriaren azken urteotako historiaren erakusleihoa egin ahal duda barik, eta egin ere, pegatinazale hauek egiten ari dira. Lantzean behin batu, bildumak erakutsi, trukatu, komentatu,... eta artxibategia eraiki apurka-apurka. Sarera ez dute salto egin oraindino, baina egun batean ausartzen badira, ikusteko modukoa izango da duda barik.

Gure munduak ere pegatinak sortu ditu urteotan, hemen dauzkazue ale batzuk:

Hau zaharrenetako bat izango da seguruenik-

gau eskolak

Hau deigarrienetako bat, ezta?

kastro

Hau ere ez da atzo goizekoa:

ikasi

Honek ilusio berezia egin dit, berton egin nintzen, Biasterin, ez dut urtea zehazki gogoratzen, baina 1985 inguruan izan zela uste dut:

arabako errioxako aek

Eta hau izan zen bigarren Korrikako "petoa". Bilbo erdia egin nuen honelako batekin.

korrika

Askoz gehiago daude jakina, nostalgia ariketa ederra, eta historia ere bai. Astia badaukat saiatuko naiz nonbait gehiago ipintzen. Bestela, pegatineroek, esan dudan bezala, lantzean behin bilerak eta erakusketak egiten dituzte. Hurrengoa Bilboko Kukutza gaztetxean ekainaren 11tik 17ra, 16an truke eguna daukate bertan. Bestela, euskalduntze-alfabetatzearen ingurukoa egitea eskatzen badiezue, seguru ez dutela batere arazorik edukiko.

08
Api
2007

Karrajua Aizu!n

Aizu! aldizkariko lankideek elkarrizketa egin didate karrajua dela eta ez dela, eta azken alean daukazue irakurgai.

Testigantzak atalean Blogen gaineko errepasoa egin dute, nitaz gainera Joxe Aranzabal (Faroa) eta Katixa Agirre (Gauez eta azpikeriaz) ere ekarri dituzte. Niri (eta zuei) mesedea egin didate eta (interneteko edizioan behintzat) ez dute nire argazkia publikatu Tongue out.

Halako titularra ipini didate:

"Egiten duguna zabaldu egin behar da, baten batek ikusi eta hobetzeko"

Ez dakit blogen inguruan dena esanda ote dagoen, baina esan gura ditugun guztiak esatea zaila egiten da. Aste pare batean, elkarrizketa bi egin dizkidate, ez dakit sarean saltseatzen ibiltzea hainbesterainoko motiboa ote den, baina dagoena baino gehiago dagoela inork pentsatu dezakeela uste izaten dut horrelakoekin. Dena dela, oraingoan gauza pare bat argi geratu direla uste dut.

  • Nire ustez blogak ez dira pontifikatzeko dorreak, norberak dakiena eta uste duena plazara botatzeko leihoak baino, bi aldeetaranzko norabidean: barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Ideiak eta informazioa osatu, landu, biribildu, ikasi,... horretan gabiltza.
  • Beti esaten dut, baina Karrajua ez da blog hutsa, eta are gutxiago blog pertsonala. Sareak ematen dituen aukerak esploratzeko eta erabiltzeko gune irekia da, kolaborazioaren printzipio webdosazero horietatik abiatuta tresna desberdinak lantzen dituena. Bloga tresna horietako bat da, baina blog kolektiboa izateko jaioa da. mundu honetako partaide anitzek osatutako komunikazio-gunea.

Karrajuak zer erantzun eduki duen ere galdetu zidaten. Erdi-broman honetaz jarduteko lagun pare bat behintzat topatu ditudala esan nien. Beharbada, balantzea egiteko sasoia heldu da, ez da erraza, ahalegintxoa egingo dugu.

  • Kolaborazioaren aldetik partaide bi gara une honetan blogean publikatzen dugunak. Biak AEK-koak. Ondo egongo litzateke publikatzeko jende gehiagoren partaidetza lortzea, maiztasun gutxirekin bada ere. Karrajuaren ideia hurbilago dago Sustatu edo Erabili.com-etik blog pertsonaletatik baino.
  • Teknikoki Drupal ondo portatu dela esan daiteke. Software fidagarria eta malgua da, eta orain arte bururatu zaizkigunak gauzatzeko ondo erantzuten izan du. Arazotxo batzuk eman dizkidate modulu batzuek, baina ez dira desastrerako motibo izan.
  • "Arrakasta" publikoa neurtu behar badugu, ez da erraza zeri erreparatu erabakitzea. Bisita kopurua egunean 50-100 bitartean dabil. Ez dakit horietatik zeintzuk diren "benetako" bisitak eta zeintzuk pasadakoak eta robotenak. Jarioak Bloglines-en 40 harpidedun inguru dauzka, beste zerbitzu batzuetatik ere etortzen dira bisitak (aurki.com adibidez). Technoratik 500 estekatik gora adierazten ditu, baina gehien-gehienak karrajuaren barruko estekak dira (pozik egon behar dute gurekin).
  • Datu teknikoetatik harago esango nuke teknologian eta euskal blogosferan dabilen jendeak jarraitzen duela karrajua euskaltegietako jendeak baino gehiago. Inpresioa da, beste barik, euskalduntzearen partaideen aldetik erantzun eta oihartzun gutxiago sumatzen dut, ez dakit arrazoia zein izan litekeen: teknologiarekiko arazoak, publikoan jarduteko ohitura falta, edo, beste barik, karrajuak eta karrajukoek ez dute euskalduntzeko hainbat jenderen interesa piztu, denerik egon liteke hemen. Beste kontu bat erantzunak eta eztabaida dira, azkenotan sano jaitsi da kopurua. Ez dakit azken hau blogosferaren arazo orokorra ez ote den, blogen ugaltzearekin batera gertatutakoa.
  • Lana. Orduak egiten dira honekin, baina publikatzen baino gehiago kontu teknikoetan, probak edo moldaketak egiten. Nik neuk behintzat ez dut nekerik sumatzen, publikatzeko abilidade apur bat hartuta gero eta errazago egiten da (errazegi ote?).

Tira, Aizu!ko lagunek balantzea egiteko bide eman digute tontamentean. Ez dakit Karrajuaren jarraitzaileok balorazio horrekin ados zaudeten, edozelan ere, badakizue web2.0 honek zelan funtzionatzen duen, informazioaren eraikuntza soziala.

Lagundu eiguzue baloratzen,.... edo egiten.

Sindikatu edukia