webgunea

11
Abe
2007

Egokitzapenak Karrajuan

Lehengo egunean Aitorrek egin zizkigun iradokizunei bueltatxoa emanda, Karrajuaren diseinuan aldaketatxo batzuk egin ditut. Ez dira ez asko ez goitik beherakoak izan, alboko barrakoen berrantolaketa besterik ez. Hain zuzen ere:

  • Goian eskuinean Karrajuko atal desberdinetan publikatu diren azkenengo bost mezuak ipini ditut. Azalean osorik ez dira agertzen atal guztietako mezuak, blogekoak eta zuek bidalitako  artikuluak soilik. Klaserako baliabideak eta ideiak, forokoak edo sarean topatzen ditugun testuak ez dira agertzen osorik. Horrela publikatu diren azkenengoen zerrenda ikusteko modua daukagu behintzat.
  • Bestalde, haren azpian artikuluak bidaltzeko propaganda apur baten ostean, nire ustez, Karrajuan garrantzi handiko elementuak ipini ditut, iruzkinak edo erantzunak() Ezkerrean bidali diren azken iruzkinak, eta eskuinean komentario gehien eduki duten mezuen zerrenda. Azken honek beharbada, apur bat lagundu ahal du saltsa non dabilen topatzen.
  • Hortik beherakoetan ez dago aldaketa handirik. Etiketa lainoak behera eta albistegiko azkenak goratxoago. Bestela, atal desberdinetan publikatutako azkenengoen zerrendak daude eskuineko aldean.

Ez da aparteko ezer, bistan da, baina espero dut honela Karrajuan zer dagoen eta zer dabilen argiago geratzea, eta nabigazioa erraztea.

Kritikak, ekarpenak eta aholkuak onartzen dira, esan gabe doa.

19
Aza
2007

Euskaltegien webguneak

Lehengoan deskubritu nuen Webslides jostailuarekin euskaltegien webguneen aurkezpena egitea pentsatu dut. Erraza, Diigon lastermarken zerrenda egin eta automatikoki sortu du aurkezpena, hemen daukazue: Euskaltegien webguneak. (bide batez, baten bat falta bada esan, mesedez.)

Aurkezpenari begira geratu naiz. Zer daukagun ikusten. Hain zuzen ere, ikasturtearen hasieran euskaltegien webguneek interneten zer pisu daukaten jardun genuen, ez webguneei eurei buruz hala ere.

Alde handiak daude batetik bestera: estetika, antolaketa, edukiak, zerbitzuak, informazioa, lantze-maila, eguneratzea, irisgarritasuna, funtzionamendua... Oro har hala ere, denak ikusita inpresio gazi-geza hartu dut.

Gaur egun webgunea edukitzeak berez ez du ezer adierazten, ez bada interneten egon behar dela munduan bazarela adierazteko akaso. Funtzio desberdinak bete ahal ditu webguneak: nor-zer-non zaren esan, marketing eta publizitaterako tresna, zerbitzuak emateko bide, baliabide-iturri, komunikazio-gune, albistegi...

Hori guztia nahi izaten da sarritan, eta horrek mantenu eta eguneratze-lana eskatzen du. Inpresioa daukat gurean internet oraindik urrun ikusten dela eta, salbuespenak salbuespen, ez dela egiten webguneak antolatzeko eta eguneratzeko ahalegin berezirik. Eta gauzak aldatzen ari dira.

Ez naiz jarri diseinu hutsuneak detektatzen. Baten batek (auto)ebaluazioa egin nahi badu hor dauzka webguneen ohiko 43 akatsen zerrenda hau (ingelesez, hemen gaztelaniaz) edo Jakob Nielsen guruaren aholkuak.

Ez da diseinu kontua soilik hala ere, beharbada lehenengo galderak honakoak izan daitezke: Zertarako nahi dugu webgunea? Zertarako behar dezake jendeak? Zer irudi-mezu-eduki zabaldu nahi ditugu sarean? eta... Hori da gaur egun zabaltzen duguna?

Hemen daukazue aurkezpena. Zuei zer iruditzen zaizkizue?

Euskaltegien webguneak

11
Aza
2007

Artxiboak


Archive.org edo Internet Archive
interneten artxibategi erraldoia sortzeko irabazteko asmorik gabeko egitasmoa da. Martxan dago aspaldi, artxibategiak adar nagusi bi ditu oraingoz: webguneen historialak eta multimedia fitxategien (filmak, audioa, testuak...) biltegi libre eta irekia. 

Eta bietan dagoeneko hainbat eta hainbat fitxategi gordeta eta milioka webgune dauzkate indexatuta. Azken honetan maiztasun batekin webguneari "argazkia" hartu eta bertan gordetzen dute etxean daukagun norberaren argazki-albumaren antzera.

Ez pentsa webgune handiei egiten dietela soilik. Karrajuari ere egin diote jarraipena adibidez, eta seguru web edo bloga daukazuenok zeuen helbidea sartzen baduzue han aurkituko duzuela historiala.

Karrajuari urte biotako errepasoa egiteko ondo dago, eta Archive.org-en gordetakoei "argazkiak" hartu, Flickr-en gorde eta irudiok Animotora bidaltzen badituzu, honako spot-a eduki dezakezu di-da batean.

Horrelakoekin norbera Google-en besteko inportantea sentitzen da hamabost minutuan ;-)

09
Aza
2007

Egokitzapen teknikoak Karrajuan

Gure web-ostatze zerbitzuan egokitzapen teknikoak egin behar dira zerbitzua hobetzearren, eta zerbitzariaren migrazioa egingo digute gaur

Ondorioz, baliteke gaur Karrajuan artikulu edo iruzkinen bat publikatuz gero hurrengo egunetan ikusteko arazoak edukitzea.

Beraz, ahal den neurrian, gaur (azaroak 9, ostirala) iruzkinik ez egitea eskatuko dizuegu. Edozelan ere, baten bat argitaratuko balitz, gorde eta datozen egunotan arazoren bat balego berriro ekartzen saiatuko gara.

Eskerrik asko, zuei eta Borobilako lagunei.

16
Urr
2007

mintzapraktika.org

Mintzapraktika.org atari berria aurkeztu dute gaur Bilbon Topaguneak eta AEK-k. Mintzapraktika proiektuen erreferentzia-ataria izan nahi du Mintzapraktika-org honek.

Kukutxua eginda hauek aurkitu ditugu:

Jarraipena egin beharko zaio MP ume jaio berriari.

Eguneraketa:

Topagunearen webgunean eta Sustatun informazio gehiago zabaldu da gaur arratsaldean. 

04
Ira
2007

Santurtziko Udal Euskaltegia: webgunea berritzen

Santurtziko Udal Euskaltegikoak bereziki aktiboak ditugu gure sektore honetan, didaktika zein teknologia alorretan. Eta abuztuan geldirik ezin egon eta webgunea berdiseinatu egin dute.

Aurrekoan atari osoa antolatzeko Moodle erabili zuten. Orain Joomla CMSa erabilita berdiseinatu dute, atariaren sarrera gehien bat. Moodle Ikasgela birtualerako kontserbatu dute.

Oraindik berregokitzapena amaitu barik dagoela dirudi, haren albiste ematen dute, baina labur-labur. Hala ere nobedade batzuk ikusi ahal dira. Albistegi ezberdinak atondu dituzte: euskaltegia, ekitaldiak, ikastaroak eta azterketak eta deialdiak. Inkestak ere jarri dituzte. Interesgarriena proiektuak atalean dugu, didakteka atalean hain zuzen ere. Bertan sartu eta wikia dela konturatuko gara. Honela azaldu dute sarreran:

Didaktekaren helburu nagusia euskara-irakasleen esku era guztietako materialak uztea da, teoria eta hausnarketa uztartuz hezkuntza-praktika mesedetzeko asmoz. Horretarako, euskara irakatsi eta ikasteko tresnak, baliabideak eta dokumentazioa era sistematikoan eta kolaboratiboan bildu eta sailkatu nahi ditugu.

Euskara irakasleontzako baliabide bilduma egin nahi da dirudienez, era kolaboratiboan. Dagoeneko material batzuk jarri dituzte eskura. Erabili duten software-arengatik (Mediawiki), euskalduntze-alfabetatzearen wikipediaren traza hartu dakioke.

Gure sektorean kolaborazioa eta han-hemen dihardugunon parte-hartzearen beharra sarri azpimarratu dugu hemendik ere. Seguruenik horretara heltzea tresna eta teknologiatik haragoko arazoa ere bada. Kolaborazioa suspertzeko harremanak eta ohiturak zabaltzearena adibidez.

SUEkoen proiektu honi jarraitu egin beharko zaio beraz.

12
Mai
2007

Atal berria Karrajuan: testuak sarean

Atal berria atondu dugu, testuak sarean. Orain arte Karrajuaren egituran honakoak eduki ditugu:

  • Blogak.
  • Albistegia edo RSS agregatzailea
  • Foroak: Edonork eztabaidatzeko bota ditzakeen gaiak.
  • Klaserako ideiak. Klaseko aktibitateak egiteko ideiak saiatzen gara hemen batzen.
  • Klaserako baliabideak. Irakasle eta ikasleentzat sarean dauden gauza interesgarrien zerrenda egiten saiatzen gara hor.
  • Testuak: Idazten ditugun artikuluak, esperimentuak eta abarrak, liburu modura sailkatuta.
  • Artikuluak. Karrajuko erabiltzaileak ez direnei eurena artikuluak edo mezuak publikatzeo aukera emateko.

Hala ere, sarean sarritan artikulu eta testu interesgarriak aurkitzen ditugu, gure lanarekin lotutakoak eta blogean den-denak aipatzeko eta komentatzeko modurik ez dugu edukitzen, eta beste ataletan ez dira erraz sartzen. Normalean del.icio.us-en edo bildu.net-en markatzen ditugu, baina Karrajuan haiekin zerrendatxoa egiten hastea ere interesgarria izan daiteke. Beraz aurkitu eta zerbaitengatik azpimarragarriak deritzegun horiekin atala osatu dugu.

Hemen daukazue zerrenda, eta orri nagusian eskumako barran agertu dira behean gehitzen ditugun azkenak.

Ez da zerrenda zehatza eta izango, interesgarriak iruditu zaizkugunen aipamena baino. Dena dela, badakizue, irakurri eta haien inguruan jardun nahi baduzue, komentarioak erabili.

01
Mai
2007

Blogetik "liburura"

Blogetan gauza asko botatzen dira, hurrenkera kronologikoan, eta halaxe agertzen dira jeneralean, berrienetik hasita atzerantz. Batzuetan berriz, etiketak, kategoriak eta guzti, kostatzen da aspaldian botatako artikuluak aurkitzea. Nik neuk ere, Karrajuan berton artikulu zahar baten bila nabilenean buelta bat baino gehiago eman behar izaten ditut. Azkenean Google-era jotzea izaten da efektiboena.

Blogetan era askotako mezuak idazten dira, batzuk oso lotuta daude sasoian-saoiko kontuekin, eta publikatzen diren momentutik aurrera balioa galtzen dute. Beste batzuk, berriz, intenporalagoak dira, dela gaiagatik, dela inguruan sortu den hausnarketa kolektiboagatik (ez zait eztabaida terminoa gustatzen), eta lantzean behin osteratxoa egiteko modukoak izaten dira.

Azken baten, bloga idaztea liburua idaztea bezalakoa izan daiteke, baina orden kronologikoa ez da logikoena izaten beti. Karrajuan ere badira beste era batera sailkatu ahal diren artikuluak (aparteko merezimendurik ez badaukate ere), eta Drupal-ek aukera ona ematen du "liburu" modura sailkatzeko, book modulua.

Fijatu bazarete Karrajuan hasieratik daukagu atal bat testuak izenekoa. Hasiera baten asmoa gai zehatz bati buruz idazten diren testuak eta artikuluak (blogetik kanpo) berton batzea zen, eta halaxe sortu ziren batzuk (zirriborroak gehienetan). Book moduluak aukera hori ematen du, wiki baten antzeratsu. Eskuliburuak eta how-to-ak idazteko pentsatuta zegoen, baina edozelako testuak antolatzeko balio du.

Horrez gain, beste aukera bat ere badago, beste era bateko edukiak (bloga, orri estatikoak edo norberak sortutako eduki-motak) "liburu" batean antolatu daitezke, orri nagusiak eta menpekoak kategorietan eta ataletan antolatuta.

Horrela, blogeko mezu batzuk antolatzen hasi naiz. Adibidez M-learning-i buruzko azken mezua teleikaskuntza izeneko liburuan sartu dut, edo egiten ditugun esperimentu tekniko batzuk teknoendredoak liburuan kokatu ditut, edo Hizpide bat agertzen denean egiten ditugun komentarioak Testuak eta liburuak izeneko liburuko azpiatal baten daude. Gainera liburu guztiak daukate inprimatzeko bertsioa (adibidea) non liburu osoa (artikulu guztiak) inprimatu daitezkeen.

Mezuek blogean jarraitzen dute, eta, aldi berean, liburua osatzen dute. Blogeatzen duguna antolatzeko beste era bat. Kolaboratiboa gainera.

Sindikatu edukia