aek

05
Urr
2006

Julio Ibarra: "Santutxun beti egon izan da giro euskalduna"

Julio Ibarra: «ETB benetako euskaltegia izan da niretzat»

Abuztuan agertu zen Berrian Julio Ibarrari egindako elkarrizketa hau. Gure auzokide famatuenak Santutxuko AEK aipatu eta ezin izan dut hona ekarri barik utzi.

...Baina etxean beti egon da euskararen aldeko giroa. Nik, eskolan, ikasgai nuen euskara. 14 urterekin, Santutxuko gau eskolan hasi nintzen, neure kabuz. Hango AEKn ere ibili nintzen, eta halaxe ikasi nuen. Santutxun beti egon izan da giro euskalduna.

Kontu sentimentala izan da gehien bat, baina Santutxu inguruan euskalduntzeak eta euskalgintzak daukan historiak aipamentxo hori ondo merezita dauka. Inoiz historia hori kontatu egin beharko da.

txurdisantutxu

28
Ira
2006

Getxoko Udalak euskaltegietan eta gau eskoletan ibilitako irakasleen topaketa antolatu du

Getxoko Udalak euskaltegietan eta gau eskoletan ibilitako irakasleen topaketa antolatu du biharko -

Getxoko Udalak bertoko euskaltegietako langile eta aitzineko gau eskoletako irakasleen arteko topaketa antolatu du. Ekitaldi horretara Errepublika garaian, 1930ean, “Escuela Vasca” izan zeneko irakasleen ondorengoak ere gonbidatuak izan dira. Ekitaldia bihar asteazkenean, hilaren 27an, 19:00etan izango da Algortako Kultur Etxean, Villamonten. Imanol Landa (argazkian) alkateorde eta Euskara zinegotziaren arabera, “topaketaren helburua irakasle horiek helduen euskalduntze prozesuan egindako lana aitortzea eta eskertzea da, batez ere euren esfortzua eta konpromisoa baino baliabide asko gehiagorik ez zeukaten garaietan”...[UKberri.net]

Horren harira beste hau etorri da.
Euskaltegietako eta gau eskoletako irakasleentzako ekitaldi instituzionala kritikatu du AEK-ko hainbat kide ohik

Biharko Getxo Udalak prestatu duen euskaltegietako eta aitzineko gau eskoletako irakasleen arteko topaketa kritikatu du gutun irekian Uribe Kostako AEKn ibilitako seikote batek. Gabi Basañez, Ana Sagasti, Laura Castillo, Alfredo Rodriguez, Jon Mikel Aldatz eta Itziar Amezaga sinatzaileek “oso harro” agertzen dira AEKn eta euskalgintzan egindako lanaz, baina ez dute ahazten “herria euskaldundu zedin egindako lan guzti hori trabatzeko” EAJk eta gobernatzen zituen erakundeek, Getxoko Udala tarteko, HABE euskaltegien sarea sortu izana “AEK suntsitu nahian”... [UKberri.net]

24
Ira
2006

Berezia izatea zer den!

Gara: Bigarren plan estrategikoa garatzeari ekingo dio AEK-k

Geltokia gehigarrian AEKri buruzko erreportajea dakar gaur (06/09/24) Garak. Matrikulazio kanpainan gaude eta prentsa idatzian zein sarean euskaltegien gaineko informazio eta publizitate ugari egoten da, beste sasoi batzuetan baino gehiago.

Erreportajean neure izena agertzen da, eskaintzaz berbetan, haritik tiratzeko eskaintza-talde-xede berezien inguruan zertan gabiltzan azaltzeko parada hartuko dut.

Euskaltegietan leku guztietan legez, eskaintza etengabe gabiltza berrizten. Aurten adibidez honako nobedadeak ikusten dira: AEKren idazkuntza lantegia, Mondragon Linguaren "Formazio konbinatua" (b-learning?), 4. maila euskaltegi gehiagotan (Labayrun adibidez), Osalan,... Ez ditut euskaltegi guztien katalogoak arakatu eta gehiago daude segurutik (jakinarazi mesedez, ideia ona izan daiteke nobedadeen katalogoa egitea eta komentatzea).

Kontua da gurean aspaldi jarri ginela eskaintzaz hausnartzen. Ikastaro bereziak, talde bereziak, talde txikiak, ohiko taldeak,... gerora HABEren bidez etorri zen Xede Bereziko Ikastaldeak,... Terminologia nahastosoa eta klitxez betea.

15
Ira
2006

Euskaltegien "mapa"

Trankil, ez naiz zein euskaltegi non ipini behar den eta halakoetan hasiko. EH2.0 jardunaldiak direla eta, euskaltegietan mundu horretan hasteko egin daitezkeen gauzarik erraz eta entretenigarrietarikoa proposatzera baino.

Tagzania ezagutuko duzue askok, beste askok entzun ere ez seguruenik. Ez dakizuenontzat sinple-sinple azalduko dizuet. Arrazoi bat edo beste dela munduko mapan nahi ditugun puntuak markatzeko tresna da. Adibidez, Bilbora joan gara bisitan, taberna baten sartu, gustatu eta non dagoen gogoratzeko eta baten bati erakusteko, mapan markatu, eta tak! Hor daukagu nahi dugunean kontsultatzeko. Holango sinplea.

Niri AEKn sarritan gertatu zait euskaltegi batera joan behar izatea, eta non dagoen ez jakitea, eta inguruko inork ere ez, edo azaltzen zaila izatea. Tira, helbidea bilatu, Tagzanian sartu, euskaltegi hori dagoen herrira mapan zehar nabigatu, markatu eta gorde. 

Behar dudanean gordeta daukadan lekura joan baino ez dut egin behar. Horrela tontamentean AEKren euskaltegi asko lokalizatu ditut.

Sailkatzeko etiketen sistema erabiltzen da. Markatu duzun puntu bakoitzari etiketa batzuk jarri ahal zaizkio arinago bilatzeko edo taldekatzeko. Adibidez, Santutxuko AEK, etiketa hauekin idenfikatu ditut: Bilbo Bilbao Bizkaia Euskalerria Txurdinaga Mahatserria euskaltegia AEK santutxu. Etiketa horietako bakoitzean sakatuta, etiketa berdina dauzkaten puntu guztiak agertuko dira. AEK sakatzen badugu, AEK etiketarekin markatuta dauden puntu guztiak agertuko dira zerrendan eta mapan, Santutxu markatuz gero, Santutxu etiketarekin markatutako guztiak. Eta euskaltegia sakatuta, Tagzanian markatu diren euskaltegi eta euskaltegiekin lotutako puntuen mapa, euskaltegien mapa alegia.

Ondo, baina kontua ez da hemen amaitzen. Lokalizatu ditudan euskaltegi horiek ez ditut nik bakarrik ikusiko. Tagzanian sartzen den edonork ikusi ahal ditu, eta nik neuretzako batu dudan informazio hori tontamentean denon eskura dago. Areago, beste norbaitek ere gauza bera egin dezake. Ikasle honek egin du adibidez.

Zer gertatzen da? Ba ikasle hori eta bion artean euskaltegi gehiago batu ditugula neuk bakarrik batu ditudanak baino, beraz, guztientzako informazio gehiago. Eta jende gehiagok gauza bera egingo balu Euskal Herriko euskaltegi guztien mapa ti-ta baten eginda daukagu denon eskura. Hau da web2.0aren ezaugarri nagusietakoa: guztion artean eraiki eta zabaltzen den informazioa.

Animatuko gara euskaltegiak markatzen? Erraza eta debalde, Tagzanian erregistratu baino ez da egin behar.

Euskaltegi bat lokalizatzen duzuenean ipini "euskaltegia" etiketa mesedez, horrela mapa honetan agertuko dira:

euskaltegia tagged map - Tagzania

Bai, mapak norberaren blogean edo webgunean jarri daitezke. Txuloa, e? Eta argazkiak ere jarri daitezke,

Bale, dakizuenoi honek guztiak ez dizue ezer berririk esan, baina zuen euskaltegia markatu duzue?

Hurrengo baten argazkiak.

14
Ira
2006

Garbiketa

Iraila arrankatzeko hila izaten da, eta orain aprobetxatu behar da urtean zehar egiteko modurik izaten ez diren gauza horiek egiteko. Garbiketa adibidez. Begitu gure bulegoa zelako garbi geratu den.

Hemen egiten dugu lan
Elegante, ezta?

 

13
Ira
2006

Beste bat: Garazi-Baigorriko AEK

Blogak egitea merkea eta erraza duda barik. Beste txanpinoi bat agertu zaigu, Iparraldean berau: Garazi-Baigorriko AEKren bloga.
Funtzio anitzeko bloga aurkezpenean diotenagatik. Zalantzak, didaktika, argazkiak, eztabaidak, berriak,... Ea ba, zortea eta aurrera! Baina gogoratu blogak etxeko abereak bezalakoak direla, jaten eman behar zaie, bestela fosilizatu egiten dira.

Bide batez propaganda apur bat egingo dugu, je, je, je,....

06
Eka
2006

Egun bat

Ez dakit honen berri noraino ailegatu den. Karrajuaren bidez zabaltzen saiatu naiz behinik behin. AEKn ibilita AEK egunak urteko gehienak dira, ospakizun eguna bakarra, antolaketa lanek ospatzeko modua ematen badigute behintzat.

Karrajuan gora eta behera nabilenetik gutxitan aipatu dut lan egiten dudan erakundea. Politikoki zuzena izan edo neutralitate ikutua ematearren seguruenik. Eta, egia esanda, AEKri buruz berba egiten hasteko besteko neutralitatea eta bustitzeko gogoa falta zait.

Aukera ona izan liteke AEK Eguna AEK eta AEKideen goraipamen loratua egiteko. Halako une emozioanala probokatzeko eta berba handiak plazaratzeko. Jakina, ez da egokiera ona inondik ere AEKri egurra emateko, are gutxiago komunikazio arduradunarengandik bost metrora eta koordinatzaile nagusiaren gaineko pisuan lan eginda. Eta bateko nahiz besteko kontatzen jarriz gero ere, ez nuke jakingo ez nondik hasi, ez noiz amaitu.

AEKeguna Txorierriko herri batera ekarri eta bertako euskaltzaleen, erakundeen eta euskara elkarteen kolaborazioa inoizko handienetarikoa izan den honetan, AEKz berba egiteko Derioko Tximintx elkartekoek euren blogean artikulu paren baten kontatutakoa nahikoa eta sufiziente begitandu zait AEK zer den, zer ez den, zertan dabilen eta nondik datorren azaltzeko, neuk kontatu nezakeena baino gehiago. Hona artikuluok.

Ez dakit horrekin AEKri buruzko ideia egin duzuen. Bestela, zapatuan Larrabetzun ideia egiteko ez dakit, baina egun bat pasatzeko modua behintzat edukiko duzue. Nahi baduzue gainera [AEK] egunaren izenean AEK jartzen duen lekuan zuen euskaltegiaren izena ere jarri dezakezue, edo euskaltegiaren eguna beste barik (ikastolak, eskola publikoak eta horiek guztiek euren egunak ospatu eta geuk ez daukagu eskubiderik, ala?). Ni neu behintzat ez naiz haserretuko.

Eta Larrabetzura ez bazoazte, hemen daukazue AEK Egunerako prestatu den materiala, klaserako balio badizue txakolin batekin ospatuko dut zapatuan, eta badakit nork ordainduko didan gainera.


aek tagged map - Tagzania
AEK

Sindikatu edukia