ahozkotasuna

14
Urt
2010

My Language Notebook: idatziz eta ahoz materialak sortzeko tresna

My Language Notebook zerbitzuko Jim Morrisonek mezua bidali digu aste honetan bere zerbitzuaren berri eman eta proposamena eginez euskarazko edukiak bertan sortzeko. Berak egin digu adibidea gainera. Interneten aurkitu duen "lesson" zahar bat erabiliz honako hau sortu digu, adibidea izan da, besterik ez.

Atoan-en aspaldian eman genuen zerbitzu honen berri, dena dela, Jim-en ahaleginaren pagu modura, apur bat gehiago azaltzea merezi du.

MLN hizkuntza-ikasle eta irakasleei euren "lesson" eta oharrak egiteko aukera ematen die (lesson hori ez naiz itzultzen ausartzen, "ikasgaia" egokia ote?), hau da, esaldi edo hitz zerrendak, idatziz eta ahoz. Webgunean halako asko ikusiko dituzue hainbat hizkuntzatan.

Printzipioz MLN ordenagailura jaitsi eta bertan instalatzen den programa da,  momentuz Windows sistemetan baino ez dabil. Programa horretan zeure "lesson" edo oharrak sortu, sailkatu eta editatu ahal dituzu. Idatzizko testuak, itzulpenak eta ahozko oharrak eta gehigarriak. Eta bertan gorde.

Horrez gain behin eginda, gure lanak bere webgunearen bidez zabaldu eta partekatzeko aukera ere ematen digu, hau da, webgunera igo eta handik erakutsi munduari, ikasleei, ikaskideei edo irakasleei.

Bertatik erakutsi, edo norberaren blog edo webgunean txertatzeko modua ere badugu. Hemen duzue Jimek prestatu duen lagina adibidez.

Tresna interesgarria, apur bat mugatua akaso, baina euskarazko hitz, esamolde eta abarren zerrendak eta "lesson"ak munduari erakusteko polita. Animatu probatzera, ez da zaila eta.

10
Ots
2007

Eibartik

Karrajua hitzaren ingurukoak topatzen Asier Sarasuaren Eibartik blogean agertu naiz. Han aspaldian egin zuen berba honen aipamena, bera hasi eta iruzkingileek jarraitu.

Eibartik blogean bertako euskalkia, etnografia eta naturaren inguruko kontuak ekartzen dizkigu Asierrek.

Bloga irakasle eta ikasleentzako baliabide interesgarria izan daitekeela uste dut, ahozko hizkuntzaren inguruko informazioa jasotzeko gehien bat: esaerak, hiztegiak, testuak,... eta ez Eibartarrentzat soilik, mendebaldeko hizkeraz, herri-hizkeraz eta euskara biziaz oro har interesa daukan edonorentzat baino. Euskaltegietan ere Euskaltzaindiaren arauez gain, euskara hori ere interesatzen zaigu ezta?

Bestalde, Eibartik blog hau eredu ona da nire ustez blogek eduki dezaketen funtzio didaktiko-dibulgatiboa erakusteko. Ahozko hizkera modu erakargarri eta erraz baten (ikaslearentzat adibidez) ezagutarazteko kasu honetan. Baten batek bere (inguruko) hizkera zabaldu, ezagutarazi eta gaurko euskarari harekin ekarpena egin  nahi badio, hemen dauka kopiatzeko eredu ona.

31
Urr
2006

Mendebalde Alkartea, liburu berriak

Hau ez da Internet-en aurkituko dugun materiala. Baina sarean albiste hau topatu eta Mendebalde Kultura Alkartearen webgunera jo dut xehetasun bila. Han asko ez, eta albiste horren pasartea ekarriko dut hona:

Mendebalde kultur elkarteak "Goi-maila I", "Goi-maila II" eta "Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak" liburuak aurkeztuko ditu ostiralean, Euskaltzaindiko egoitzan, Bilbon, goizeko 11,00etan hasita.
Kultur elkarteko iturriek gaur iragarri dutenez, "Goi-maila I" hizkuntza eskolako nahiz euskaltegiko goi-mailako ikaslearentzat egindakoa da. Liburu honetan, batez ere, deklinabidea, atzizkibidea, esaldi berezi batzuen itzulpena eta aditza lantzen dira. Aditzean aurrez aurre jarri dituzte bizkaiera eta batua, biak batera lantzeko eta ikasteko.
"Goi-maila II" liburua ere hizkuntza eskolako nahiz euskaltegiko goi-mailako ikaslearentzat egindakoa da, baina perpaus bakuna, mendeko perpausak, esamoldeak, hiztegia eta testak jorratzen ditu bereizki.

Azkenik, "Irakurketa ozena Bizkaian lantzeko materialak" liburuan aurkezten den gaiaren gunea irakurketa ozena ebaluatzeko irizpideak ematea da. Oraingoan, ikaslea edo esataria hartu dute gogoan eta hemen bildutako materaiala berari begira egin da.

Mendebalde partekoentzat interesgarria. Igual iparrorratzeko beste hiru lekuetakoentzat ere bai.

 

 

25
Urr
2006

Ahozkotasuna lantzeko webquest-a

IKTeroak aurrera dabiltza baliabideak sortzen eta eskaintzen. Azkenetarikoa ahozkotasuna lantzeko prestatu duten webquest hau.

Argudio testu formala ahoz ematen entrenatzeko ataza sorta dugu. EGAko ahozko azterketa  prestatzera enfokatuta dirudi neurri handi baten. Edozelan ere, EGA ematen dutenei ideiak behintzat eman ahal dizkie.

Webquest-a IKTei buruzko ikastaro baten inguruko artikulu honetan aipatu dute. Ordiziako lagun hauek zertan ari diren ere interesgarria da ezagutzea, hau dena nondik datorren ikusteko.

02
Mai
2006

Ahozkotasuna

Ahozkotasunaren inguruko bloga. Baliabide eta ideia ugari ahozko hizkuntza lantzeko.

Sindikatu edukia