albisteak

29
Aza
2006

Nafarroako euskaltegiak Parlamentuaren aurrean

Atzo Nafar Parlamentua aurrekontuen eztabaidan ari zela, kanpo aldean elkarretaratu ziren AEK eta IKAko lankideak diru-laguntzak eta errekonozimenduaren eskean.

Informazio gehiago: Diario de Noticias-en, Berria eta Gararen paperezko edizioetan ere agertu da, baina digitaletan ez dut aurkitu. AEK eta IKAren webguneetan ez dago informaziorik.

Aizu eta HABE aldizkariek ez bezala, espero dezagun honela ibili beharraren urteurren gehiagorik "ospatu" behar ez izatea.

29
Aza
2006

Aizu! 25 urte

Atzo esan eta gaur zabaldu da:

AIZU! aldizkariak 25 urte bete ditu

zokomiranAEKren aldizkariak ale berezia kaleratu du urteurrena ospatzeko

Aldizkaria sortu zuen taldeko partaide Esther Zarandonak gogoratu duenez, 1981eko Durangoko Azokan ikusi zuen argia AIZU!-ren 0 zenbakiak, Bilboko euskara irakasle eta ikasle batzuen ekimenez. Harrezkero euskara ikasleei euren ikas-prozesuan lagundu dien tresna izan da AIZU!, batez ere, 1983ko azaroan AEKrekin bat egin zuenetik.

Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiaren esanetan, “gaur egun Euskal Herriko AEK-k sustatutako aldizkaria da, ikasleentzat egindako produktua, euskara errazean idatzitakoa eta irakasleentzat ere lagungarri gertatzen dena klaseak prestatzerakoan”.

Urteurrena dela-eta, ale berezia kaleratu du AIZU!-k, ohiko formatu eta edukiak alde batera utzi eta 25 urteotan aldizkariaren orrietan agertutakoari garrantzia emanda. Horrela, 25 zenbakia erreferentzia bihurtu da eta AIZU!-ren historian kaleratutako 25 elkarrizketa, 25 erreportaje, AEKri buruzko 25 albiste, eta abar hautatu dira ale hau osatzeko. Guztiak agertzen dira bere horretan, inolako aldaketarik gabe, euskarak 25 urteotan bai terminologian bai arauetan izan duen eboluzioaren isla.

Erakusketa eta jaia

Bestalde, Eñaut Mitxelena aldizkariaren koordinatzaileak azaldu duenez, urteurren honetan AIZU!-tik igarotako laguntzaileak eta irakurle nagusi diren euskara ikasleak izan ditu gogoan batik bat AEKren aldizkariak. Lehenei begira, jaia antolatu du Bilboko Kalderapeko Kulturgunean abenduaren 1erako, bertatik pasatutakoak bildu eta zoriontzeko asmoz.

Eta irakurle eta ikasleei dagokienez, berriz, ikasturte osoan zehar euskaltegiz euskaltegi mugituko den erakusketa ibiltaria prestatu du, 25 urteotan kaleratu diren beste hainbeste portadekin.

Erakusketa dagoeneko ikusgai dago Kalderapekon, eta beste kasu batzuetan ere AEKren euskaltegietatik at ikusi ahal izango da, Gasteizko Hala Bedi tabernan, esaterako. (AEKren webgunetik ostuta)

Ale berezia, jaia, erakusketa. Jaira gonbidatu naute, kronika soziala egin beharko da ba.

28
Aza
2006

HABE aldizkariak 25 urte: postal lehiaketa

HABE aldizkariak 25 urte bete ditu. Zorionak bada! Postal lehiaketa antolatu dute ospatzeko, hau egin behar duzue parte hartzeko:

HABE aldizkaria duela 25 urte jaio zen eta ordutik hona asko izan dira bertan argitaratu ditugun artikulu eta erreportajeak. Berri hau ospatzeko modukoa dela eta, zuen lankidetza eskertuko genuke HABE Aldizkariari mezu bat idatzi eta guri bidaliz. Esan gabe doa jasotako guztien artean hainbat opari banatzeko zozketa bat egingo dugula. Beraz, badakizu. Anima zaitez eta postala idatzi! (Ikasbil-etik hartuta)

Sasoi beretsuan jaio zen Aizu! aldizkaria ere ospakizuna prestatzen ei dabil. Laster izango dugu haren berri ere.

23
Aza
2006

Elhuyar Hiztegiaren edizio berria aurkeztu da

Elhuyar Hiztegiaren edizio berria aurkeztu da - Lehenengoz argitaratatu zeneko hamargarren urteurrena betetzearekin batera kaleratu da Elhuyar Hiztegiaren hirugarren edizioa [Sustatu]

Euskaltegiko apaletan lekua egin beharko da.

21
Aza
2006

Dendaketan

HABEtik etorri den azkena:

HABEk argitaratu berri du Dendaketan ikasmateriala

Dendaketan merkataritza arloko profesionalei zuzendutako ikasmateriala da eta euskara ikasten hasiberriak diren edo hastekotan dabiltzan dendarientzat dago zuzendua eta bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera sustatzea du helburu.

Liburu bakarra da Dendaketan. Sei unitate didaktikoz dago osatua, eta bakoitzak, besteak beste, sei eskola-ordutan lantzeko edukiak biltzen ditu. Liburuarekin batera CDa dator eta bertan unitateetako elkarrizketak biltzen dira. Materialak 15 € salneurria du, HABEren dendan.

Esteka>

Aurkezpenak:

  • Donostia: HABE – Donostia: Vitoria-Gasteiz, 3 – 4.a – G1 aretoa; Abenduak 11 - Ordua: 10:30-11:30
  • Gasteiz: Eusko Jaurlaritza – Lakua II – Gela: 5; Abenduak 13 - Ordua: 10:30-11:30
  • Bilbo: Eusko Jaurlaritza – Gran Via 85 – Areto nagusia; Abenduak 15 - Ordua: 10:30-11:30

Aurkepenotara joateko HABEren prestakuntza sailean eman behar da izena: prestakuntzABILDUAhabe.org

17
Aza
2006

Korrika 15, sagaren hasiera: AEK-k laguntzaileak behar ditu Korrika antolatzeko

AEK-K LAGUNTZAILEAK BEHAR DITU KORRIKA 15 ANTOLATZEKO - Ixabel eta Juan Martin, Kutsidazu bidea Ixabel filmeko protagonistak dira Korrika 15en lehenengo laguntzaileak.

AEK-k Korrika 15en laguntzaile kanpaina aurkeztu du.15. Korrikaren antolaketa lanetan murgilduta dabil dagoeneko koordinakundea, eta Mertxe Mujika koordinatzaile nagusiak dei egin dio euskal jendarteari Korrikaren hamabosgarren edizioaren antolaketan parte hartu eta Korrika laguntzaile izan dadin... [AEK]

Bai, Korrika daukagu aurten, hamaboskarrena. Ia 30 urte lehenengotik. Beraz, Korrikaren gainean azalpen handirik ez da behar honez gero. Aurtengoaz informazioa nahi baduzue edo, eskatu den bezala, lagundu nahi baduzue, badakizue...

  • http://www.korrika.org.
  • Edo hau entzun:


powered by ODEO

17
Aza
2006

Gure Txokoa, mintzalagunen bloga

Karrajua klonatzeko prozesuan nabilela, Mahats Orriak auzoko komunitatean blog berrien artean gauza bitxia deskubritu dut. Berbalagun talde baten bloga: Gure txokoa. Hasi berria, baina lehenengo mezuan aurkezpena eta asmoak azaltzearekin batera urtegia inauguratuta utzi digute.

Mahatserriko berbalagunan partaide nabil neu ere, eta behin baino gehiagotan kontatu ditut hangoak. Euskaltegiblogak bataiatu ditugunak ere gero eta gehiago dira, baina, nik dakidala (erratuta banago, esan), hau mintzalagunen blog modura (mintzalagunen beraien bloga, ez egitasmoaren blog ofiziala) lehenengo esperientzia izango litzateke. Interesgarria dirudi ahozko praktika idatzizko praktikara ere zabaltzearen saio hau. Jarraitu egin beharko da. Animoa neska-mutilok! Konturatu barik zuek ere "inbentoa" sortu duzue.

http://www.asapala.org/mahatsorriak/txokoa  


A! ...eta ez da nire taldea.

09
Aza
2006

Argia astekaria: Elkarrekin ezkontzen ez diren titulu ugari

Helduen euskalduntze-alfabetatzea. Elkarrekin ezkontzen ez diren titulu ugari. ARGIA 2006/11/12.

Aste honetako alean ARGIAk helduen euskalduntzearen inguruko tituluei buruzko erreportajea ekarri digu, Saioa Labakak sinatua. Tituluaren panoramari errepasoa egin eta Joseba Erkizia HABEko zuzendariaren hitz batzuk ekarri ere bai.

Hona aipu-albiste batzuk:

Tituluen homologazioa eta Europako markoaz:

Joseba Erkizia HABEko zuzendariak aipatu digunez, joan den uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak eta bertako sailen batzordeak arazoa konpontzeko asmoz hainbat erabaki hartu zituzten. Euskara gaitasuna egiaztatzeko dauden sistema guztien arteko homologazioa lortzeko, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen ikaskuntzarako, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa baliagarria zela erabaki zuten.Hizkuntzak ikasteko prozesuan beharrezkoak diren egitarauak, kurrikuluak eta ikas-mailak definitzeko oinarri bateratua eskaintzen duela gaineratu digu Erkiziak. Hala, hainbat egiaztatze sistema hartu eta Europan ezarri den erreferentzia esparru horrekin erkatu, parekoak direnak parekatu eta ofizialki baliokidetu behar direla ere esan digu HABEko zuzendariak. Hau guztia aztertu eta egin ahal izateko urtebeteko epea ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Ondo bidean, hortaz, 2007ko uztailerako euskara egiaztatzeko sistema, mailaketa eta ziurtagirien homologazio sistema bateratu bat lortzea espero da.

Badirudi beraz albiste bikoitza daukagula. Bateko titulu eta agiri desberdinen homologazioa aztertzen ari direla, eta besteko kurrikulua, mailak -eta tituluak ondorioz- Europako markora nola ekarri aztertuko dutela. Uda orduko edukiko ei ditugu lehenengo ondorioak.

Ea ba, oraindik HEOKen mailaketan lur hartu ezinik dabiltza asko, Europako kontu horretara zelan etorri horrek informazio eta formazioan ere ahalegintxoa eskatuko du. Ebazpenak atera orduko bada hobeto.

Tituluena, bestalde, beste barik, Argian deskribatzen den panorama ez da erraza ez ulertzen, ez ulertarazten. Ikasleei gehien bat.

Dena dela, komentatzeko gogo gehien ematen didana artikuluaren hasierako aipua da:

...hizkuntza bat ikasteko %70 gogoa da eta %30, berriz, gaitasun intelektuala.

Sindikatu edukia