albisteak

08
Aza
2006

HABEk software libreko plataforma bati bere copyright-a ezarri dio

HABEk software libreko plataforma bati bere copyright-a ezarri dio - Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren parte da HABE. Hala ere, ez bide dute GNU lizentzia publikoa ezagutzen: berrikitan egin dute Moodle plataformaren instalazioa eta harrigarria bada ere, copyright-a HABEk duela agertzen zaigu. Are gehiago, legezko oharraren arabera bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak HABEk dauzka. Nahi dutena esango dute baina Moodle doan banatzen da GNUren baitan. [Zabaldu.com]

Baten bat konturatu da honetaz eta zabaldu.com-era bidali du. HABEk Moodle-ekin formaziorako antolatu duen Ikasten plataforma berriaren orri-oineko estekan hau irakur daiteke:

HABEk bere buruari aitortzen dio, edozein unean eta aurretiaz ohartarazi gabe, web-ean dagoen informazioa edo haren konfigurazio zein itxuraren aldaketak eta eguneraketak egiteko ahalmena.

Moodle software-a horren barruko konfigurazio elementutzat hartzen bada, kontraesana edo lege-haustea egon daiteke lizentziak direla eta. Presa gehiegirekin egin da? Ala presa gehiegi lurralde berrian banderak ipintzeko? Ala diseinu-txantxiloiekin automatismo gehiegi?

EGUNERAKETA


Zabaldu.com-en piztu den eztabaidara HABEtik ohar hau bidali dute:

Ez da gure nahia izan Moodle plataformaren jabetza intelektualaren eskubideak HABE eraundearenak direla esatea. Atariko "elementu guztien" jabetza intelektualaren eskubideetaz ari garenean, atariko edukiak ditugu buruan. Moodle plataformak http://docs.moodle.org/en/License helbidean lizentziari buruz adierazitakoak irakurri ondoren, ez dugu uste izan Legezko Oharrean aipatutakoak zuzenak ez zirenik. Dena dela, gaia aztertzen ari gara, eta gaizki ulerturik egon bada edo okerrik egin badugu, hauek konpontzen saiatuko gara.

Interesgarriak izango dira azterketa horren ondorioak, aurrerantzean denok aintzat hartzeko.

08
Aza
2006

Euskaldun Berriari Aitortza Altzan

Euskaldun Berriari Aitortza Altzan - Euskara ikasteko saiakera eta esfortzua egin duten altzatarrei beren ahalegina aitortu nahi die Bizarrain kultur elkarteak. Horretarako, 'Euskaldun Berriari Aitortza Altzan' ekimena antolatu dugu. [Sustatu]

Euskaldun berriei aitortzak eta omenaldiak egitearena zabaltzen ari den ohitura da azkenotan. Altzan egingo diete hau. Aipatzekoa behintzat bada.

Ez dakit, baina baten bati entzun diot inoiz omenaldiak egiten hasten zaikizunean ez dela seinale ona izaten. Ez al da hau kasua izango! Euskaldun berriak vs. euskaldun zaharrak debatearekin hasten ez bagara behintzat.

28
Urr
2006

Mertxe Mujika: "Erabileraz asko entzuten da, baina asmoetatik ekintzetara pasa behar dugu"

Mertxe Mujika: "Erabileraz asko entzuten da, baina asmoetatik ekintzetara pasa behar dugu" [Onintza Irureta] - Orain AEK-ko arduradun nagusi denak hogei urte baino gehiago daramatza Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundean. Ikasturte hasiberriko matrikulazio datuen esperoan aurkitu dugu, ikasle kopurua zertan den jakiteko irrikitan. Guk 15-20 urte barruko euskaltegiari buruz galdetu diogu. [Argia astekaria]

Argiak elkarrizketa egin dio AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikari. Euskaltegien norantzakoaz jardun du gehien bat. Hona hemen aipu batzuk:

Erabileran kristolako erronka dago. Gure erantzukizuna handia da gure zentroetatik 40.000 pertsona pasa direlako. Gure buruari egiten diogun galdera hauxe da: euskaltegian aritu eta gero erabileran ematen dira eman behar diren pausoak? Beraz, hemen non egiten dugu denok kale? 

Ea guztion artean -ez euskaltegiak soilik, baita eskolak eta beste ere- kapaz garen diagnostiko komun bat egiteko. Erabilerari buruz asko entzuten da, baina pasa behar dugu asmoetatik ekintzetara.

Sektoreen arteko elkarlana aipatu duzu. Gauza zehatzik eginda ba al dago?
Ez dago ezer eta egon beharko litzateke, gainera, gaiaren inguruan irakurketa bera egiten dugu. Bakoitza bere arloan gauza batzuk egiten gabiltza.

...Gauza batzuk, egia esan, ez dira aldatu, esate baterako (eta zoritxarrez diot) badago oraindik eskolak emateko betiko eredua: talde tradizionalarena.

Erronkak aipatzen ditugunean, badakigu horiek dibertsifikaziotik etorriko direla, beti ere guk kontrolatzen dugun esparruetan arituz.

Erabileraz gero eta gehiago ari gara. Euskaltegiok inoiz jarri gara pentsatzen normalizazioaren saltsa honetan gure papera zein den eta  besteekin gure indarrak zelan batu? Nik neuk askotan edukitzen dut sentsazioa euskalgintzak berak ere ez gaituela oso serio hartzen. Eta dibertsifikazioak seguruenik inoiz baino komunikazio eta elkarlan behar handiagoa ekarriko digu, baina norberaren lana zehazteko eta puzzlea osatzeko, ez bestelako puzzleak asmatzeko.

Talde tradizionalena ere deigarria da. Euskaltegietan oso errotuta dagoen eredua da bai, gaur egun hizkuntzen irakaskuntzan ahulduz doa hala ere, teknologiaren eskutik gehien bat, baina ikasle-bezeroen eskarietatik ere bai. Hala ere, beti ez da erraza izaten bide berriak jorratzea, korse administratiboek eta norberaren korseek, besteak beste, ez dute lagundu ohi.

25
Urr
2006

AEK Garazi-Baigorri: Interneten bidezko prentsa irakurketa

Garazi-Baigorriko AEK-ko kideek duela hilabete inguru estreinatu zuten bloga. Oraingoan ikastaro-jarduera berria iragarri dute berton: Interneten bidezko prentsa irakurketa.
Hauek dire blogean eman dituzten xehetasunak:

Interneten bidezko prentsa irakurketa

HELBURUA

Euskarazko berriak egun guziez (edo usu) irakurri nahi zenituzke. Bainan zerbait falta zaizu goxoan aritzeko: errextasuna edo usaia falta, laguntza testuaren konprenitzeko, artikuluaren konprenitzeko edo eztabaidatzeko.
Zure iritzia horri buruz eman nahi bainan ez zira segur… Badakizu zure burua pixka bat bortxatu behar duzula, bainan motibazioa edo jarraipena eskas duzu.
Orduan laguntza pixka bat proposatzen dauzugu. Kasu berean edo berdintsuan daude jende batzuen artean, multzo bat osa genezake elkarri laguntza emateko.

IKASBIDEA
  • Batzutan bilduz, paperezko Berriaren irakurtzeko, aztertzeko,…
  • Berria aldizkari elektronikoari ere so bat eginez.
  • Beste batzu ere irakur genitzake.

Oraiko tresnen baliatzeko, Interneten bidez elkarren artean irakurketak, galderak, galdeak, iritziak,… trukatuz. Hortarako posta-zerrenda bat muntatua izanen da partaide guzien artean eta bakoitzak bere dudak eta galderak jar ditzake, baita besteei erantzunak eman, hori denen probetsurako.

Hemen daukazue euren katalagoa eta beronen aurkezpena.
E-posta zerrenda baten bidez burutuko dute komunikazioa. Jarduera berria da, ezin esan ikastaroa denik, lan-talde edo mintza-talde baten antzerako eraketa dauka. Irakur-taldea deitu daiteke. Edonola ere, jarduera berritzailea teknologia tarteko. Jarraitzeko modukoa izango da. Ea blogean noizean behin honen berri ematen diguten.

24
Urr
2006

IFB - Irakasleen formaziorako bideo-saila: hamasei ale berri

IFB - Irakasleen formaziorako bideo-saila: hamasei ale berri - --

Egun gutxi barru egongo dira HABE Liburutegian IFB - Irakasleen formaziorako bideo-saila bildumako ale berriak. Hamasei DVDtan HABEk udan eratu zituen hitzaldiak bildu ditugu; eta baita La lengua oral coloquial y el aprendizaje de L2 — Lagunarteko ahozko hizkuntza eta H2ren ikaskuntza ikastaroaren baitan egin zirenak ere. Ikastaro hori Euskal Herriko Unibertsitateak eta HABEk eratu zuten Donostiako XXV. Uda Ikastaroen barruan. [Ikasbil: gogoan hartu]

Formazioan gabiltzanok badakigu zenbat kostatzen den gure arloko testuak irakurtzea eta irakurtaraztea. HABE aspaldian dabil antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi eta abarretako pasarteak grabatzen, artxibatzen eta eskaintzen. Seguruenik horrela ez da hain latza egingo ekarpen interesgarriak jasotzea eta prozesatzea. Zabalteko era interesgarria da duda barik.

Ideia pare bat teknologiaren aurrerakuntza dela eta.

Bat. Bideo horiek sarean zabaltzeko modurik? Beharbada Youtube moduko sistemek ez dute oraindik kalitate-luzera handiko bideorik permititzen, baina deskargatzeko moduren bat? BitTorrent modukoa adibidez? Beti ere copyright eta lizentzia kontuak tartean ez badaude jakina.

Bi, formazioan gabiltzanok eta, orohar, edozein ekarpen egin dezakegunok zergatik ez dugu gehiago esploratzen ikusentzunezkoen bidea? Podcast-ak, screencast-ak, aurkezpenak, ... dirudien baino errazagoa delakoan nago.

Momentuko okurrentziak izan dira. 

Eguneraketa


Honen harira, begitu zer topatu dudan hemen.

 


powered by ODEO

22
Urr
2006

Karrajuak urtebete (I estatistikak)

Orain konturatu naiz tontamentean urtebetea pasatu dela Blogger-en Karrajuko atea zabaldu nuenetik. Orain ez daukat balantzeetan eta ospakizunetan hasteko gogorik, baina kapituluka egingo dut zerbait datozen egunotan.

Momentuz, eta dena airean uztea modan ipintzen hasi dela, hemen ez daukagu Moodle ikastaro gehiagorik erakusteko, baina modari norberaren ikutua ematearren Karrajuaren estatistikak utziko ditugu bistan. Sikieran hasierako asmo haiek noraino heldu diren ikus dezazuen.

Statcounter zerbitzua erabiltzen hasi naiz duela hilabete ingurutik hona. Ez dakit norainoko fidagarritasuna daukan, baina entretenigarria behintzat bada, kuxkuxeroentzat gehien bat.

Hona hemen estatistikak.

20
Urr
2006

Ainhoa Ezeizaren proposamena

Andonik Moodle-en inguruan publikatu duen artikuluak zorionak eta proposamenak ere ekarri ditu. Creative Commons-i esker artikulua sustatun ere argitaratu da, eta han erantzun dutenen artean Ainhoa Ezeiza dugu, proposamena-erronka-enbidoa dakarkigu. Hona hemen:

Eta mugimenduaz ari garelarik, han eta hemen erronka botatzen ari naizenez, noiz hartuko dugu formatzaileok informatikariek aspaldi hartu zuten bidea? Alegia, noiz hasiko gara edukiak elkarrekin sortu eta liberatzen? IKTeroak eta EHUkook lehenengo urratsak ematen ari gara EGA mailako ikastaro oso eta osatu bat diseinatzen hasteko, ondoren liberatzeko. Beste inor animatuko litzateke? Eta gauza bera egingo bagenu beste maila batzuetan? Animatuko zinatekete Moodle-en elkarrekin lan egin eta oinarrizko ikastaroak sortzera?

Erronka botata dago, guk jarriko dugu elkarlanerako Moodle instalazioa, zuk ideiak? ;-)

Tira ba, Moodle ikastaroa osatzeko esperientzia kolaboratiboa. Ez da makala. Ez dakit ba, euskaltegien mapa osatu ere ezin badugu, ikastaro oso bat.....

19
Urr
2006

Gonbidatuak Karrajuan eta Moodle gehiago airean

Karrajua monoparentala izateari uzten hasi da. Moodle-en inguruan azkenotan piztu den interesa dela eta, Andoni lankideak ere Moodle-ekin izan duen esperientzia nonbait kontatu nahi eta hemen txokotxo bat uztea eskatu dit. Esan eta egin. Hemen daukazue Andonirena.

Karrajua.org hau hasieratik gabiltza esaten ez dela baten blog pertsonala, eta beste edonork lantzean behin zerbait plazaratu nahi badu hemen daukala lekua (beti ere guri dagozkigun gaien inguruan, noski). Horretarako bi aukera daude: foroak erabili (horretarako norberak egin dezake erregistroa), edo, gauzak maiztasun bateki publikatzeko asmoa badaukazu (ez du zertan egunerokoa izan) bloga erabili. Bloga erabiltzeko gurekin harremanetan jarri baino ez duzue egin behar.

Moodle gehiago agerian

Bestalde, Andoniren mezutik tiraka, albistea ere badaukagu. Duela gutxi Jakintza Ikastolako Maitek egin zuen bezala, AEK-k ere bere idazkuntza lantegia (Andonik haren gorabeherak kontatzen dituena) ere bisitariek ikusteko moduan utzi du. Hemen daukazue. Espioitza industrialak ez digu hainbesteko ikararik ematen nonbait.

Sindikatu edukia