albisteak

12
Urt
2007

Hizneten lanak

Hiznet hizkuntza plangintza ikastaroko 2005/6 ikasturteko lanak argitaratzen hasi dira. Lehenengo adikune baten izenburuek behintzat gauza interesgarriak iragartzen dizkigute. Gure arloari dagokion bat egin da gutxienez. Hona hemen:

Jaio Embeita, Marivi, Martinez Bermudez, Loren eta Zarraga Azurmendi, Arkaitz (2006). Ikasleen motibazioa, hizkuntz plangintzak eta euskalduntze-alfabetatzea, elkarren osagarri. Hiznet 05-06 ikasturteko sakontze egitasmoa (argitaratu gabe)

Honela aurkeztu dute:

Lan hau egiteko arrazoia argia da. Euskalduntze-alfabetatzean urte batzuk daramatzagun irakasleak izaki, egunerokotasunean topatzen dugun errealitateak kezkatu egiten gaitu. Ikasgeletatik ikasle asko pasatzen dira, helburu, izaera, kezka, gaitasun eta sentsibilitate ezberdinekin. Baina ez dugu nabaritzen hauek euskararen normalizazioan duten eragina egiten den esfortzuaren adinekoa denik. Euskaltegietatik irteten diren hiztunek ez dute hizkuntza normaltasunez erabiltzeko aukerarik eta, ondorioz, euskaldun moduan jarduteko ere ez.

Gehiago ere badira, joan zerrendara eta  ikusiko dituzue. Ez dakit oraindik gehiago argitaratu behar diren. Hizkuntzaren soziologia eta beste blogean lehenengo iruzkina egin dute.

03
Urt
2007

Jaurlaritzaren diru-laguntzak

Prentsaurrekoa egin du gaur HPSak aurtengo aurrekontuak, diru-laguntzak eta ildo orokorrak azaltzeko.

Gure sektoreari dagokionez aipu hauek jaso ditugu:

Helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, euskaltegien sektorea normalizatzeko berealdiko saltoa eman dugu 2006 urtean, besteak beste hiru ikasturtetarako finantzaketa adostu baitugu. Finantzaketa horren konpromisoa beteko dugu, baina badira bi arlo berri aurrerapauso sendoak emango ditugunak: alde batetik, ikasleentzako diru-laguntza indibidualak %100 gehitu ditugu 2007rako (2006ko 625.000 euroetatik 2007ko 1.250.000 euroetara pasatu gara), eta bestetik, 2006a euskaltegi pribatuen sektorea normalizatzeko urratsa eman den urtea izan den bezala, 2007an euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dira, EUDELek eta Kultura Sailak osaturiko batzordeak lortzen dituen akordioen arabera. Gainera, HABEk formazio modulu espezifikoak lantzen jarraituko du, besteak beste osasun-arloan, etorkinentzako, merkatarientzako, etabar.

Igartzen denagatik, ikasleentzat diru gehiago (ez bada beste nonbaitetik kentzen), udal euskaltegien egokitzapena-edo, eta kolektibo espezifikoetarako ikasmaterialak eta moduluak.

Informazio gehiago:

Iritzirik?

22
Abe
2006

2006ko ikasleentzako dirulaguntzak

Gaur berbalagunetako bat ibili da honekin arduratuta, Ikasbil-en begiratu eta albiste hau agertu da:

2006ko ikasleentzako dirulaguntzak

Abenduaren 20ko dataz erabaki dira 2006ko ikasleentzako dirulaguntzak, baita bakoitzak ikusteko moduan jarri ere HABEren web orrian

HABEren ikasleentzako dirulaguntzak izeneko programan sartuta, ikaslearen sarbidea erabiliz, NANa eta pasahitza sartuta, sortzen zaizkion 3 aukeretako bigarrena aukeratuta (Dirulaguntzaren emaitza ikusi), eskaeraren emaitza ikusi ahal izango du ikasleak.

Ebazpena bera, berriz, ostiral aldera argitara emango da orri horretan bertan eta HABEren ordezkaritzetan.

Bide batez, HABEtik egunotan etorri diren beste albiste pare bat:

19
Abe
2006

Lourdes Gauna Aduriz: "Karrantzan Korrikaren alde lan egiteko gogoz daude guztiak"

Lourdes Gauna Aduriz, AEK-ko Enkarterriko arduraduna, 2006-12-19

"Karrantzan itxaropena umeengan daukagu. Eskolan D eredua dago, urte dezentean, gainera. Umeek eta gazteek badakite euskara beren artean harremanak izateko beste, nahiz eta euskaldun osoak ez izan. Gazteak dira gure itxaropena, baina helduenekin daukagun problema larriagoa da. Karrantzako ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen da, eta oso zaila da helduekin lan egitea; hau da, haiek daukaten ordutegia eta gurea ez datoz bat. Gero, uda eta udaberri garaian belarretara joan behar dute... Orduan, desastre hutsa da". (2006/12/19) [Sareko Argia]

Korrikaren saga aurrera doa. Berrian gaur leloaren eta  ibilbidearen aurkezpenaren albistea eman dute. Interesgarria Enkarterriko AEK-ko arduradun Lurdes Gaunaren elkarrizketa. Karrantzan eta Enkarterrin euskara eta Korrika zelan bizi diren eta han lan egiteak zelako gazi-gezak dakartzan. Ikuspegi errealista eta itxaropentsua aldi berean, honako ekitaldiek ekartzen duten triunfalismoan jausi barik. Honekin geratu naiz:

Ikasle asko izan ez arren, euskarak eta euskal kulturak ez dute irudi txarrik inguru horretan, ezta?

Ez, ez dago irudi txarrik. Euskararen alde lan egin behar dutela esaten badiezu, ez dute inolako oztoporik jartzen. Orain ere Korrikaren alde lan egiteko gogo handiarekin daude guztiak. Baina gauza bat da egun bat edo ordu batzuk euskararen alde ematea eta beste gauza bat da hizkuntza bat ikasteko konpromisoa hartzea. Iaz arte bi talde izan ditugu, eta batzuk nahiko maila hartu dute.

19
Abe
2006

1.600 hiritarrek mintzalaguna izan dute aurten

1.600 hiritarrek mintzalaguna izan dute aurten - 1.600 lagun inguruk parte hartu dute euskaldunberriei euskaraz aritzeko aukera ematea helburu duen Mintzalaguna ekimenean 2006. urtean zehar, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Topaguneak sinatutako hitzarmenaren ondorioz. [Erabili.com berriak]

HPStik bidali dute albistea. Topagunearekin hitzarmena sinatu dute honelako egitasmoak sustatzeko. Albiste ona, egitasmo hauek aspaldian behar zuten sakadatxo hori. 

14
Abe
2006

Mintzalagunen inguruko ikerketa

Tximintx euskara elkartekoek euren blogean iragarri dute:

Derioko Berbalagunaren gaineko azterketa egin dute

Natalia Lopez deustuarrak Derio eta Getxoko berbalagunen gaineko azterketa egin du Hiznet ikasketarako.....

Hemen lan horretatik ateratako aipu batzuk:

..egitasmoa egiteko BERBALAGUN egitasmo desberdinak aztertzea, eta zeintzuk diren haien arteko desberdintasunak helburu nagusia izan da.

Jendea, bai Getxokoak, eta bai Deriokoak gustura dago jasotzen dutenarekin, eta beharrezko ikusten dute horrelako egitasmoak martxan egotea.

Denboraren poderioz ikusten dira aldaketak. Deriok agian jarraituko du Getxok egindako ibilbidea, taldeak osatzerakoan, adibidez, baina, garrantzitsuena da jendea kalera ateratzea, eta euskaldun berri eta euskaldun zaharren arteko topaketak, denon artean konturatzeko euskaraz hitz egiteko harremanak mantendu behar direla

Artikuluaren helbidea: http://www.blogari.net/tximintx/2006/12/13/derioko_berbalagunaren_gaineko_azterketa

Ez dut artikulua ikusi Hiznet-en zerrendan oraindino.

Asko zabaldu dira honako ekimenok azkenotan, beharbada sasoia izan da haien gaineko azterketak agertzeko. Euren balioa, emaitzak eta etorkizuna ebaluatzeko, dena pertzepzio eta susmo mailan baino ez geratzeko.

Ni berbalaguntzera noa orain. Ez dut azterketarik egingo, zin dagizuet. 

12
Abe
2006

Blogak eta beste

Technorati-k segitzen du funtzionatzen eta blog berrien berri eman digu. Honakoak agertu dira azkenotan:

Euskaltegiko blogak

  • bogabloga blog: Beasaingo Udal Euskaltegiko autoikaskuntza ikasleen bloga
  • guzubiarten blog: Iruñeko Zubiarte euskaltegiko ikasle batzuendako bloga

Mintzalagunak:

ELE

Blog interesgarriak deskubritu ditut azkenotan gaztelaniaz ELE (Enseñanza de español como Lengua Extranjera. Euskaraz zelan eman: Atzerriko Hizkuntzen Irakaskuntza-AHI?) deritzonaren inguruan. Komunitate interesgarria dabil blogosferan. Ale pare bat utziko ditut hemen, gehiago dira hala ere, euren link-ei jarraitu baino ez duzue egin behar horiek deskubritzeko:

30
Aza
2006

Euskaldun berriei omenaldia eta galderak

Euskararen Nazioarteko egunaren ospakizunen artean hau atera da gaur medioetara:

Euskaldun berriak omenduko dituzte igandean Kursaalean

Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia Kursaalean egingo da igandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Ekitaldia antolatzeko ardura Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek hartu dute. Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak atzo adierazi zuenez, euskaldun berriak omentzea izango da aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunaren helburua, baita "hizkuntza aniztasunaren eta pluraltasunaren alde" egitea ere. Ekitaldia Afrika Bibang musikariak eta Julio Ibarra kazetariak gidatuko dute. Sareko Argiatik jasota. esteka>>

Euskaldun berri/zahar dikotomiaz eta honako omenaldiez lehenago ere jardunda gaude hemen. Euskaldun berri/zahar kontzeptuaren gainean komentatzeko bota nahi ditudan kontutxu pare bat baino ez gaurkoan, galdera bi hain zuzen:

Euskaldun zaharra, nongoa?

AEKn glotodidaktika egiten dutenei hasieran euren datuak jasotzeko galdetegia ematen diegu. Izen-abizenak, helbidea, telefonoa, titulazioa... betiko galderekin batera lehenago euskaldun berri/euskaldun zahar ipintzen zuen lekuan galdera aldatu (askok ez zekiten zer erantzun eta) eta honakoa galdetzen dugu duela urte batzuetatik hona: "Euskara non ikasi duzu?", eta hiru aukera: a) familian, b) eskolan, c) euskaltegian edo bestela.

Batzuek hiru koadroak ere betetzen dituzte. Askok bi (etxean eta eskolan adibidez), eta beste askok bakarra. Egia esanda, ez dakit gaur egun galdera horretatik ateratzen dugun datuak zertako balioko digun, baina formularioa ez aldatzearren hor dago, kalterik ere ez dakar eta.

Gaur azkenengo ikastaroko zerrenda ordenagaiuan sartzen ibili naiz, eta lan mekanikoaren asperdura tapatzearren irakaslegai zenbat euskaldun berri-zahar eduki ditugun kontatzen-edo ibili naiz. Bizkaiko ekialdekoak gehienek euskara etxean ikasita, Bilbo ingurukoak eskolakoak eta euskaltegikumeren bat. Eta halako baten, azkenengoa, Meatzaldekoa. Non ikasi duzu euskara? Familian. Kasualitatez alboko baten ezaguna da, eta hark konfirmatu dit: "Bai, gurasoak euskaldunak dira, gurekin irakasle ibilitakoak eta horrelakoak, bertakoak".

Ez dut batere gustuko debate hori, baina berri/zahar demandan ibili zaleek Meatzaldeko lagun honi euskaldun zahar kategoria onartuko liokete? Neuri behintzat kontrakoa esatea terreno labanean sartzea dela begitantzen zait, oso.

Galdera

Euskaldun berri kontzeptua, ez dakit zergatik, 1960-70etan asmatu eta erabiltzen hasi zelakoa eduki dut. Gabriel Aresti eta haren modukoak izendatzeko-edo. Gabriel Arestik berak asmatu zuela ere pentsatzen izan dut. Gaur berriz, Berton aldizkariko artikulu honetan Lauaxetarena ei den aipu hau irakurri dut:

‘Uarra. Zu lako mutil askarrai ‘Lauaxeta’k laketuten dautse. Euzkeldunbarri bat zarala inork eleuke esango. Adibide ona emon dauzkuzu!”

Erratuta egon naiz orduan, terminoa 36an ezaguna zela dirudi eta. Halan da ze, kontua argitzearren galdera botako dut:

  • Euskaldunberri terminoa noiz hasi zen erabiltzen eta nork sortu zuen? Zer ñabardura zeukan orduan?

Jakinmina ase eta errakuntzak arteztu nahi nituzke. Veleiakoak tartetxua uzten badizue. 

Bide batez, Galdetu.com zerbitzua jarri da martxan. Hara ere botako dut.

Sindikatu edukia