euskara

02
Abe
2009

Euskarari begira bizi

Tradizioa deitzen zaio une edo okasio batean erritu modura errepikatzen den ekintzari. Iaz, honako egunean Kataluniara egin genuen salto eta handik ekarri genuen jeneroa. Aurtengoan, ustekabean, sasoi berean hango partera joan gara berriro eta handik hemengo diskurtsoetan nekez aurkitzen diren hitzekin bueltan etorri.

Blog hau edo Atoan jarraitzen duzuenok izan duzue honez gero Aprendre Llengües blogaren berri. Enric Serra i Casals blogariak UABeko Servei de Llengües-en dihardu, eta handik hizkuntzen ikuspegiaz eta ikaskuntzaz  gogoeta eta albiste interesgarriak sareratzen dizkigu sarri eta polito. Ni jarraitzaile nau behintzat, eta hizkuntza ikasle. ;-)

Lehengo astean hain zuzen, arreta eman zidan mezu baten tituluak: Viure de cara a l'euskera (euskarari begira bizi), erreferentzia egin genuen Atoan-en hain zuzen ere. Enricek hizkuntz-aniztasuna zer den ondo daki, eta gure hizkuntzari erreferentzia egitea ez da harritzekoa. Baina mezua irakurrita, handik Kataluniatik idatzita, esan zituen batzuk hemen edo edonon aintzat hartzekoak egin zitzaizkidan, eta kolore berri batekoak ere bai. Eta haren baimenarekin mezua itzuli (edo) eta hona ekarri nahi izan dut. Kasualitatez Euskararen Nazioarteko Egunean.

Hona hemen mezua bada, Enricentzat besarkada handi batekin batera.


Euskarari begira bizi

Bellaterra Eskolara joan naiz gaur. Zer esanik ez seigarren mailako maistraren gonbidapena berehala onartu nuela; seigarreneko neska-mutilak Estatuko hizkuntzen aniztasuna lantzen ari dira-eta. Bi mezu bidali nahi izan dizkiet.

Lehenengoa: hizkuntza erromaniko guztietatik hurbil gaude, oso hurbil. Ez da onargarria adibidez galiziera edo aranera ia ahaleginik gabe ez ulertzea. Hain hurbil ditugun hizkuntza hauei guztiei ezin diegu geure burua itxi. Geure neba-arrebak, senideak eta familia ezagutu nahi ez izatea bezala izango litzateke hori.

Bigarrena: euskara ez da hizkuntza itxia, zaila, arrotza eta ezinezkoa, eta bertara hurbiltzeko ahalegina egin behar da.  Ez jariotasunez hitz egiteko seguruenik, baina bai guretzat arrotzak izaten jarraitzerik nahi ez dugun hainbat erreferentzia hobeto ulertzeko.

Jakin nahi dugu Athletic-eko Etxeberria jokalariaren abizena katalanez "Casanova" esango litzatekeela; ulertu nahi dugu autobideetan ikusten ditugun Azkar kamioi urdin horiek "rapids" direla. Lehendakari hitzean "lehen" ('primer') identifikatu nahi dugu akaso; paseoa egin nahi dugu Kataluniako Pirinioko herrietan jakinda hango toponimo asko euskal jatorrikoak direla: Cerdanyako Ur-etik pasa 'aigua' esan nahi duela jakinda; Dorres aldera egin gero 'iturri'-tik datorrela jakinda (eta orduan beste era batera begiratuko diegu bertako iturrietako ur sulforosoei); Val d'Aran bisitatu nahi dugu jakinik Aranek horixe esan nahi duela, 'vall', eta 'val' eranskin okzitaniar hori erredundantzia baino ez dela.

Euskarari begira bizi nahi dugu, gure ingurua osatzen duten hizkuntza guztiei begira bezala. Hitzaldiaren zati bat Loreak Mendian izenaren analisi txikia egiten eman dut. Flors a la muntanya horiek hizpide hartuta, euskarak latinaren maileguetan fonema frikari ezpainkari-horzkari hori nola galdu ohi duen, flos hitzarekin kasu honetan; hitz egin dugu artikulua nola eransten zaion izenari, atzetik; deklinabideaz ere egin dugu berba (mendian, mendiko, mendira...), euskaran ez bezala, katalanean edo galizieran ez dagoena; euskarak duen hitz-ordena bereziaz hitz egin dugu ondoren (subjektua-objektua-aditza hizkuntza, japoniera, koreera, aimara edo ketxuera legez) eta euskararen jatorri bitxi eta eztabaidatuaz.... Hori guztia eta sintagma hori latinean jatorria duten bi izenek osatzen dutela, flos-ris eta mons-tis!

Poliki-poliki, a poc a poc, seigarreneko neska-mutilak biharko hiritarrak izango dira. Eta hiritar horiek euskarari begiratuko diote edo anomalia  bati bezala, zerbait eskuraezina, ezinezkoa, hizkuntz-uniformitate errukigabearen marko batean fabrikako akats bati bezala... edo pertzepzioen putzu ordainezin bati bezala, muzin egin ezineko perspektiba multzoa, plazer eta jakintzaren iturri agortezin bati bezala.

Viure de cara a l'euskera (Aprendre llengües) | Enric Serra i Casals

Argazkia: Snow-covered swimming-pool and bath (Dorreseko bainuak). Egilea: sml! (Flickr). Lizentzia

01
Abe
2009

Mondo difficile

Foreign Office-eko enplegatuek euskarari buruz duten ustezko pertzepzioaren berri haizeratu zen duela aste batzuk. Euskara munduko hizkuntza zailena diosku hango plantilak.

Diplomazia britainiarraren artean nondik zabaldu da hori? Misterioa oraingoz. Akaso enpresako afari batean James Bond (hura ere Foreing Office-ko nominan dago, ezta?) hasi zen kontatzen Bilbon zebilela zapatofonotik abisatu ziotela han "basque" egiten zela, eta Guggenheim-eko kafetegiko terrazan jarrita dagoela galdez hasi zela "shaken, not stirred" nola eskatu behar den "in basque", eta hango pertsonalak ez zion jakin erantzuten, edo baten batek zerbait esan eta halaxe-edo eskatuta martinia barik kaña atera zioten basotubo batean... Badakizue, James hau ezinbestekoa da enpresako afariak animatzeko orduan. Pentsa zelakoa izan daitekeen diplomatiko britainiarrez betetako afaria bestela.

Diplomazia britainiarrak itzal handia du mundu honetan oraindik orain hala ere, eta King Charles Street-etik datorrenari kasu eman behar zaio, izan ere polito janzten du edozein albiste "diplomatiko britainiarren ustez..." batek, eta King Charlesek euskara munduko hardest language dela esaten badu, hardest language izateko puntu asko ditu, dudarik ez. Titular indartsua ematen du gainera.

Well, batzuei aspaldian lau haizetara zabatzeko deseatzen egon direna zabaltzeko "argumentum ad verecundiam" ederra jausi zaie esku artean (latina bai hizkuntza argia!), eta hortik "argumentum ad nauseam" izateko bidean laster jarriko digute, abilak izaten dira horretan gero! Honez gero "argumentum ex populo" bihurtu ez denean.

Tira, beste aldetik era askotako argumentum-ak zabaldu dira: zailtasunaren erlatibitatea, interesak, auctoritate horren auctoritate eskasa horrelakoak esateko... eta abar.

Edozelan ere, gauza bat ezin da ukatu, euskararen zailtasuna topikoa da, eta topikoa izanda errazagoa da hori pentsatzea kontrakoa baino. Eta, zailtasun hori nabarmentzeko interes batzuez gainera, zerk zabaldu du topiko hori? Horren atzetik honako zerbait egon daiteke?

  • Hizkuntza berezia, desberdina, propioa, eta apartatua izatearen fama. "Ez da besteak bezalakoa", horrelako baten aurrean erraza da "zaila izango da orduan" pentsatzea, ezta? Misterio ikutu hori ez diogu geuk ere ematen askotan? Besteetatik zenbat eta urrunago geureago delakoan-edo.
  • "Nola esaten da euskaraz?" eta "Nola esan behar da?" galderak nahastea. Alegia, ez duzue inoiz ikusi jatorrizko euskaldun oso natibo aktibo betikoa euskaraz beti esan duen zerbait galdera horri erantzun modura onartu ezinda dudan eta noraezean? "Argumentum ad auctoritatem" baten faltan edo. Hizkuntza zaintzea eta hizkuntza deskribatzea ez dira gauza bera, ala bai?
  • Eztabaida linguistikoak. Honela esan behar dela, hala esan behar dela... gustatzen zaigu gero! Baina zer pentsatzen ote du urrunago dagoenak hizkuntzaren misterioaren jabe horiek misterioak argitu ezinik ikusita? Eta bera nori kasu egin ez dakiela.
  • "Egingo dizut erdaraz, bestela ez duzu ulertuko". Ummm, honekin ez ote dugu misterioa areagotzen? "Zaila izan behar da gero!" erraz pentsa dezake solaskideak, edo aurretik pentsatuta badauka, hipotesia baieztatzeko zantzua emango diogu.
  • Boligrafo gorria. "Ze txarto egiten dudan!". Inoiz bururatu zaigu ikasleari ondo egiten duenagatik zoriontzea? Seguru nago odolez betetako orri horietan gehienetan gehiago izango direla zuzenak erratuak baino, ez da hala izaten?
  • N-a-ki-o-ke, g-a-itza-te-n, ukan, dautza, elkarrenganako, zaintzuriak, almandrongilak... Ez duzue ukatuko euskarak iniziatuentzako zeinu kabalistikoez betetako kodearen antza har dezakeela askorentzat.
  • "Nire inguruan ez dago euskaldunik". Askoren begietara euskalduna eta bere hizkuntza ez dira halako leienda urbano baten antzerakoak? Ba omen dira, baina ez dira nigana arrimatzen, ez zaizkit agertzen... ez dira izango orduan. Jakina, halako hizkuntza zailarekin, ezinezkoak dira.
  • "Eske euskaldun zaharrei ez zaie ezer ulertzen, oso "itxiak" dira". Ene! Euskaldun zahar peto apartatua, baserrian gordeta. Beste hizkuntza bat da hori, bi hizkuntza orduan, bata bestea baino zailagoa, eta hikan egiten badute, misteriorik misterioena. Zaila da bai, solasaldi bateko partaideekin jardun gabe ulertzea, edo zer esaten den ulertzea zelan esaten den begira bagaude. Areago ezer ulertuko ez dugula asumitu ondoren.
  • "Zer polita den euskara!" Bai, polita, Laboa handiaren kantu hartan bezala, gure barruan pizten diren bazter miresgarriak askotan, lanbroak irudimenean sortutakoak. Baina lanbroak izkutatu egiten du bidea, eta gogortu, eta atertzen duenean bazterrak ez dira hain ederrak izaten.

Zaila da euskara? Ez dakit, diplomatiko britainiarrei egin diezaiekegu kasu, edo bederatzi urteko neskato japoniarrari. Zuek erabaki.

PS: edo hauei ere egin dakieke kasu, aspaldian esan ziguten.

PS2: jakina, ez ditugu ahaztu zailtasuna zailenetan zailena egiteko ahalegin paregabe hauek.

26
Ira
2009

Zaharrak berri

Ramon Etxezarreta EAEko Hizkuntz Politikarako sailburuordearen berbekin ekin diogu egunari askok gaur. Diario Vascon elkarrizketa egin diote, eta titular deigarria lortu dute duda barik: «El término euskaldunberri debe desaparecer del habla vasca».

Sustoa ematen du horrelako gauzak irakurtzeak benetan. "Zer da ba?" galdetu eta irakurri egin dut, badaezpada:

...Trabajaremos con la idea de desechar el concepto de fronteras, en la dirección de aceptar o de vincular al ciudadano al euskera en el grado que cada cual de ellos esté dispuesto. Intentaremos desterrar el término euskaldunberri de la jerga de los vascos.

- Explíquese.

Pondré un ejemplo: la consejera de Cultura es una euskaldunberri. En las estadísticas del Gobierno Vasco hasta ahora era una neo euskaldun. En lo que se define como transmisión familiar, sus hijos son euskaldunzaharras. ¿Hasta cuándo se es euskaldunberri? ¿Hasta la muerte? Hay que trabajar otro concepto quizás menos ofensivo y que atraiga y vincule a la gente al euskera. Falla el método. Si hacemos hincapié en la idea de transmisión familiar, algo habrá que cambiar.

Aaa! "Euskaldunberria" mingarria edo iraingarria izan daiteke, antza. Ez ei du jendea euskararantz erakartzen eta hizkuntzarekin lotzen.

Kasualitatez, egunotan agertu da Bat aldizkariaren azken zenbakia, monografikoa, Txillardegiren omenez egina. Euskaldunberri terminoa entzun ahala  gogora etortzen zaizkidan lehenengo izen-ezizenetako bat da Alvarez Enparantzarena, eta nago hain zuzen ere Txillardegi eta beste hainbaten "euskaldunberritasunak" ez duela ezer irainetik, mespretxutik edo uxatzailetik. Alderantziz, bidea ireki digute asko eta askori batetik, eta bestetik, gure ibilbide linguistiko pertsonaletan harro egoteko moduko bidaien ereduak izan dira. Neure kasuan behitzat hala da, eta ez dut uste bakarra naizenik, ezta neurea kasu berezia denik ere.

Argudio batzuk eman ditu Etxezarretak dena dela: familia bidezko transmisioaren lehentasuna, kontzeptuaren mugak eta indefinizioak... Bai, baliteke, kontzeptuak gaur egun aparteko baliorik ez izatea, halaxe aitortu dugu askok eta askok, hemen eta beste leku batzuetan.

Baina kaltegarria da gaur egun termino hori euskaldunen artean? Iraingarria? Baztertzailea? Nik neuk, neure mundu-ikuspegi txikitik behintzat, esango nuke ezetz, argi esan ere. Gaur egun gure artean terminoak gehiago dauka anekdotikotik beste ezeretik baino egia esanda. Eta zerbait bada, kontrakoa da: merituen aitorpena, loreak eta txaloak entzuten izan dira azkenotan gehien bat. Lantzean behin baten baten purrustadaren bat entzuten dela? Baliteke, baina ez dira ezta akorduan izateko beste eta bestekoak ere izaten.

Diskurtso politikoen mundu labainean sartu gara baina. Eta seguruenik horrelakoetan ondo-ondo begiratu behar da nork, nori, zer, nola, non eta zertarako diotsan, kasu honetan ere bai. Eta bada kezkatzen nauen gauza bat diskurtso hauetan.

Euskaldunon artean euskaldun berria mespretxatu egiten dela adierazi nahi da?  Komunitate itxia dela eta arrazakeria linguistiko moduko bat praktikatzen dela? Askok horrelako ondorioak atera eta haizeratuko dituzte erraz. Eta hori bai iraingarria, mingarria eta uxatzailea.

Euskaldun berrien kontu honek -paradoxikoki- topiko zaharrak berri egiteko ahalegina ematen dit. Edo batek esan duen modura, ez dagoen lekuan arazoak konpondu nahi izatea.

Argazkia: Euskaldun berriari esker ona eta aitortza.

Antton Mendizabalen eskulturaren inaugurazioa Altzan.

11
Uzt
2009

Euskara erabiltzeko motibazioa sustatzeko trebakuntza-saioa

Aitor | 2009, Uztaila 11 - 02:18

Lehengo ekainaren 12an eta 19an UEUk antolatu zuen Euskara erabiltzeko motibazioa sustatzeko trebakuntza-saioan izan zen Aitor gure kolaboratzailea, eta laburpen hau bidali digu hemen publikatzeko.

  • Eibarren, UEUren Ikastetxe Nagusian
  • Irakasleak: Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuko Helene Armentia eta Idoia Aldekoa
  • Partaide-kopurua: 20
  • Ekainaren 12an eta 19an

Arrakasta ia segurtaturik zuen hasieratik. Izan ere, ikastaroaren edizio bakarra zegoen aurreikusita (maiatzaren hasieran), baina eskaera kontuan izanik errepikatu egin behar izan zuten ekainean.

Ikastaroak, errepikatzearen errepikatzeaz ia aspertzeraino entzun dugun jakitearen eta erabileraren arteko desorekari aurre egiteko pista batzuk eskaini nahi zizkigun bertan elkartu ginen euskara teknikari, euskara irakasle, irakasle-ohioi..

Abiapuntua, ezin argiagoa zen konstatazio teoriko-praktiko batetik egin genuen: euskararen erabileran hainbat faktorek eragiten dute; jarrerak, besteak beste. Orduan, euskararen erabileran aurkako faktoreak gailentzen direnean (ezagutza-mila urria, ingurune erdalduna, ohitura-falta…) jarrera indartu egin behar da. Baina nola landu daitezke jarrerak? Eraldaketa-prozesu baten bitartez. Prozesu honek, bertan parte hartzen dutenen jarrera berritzea bilatzen du, modu kontziente eta positiboan, Reflect Ekintzaren bitartez. Ikuspegi honek hainbat ezaugarri ditu:

  • Parte-hartzea eragiten du
  • Bibentziala da
  • Talde- izaera sendotzen du
  • Bisuala da
  • Parte-hartzaile guztien artean eraikitzen da.
  • Aldaketa eragiten du

Talde-izaera sendotzea hasieratik bilatu zen saio bakoitzaren hasieran taldea girotzeko egiten ziren dinamiken bitartez. Ondoren, egun bakoitzaren gunea izango ziren ekintza edo dinamika nagusi bana burutu genuen.

Euskararen ibaia

Lehenengo egunekoa izan zen. “Ni eta euskara” gaia ardatz hartuta, ibaia marraztu behar genuen. Ibaiaren ibilbidearen (edo lehortearen) bidez irudikatu behar genuen gutako bakoitzak euskararekin izandako harremana eta lotura gure bizitzan zehar. Ondoren etorri ziren azalpenak eta galde-erantzunak are gehiago aberastu zuten dinamikaren edukia.

Zuhaitza

Bigarren egunean burutu genuen dinamika hau. Hasteko, dinamizatzaileak galdera bat luzatu zigun bat-batean erantzuteko: “Zeintzuk dira gure inguru hurbilean euskara dagoen egoeran egotearen arrazoiak?” Gure erantzunak kontuan hartuta, arazoa nagusiak identifikatu eta zuhaitzaren enborrean jarri genituen; sustraietan j arazoaren zergatiak eta adarretan ondorioak. Ondoren, proposatu zigun kartulinatxo batean idazteko zer zegoen gure esku egitea guk eragin genezakeen esparru zehatzean. (“zer egin dezaket nik?”), zer talde mailan eta zer gizarte mailan.

Dinamika bakoitzaren bukaeran egindakoaren gaineko hausnarketa txikia egin genuen kontuan izanik zenbateraino egon zen agirian edo jokoan parte-hartzaileon subjektibitatea, balio etikoak, adiskidetasuna/maitasuna, poztasuna eta desinhibitze fisikoa.

Erabilgarri izan zitezkeen dinamiken beste menu zabal bat geratu zitzaigun aukeran; hala nola:

  • Talograma”: gai jakin batean inguruan parte hartzen duten eragileak identifikatuta, eragileok marraztu gaiarekiko duten kokapena, eragina, pisua… kontuan hartuta.
  • “Diagramak”: taldearen osaketa, funtzionamendua, antolaketa eta harremanak grafiko batera eraman.
  • “Mapak”: toki bateko espazio ezberdinak bereiztu (non egin daitekeen euskaraz, adibidez) kolore edo ikurren bidez.
  • “Euskara animalia balitz”…

Dinamika hauen erabilgarritasuna

 Nire iritziz dinamika hauek talde (“lantaldea” gure kasuan) baten egoera edo arazoak aztertzeko balio zuzena dute (euskararen erabileraren egoera, erabilerarako dauden jarrerak…) argudioa nagusi den ohiko bide arrazionalak erabili beharrean, adierazpena erraztu eta honetan sakontzeko lagungarri izango zaizkigun bestelako bide sortzaileagoak erabiliz.

Baina, jakina, dinamika hauek ezin dira erabili edozein momentutan eta edonola. Zenbait kontu garrantzitsu aintzat izan behar dira. Lehenengo eta behin, taldea eginda egon behar da, osatua; hau da, giza-harremanak egonkortuta daudenean baino ezin dira erabili. Gainera, argi izan behar dugu zer lortu nahi dugun dinamika jakin baten bidez, eta ez soilik polita edo atsegina delako. Eta osotasun bat izan behar dugu argi gogoan, dinamika bakoitza aparte eta aurrekoarekin eta erdi proiektaturik dugun hurrengoarekin elkar lotuta.

Bukatzeko, antolatzaileek azpimarratu zigutenez, dinamikok lau kide baino gehiagoz osatutako taldeetan dira erabilgarri eta ahal den neurrian talde- eta bakarkako konpromisoetara eraman behar gaituzte.

Argazkia: 10 Principles of Beautiful Photography. Egilea: Stuck in Customs. Lizentzia.

01
Eka
2009

Koherentzia, kohesioa eta aberastasunaren balioa

EAEko gobernu berriaren hizkuntz-politikarenak tentuz hartzekoak izango dira oraindik, goiz da edo. Beldurrerako motiborik ez ei dago, hala ere, esanak esan, mesfidantza da nagusi euskaltzaleon artean, kontrakorik frogatzen ez den bitartean edo. Ez gara justuak izango eta badaezpada, zer dugu honez gero?

  • López lehendakariaren inbestidura-diskurtsoan (pdf): "Gizarte batek bi hizkuntza izateak aberastasuna dakar". Aniztasunaren eta aberastasunaren diskurtsoa. Zuzena, polita, gaur-gaurkoa, XXI diskurso inpekablearen topiko estandarra nonbait.
  • Isabel Celaa, Hezkuntza sailburuak: "Hemos vivido bastantes años en el sistema educativo pensando sólo en términos 'euskera-castellano'. Es un empobrecimiento".
  • Rafael Bengoa, Osasun sailburuak: "La interconexión profesional en España y en Europa se debe enriquecer y no nos debemos encerrar en nosotros mismos debido al idioma".  Ondoren, Osakidetzan euskararen merituen murrizketa iragarri.

Bi hizkuntzak ez ziren ba aberastasuna? Derrepentean ondarea zena pobrezia bihurtu da? Krisiak hain arin debaluatzen ditu baloreak? Ala burbuila batek puztuta eduki du balioren bat?

Beste gauza bat izan daiteke. Egunotan hainbat irakasle aztertzaile lanean dabiltza tituludungaien diskurtso idatziak analizatzen. Ebaluazio-irizpideen artean apreziatuenak eta seguru aski gutxien ulertuak: koherentzia eta kohesioa. Aberastasunaren irizpidea kakaztu digute hemen eta nik ere ez dut ondo asmatzen beste horiekin. Aztertzaile horiek lagunduko digute akaso. Izan ere, diskurtso arazo-baten aurrean gaudela susmatzen dut, zerbaitetan koherentea izan ez baina kohesio arraro bat erakusten duena.

Celáaren beste hitz hauetan bezala: "Una lengua impuesta nunca será amada y una lengua querida será más usada".

11
Mai
2009

Elkarrizketa, politikariak eta hizkuntza

Tema eduki dugu egunotan politikariek euskara jakin behar duten, zenbat jakin behar duten, ikasi behar duten eta abar. Gaur berton Soitun irakurri dugu zerbait (mersi Jozulin).

Euskara jakitearen alde argudio bat nagusitzen dabil: politikariaren itzala, eredugarritasuna eta hiritarrekiko errespetua. Ez dut argudio horri kontra egingo, inondik inora ere ez. Baina beste hari batetik tiratu nahi nuke bipuntuzerismoa, komunikazioa eta halakoei buelta pare bat emanda.

Web2.0 eta bere inguruko ideiak zabaldu zirenetik hitz bat dabil han-hemenka askoren aho-idatzietan: elkarrizketa, berriketa, solasaldia... (conversation alegia). Cluetrain manifestuan hasita, bipuntuzerismoaren ideologo askoren testuen tag cloud-a egingo bagenu hizki handiak hartuko lituzke berba horrek duda barik.. "Merkatuak elkarrizketak dira", "Internet elkarrizketa bilakatu da" eta halakoak.

Bai, web soziala deitu zaio oraingoari  (hurrengoaren esperoan). Soziala kontzeptuak pertsonen arteko elkarreragina esan nahi du seguruenik, komunikazioa, eta hizkuntza ei da klabea pertsonen komunikazioan, eta ondorioz gure bizi-jardun guztian. Felipe Zayasek adibidez lehengo egunean zirriborratu zigun konpetentziak eskuratzean eta garatzean hizkuntzaren papera eta pisua zein izan daitekeen.

Orduan, web2.0ak sozializazioaren tresnak ekarri baditu Internetera, pentsatu beharko dugu azken batean bizimodu "fisikoan" ere berdin gertatzen dela: elkarrizketa da gure bizitza, etengabeko hitz-trukea, elkarreraginean egiten dugu igeri behin eta berriro. Eta tartean hizkuntza.

Ez dakit Politika2.0 ekimena ezagutzen duzuen. Duela hilabete batzuk hemengo blogari batzuek politikan partaidetza, irekitasuna eta, seguruenik, "elkarrizketa" sustatzeko ipini zuten martxan kontua. Ez dut gertutik jarraitu eta ez dakit zer balantze egiten duten partaide guztiek. Edonola ere, Julen Iturbe-Ormaetxeren blogean hangoaren harira (suposatu dut) gogoeta hau aurkitu nuen (azpimarra nirea):

Un político depende en exceso de su gabinete de comunicación. Me temo que no es capaz de moverse en el terreno de lo público si no lo hace con elevadas dosis de cosmética. Para que un político conversara como persona debería acudir sin la parafernalia del sistema. Y hoy en día no se atreve y quizá ni puede.

Bizitza elkarrizketa da, elkarrizketarako hizkuntza ezinbesteko tresna, hizkuntzak komunitatea eratzen du, komunitatea elkarrizketan bizi da orduan (ezta?).

Komunitatearen hizkuntza ez dakien politikariak -bistan da- komunitatearen elkarrizketaren partaide izateko oztopo serioak ditu. Baina tira, politikariek oro har elkarrizketan murgiltzen ez badira ausartzen, edo ez badute nahi izaten, arazoa ez da hizkuntza izango nonbait. Eta politikaria parafernaliaren eta irudiaren esklabotzan bizi bada, hizkuntzarekin gauza bera gertatuko da: parafernalia-hizkuntza baino ez du bereganatuko seguruenera.

Galderak geratzen dira azkenean: Politikariek gure elkarrizketan partaide izan nahi dute benetan? Hizkuntza honetan gertatzen den elkarrizketan ere bai?

  • PS. Politikariak hartu ditut subjektu, baina egia esanda hiztegi zabala dugu esaldi horretako subjektuaren lekuan ipintzeko.
  • PS2. Bistan da hizkuntza jakite soilak ere ez duela solasaldian partaidetza derrigor ekartzen. Konpetentzia linguistikoa baino gehiago eskatu beharko da? (eta ez nabil gaitasun komunikatiboaren deskribapenetan agertzen diren gainerako gaitasunengatik: diskurtsiboa, estrategikoa, soziolinguistikoa... soilik)
  • PS3. Eta hizkuntza ikasi beharraz ari bagara, gure elkarrizketan jardutearren ikasten dute benetan? Gurekin jardun nahi dutela planta egiteko sikieran?

Argazkia: talk. Egilea: derpunk. Lizentzia.

30
Api
2009

Erdaldunak eta euskara: aurriritziak, jarrerak eta ikasteko oztopoak

Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerketa aurkeztu zen atzo.  EJren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak enkargatu zuen duela hiru urte, eta UNESCO Etxeak eta UNESCO katedrako Amarauna taldeko ikerlariek burutu dute.

Ikerketa interesgarria dirudi, EAEko erdaldunek (elebakarrak suposatzen dut)euskarari buruz zer pentsatzen duten, zer (aurr)iritzi duten eta zer harreman izan duten aztertu dute. Helduen euskalduntzean bereziki interesgarria gainera, azken batean kolektibo hori euskaltegion "target" nagusietako bat izaten da.

Baikor egoteko motiboa izan dezakegu zabaldu diren lehenengo datuak ikusita: %55 euskaren mundutik hurbil sentitzen ei dira, laurden batek dio hurbiltzeko interesa dutela, gehienek euskara ezin dela galtzen utzi eta euren seme-alabek jakitea nahi luketela.

Ikasteari dagokionez datu deigarriak hala ere: %65 inguruk dio inoiz saiatu egin da euskara ikasten, eta erdiek baino gehiago jakin nahi luketela diote. Lagin baten gaineko datuak dira, baina portzentaiok EAEko erdaldun elebakarren kopuru osora (900.000 inguru) ekarriko bagenitu, esan genezake 600.000 bat lagun saiatu direla inoiz ikasten, eta une honetan 500.000 inguruk jakin nahi luketela euskara .

Deigarria, esperantzagarria edo kezkagarria, nondik begiratzen zaion.

Eta zergatik ez dute ikasi/ikasten? UNESCO Etxearen webguneko laburpenean azalpen hau dugu:

Hiru oztopo-mota aipatu dira: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela perzibitzea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta horretarako denborarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra “bikain” ikastea eta azterketa bat gainditzea dela uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzen da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo “pixka bat” hitz egiteko.

Hizkuntza zaila da euskara, areago helduaroan ikasteko, topikoa izan daiteke, baina pertzepzio hori zabal dabil duda barik. Hizkuntzaren beraren ustezko zailtasunari ikasten laguntzen ez duen ingurune soziala gehitu beharko zaio seguruenik.

Modu bakarra euskaltegia dela. Hala baldin bada bistan dago nondik jo beharko genukeen: Mahomari etortzeko bidea eman, edo Mahomarenganaino mendia eraman bestela.

Eta bikaintasuna eta tituluak lortzera baino ez dela bideratzen eskaintza... zalantza pare bat datozkit.

  • Batetik, tituluek jendea euskara ikastera ez zuten motibatu behar? Kontrakoa lortu dutela esan daiteke? Ala fase berri batean sartu behar dugula akaso?
  • Bestalde, bitxia kezka hori nondik datorren, orain arte "titulitisaren" kalteak eta euskararen irakaskuntza erabilera errealarekin lotu beharra euskaltzale "erradikalen" leloak izan ei dira. Kontrako muturretik arazo berdina ikusten da orduan? Era berean "pixka bat es mucho" horren atzetik dagoenaren baieztapena ere izan liteke.

Informazio hau guztia orain arte zabaldu diren albisteetatik hartu dut, une honetan ez dakit ikerketa osorik non aurkitu daitekeen.

Loturak:

30
Mar
2009

Argazkiak

Badakit apur bat kaparra nabilela Korrikarekin egunotan, munduan besterik ez balego edo. Bihar gaia aldatuko dut, zin dagizuet. Bitartean gauza pare bat nahi nuke esan.

Korrika hau inoiz baino grafikoagoa da komunikazioari dagokionez. Karrerako ekipoari esker Flickr-en bidez egunero argazki partida handia daukagu errepidean zer-non dabilen ikusteko. Ikusi bai, ikusi dute batzuek. Eta ikusi dutena gustatu ez.  Haien gustukorik ez dut uste han topatuko denik baina.

Ez nau harritu Nafarroako Gobernuaren erabaki horrek, egia esanda ez nuen neuk ere gustuko ezer espero handik. Argazki kontuak denak hala ere.

Euskaltzale batzuk ere argazki kontuengatik kezkatuta era berean. Eta...

Erreibinkazioa, aldarria... sano irteten dira berbok Korrika dela eta ez dela, eta sano nahastu/batu batzuk eta besteak ere bai.  Erreibindikazioa, aldarria, eskakizuna, salaketa... amorrua, etsipena, haserrea islatzen duten berbak izaten dira horiek guztiak.

Argazkiak ikusten ibili naiz. Ostegunetik honakoak. Gehien agertzen diren elementuak: petoak, lekukoa eta... irribarrea. Karreristak ez dabiltza negarrez, lekukoarekin batera irria pasatzen diote elkarri, pasatzeko desiatzen daudela esango nuke, irria hedatzeko. Korrikan hitz gutxi egiten den arren, euskarak transmititu egiten ditu sentipenak.

"Ongi etorri" dio aurtengo leloak, eta hori nahi du Korrikak akaso. Elkarri ongi etorri eman. Ongi etorri lagunari, etorri berriari, aspaldian etorritakoari, hemen betik egon denari, hemen inoiz izan ez denari. Ongi etorriaren irribarrea ikusi dudala uste dut.

Eta goiko italiarren eta beheko andre honen irribarrearekin geratzen naiz. Askoz gehiago motibatzen naute irribarreok gobernante batzuen okurrentziek eta geure arteko riki-raka tradizionalek baino.

Askori Korrikak hemendik aurrerako erantzunkizuna ekartzen digu, eta hari ekiteko adorea irribarre horiek ematen digute, lagunok.

PD. Eskerrik asko karrerako argazkilariei hainbeste irribarre ekartzeagatik.

Sindikatu edukia