argitalpena

28
Ira
2008

Tendentziak

Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.

Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.

Lehenengo inpresioa:

Moodle. Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.

Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.

Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.

Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi  nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:

Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.

Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.

Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura  eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.

Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.

09
Abe
2007

Ikasmaterialen argitalpena

material zaharrak Leire Narbaizak lehengo eguneko artikuluan hau idatzi zuen:

Horren harira, logikoa denez, gure baliabideak urriak eta zaharrak dira askotan. Material espezifikoa irakasle bakoitzak sortzen du, edo zentroak. Argitaletxeek ez gaituzte kontua hartzen. Eurendako gu farmazeutikendako gaixotasun arraroak dauzkatenak bezalakoak gara: gutxi eta etekin ekonomikoa, berez, hutsaren hurrengoa.

Ez da hura izan irakurri edo entzun nuen lehenengo aldia, ezta azkena ere. Argitaletxeak ez dira gurekin akordatzen, material gutxi argitaratzen dela, eta ondorioz eduki ere gutxi daukagula, zahartuta...

Durangoren egunak izan dira hauek, argitalpenak eta azoka berriro hizpide. Aurtengo katalogoa sarean daukagu eta handik pasatu ez naizenez, saretik kontsultatu dut. Guretzat badago ezer?

Ez da erraza katalogoan gai edo arlo zehatz batekoak kokatzea (iradokizuna: katalogoan argitalpenak kategoria edo gaika sailkatzea), hitz klabe, argitaldaria edo egilearen izenaren arabera egin behar da. Helduen Euskalduntzerako material didaktiko modura zer daukagun peskizan, nobedade gutxi aurkitu ditut.

Eta oraingoz ez dut beste ezer aurkitu. Egongo da zerbait. Hala bada esan mesedez.

Materiala argitaratzearen kontu hau ez dut garbi ikusten hala ere.

  • HABE izan da azken urteotan material gehien sortu eta zabaldu duena. Hala ere, materialon ohiko banaketa bideak barik, internet izan da berauek eskuratzeko bide nagusia. Ikasbilen bitartez gehien bat.
  • Argitaletxeentzat ez ei gara negozio. Ez dakit euskarazko argitalpenetan negozioa izateko muga non dagoen, baina esango nuke euskaltegiak ez direla argitaletxeek baztertutako nitxoa.
  • Orain arte material gehien argitaratu dituztenak euskaltegiak eta euskaltegi-sareak izan dira. Baina azken urteotan oso gutxi argitaratu da (ohiko formatoetan behintzat). Hala ere, materialgintza lana egiten jarraitu da. AEKn, IKAn eta beste batzuetan behintzat badakit horretan ari(tu) direla. Ez dira kanporatzen baina. Edizio arazoak? Argitaratzeko eskubideekiko arazoak? Kosto ekonomikoa?
  • Paperezko edo multimedia materialak diseinatu, editatu eta argitaratzeak kosto handiak dauzka. Baten batek oraindik pentsatzen du inorentzako diru-iturri oparoa izan daitekeela, baina (dirulaguntzak jasota ere) parra eginda pozik egoteko motibo nahikoa dagoela esango nuke.
  • Gure sektorean komunikazio teknologia berrietarako errezeloak ei daude. Hala ere, badago gurean ondo baino hobeto erabiltzen jakiten dugun teknologia: erreprografia, fotokopiak alegia.
  • Didaktikaren munduan halako sasoi "kaotikoan" bizi gara. Plistik arrazoia emango lidake seguruenik. Testu-liburuaren filosofia atzean utzita daukagula dirudi, teorian behintzat. Bestelako zerbait beharko litzateke, baina ez dugu zer asmatzen. Eta honek dakarren noraezean zaila da inor argitalpen proiektu handi bati ekiten ausartzea. Egokia izango ez delakoan, berehala zahartuko delakoan... Ez geu, ezta argitaletxeak ere.

Bitartean, irakasleen artean material berri gutxi dagoelako sentsazioa zabaltzen da, baliabide falta. Pertzepzioa errealitatearekin bat dator? Erabat ez esango nuke, baina pertzpezio horrek arrazoi argiak dauzka eta gainera ez du batere laguntzen.

Eta zer egin daiteke? Gauzak nondik nora dabiltzan ikusita honako irtenbide batzuk zirriborratu daitezke:

  • Euskarri eta kanal berrietara jo. Ikasmaterialen edizio-banaketa sistema tradizionalek (papera, CD-DVDa....) une honetan gehiegi mugatzen gaituzte. Ikasbilen banaketa eredua neuri behintzat arina, erabilgarria eta egokia iruditzen zait, edukiak kalitate eta erabilgarritasun handiago eta txikiagokoak izango dira, baina denbora, kostoa eta eskuragarritasuna asko hobetu dira.
  • Norberak argitalpenekin bere negozioa bilatu beharrean, euskaltegien artean (eta bestelako eragileekin: administrazioa, argitaletxeak, hezkuntzaren mundua...) kolaborazioa eta aliantzak gehiago landu. Interes eta behar izan komunak dauzkagu, eta batuta bakarka baino gehiago egin daitekeela uste dut.
  • Ikasmaterialak banatzeko "liburu" formatoa ahaztu. Une honetan ezin da itxaron ez dakit zenbat orrialde bete arte ezer editatu eta zabaltzeko. Bizkortasun handiagoa behar da, eta pisu gutxiago. Pilulen etengabeko hornidura nonbait. Hedabideen munduan gertatzen den antzera.
  • Materialgileak espezializatu eta dedikatu. Edozein irakaslek jakin beharko luke materiala sortzen edo egokitzen, bai. Baina gure sektorean dagoen lan bolumenarekin materialgintza zerbitzuak ezinbestekoak dira. Eta espezializazio horrek etengabeko prestakuntza dakar, bi arlotan: didaktikoa eta teknikoa.
  • Baina -web2.0 eta partekatzearen sasoi honetan ezin ahaztu- erabiltzaileek (irakasleek hain zuzen ere) euren edukiak zabaltzeko aukera ere beharrezkoa da. Gure material-ideia iturri nagusietakoa dira egunean-egunean klasea prestatzen dihardutenak, sortzeko, egokitzeko eta hobetzeko. 1.500 pertsona baino gehiago ari dira, hor asko dago konpartitu eta zabaltzeko, dudarik ez. Hori egiteko bideak eta motibazioa ematea da gakoa.

Horraino ailegatu naiz ni, eta hor dago kontua, eztabaidatzeko edo, hobeto, irtenbideak proposatzen hasteko.

Sindikatu edukia