Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.
Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.
Lehenengo inpresioa:
Moodle. Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.
Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.
Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.
Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:
Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.
Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.
Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.
Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.



jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



1.000 irakasleri baino gehiagori aurkeztu dizkiet dagoeneko Moodle-ren nondik norakoak, baina oso garbi daukat abiapuntu baino ez dela, ikaskuntza-sareetara eta sare-sozialetara hurbiltzen da eta berauek ulertzen laguntzen du, baina hurbildu baino ez.
Ulertzekoa da moda-modako baliabide bat aurkitu eta arrakasta pixka batekin erabiltzen ikastea pozik egoteko modukoa dela, urruti gabiltza oraindik, ordea, hain soziala ez den tresna honi etekin didaktiko minimoak ateratzeko, gutxienez egindako inbertsioa justifikatzeko adinakoak.
Kontua da IKTak benetan integratzeko curriculuma berreraiki egin beharko dela, justu orain dugun eredua ulertzen hasi garenean... IKTek komunikazio-erak, generoak eta testuak zabaldu eta aldatu dituenez, orain arteko sailkapenak berregin behar dira, eta hori kontu neketsua da oso. Berez komunikazio-gaitasunaren definizioa berrikustearen aldeko naiz.
Laburbilduz: uff, a ze lan piloa egiteko oraindik!!