08
Eka
2006

Itzultzaile automatikoa

 

Hizkuntza batzuetarako itzultzaile automatikoa. Euskaratik eta eukarara ere itzultzen omen du.

06
Eka
2006

Egun bat

Ez dakit honen berri noraino ailegatu den. Karrajuaren bidez zabaltzen saiatu naiz behinik behin. AEKn ibilita AEK egunak urteko gehienak dira, ospakizun eguna bakarra, antolaketa lanek ospatzeko modua ematen badigute behintzat.

Karrajuan gora eta behera nabilenetik gutxitan aipatu dut lan egiten dudan erakundea. Politikoki zuzena izan edo neutralitate ikutua ematearren seguruenik. Eta, egia esanda, AEKri buruz berba egiten hasteko besteko neutralitatea eta bustitzeko gogoa falta zait.

Aukera ona izan liteke AEK Eguna AEK eta AEKideen goraipamen loratua egiteko. Halako une emozioanala probokatzeko eta berba handiak plazaratzeko. Jakina, ez da egokiera ona inondik ere AEKri egurra emateko, are gutxiago komunikazio arduradunarengandik bost metrora eta koordinatzaile nagusiaren gaineko pisuan lan eginda. Eta bateko nahiz besteko kontatzen jarriz gero ere, ez nuke jakingo ez nondik hasi, ez noiz amaitu.

AEKeguna Txorierriko herri batera ekarri eta bertako euskaltzaleen, erakundeen eta euskara elkarteen kolaborazioa inoizko handienetarikoa izan den honetan, AEKz berba egiteko Derioko Tximintx elkartekoek euren blogean artikulu paren baten kontatutakoa nahikoa eta sufiziente begitandu zait AEK zer den, zer ez den, zertan dabilen eta nondik datorren azaltzeko, neuk kontatu nezakeena baino gehiago. Hona artikuluok.

Ez dakit horrekin AEKri buruzko ideia egin duzuen. Bestela, zapatuan Larrabetzun ideia egiteko ez dakit, baina egun bat pasatzeko modua behintzat edukiko duzue. Nahi baduzue gainera [AEK] egunaren izenean AEK jartzen duen lekuan zuen euskaltegiaren izena ere jarri dezakezue, edo euskaltegiaren eguna beste barik (ikastolak, eskola publikoak eta horiek guztiek euren egunak ospatu eta geuk ez daukagu eskubiderik, ala?). Ni neu behintzat ez naiz haserretuko.

Eta Larrabetzura ez bazoazte, hemen daukazue AEK Egunerako prestatu den materiala, klaserako balio badizue txakolin batekin ospatuko dut zapatuan, eta badakit nork ordainduko didan gainera.


aek tagged map - Tagzania
AEK

04
Eka
2006

Argaren bazterrak

Iruñerrian ibili gara gaur. I mintza-eguna. Kronika baterako apunteak (baten batek egin nahi badu edo).

Santutxu, goizeko 9.30ak: Briñas eskolaren aurreko bus geltokian. Mahatserriko berbalagun kuadrila, 120tik 30 inguru Iruñerako plananarekin. Ni, lo. Joño! Santxutxuko Joseba Basterra euskaltzale beteranoa han. Gorbeiako Karmeloko aterpearena Bertonen irakurri dudala eta kontua nondik nora dabilen galdetu, hura esplikatzen hasi, autobusa etorri, elkarren ondoan jezarri eta ia Iruñera arte Gorbeiako kontuak gora eta behera. Askok ez duzue ulertuko, baina balio sinboliko-emozional-nostalgiko handia dauka aterpe horrek Santutxutar askorentzat. Berri pozgarriak, aterpea konpontzeko asmoa daukatela, Mendi taldeak hartu duela,... (Honeek Bertonekoak albistea interneten eskegitzen dutenean link-a jarriko dut. Listo! HO betiko efizientea eta hemen dago albistea. Batzuek kontrakoa zabaldu nahi duten arren, Bertoneko langileak profesional-profesionalak)

11.30. Iruñea. Autobusetik jaitsi eta Gaztelu enparantzara. Josebarekin berbetan ez naiz konturatu ere egin autobusean nortzuk ibili diren. Orduan hasi naiz kargutzen: Santutxuko AEK-ko eta Asapalako lankideak eta nire berbalagunak, Uribe Kostako (Getxo eta Erandio) berbalagunak eta Udal euskaltegietako irakasle ezagunak. Kaixo, ezagutu bez! zeu be bai hamen, joño! Aurpegi ezagunak ere hasi dira agertzen: AEK-ko jendea, Topagunekoak,...

11.30 + ez dakit zenbat minutu. Cafe Iruña. Mahatsorrion koadrilatxu bat hasi bitartean zeozer hartzen joan gara. Eta zeozer hartu bitartean hasi egin da. Konturatu orduko berandu. Non dabiltza besteak? Iruñeko parte zaharrean bila sartu. Estafeta kalean kuadrila handia. Soinularia eta kantariak. Iruñea kantari esan digute. Denok han gaudelakoan entzun eta itxaron. Jendea bertokoak eta kanpokook osatutako koadrilari begira. Gustura. EAEkook Nafarroan euskaltasuna adierazten duen zerbaiten inguruan baten batek astakeriaren bat botako duen ustea dugula konturatu naiz. Nafarroatik datozenak hain beltzak etortzen zaizkigu ze,... Zapatu eguerdiko lasaitasuna, giriak kuriositatez begira, bertokoak kantuak eta kantakera gozatuz.... Hau ez da pintatu dugun infernua inondik ere.

13.00ak edo. Antolatzaileetako bat gure bila. Galduta zabiltzate, besteak aurretik dabiltza. Goazen ba aurrera! Nabarrerian gora, harresia,... eta Argako bazterra. Besteak aurretik dabiltza, eta erreka bazterretik aurrera segitu behar dugu "bermuta" ematen den lekuraino. Goazen. Ttipi-ttapa,...60 lagun inguruko koadrila, Bilbo inguruko autobusekoak gehienak, Argan gora. Esaten nian Julian, hemen ez gaozak danak!

Argako bazterra, txopoak, gurearen kontrako norabidean korrikalariak, Santiagorako erromesak, paseanteak,... gu, aurrerantza, paseoan, eguzkitatik, gerizpe gutxi. Paseokide ezezagunen berriketei adi,... ea nongoak-zer diren (euskaldun berriak, zaharrak, nafarrak, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, 1b maila, 2 maila,...) Badakizue deformazio profesional eta diletante guztiak.

Andre bi, mintzalagun bikotea duda barik, naparrak, iruindarrak. Ibilbidearen ingurukoak deskribatzen, kontatzen, gogoratzen,.. haien ondoan nabil, entzuten,... hona txikitan etortzen ginen bainatzera, hemen "saldarriak" zeuden, hemengo baratzak! haiek piperrak eta tomateak!...han ez dakit zer klub,.. Aitu! Luxuzko gidariak topatu ditut! Entzun, esaten dutenari kasu egin eta begiratu, azkenean haiekin berbetan hasi,... eta Argako bazterrak gehiago ezagutu, eta Iruñea, eta iruindarrak...eta berbalagun berriekin paseoan,... Santutxukoak aurretik galduta daborduko. Eta eguzkitan, Argako bazterretik, txiri-txiri aurrera, andreoi entzuten eta berbetan,... A ze zortea eduki dudana 20 minutuan! Bidaiaririk porrokatuenak gura lukeena.

Halako baten, joño! Hemen dago koadrila guztia! Bermuta. Hurreratu eta ezagun gehiago. Ene! Zeu ere bai hemen? Zelaaaaan? Aitu hor nor dagoen! Urlia ez duzue ikusi? Hau da bermuta? Martinirik ez dago berriz! Birra bat, hartu pistaxoak,... Eguzkitan ondo gaude,.. Derrepentean, e! zugatik galdetzen dabil neska bat hemen,... Hori aurpegi hori, ezaguna... Nondik? Aibalaletxeeee! Usaia-Elena da bata! Kemajaaa! Gernikakoekin etorri da. Mini blog&beers-a eduki dugu salto baten. San Miguela eskuan eta... zelan zabiltza? Zelan bloga? EGA?....

Megafoniatik abisua,.. ez dut ostiripe ulertu baina aurrerantza doaz denak Argako bazterrean gora. 150 lagun omen. Eta denak berbetan,... Historiako mintzalagun simultaneo handiena izan behar da hau. Santutxuko berbalagunekin eta euren klasekideekin sinsorgadak esaten eta  gure berbalagun taldearen misterioa argitu guran goaz aurrera, eguzkitatik.

Burlatako etxeak ezkerrean. Ibilbidea zibiliziotik kanpo dabil. Ez tabernarik (ostras! tabakoa galdu dut!), ez komunik,.. Paz de Ziganda Ikastolara heldu gara akabuan. Ene! Elegantea ikastola! Barrura? Tabakoa erosi behar dut. Taberna topatzen noa, zurekin noa, gordeiguzue lekua... Non gaude? Atarrabian ala Burlatan? Aitu erretratoei, Indurain, Indurain, Indurain,... Non egongo gara ba? Atera beste buelta bat. Las Campanas, bai. Eguzkitan ondo e!

Mobila. Nun zaze? Kamiñoan gaoz, ontxe gaoz han. Tragua amaitu, joan, jezarri. Joño! Lasartekoak. Joño! Edorta, AEK-ko mintzapraktikarako arduradun nagusia. Zelan? Zer moduz? Aupa! Ardoa? Preguntau bez! Hiru platerrak jan. Erre daiteke? Ez. Kanpora. Zu nongoa zara? Autobusez etorri zarete? Hurrengoa Ordizian egingo dugu. Sua? Donostia bai. Donostia ez. Getxo bai, Getxo ez,...Barrura. Musika, kantuak,...Euskaldunok kantu alairik ez daukagu ala? Durungon bazkaldute dagoen lekuan,...dantzan, kadenetak, kantuak....

Kanpora berriro, jubilatu pare bat inguruan une baten: Joseba Basterra eta Joxemari Muxika. Han aititezebolleta bien batallitak. Eta gustura entzun gainera! "Izan zirelako gara (izan dira, dira, eta urte askoan izan daitezela!)..." etorri zait gogora. Josebak "hunkituta nago", Joxemarik "hona etorri beharra zegoen"... Enfin, une emozionala, Atxa patxaranak patrozinatuta.

Komunera noa. Oskar antolatzailea-arduraduna bidean. "Erantzun ona", gustura dabil mutila. Denak ere bai. Koordinatzaile batzuk (gure Oihana barne) berbetan eta dantzan. Barnetegietako eta euskaltegiko afarietako euforia ikutua antzeman dut. Irribarre jenerala.

Joateko ordua da bata! Kanpora, eguzkitan ondo. Autobusera. Bilborantza. Santutxu. Jaitsi. Zer? Pote batzuk? Nosajodido! Dozena bat lagun berbetan (edo dozena bat berbalagun?) txikiteoan,.... Santutxun zapatuko gau-giroan bultoa egiten, erretiratu gura baina ezin. Eguzkia aspaldian joan da.

Laburbiduz: Arga, gidari natiboak (besarkada bat biei, izena galdetzea ahaztu zitzaidan baina!), Usaia-Elena (musu bat neska, azkenean agur esan barik joan naiz), mintzalagun simultaneoa, beteranoak/ek hunkituta, eta aftersuna apuntapalan.

www.flickr.com
02
Eka
2006

Technorati euskaltegi

Ikasleen blog pare baten berri eman dut aurreko post-ean. Orain arte ez dira ezagunak izan eta biak technorati-ren bidez topatu ditut. Technorati-n izena emanez gero aukera ematen dizu blogetan bilaketa pertsonalizatuak egiteko eta agertzen diren berriak jarraitzeko. Hiru bilaketa jarri ditut neure kontuan: euskaltegi, euskaltegia eta euskaltegiak. Izena emandakooi Technorati-k aukera ematen digu bilaketa hauek rss-ren bidez jarraitzeko eta zerbait berria agertzen denean, da! gure agregadorean agertzen da. Hiruretara harpidetu dut karrajua eta berton agertuko dira hiru hitz hauetariko bat aipatzen duten post-ak.

Bilaketetan kuxkuxeatzen hasi naiz, euskaltegi hitzarenean gehien bat. Eta aipu bitxiak aurkitu ditut blogetan euskaltegien inguruan, gaztelaniaz, eta ingelesez ere bai. Hemen ale batzuk:

Hemen ikasle batek maila gainditzeko azterketez zer pentsatzen duen.

...Esta misma mañana he tenido otro examen; sí, un sábado examen. Pero no era del instituto! sino del Euskaltegi. Estaba chupado! XD solo espero que el idazlan (redacción) no estuviera muy mal, que es lo que más miedo puede darme. Si apruebo esto y la segunda parte (ahozko/oral) me dan un título que no vale para nada jaja pero bueno, me devuelven parte de la matrícula del euskaltegi! (http://diokhan-ga.livejournal.com/662.html)

Ingeles hiztuna euskara ikasteko lehenengo pausoak ematen:

I don't get a chance to use that one too often, though I do like to randomly tell people Zakur beltza hil da 'The black dog has died' (and suffer their looking askance at me) just because I can. Time to learn a new model sentence that I can plug the different nouns I know into--but this time one that is a little more useful--until I can get my butt to an euskaltegi (language school) and do some proper learning. (http://wheylona.blogspot.com/2006/03/more-tiny-triumphs.html)

Hemen euskaltegian egin duena kontatzen duen bat:

Despues de hacer los ARIKETAS (ejercicios en euskera) de rigor, ha llegado el momento de la MINTZA PRAKTIKOA, o lo que es lo mismo la expresión oral. Y el tema del día agarrense a los asientos: EL AMOR PLATONICO....

Y luego claro me ha tocado a mi y hemos tenido que omitir ciertos detalles sobre mi manzana prohibida, esa que solo los más cercanos conoceis, si es que de verdad ya ni al Euskaltegi voy a poder ir a conservar mi intimidad. (http://spaces.msn.com/keydelvecio/Blog/cns!1pu0hCS5xk1SGQNr6CzwBcuw!939.entry)

Eta azkenik euskaltegian poz-pozik amaitu ez duen batena.

Para el día 15 estarán las notas definitivas, aunque apruebe definitivamente, no me apetece seguir en el euskaltegi, tienen un descontrol enorme con el sistema, los exámenes y todo eso. Si el año próximo hay plazas en la escuela de idiomas, me apuntaré, aunque todo el mundo me recomienda el euskaltegi porque se aprende más y antes. (http://damaramu.blogspot.com/2005/06/emaitzak.html)

Tira ba, ikasleak zer pentsatzen duen jakiteko era interesgarria izan daiteke blogetan murgiltze hau. Gehiago daude, badakizue technoratin sartu eta euskaltegi(a)(k) bilatu.

01
Eka
2006

Itsaspepinoak, lehenengo ikasle-bloga?

Basauriko Udal Euskaltegia - ... Basauriko Udal Euskaltegia Euskara ikasi nahi baduzu, Basaurin aurki dezakezu leku on bat. Urbi auzoan dago, gartzelaren ondoan; beraz, ondo portatu!!Klasera piperra eginez gero, hara bidaliko zaituzte! Txantxaz aparte, hemen gustura egongo zara. Batzuetan, klaseak gogor samarrak izan daitezke, batez ere, trinko bat egiten ari zarenean. Hala ..

Itsaspepinoak [Technorati: euskaltegia bilaketa]


Technoratik txibatu dit, Basauriko Udal Euskaltegiko ikasle batzuek bloga montatu dute. Izena xelebrea: Itsaspepinoak.

Ez dakit izena nondik datorren baina egingo nuke euskaltegian hizkuntzarekin olgetan hasita sortzen diren halako berba-jokuetariko bat dela (egun baten bilketa egin beharko dugu).

"Euskaltegiblog" bat gehiago beraz, eta ez da azkena izango seguruenik. Honek berezitasuna dauka dena dela, ikasleek eurek sortu eta kudeatzen dutela dirudi. Ez dakit irakasleek hemen zer partizipazio eduki duten (interesgarria izango litzateke jakitea), edozelan ere hau da -nik dakidala- ikasleek eurek gidatzen duten lehenengo bloga.

Honela aurkeztu dute bloga:

Kaixo lagunok!!! Basauriko Udal Euskaltegiko lagun taldea gara. Luzaroan pentsatzen egon ostean, "Itsaspepinoak" izena ipintzea erabaki dugu. Zergatik sortu dugu bloga? Alde batetik, ikasleen arteko harremanak mantentzeko. Bestetik, euskara praktikatzeko aukera ona izango zela pentsatu dugulako. Gainera, hemen aurkitu ahal izango dituzu, besteak beste, gure esperientziak, gustoak, argazkiak, berriak, etab. Eta jakina, ZUK PARTE HAR DEZAKEZU!!

Blogaren edukian denerik, gai desberdinen inguruko iritziak, bertsoak, kantuak,... gauza gehiago sartuko dituztela ere esan dute. Puntu informala eta irekia dauka behinik behin.

Ikasleek zer kontatzen duten jarraitzea merezi du. Karrajuko agregadorean sartu dut jarioa. Uste duten baino irakasle gehiago edukiko dute begira

Hemen helbidea eta jarioa:

31
Mai
2006

Irakasleak eta filologoak

Oraingo CAP ikastaroaren ordez datorkigunaz - Gaur egun unibertsitate ikasketak bukatu dituen batek, Bigarren Hezkuntzan irakasle gisa jardun nahi badu, lehenago Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria (CAP famatua) lortu behar du, ... [Filoblogia]


Ricardo Gomezen blogean eztabaida piztu da CAP kendu behar dela eta ez dela hasita eta filologoak irakaskuntzarako prestatuta ote dauden amaituta.

Euskaltegiak ez dira aipatzen, baina jakina da gurean jarduteko unibertsitate-titulazio ertaina behar dela eta tituludun horien artean asko gara filologiatik gatozenak.

Eztabaida horrek gure sektoreko irakasleen formazioaz haria zabaltzera animatu nau. Hona buelta pare bat emateko kontu batzuk:

  • Euskaltegietako irakasle hasteko zer formazio behar da?
  • Unibertsitatetik datorren jendea ondo prestatuta dator?
  • Formazio espezifikorik beharko litzateke? AEK-k eta IKAk glotodidaktika ikastaroa eskatzen dute nik dakidala. Hasierako formaziorako besterik badago? Zelan bideratzen da?

Esan dudan legez neu ere filologoa naiz, eta euskaltegiak, filologook eta hizkuntzaren ikuspegia direla eta inoiz gauza batzuk ibili zaizkit buruan:

  • Filologoa izatea abantaila da euskara klaseak ematen hasteko ala bizio gehiegi ekartzen dituzte? .
  • AEKn glotodidaktika ikastaroen inguruan gabiltzanok inoiz komentatu dugu filologiatik datozen batzuei ulertaraztea kostatzen zaigula hizkuntza irakastea ez dela hizkuntza ikertzea, edo ikasleek ez dutela euskararen gainean dena jakin nahi izaten.
  • Euskaltegietan badabil irakasle-klase bat, "Txillardegi" edo "Euskaltzandia" deitzen izan zaiona ezizenez. Irakasle hauek hizkuntzaz asko jakiteagatik-edo jeneralean goi-mailetan eta EGAn ibiltzen dira. Ez dira beti filologoak izaten, askotan hizkuntzazaleak baino ez dira. Seguru halakoen inguruan botatzeko zerbait daukazuela.

Kantxa zabala daukagu. Bota beldur barik.

31
Mai
2006

Zapatuko plana


Mintzalagunblogak zapaturako kanpainan dabiltza.

I. mintza-eguna dugu, Euskal Herrian mintzapraktika egiten dabiltzanak ez dira bigarren dibisiokoak daborduko, eurek ere euren eguna daukate orain.

Egun hau ez da bereziki nabarmenduko ez ohiko prentsan ez euskalgintzaren medioetan seguruenik. Partaide kopurua ere ez da inondik ere Ibilaldia eta enparauen bestekoa izango. Partaideok gainera ez dira joango medioetan bala-bala dabilen makrojai batera, euren betiko jarduna beste leku baten egingo dute beste barik, jai giroan eta lagungiroan,... eta seguru egun honetan inor ez dela kexatuko jendetza bai baina denak erdaraz eta halakoekin.

Euskalgintzak eta euskaltegiok gutxietsitako fenomenoak izan dira mintzalagunen kontu hau eta  orohar euskara praktikatzearena. Eta ez dut zergatia ondo ulertzen.

Euskara erabil dadin bi gauza behar dira besteak beste: hizkuntza ondo jakitea, eta hizkuntza erabiltzeko aukerak. Hizkuntza praktikatzea ezinbesteko osagaia da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan, hori Kutsidazu bidea Ixabel-en protagonistatik hasita umea EEBBra bidaltzen duten gurasoetaraino asumitzen da. Motibazio pittin bat daukan edozein ikaslek bilatuko du praktika hori. Ez dugu ezer deskubritu ez baina hizkuntza ondo menperatzeko tresna bati ez diogula behar besteko garrantzirik ematen sumatzen dut.

Bestalde, gurea bezalako hizkuntza baten kasuan praktikak beste bide bat zabaltzen du, hizkuntza praktikatzea erabiltzea da, eta praktikatzen duten horiek gutxi-asko erabileraren kantitatea ez ezik, euskaldunen arteko harreman sareak, hizkuntz ohiturak eta harekiko jarrerak ere onerako ari dira aldatzen, ikasi dutenari zentzua ematen eta sarritan (neure berbalagunekin konprobatu dut) gurditik tiratzen ere bai: jende gehiago ekartzen eta animatzen eta irudi positiboa ematen.

Ez dira hauek bakarrik euskara salbatuko dutenak seguruenik, eta Iruñean batuko diren berrehun, hirurehun edo laurehun lagunei Ibilaldietako milaka partaideen besteko zorionak, eskerrikaskoak eta bibak ez zaizkie dedikatuko. Ez dute espero izango gainera, ezta eskatuko ere. Euskaraz egiten, lagunartean eta jende berria ezagututa zapatua gustura emanda konformatuko dira.

Ez dakit zergatik baina niri zapatuko planak beste askok baino ilusio gehiago egiten dit. Burlatako aperitifagatik igual? Ala Atarrabiko bildotsa izango da?

30
Mai
2006

Iruñeko bi euskaltegiren aurkako erasoak salatu ditu AEK-k

Iruñeko bi euskaltegiren aurkako erasoak salatu ditu AEK-k - Iruñeko euskaltegien kontrako erasoak. [Berria]

Alarma pizteko moduko albistea edo besterik gabe joango den gertakaria izan liteke hau. Nork, zer, zergatik eta zertako galderei segun-eta zer erantzuten zaien. Baina arrautzak, pintura eta halakoak botata entzuten direnak entzuten direnean, norberari halakoak edo gogorragoak jausten zaizkionean ere zer edo zer esanda ez dugu bekatu handirik egingo, ez da?

29
Mai
2006

Nafarroako gobernuaren EIBZren materialak

 

Nafarroako EIBZ-k (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa)hainbat liburu eta dokumentu ditu eskuragai pdf formatuan. Eskola munduarekin lotuta daude gehienak baina guretzako gauza interesgarriak ere badaude.

Sindikatu edukia