21
Mai
2006

Ikasteko bloga

kurzy14

Lehengo egunean sarean euskara ikasteko "metodoak" eskegi dituzten gerrilariak ekarri nituen atzera. Gaur "El blog para aprender ingles" izeneko bat topatu dut amarauneko hariei tiraka.

Egin duena ez da halako "gerrilaria", ingeles irakasle profesionala baino. Hala ere, beste metodoen ezaugarri berdintsuak dauzka: syllabus estruktural antzeko baten oinarrituta, "lesson"etan antolatuta,... Nahikoa klasikoa beraz.

Aurrerapauso teknologikoa(bloga)/atzerapauso metodologikoa(lesson 1) delako horren beste bertsio baten  aurrean egon gaitezke ikuspegi "moderno" batetik ikusita. Neuk ere (aitortzen dut) zerbait modernoago, fashionago eta taskbased-communicative-strategical-ago aurkitzeko ilusioa egin dut esteka sakatu orduko.
Irakurtzen hasita ez dut dezeptziorik hartu hala ere, gauza bigatik gehien bat:

  • Irakasle profesional batek ingelesa lantzeko baliabideak jarri ditu sarean, libre eta denon eskura. Azalpen onak eta hurbilak ematen saiatu da, dena argi antolatzen ere bai. Bere "jakinduria" ez ezik, lan egiteko era ere denokin ari da konpartitzen, eta ahalegin hau egiten duenak lanarekiko ilusioa behintzat eduki behar du.
  • Haren jokabide metologikoa lar klasikoa izan daiteke AOI alderdiko afiliatuontzat, baina metodotik harago, komunikazio era berriak (bloga) gauzak funtzionatzeko era berrien zantzuak ere ekarri ditu: ekarpenak, erantzuna, eztabaida, ikuspuntu desberdinak,... Irakasleak ezin du hain "ex cathedra" berba egin, ezin ditu bere "ikasleak" kontrolatu, eskaini eta erantzuna jaso ere egin dezake.  Plisti-plastak aipatu zizkigun transparentzietan agertzen ziren ikasteko era berriaren ezaugarri batzuk barruntatu ditut hemen: kolaborazioa, ezagutzara sarbide librea, deshierarkizazioa,... Hemen adibide tonto bat.

Bloga ez da modernitatearen eredu-eredua izango, baina  ingurune (itxuraz) klasikoenetan ere gauzak egiteko modua aldatzen ari dela sumatzen da. Aurrerapauso metodologikoak ez dira programa eta materialen diseinuan soilik ematen nonbait.

20
Mai
2006

Podcast berria: Joxe Aranzabal

Errezeloak Interneten gainean - Zenbait idazlek ez dute begi onez ikusten Internet eta beronen inguruan egosten ari diren aldaketak. Beldurragatik ote? [Joxe Aranzabal]


Joxe Aranzabal blogari eta sarelari ezagunak faroa blogean berrikuntza sartu digu: podcast-a, hau da, post-ak irakurri ez ezik, entzun ere egin ditzakegu. Ez da lehenengo podcast-a, baina nik dakidala blog pertsonaletan lehenengotzat jo dezakegu.

Podcast-en aukera didaktikoez konturatzen hasi garela dirudi, aurreko mezu baten hemen komentatu nuen eta iktak.net-en ere artikulua egin dute honetaz. Seguru nago hezkuntzaren munduan ere horretan dabilela baten bat.

Joxe Aranzabalen podcast-a entzun dut (bide batez, zelan deitu euskaraz podcast-eko post-ari? post-kasta, mezukasta,...?) idatzia irakurri barik. Gustatu zait gauzak kontatzeko era hau. Zeure ahotsa grabatzeko eta entzuteko lotsak uzten badizu jendeari errazago egiten zaio esaten duzuna entzutea irakurtzea baino.

Markatu dudan artikuluan hain zuzen ere idazle batzuek internet eta teknologiarekin dauzkaten errezeloez eta arazoez dihardu.

Ni, beti bezala, asuntua gurera ekartzen hasi naiz. Gure sektoreko teknofobiaz akordatu naiz hain zuzen. Joxek deskribatu dituen jarrerak eta usteak gurean ere zabalduta daude duda barik. Baita kontrakoak ere, teknofilia neurrigabea, hau da, teknologiarekin itsututa dabiltzanak.
Kontuak kontu sarelari gutxi gabiltza euskaltegien mundu honetan, edo hala iruditzen zait niri behintzat.Arazoa komunikaziorako teknologia izan daiteke, hura menperatzea eta hartara egitea neurri baten. Ez nago seguru-seguru baina. Dudan nago euskaltegietako karrajuetan komunikazio-jarioa karraju birtualotan baino askoz handiagoa ote den. Hau da, arazo teknologiko hutsa baino ez daukagu? Ala bitartekoak barik beste zerbaitek egiten digu huts?

Tira ba, hemen daukazue Joxeren ahotsa zeuek ere entzuteko:

 


powered by ODEO

20
Mai
2006

Blog komunitatea

Karrajua-org honetan sartzean blog bat ikusten duzue. Karrajuaren bloga izena daukana. Hala ere plataforma telematiko honek (drupal) blog bat baino gehiago egiteko aukera eskaintzen du, erabiltzaile baimendu bakoitzak bere bloga egin dezake hain zuzen ere. Eta hasierako orri honetan ikusten dena blog baten post-ak barik, blog komunitate baten mezuak dira, blog planeta edo deitzen dena.

Oraingoz blogari bakarra dago (karrajua, ni neu azken baten) eta blog bakarra agertzen da ondorioz.

Karrajua.org-en asmoetariko bat teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak esploratzea eta probatzea da, eta aukera horien artean euskalduntzean dabilen jendearen halako blog komunitatea izan daitekeena ere badago, azaleko orri honek erakutsiko lukeena hain zuzen ere. Hemen dauzkazue Txileko atari baten egin dutena eta beste hau adibide gisa.

Hemendik aurrera argiago ikusteko blogari bi agertuko dira hemen, pertsona bera (ni neu) baina banatuta:

  • Karrajuaren bloga. Honen bidez webgunearen inguruko kontuak plazaratuko ditut: aldaketak, arazoak, oharrak, berrikuntzak, kontu teknikoak,...
  • Benitoren bloga. Hemen euskalduntzearen ingurukoak botako ditut: iritzia, komentarioak, albisteak,... karrajuan hasieratik botatzen nabilenak azken baten.

Esan dudan bezala, hau blog komunitatea izateko asmoarekin sortu da, beraz, beste inork euskalduntzea eta euskaltegien inguruan blogeatzeko gogoa badauka, hau da, maiztasun batekin iritzia, albisteak, kontakizunak, penak, pozak, kezkak edo okurritzen zaiona plazaratu,  bloga egiteko gainerako aukerez gainera (blogak.com, blogari.net,...) bere bloga karraju honetan ere egitea dauka.

Jarri harremanetan nirekin eta bideratzen saiatuko gara.

18
Mai
2006

Sekuentzia didaktikoak Ikasbilen

Sekuentzia didaktikoak Ikasbilen -  [Ikasbil: gogoan hartu].

Ikasbilek zerbitzu berria iragarri du egunotan, sekuentziak deritzona. Hemen azalpena 

Ikasbil atari honetan zerbitzu berria jarri dugu.

Atazak izeneko sailean orain arte ariketak eta Murgilduz zeuden. Hemendik aurrera Sekuentziak izeneko saila izango dugu. Sekuentzia sailean urrats bat baino gehiagoz osatutako ibilbideak proposatuko dira; hau da, hainbat ariketaz osatutako hurrenkera jakin bat. Horietako batzuk bakarka ikasleak egiteko izango dira; besteak, ordea, talde lanera bideratuak.

Berrikuntza bi beraz, ariketa edo atazen multzoak bateko, eta taldeka egitekoak besteko. Klase presentzialetarako baliabideak ere topatu ahal izango dira hemendik aurrera honenbestez.

Hemen(+) dago orain arteko sekuentzien zerrenda

Azaletik ikusi dudanagatik sekuentzia laburrak dira orain artekoak, ez dira Barrene familiako ikastunitateak inondik ere. Eduki didaktoen deskribapena ere gehitu diete sekuentzioi. Ez dira oso zehatzak gehienetan, baina horrelakoak azaltzea ez dago inoiz ere soberan. Elementu pragmatikoak deitu dietenak iruditu zaizkit interesgarrienak hain zuzen ere. Dena dela, edukien banaketa hau ez da orain arte beste material batzuetan ikusi dugunaren berdina. Hauen azalpena eta nondik norakoak ezagutzea interesgarria izango litzateke. Edukiok zerrenda honen(+) arabera aukeratzen direla dirudi:

Bestalde, 4. mailarako ariketak ere sartzen hasi direla konturatu naiz.  

Ea ba, ez da kontu txarra, zenbat eta baliabide gehiago hobeto. Ez dakit klasean zelan funtzionatzen duten, inork erabili baditu, interesgarria izango litzateke jakitea.

Dena dela, ez dut amaituko Ikasbili hasieratik egiten nabilen iradokizun biak berriro ekarri barik (Kaparra power!)

  • RSS jarioa jarraipena egin ahal izateko eta honelakoetan ibili behar ez izateko.
  • Jendearen iritzia eta feedback-a jasotzeko modua (blog gehienek erantzuteko eta komentatzeko aukera ematen duten bezala).

Eta, iradokizuna ez da, baina Ikasbil sarritan jausten dela konturatu naiz. Instalazioaren arazoak? Biribildu beharra? Zerbitzaria?

17
Mai
2006

EGA azterketa

Kaixo Benito!
Ostegunean EGA azterketa egin nuen, oso gaizki atera zitzaidan, ez nuen denborarik izan bukatzeko eta hamar galdera erantzun gabe utzi nituen. Gaur interneten bidez emaitza ikusi dut baina oso arraroa da. 70 galdera asmatu ditudala jartzen dut, hala ere, gainditua jartzen dut. Baina EGAn normalean 75 asmatu behar dira, beraz, ez dakit gainditu dudan ala ez.
Ea badakizun zer gertatzen den!
Mila esker

17
Mai
2006

Gerrilariak eta e-learning-a

Txelis ekinaren blogari esker webgune bitxiaren berri eduki dugu: http://www.fontaneda.net. Gailetak espero eta txuletak topatu. Euskara ikasteko txuletak hain zuzen ere, halako gramatika on-line. Izenetik ere hizkera deigarria da: "Euskal Euskara", "aditzaren muina",....

Lehengo egunean wikilearning egitasmoaren barruan beste hau aurkitu nuen. Edukiak ezagunak egin zitzaizkidan, hain zuzen ere  blogean aspaldi komentu nuen berbera bertsio berrituta dirudi. (Geocities-etik wikira, web 1.0>web 2.0?).

Kasu bietan halako "gramatikak" ditugu. Ikuspegi estrukturalaren harian egindakoak. Eta kasu bietan ere, aurrekoan esan nuen bezala, honakoek kalte gutxi egiten dutela uste dut eta gutxien-gutxienik eskertzekoak dira. Eta bigarrenaren kasuan behintzat halaxe adierazi diote irakurleek iruzkinen bidez.

Oraingo honetan hala ere, beste gauza batek eman dit zer pentsatua. Euskararen irakaskuntzako profesionalak ez direnek, aparteko inbertsiorik gabe, gogo eta borondate hutsarekin euskara ikasteko baliabideak sarean jarri dituzte denon eskura. Eta helduen euskalduntzeko profesionalok, ikuspegi didaktiko-pedagogiko zabalago eta eraginkorragoa ei daukagunok, baliabide, prestakuntza eta dedikazio handiagoa ere badaukagunok gutxi eta harekin ere ez gara konforme egoten.

Sentsazioa daukat Vaya Semanitako jubilatuen antzera egiten dugula halakoak ikusita: "¡Aficionaos!" pentsatu gure artean eta hesiaren gainetik begira geratu.

15
Mai
2006

(De)formazioa

Udako prestakuntza programak agertu dira jada. HABEren webgunean ikusi ahal dituzue sarbidea daukazuenok. HABEk berak antolatzen dituenez gain EHUren Uda ikastaroetan ere urtero antolatzen da euskalduntzearen munduan gabiltzanontzako ikastaro bereziren bat. Hemen daukazue aurtengoa:

Lau eguneko jardunaldia da (ekainaren 26-29), Donostiako Miramar jauregian egingo da dena.

Boteprontoan gaiak eta programak interesgarriak dirudite. Ahozko hizkera, lagunarteko hizkera, nola landu? nola irakatsi?... Askotan aipatu den kontua eta nire ustez gutxitan behar den bezala heldu zaiona.

Dena dela, zer nahi duzue esatea? gustura joango nintzateke, baina ekaineko azken aste hori ez da samurra izaten. Bateko, ikasturte amaierako enbajadak, besteko lau egun Donostiaraino joan eta etorrian eta han eman beharra. Programa interesgarria bai, baina niri behintzat, ez dakit gaurko sargoriagatik edo, astuna egiten zait pentsatze hutsa ere...

Honi guztiari HABEk antolatutatako ikastaro-mintegi-hitzaldi sorta guztia gehitu, eta aukeraren maukera honetan zorabioa ere etorri zait.
Urritik ekainera egunero lau-bost-sei ordu klase ematen dituzten irakasleentzat uda izango da formazioa bideratzeko sasoi aproposa disponibilitateari begira, baina umorearen aldetik, ez dakit ba!

Bestalde, udako jarduera hauetan ibilita, beti geratu zait sentsazio gazi-gozoa, gauza interesgarriak bai, baina gero horri tiratzeko modurik, gutxi. Formazioa sarritan akademizismo antzeko batetik sumatzen dut, eta halako zubia beharko litzateke "akademia" eta irakasleen artean, ez dakit, bestelako jarduerak, praktikoagoak, hurbilagokoak,... Irakasle askok horrelakoak ikusita eurek egiten dutenarekin zer ikusirik ez daukaten kontuak direla pentsatzen dutela uste dut.

Ahalegina egin beharko da, baina ez da erraza izango, ez ba!

14
Mai
2006

Asistentzia

Kaixo,
Orain irakurri dut foroena eta ni ere klasea ematen ari naiz euskaltegi batetan, eta kezkatzen nauen gauza bat bota nahi dut.
Bi urte daramat klasea ematen, eta bietan berdin gertatu zait. Urrian hasten zara x ikaslerekin eta ASte Santua pasatzen denean erdia ere ez da etortzen klasera. Niretzat pixka bat deprimentea da. Klasea prestatzen dut eta eman ere bai, baina ez dakit, ez nabil gustora, ez dakit zenbat jende etorriko den klasera, gainera batzuk beti berandu.
Zuei ez zaizue pasatzen? Nola konpontzen duzue? Ez zarete deprimitzen?

A, eta zorionak weborri honegatik.

14
Mai
2006

Foroak eta tituluak

Aldaketak egin ditut karrajua.org-eko foroetan. Hasiera baten forora eztabaidagaiak libre bidaltzeko aukera utzi nahi nuen, baina erabiltzaile anonimoei eztabaidagai berriak publikatzen utziz gero ez dago modurik identifikazio minimoa eskatzeko (izena eta e-posta behintzat), eta aurkitu dudan konponbide bakarra erregistratzea eskatzea izan da.

Beraz, hemendik aurrera foroetan eztabaidagai berria publikatzeko erregistratu egin behar da. Jendeari animatzea kostatzen zaion honetan badakit ez dela animatzeko modurik onena, baina dabilen spam eta trolleria guztiarekin nahiago dut horrela egitea.

Erregistratzea erraza da, erabiltzaile izena eta e-posta baino ez da eman behar, eta sistemak berak bidaliko dizu pasahitza e-postara.

Erregistratzen diren erabiltzaileek foroetan euskalduntzearen inguruan plazaratu nahi dutena botatzeko aukera izango dute. Horrela bloga egiten ausartzen ez direnei, edo hainbeste zer esan ez daukatenei lekua eman nahi diet botatzeko daukatena plazaratzeko.

Aurreko baten ere esan nuen eta berriro ekarriko dut hona. Blogen loraldi honetan foroak apur bat ahaztuta geratzen ari dira, eta, nire ustez, tresna baliagarriak dira iritzi trukaketa, eztabaida eta harremana zabaltzearren.

Zer esana eduki eta zabaltzeko ez da bloga derrigor egin behar. Blogatzeak ahalegina eskatzen du eta blog asko daude post pare batekin geratu direnak. Foroak horretarako soluzio ona direla uste dut.

Hain zuzen ere, asteburu honetan CACA zertifikatuaren eztabaida piztu egin da ekarpen pare batekin.

Tituluek eta agiriek zer esana ematen dute bada. Plisti-plastak ere heldu dio kontuari. Igartzen da garaia. Animoa ba, seguru asko zaudetela tituluen edo beste hainbat gairen inguruan zerbait zabaltzeko deseatzen. Eztabaidagai berriak botatzeko erregistratu egin behar da, baina komentarioak egiteko ez. Egurra ba!

11
Mai
2006

Mintzo!

Mintzoa eskatu digute Euskalerria irratiko lagunek, eta hemen neurea, badakizue mintza-praktika zalea naiz eta. Euskalerria irratiak ibili behar du oraingoan atxikimendua, laguntza eta mintzo eskean.

Nafar agintariek euskararekin darabiltena ez dut uste ez deskribatu, ez azaldu behar dudanik, jakina da soberan. Iritzia emateko ere ez dut orain arte esan ez denik topatzen.

Duela gutxi AEK-ko lankideek ere haserrea eta nekea agertu zuten, ez da inor libratzen bada, irratiak, euskaltegiak, ikastolak,....

Helduen euskalduntzean gabiltzanok geure lanaz, kezkez eta eskolaz jarduteko guneen beharra azpimarratu dut hemen behin eta berriz, baina gaur egun argi dago gure lanaz hitz egingo badugu didaktikaz, pedagogiaz, eta teknologia berriez gain beste kontu batzuk ere badauzkagula mintzagai, oraindino eta zoritxarrez. EAEko euskaltegien epeltasunean akordura sarri etortzen ez zaizkigunak.

Desioa eskatuko dut, Nafarroako euskaltegietako irakasleen mintzagai nagusia ikasleak Euskalerria irratia bezalakoek eskaintzen duten programazioa ulertzeko zelan trebatu izan dadila ahalbait arinen.

Interferentziarik gabe.

 Hemen daukazue atxikimendua bidaltzeko bloga: http://www.blogak.com/euskalerriairratia/atxikimenduak

Sindikatu edukia