01
Mai
2006

Euskaltzaindiaren arauak

Euskaltzaindiak eman dituen arauen bilduma.

01
Mai
2006

Euskararen Corpusa

Euskararen Corpusa, Euskaltzaindiak atonduta. Erreferentziak eta testuak topatzeko tresna.

 

29
Api
2006

RSS-ak

Iktak.net-ekoek metabloga deitu zioten gure jario edo rss bildumari (Drupal-en itzulpenean rss hornidura topatu dut bestalde). Tira ba, honez gero agregazioa edo edukien sindikazioa ezagutzen duenak badaki zertaz nabilen, webgune, blog edo on-line albistegi baten jarraipena egin ahal izatea behin eta berriz bisitatu gabe.

Helduen euskalduntze-alfabetatzean ditugun webguneen eta blogen jarraipena egiteko atondu dut jarioen bilduma, zer dabilen-eta jakitun ibiltzeko. Egia esanda, kuriositate modura instalatu nuen hasiera baten, baina egunotan nik neuk ere topatu diot erabilpena, ia rss-irakurle modura nabil erabiltzen. Ez dakit hau izan ote litekeen aspaldi baten batek eskatzen zuen zerbitzua.

Blogen jarraipena egitea ez zait zaila egin, ia guztiek atondu dute irakurtzeko moduko jarioa. Webgune "ofizialetan" zailagoa izan da berriz. HABE.org-ek eta Ikasbilek adibidez, ez dute jariorik eskaintzen (bistan behintzat), AEK-k jario izkutua-edo dauka, baina arazoak ematen ditu irakurle askotan (hemen adibidez), Ilazki-renak ere arazoak ematen ditu, Udal Euskaltegienak ematen dituen berberak. Santurtziko Udal Euskaltegiak aldiz, jario ona dauka (Moodle-ek ematen duena), eta beste euskaltegi eta erakunde askoren webguneen arazoa jarioa bera baino eduki dinamikoen falta izaten da, ez daukate albistegirik edo maiztasun batekin eskaintzen den informazio berririk apenas, euskaltegiaren katalogoa, publizitatea eta dokumenturen bat batzuetan, ez dago jarraitzeko moduko gauza askorik beraz (baliteke dena dela ondo bilatu ez izana).

Falta diren jario horiek lortzeko tresna pare bat topatu ditut sarean (badakizue, web-dos-a-zero power), feed43 eta feedyes, bigarrena errazagoa baina emaitza gutxiagokoa. ikasbil-en agertzen diren albiste-atal desberdinak ateratzen saiatzen ari naiz, momentuz zerbait lortu dut eta jarioen atalean sartu dut, euskaltegiak kategorian. Ea lortzen dudan jarioa hobetzea. Norbaitek bere rss-irakurlearentzat nahi badu eskatu eta daukadana pasatuko diot. Lehenago HABEkoek kasu egiten ez badidate eta rss-a atontzen ez badute behintzat.

Nahi baduzue, hemen (+) daukazue nire rss-en zerrenda.

euskaltegiak

29
Api
2006

Aizu aldizkaria


Aizu aldizkaria. Ikasleentzako testuak, irakurtzekoak eta praktikatzekoak

28
Api
2006

Legebiltzarrak eta parlamentuak

Parlamentu bitatik etorri zaizkigu gaur euskararen inguruko albisteak. Europan euskara, katalana eta galegoari itxi dizkiete gaur bertako Parlamentuko ateak. Eusko Legebiltzarrean, berriz, sozialisten legez besteko proposamena aprobatu da aho batez edo. Eta zer eskatu da? Euskara ikastea erraztea, hizkuntz-eskola moduko sistema batez, matrikulen doakotasuna,... baita debaldeko barnetegiak ere.

Duela aste batzuk auzoko lagun batekin berbetan, erdalduna hura (hemengo gehienak lez), euskararen kontua irten eta hark (30 urte ingurukoa) honekin daukan moskeoa azaldu zidan. Hara, beraren anaia gazteak euskaraz daki, eskolan ikasi du, hogerleko eta eurako bat ere pagatu barik. Berak, ostera, ez eskolan, ez inon, kurrela klaseko jendea, eta dirutan halako larri ez badabil ere, inoiz ez ei da euskaltegian matrikulatu anaiarenarekin daukan moskeoagatik. "¿Y yo por qué tengo que pagar?" Laguna ez da batere euskararen kontrarioa, alderantziz, pentsakera abertzalekoa, sano. Minduta dago kontu honekin bada. Nik ez nuen jakin zer esan, kontuari ez nion ez orduan ez orain justifikatzeko modurik topatzen, eta neure burua eta honetan gabiltzanok zuritzea  burutik pasatu ere ez. Inpotentzia eta mozolo-aurpegiaren arteko zerbait.

Ez dakit Gasteizen erabaki denak zer bide egingo duen -ez nuke esango urrun egingo duenik- baina gustura kenduko nuke mozolo-aurpegikera hau.

27
Api
2006

Beste bi

Gaur eraso mediatiko konbinatua jaso du karrajuak, bi flankotatik: hemendik eta hemendik. Webguneak promozionatzea ondo dago, baina gure herri honetan honako gauzokin hamalauko zarata egitea erraza suertatzen denez, gogoratu baino ez dut egingo hau gune esperimentala dela eta hastapenetan baino ez dagoela, beraz inor ez dadila gehiegi liluratu bricolage informatikoarekin. Hori bai, ekarpenek eta ideiek ateak zabal-zabalik.

Hain zuzen ere, iktak.net-en eman duten albistean orain arte promozio handirik egin ez eta lan fina egiten dabiltzan irakasle biren blogak deskubritu ditut, biak Santurtziko Udal euskaltegikoak: Manu eta Xabi. Bloga klasean erabiltzen ari direla dirudi, ez dakit autoikaskuntzan ala aurrez aurreko taldeekin dabiltzan, baina ikasleen feedback-a daukagu berton. Gure munduan blogei zer erabilera pedagogiko eman pentsatzen dabilenarentzat eredu interesgarriak duda barik. Ongi etorri beraz bioi ere, eta aurreko baten komentatu nuen legez, interesgarria izango litzateke hirugarren blog batetik irakasle horien asmoak, gogoetak, emaitzak  eta kontatekoak irakurtzea,..

Tira ba euskaltegiblogen kopurua gora doa.  Pelotilla proposatuko dut: Zenbat denbora beharko dugu baten batek Euskaltegia 2.0 kontzeptua asmatu arte? (nik ez dut asmatuko, zin dagizuet).

27
Api
2006

Plisti-plasta: blog berria

Aurreko post-aren erantun baten bidez blog berria ezagutu dugu: Plisti-plasta. Sorpresa ona benetan. Autoikaskuntzan diharduen irakasle batek eskola-jarduneko sentsazioak eta gogoetak konpartitu nahi ditu guztiokin. Entzumena eta autoikaskuntzaren inguruko perla birekin hasi zaigu, eta irakurtzea ezezik, harekin gogoeta konpartitzera ere animatzen zaituztet, merezi du eta. Ni neu gehiagoaren zain nago. Eta entzumena eta autoikasuntzaren inguruan buruari buelta pare bat ematen.

25
Api
2006

Autoelikadura

Ricardo Gomezen Filoblogia blog bikainean aipu hau irakurri dut hemen interneteko euskarazko blogak eta albistegiak direla eta:

...nolanahi ere, honezkero nabari zaio mota honetako beste gune orokorrei ere egotzi zaien "arazoa": azken batean, ez dira hain "orokorrak eta aski makurtuta daude teknologia, informatika, internet eta, oro har, ziber-ixa gaietara. Ez diot hori ona ala txarra den; horrelaxe gertatzen dela, besterik ez.

Egunotan neuk ere eduki dudan sentsazioa ere izan da. IKTak, blogak, web 2.0. gora eta behera, eta azken baten forman geratzen ari garen begitanzioa. Eduki nagusia teknologia bera sarritan eta beste arlo batzuetan, hezkuntza, hizkuntza edo gure kasuan bezala euskalduntze-alfabetatzea, software sozialaren aplikazioak autoelikatzeko joera nabarmena.
Duela urte batzuk, gurean teknologia berriak eta informatika gehien bat zabaltzen hasi zenean lankide batek esanekoa etorri zait akordura: "Aurrerapauso metodologiko hauetariko asko atzerapauso metodologiko ez ote diren nago".

Sindikatu edukia