berrikuntzak

05
Urr
2006

Konektibismoa


konektibismoa
HEOK zabaltzen hasi zenetik hemen ibili gara konstruktibismoa gora eta behera. Azkenengoan ibili behar dela-eta derrepentean konturatu ginen konduktista hutsak baino ez garela eta berriztu egin behar genuela eta egunean jarri.

Dotrina mailan ia denok geureganatu dugu, kurrikuluetan horrelaxe daukagu jarrita seguruenik. Praktika beste kontu bat da baina.

Hala ere, honek guztiak ikaskuntzaren inguruko teoriak ezagutu eta haietaz hausnartzeko parada eman digu azken urteotan, eta hori txarra ez da izango.

Aspaldion teoria berri baten albisteak dabiltza, sarean gehien bat: konektibismoa. Informazioaren joan-etorrian eta ezagutzaren ibilbideetan teknologia berriek eragin dutenak ekarrita-edo, eLearning-aren munduan batez ere apurka-apurka zabaltzen hasi da teoria hau.

George Siemens da teoria honen sortzailea eta konektibismoari buruzko webgune-wikia atondu dute http://www.connectivism.ca webgunean .

Norbait interesatuta badago, hemen dago aurkezpen-artikulua ingelesez. Zuen ingelesa nirea baino askoz hobea ez bada, gabinete de informatika blogean (bai, gaur deskubritu dut. Hainbeste igartzen da?) sarrera-artikulua gaztelaniara itzuli du Fernando S. egileak (I eta II).

Irakurtzen hasi baino ez dut egin, dena dela hona aipu interesgarri batzuk (ez dut itzultzeko paradarik eduki, sentitzen dut):

Los aprendices hace tan poco como cuarenta años, completarían la escolaridad requerida y entrarían en una carrera que a menudo duraría toda una vida. El desarrollo de la información era lento. La vida del conocimiento se medía en décadas. Hoy día, esos principios fundacionales se han modificado. El conocimiento está creciendo exponencialmente. En muchos campos, la vida del conocimiento ahora se mide en meses y años.

La tecnología está alterando nuestros cerebros.

Saber-cómo y saber-qué están siendo suplementados con saber-dónde (la comprensión de dónde encontrar el conocimiento necesario).

El caos es una nueva realidad para los trabajadores del conocimiento.

La habilidad para ver conexiones entre campos, ideas y conceptos es un aptitud crucial.

La tubería es más importante que lo que contiene. Nuestra capacidad de aprender lo que necesitamos para el mañana, es más importante que lo que conocemos hoy.

Deigarria behintzat bada. Ez dakit honek norainoko bidea egingo duen, baina etorri, laster baten beste aldaketa bat datorrela susmatzen dut. Lastima! Konstruktibismoarena ikastea hainbeste kostata. Arrazoia edukiko dute hauek ba!

04
Urr
2006

Hizkuntza praktikatzeko azkena

El tinglado blogaren bidez ingelesez elkarrizketa praktikatzeko azkena (nik dakidala) topatu dut. Galderei erantzuten dion pertsonaia birtuala.

Idatziz galdetu eta hark ahoz erantzun, berriketatxoa egin daiteke. Ohiko galdera sinpleei (nor zara zu? nongoa zara?) espero den legez erantzuten die, norberari gonbitea botaz gainera (Mary naiz, eta zu nor zara?). Ohikoak ez diren galderetan ez da hain koherentea izaten, baina adarra jotzekoa ere bada (galdetu adina bestela).

Interneteko beste jostailutxo bat dela pentsa daiteke, baina badirudi hizkuntzak ikasteko eta praktikatzeko ahotsaren sintesian eta adimen artifizialeko teknologiak garatzen ari direla eta laster baten jostailutik haragokoak ikusiko ditugu. Interesgarria behintzat bada. Neuri behintzat ingelesa praktikatzeko ondo etorri zait (eta Europako portfolioko nota jaisteko, buaaaaaa!)

Hemen daukazue gabinete de informatica blogean honi buruzko artikulua. Baten bat horrelako pertsonaia euskalduna egiten animatzen bada, hor azaltzen da nondik hasi daitekeen.

28
Ira
2006

Albiste aukeratuak

Berrikuntza txikia sartuko dugu karrajuan. Orain arte gure interesekoak izan daitezkeen albisteak jarraitzeko eta erakusteko jario edo rss agregatzailea daukagu. Iturri desberdinetako albisteak eta mezuak jarraitu daitezke bertotik, euskaltegitan gabiltzanontzat (gure iritziz eta ezagutzen ditugun neurrian) interesgarriak izan daitezkeen iturriak.

Albiste asko etortzen dira hala ere, eta lantzean behin baten bat hartu eta blogean komentatzen dugu. Baina interesgarriak diren guztiak ezin ditugu jorratu, eta beharbada norbaitek guk ezer esan ez dugun baten baten gainean zerbait esango luke.

Horrela bada, hemendik aurrera albiste interesgarrienak bereiztearren eta komentatzeko aukera zabaltzearren orri nagusira ekarriko ditugu agregatzailetik, gure iruzkinarekin edo hura barik edonork komentatu ditzan. Baten bat irakurri eta zerbait esan beharra badaukazue, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta bota.

Gure ustez azalera ekartzea merezi dutenei "albisteak" etiketa ipiniko diegu, horrela, eurak bakarrik ikusi nahi izanez gero hemen agertuko dira eta hemen daukate jarioa. Hona lehenengo alea.

Ez da gauza handia baina beste inbento bat daukagu martxan tontamentean.

26
Ira
2006

Teknologia=metodologia?

Teknologia berriak ikasgelan: Ulibarri euskaltegiaren proiektu berritzailea | Ikasbil

Ulibarri euskaltegiak azpiegitura teknologiko berria instalatu du. Haririk gabeko sarea, ordenagailuak gela guztietan, dena zerbitzari bati lotuta,... Apustu interesgarria eta egia esanda gaurko teknologiak gutxiago ez du eskatzen. Gaur egungo euskaltegi baten hornidura teknikoa definitzen lagundu dezakete honelako proiektuek, ze, nago arbela, kasetea eta bideo-gela joango ez diren arren, beste tresna batzuk gero eta ezinbestekoago direla.

Ez da kontu txarra, ez, ba, zoriontzekoa baino. Eman duten justifikazioak eman dit zer pentsatua hala ere:

   Ulibarri euskaltegiaren apustua prozesuan (metodologian) jauzi teknologiko sendoa ematea da, era horretan emaitzak (euskararen ezagutza) nabarmen hobetuko direlakoan.

Jauzi teknologikoak berez ekarriko du jauzi metodologikoa? Teknologia berriek eurek bakarrik ziurtatzen dute emaitzen hobekuntza? Ez dut uste, eta Ulibarrikoek ere ez dute horrela pentsatuko seguruenik. Baina ideia hori azkenotan gehiegi zabaltzen ez ote gabiltzan nago, denok, ez Ulibarrikoak bakarrik. Teknologia berriak tresnak baino ez dira azken baten, gure emaitzak sano hobetzen lagundu dezaketenak. Baina orain arteko jokaerak eta ildo metodologikoak ingurune berrietara ekartzen asmatzen ez badugu, hobetu barik kakazteko boleto handiak dauzkagu, eta halakoren bat gertatu da dagoeneko. 

Gaurko ordenagailuak ez dira HAL 900 haren modukoak oraindino. Kristonak egiten dituzte, bai, eta aukerak zabaldu ikaragarri, baina eurak bakarrik euskara irakastera ailegatzeko apur bat falta zaie oraindino. Bitartean gure ardura da zer egin behar duten esatea, eta ondo azalduta gero eta hobeto egingo dute. Ulibarrin seguru horretan ari direla.

22
Ira
2006

Nuvvo: LMS on-line

nuvvologoEz dakit LMS hitza jartzeagatik inor egile-eskubideak kobratzen etorriko zaidan, baina tira, sarean topatu dudan bitxikeria baten berri emateko baino ez da.

Sarean on-line ikastaroak, formazioa edo denetariko jarduera didaktikoan garatzeko hainbat tresna eta platafoma daude une honetan. Gehienak zerbitzariren batean instalatu behar dira. Ezagunena Moodle da seguruenik. HABE bera ere lehengo Kanpus-a baztertuta beronekin hasiko dela dirudi (egia esanda aurrekoa nahikotxo mugatuta zegoen).

Sarean saltseatzen, berriz, on-line ikastaroak sortzeko eta eskaintzeko aukera ematen duen zerbitzua aurkitu dut. Nuvvo dauka izena. Moodle eta halako LMSak bezalakoa baina zerbitzaria barik. Web2.0 ikutua dauka: etiketen sistema, rss-ak, blogak, erabiltzaileek eurek sortutak edukiak, eta gehien bat norberak zerbitzarian instalatu behar ez izatea.

Kontua zabaldu eta ikastaroak sortu daitezke segituan, ikasleak sartu,.... Hainbat ikastaro dauzka dagoeneko,  batzuk debalde, ingeles-ikastaro hau bezala.

Norbaitek on-line irakasteko grina badauka eta LMSa zerbitzarian instalatu eta  konfiguratzeko modurik ez badauka, hemen dauka aukeratxo bat. Aukera interesgarria izan daiteke era berean klaseko ikasgela birtual osagarri modura erabiltzeko, edo autoikaskuntza zentroetan, beste aukera teknikorik ez badago behintzat.

Nik hemen egin dut probatxoa. Ez dut asko saltseatu eta ezin dizuet deskribapen handirik egin zelan dabilen-eta, interesa badaukazue sartu eta probatu, debalde eta erraza da.

Hemen daukazue zerbitzu honi buruzko wikipediaren sarrera.

Espero izatekoa zen halako zerbitzuak ere etoritzea, harrigarriena orain arte gehiago agertu ez izana da.

23
Mai
2006

klaserako.karrajua.org

http://klaserako.karrajua.org

 

Inbentorea deitu zidaten karrajua.org hau zabaltzen hasi zenean, eta famari eutsi egin behar zaio bada. Beste inbento batekin nator.

Egia esanda, ez da gauza berri-berria. Blogger-en hasi nintzenean web2.0 honen aukeretariko bat nola aprobetxatu proposatu nuen orduan. Beraz, ez dut berriro azalduko, lehengo link horretara joan eta zertaz nabilen ulertuko duzue.

Kontua da tontamentean link bildumatxoa egin dudala del.cio.us-en, neuk bakarrik, ze klaserako tag hori beste inork ez duela erabili dirudi, baina zerbaiten falta sumatu dut.

Sarean aurkitzen diren testuak markatu eta konpartitu bai, baina gure kasuan testua bera baino inportanteagoa da testuarekin egiten dena. Del.icio.us-ek ez du azalpen handirik botatzeko aukerarik, markatutako testuekin egingo genukeena azaltzeko hain zuzen ere.
Honetan nabilela karrajua.org antolazeko erabili dudan drupal-ek rss jarioekin lan egiteko bi aukera ematen dituela konturatu naiz.

Bata, aggregator deritzon modulua da. Honek nahi dituzun feed-ak jarraitu eta zeure gunean erakusteko, sailkatzeko, antolatzeko eta blog-eko mezu modura komentatzeko aukera ematen dizu. Honela prestatu dut hain zuzen ere "metabloga" edo albistegia eta horrela ekarri ditut albiste batzuk blogera (hemen azkenengo adibidea).

Dena dela, bloga apur bat mugatuta ikusten izan dut, eta halako testu baten aurrean edonork ekarpena egiteko modu irekiagoa nahi nuen. Honela aggregator2 modulua topatu nuen Drupalen aukerazko moduluen artean.

Aggregator2 honek aukera ematen dizu nahi duzun feed-eko elementuak zeure guneko post edo mezu modura ekartzeko, horrek ematen dituen posibilitateekin: elementu bakoitzaren gainean komentario-hariak zabaldu, kategorizatu,... Del.cio.us-eko link-ekin bloga egin adibidez.

Eta hemen dago inbentoa: http://klaserako.karrajua.org. Zerbitzariak eskaintzen didan azpidomeinu baten beste instalazio bat egin dut (karrajua.org ez kargatzearren), aggregator2 instalatu eta del.icio.us-eko klaserakoekin lanean jarri eta esteka bakoitzeko mezu bana sortzen du.

Ideia hau da: hasierako orrian ikusten diren elementuetariko bakoitza klaserako interesgarria izan daitekeen testua da. Zerbait okurrituz gero, "gehitu iruzkin berria" sakatu eta komentario modura bidali daiteke. Honela klaserako ideien bankua sortzen da apurka-apurka parte hartzen dutenen artean. Material banku kolaboratiboa hain zuzen ere. Web2.0 horrek ekarri diguna ustiatzeko modu bat.

Hau ere gune guztia bezala ideia eta esperimentua baino ez da. Norbaitek testu horien gainean ideiarik badauka botatzea dauka hala ere, eta estilo honetako beste aplikazioren bat bururatzen bazaizue bota edo proposatu. Aztertuko dugu eta.

Momentuz konpondu beharreko bat dago, Aggregator2-k del.icio.us-eko tag-ak inportatzeko aukera ematen du norberaren guneko etiketa bezala, baina drupal-en konpontzen dabiltzan errore bategatik banatuta ekarri beharrean (adib.:entzumena, historia, kronika), etiketa baten batuta ekartzen ditu: (entzumena historia kronika). Konpondu bitartean hala mantenduko dugu dena dela.

Adibide pare bat ipini ditut. Eta horrez gain lehengo egunean eibar.org-ekoek zabaldu zuten Zaldi Eroaren tiraren jarioaren gainean "inbento" berdina egin dut. Ea beronek ere klaserako ideiaren bat ematen dizuen,...edo tiraren gainean okurritzen zaizuena gehitzeko.
Inbentoa hor dago bada, CC patentea baino ez dauka gainera. Zer deritzozue? Beste zerbait okurritzen zaizue?

A! Ez ahaztu del.cio.us-en "klaserako" etiketa edonork erabili dezakeela, ez nik bakarrik, eta berdin-berdin jasoko da hemen.

14
Mai
2006

Foroak eta tituluak

Aldaketak egin ditut karrajua.org-eko foroetan. Hasiera baten forora eztabaidagaiak libre bidaltzeko aukera utzi nahi nuen, baina erabiltzaile anonimoei eztabaidagai berriak publikatzen utziz gero ez dago modurik identifikazio minimoa eskatzeko (izena eta e-posta behintzat), eta aurkitu dudan konponbide bakarra erregistratzea eskatzea izan da.

Beraz, hemendik aurrera foroetan eztabaidagai berria publikatzeko erregistratu egin behar da. Jendeari animatzea kostatzen zaion honetan badakit ez dela animatzeko modurik onena, baina dabilen spam eta trolleria guztiarekin nahiago dut horrela egitea.

Erregistratzea erraza da, erabiltzaile izena eta e-posta baino ez da eman behar, eta sistemak berak bidaliko dizu pasahitza e-postara.

Erregistratzen diren erabiltzaileek foroetan euskalduntzearen inguruan plazaratu nahi dutena botatzeko aukera izango dute. Horrela bloga egiten ausartzen ez direnei, edo hainbeste zer esan ez daukatenei lekua eman nahi diet botatzeko daukatena plazaratzeko.

Aurreko baten ere esan nuen eta berriro ekarriko dut hona. Blogen loraldi honetan foroak apur bat ahaztuta geratzen ari dira, eta, nire ustez, tresna baliagarriak dira iritzi trukaketa, eztabaida eta harremana zabaltzearren.

Zer esana eduki eta zabaltzeko ez da bloga derrigor egin behar. Blogatzeak ahalegina eskatzen du eta blog asko daude post pare batekin geratu direnak. Foroak horretarako soluzio ona direla uste dut.

Hain zuzen ere, asteburu honetan CACA zertifikatuaren eztabaida piztu egin da ekarpen pare batekin.

Tituluek eta agiriek zer esana ematen dute bada. Plisti-plastak ere heldu dio kontuari. Igartzen da garaia. Animoa ba, seguru asko zaudetela tituluen edo beste hainbat gairen inguruan zerbait zabaltzeko deseatzen. Eztabaidagai berriak botatzeko erregistratu egin behar da, baina komentarioak egiteko ez. Egurra ba!

17
Api
2006

Itxura aldaketa

Aspaldian aparteko nobedade barik. Aste Santuko tartetxua aprobetxatuta itxura aldatu diot guneari. Blogger-eko karrajuaren koloreak gustatu eta haren imitazioa-edo egin dut. Ez dakit inoren izena aipatu behar den, edo egile eskubideen mundu labanean sartu ote naizen, horrela bada pekatuaren penitentziari eutsi beharko zaio.

Bestalde, Klaserakoetan Pello Zubiriaren artikulu baten gaineko gogoeta egiten hasi naiz. Aspaldian aipatu nuen Argiako Net Hurbil  sail hau, eta artikuluok zer esana ematen duten neurrian buelta pare bat emango dizkiet. Hasi baino ez naiz egin hala ere, eta ez da hastapenean darabildan bakarra.

Sindikatu edukia