hizkuntza

20
Eka
2007

Itzulpenak eta kantuak

Aspaldian aipatu nuen EIZIEk mantentzen duen Itzul posta zerrenda klaserako edo, beste barik, euskara ikasteko baliabide interesgarri bezala. Horrezaz gainera, era kolaboratiboan ezagutza sortu eta zabaltzeko eredua ere izan daiteke, web2.0tik hain gutxi ei daukan e-posta zerrenda bezalako tresna batekin egin arren.

Egunero plazaratzen dira galderak, eta erantzunak berehala etorri ohi dira, bat baino gehiago. Itzultzaileen komunitateak argi erakusten du kolaborazioan lan egiteko jarrera, eta zer ikasia ematen digu besteoi nonbait.

Gaur adibidez jarrera horren lagintxoa ikusi dugu, itzulpenekin zuzenean lotuta ez dagoen kontu batekin. Norbaitek euskaraz zenbakiak erabiltzen dituen kanturik ezagutzen den galdetu eta berehala etorri dira aleak. Zortzi kanturen hitzak une honetan. Seguru zuetako bati baino gehiagori ondo etorriko zaizkiela kantuok.

Itzul posta zerrendak e-postaz harpidetzeko aukera ematen du, baina web2.0 honetara ere hurbiltzen da,  RSStik ere jarraitu daiteke. Ahaztu barik, orri nagusian artxiboan bilatzeko aukera ematen duela, edo Euskalbar-en integratuta dagoela.

RSStik jarraitzea apur bat konplexua suerta daiteke hala ere, mezu asko eta galderak eta erantzunak ordena kronologikoan agertzen dira, beraz hariak jarraitzea apur bat astuna suertatzen da. Yahoo Pipes-ekin olgetan, iragazkia ipini eta galderak bakarrik erakusten dituen jariotxoa atondu dut, hemen daukazue, Karrajuko agregatzailean ere sartu dut. Jarioan agertzen den item bakoitzaren gainean sakatuta, galdera eta erantzunak ikusiko dituzue.

Tira ba, hizkuntzaren gainean hain zabal, dinamiko eta bizi idazten den foroa interesgarria ez ezik, ikasteko eta irakasteko iturri ona ere bada duda barik. Hiztegi eta liburuetan agertzen ez diren ñabardurez jabetzeko adibidez.

26
Mai
2007

Ohiko topikoak hizkuntza ikasteaz eta wikia

FriendsAbroaden ikasteko aholkuen atala daukate. Artikulu bakarra dago, Las concepciones más comunes sobre el aprendizaje de idiomas: ¿Acertadas o equivocadas? Stavroula Varellak sinaten du (artikulua ingelesez agertuko zaizue seguruenik, erregistratuz gero hizkuntza gehiagotan irakurtzeko aukera emango dizue. Kopiatu egingo nuke, baina copyright-a dauka.)

Halako artikulu landu-mamitsua espero baduzue, ez irakurri. Ikasleei hizkuntza ikasteari buruz han eta hemen dabiltzan topiko batzuen inguruko informazioa baino ez da, argi eta erraz azalduta. Ikaslearekin hizkuntza ikasteak ekartzen dituen arazoez hitz egiteko lagungarria izan daiteke. Hauek dira aipatzen dituzten topikoak:

  1. Zenbat eta gazteago hasi, hobeto ikasiko dugu. Ez omen dago zertan, edo behintzat ez dago froga argirik. Honetaz artikulu interesgarria plazaratu zuen Josu Peralesek Hizpide55ean.
  2. Ikaslea zenbat eta adimentsuago, arrakasta gehiago. Adimen klase asko daude, eta test-etan neurtzen dena ez da hizkuntza ikastean erabiltzen den bakarra.
  3. Sekulako motibazioa behar da. Hau egia da, baina ez etsitzeko aitzakia.
  4. Beste ikasle batzuekin gustura praktikatzen dut, baina haien erroreak kopiatzeko beldur naiz. Ikerketa batzuen arabera ikasleak ikaskideekin jardutean irakaslearekin baino errore gutxiago egiten ditu.
  5. Ez daukat klasera joateko astirik, baina zer-noiz ikasi behar dudan jakiteko laguntza behar dut. Dirudienez gauza batzuk beste batzuen aurretik ikasten dira beti, programak dioena dioela, gainera ikaslearekin jardutean hiztun konpetenteak bere hizkera egokitzen du normalean.
  6. Hainbat klasetara joan naiz, baina ematen dit ezin ditudala gauza asko "ikasi". Hori normala da, edozer ikastean. Ez dugu ikasten "irakasten" diguten guztia, eta ikasten dugun guztia ez da "irakatsi" digutena izaten.
  7. Hiztegi berria ikasteko era bakarra irakurtzea da. Topiko hau nik neuk orain arte ez dut hain entzunda eduki, baina honek dioenez, arazo handiena hizkuntz-ikasleak ezin duela testu asko irakurri. Edozelan ere, hizkuntza berriaren ingurunean murgiltzen garen bestelako jardueretan ere ikasten ei da hiztegia.
  8. Hiztegi mugatua daukat, ezin dut inorekin elkarrizketan aritu. Saiatzea da gakoa. 1000 hitzekin nahikoa ei da, eta ez dira hainbeste.
  9. Hizkuntza batzuk oso zailak dira. Edo nire hizkuntzaren antza daukaten hizkuntza errazago eta arinago ikasiko dut. Lehenengo partea ezaguna egiten zaigu, ezta? Hizkuntza zailik edo errazik ez dagoela diote hizkuntzalariek. Norberak daukan pertzepzioa edo ama-hizkuntza eta ikasi nahi den hizkuntzaren arteko aldeek eragina eduki dezakete. Hala ere, urruntasun linguistiko horrek badirudi ez daukala hainbesteko eraginik.
  10. Irakasle onena jatorrizko hiztuna, natiboa. Ez dago hain argi. Jatorrizko hiztuna ez den irakasleak askotan hobeto ulertzen ditu ikaslearen arazoak eta ahalegina.

Ez dakit hauek ote diren azaltzen zaizkigun topiko guztiak, seguruenik ez. Ezta dioten guztiarekin ados zaudeten. Ideia okurritu zait.

Wikia (ikasteko aukera)

Wikiei buruz asko egiten da berba azkenotan. Ez dakit kontzeptua argi daukazuen. Oso sinplea. Web orria ipintzen da sarean eta edonori ematen zaio aukera editatzeko eta osatzeko. Hau da, askoren artean idatzi ahal dugu dokumentua: osatu, zuzendu, aldatu, hobetu.

Erraz-erraza da. Askok probatu nahi izango duzue. Eta hau aukera ona izan daiteke guztion artean zerrenda osatzeko.

Euskara ikasteaz entzuten ditugun topikoak eta okerreko usteak, eta haientzako erantzuna.

Aspaldian daukagu kontua wikiespaces-en erabili barik. Karrajuan ere wiki irekia ipini nahi dut baina oraindino ez naiz jarri (zer uste duzue? ez ginela ausartuko?). http://karrajua.wikispaces.com/Hizkuntza+ikastearen+inguruko+topikoak helbidean Stavroula Varellaren zerrenda hori ipiniko dut eta han, osatzeko edo aldatzeko aukera daukazue. Entzuten dituzuenak, zeuen ekarpenak, ideiak...

Zelan?

  • Idazteko goian eskuman dagoen "edit this page" botoia sakatu baino ez duzu egin behar, eta gordetzeko "save" botoia. Ingelesa horrenbeste jakingo dugu, ezta?
  • Idatzi beldur barik. Aurreko bertsioak gorde egiten dira, ez da ezer galtzen. Eta beti dago zuzentzeko modua.
  • Ez duzu erregistratu behar. Erabiltzaile anonimo modura ere idatzi ahal duzu. Gainera hau proba da, ez duzu inoren lana galduko.
  • Orain arte nork-zer-noiz idatzi duen ikusi nahi baduzu dokumentuaren historiara joan zaitezke eta bilakaera eta bertsio desberdinak ikusi.
  • Dudaren bat badaukazu mezu honen erantzunetan edo wikiaren dokumentu haren komentarioetan ere bota ahal duzu. Erantzuten saiatuko gara, geu edo beste edonor (bai, ezta?).

Animatu, kontu polita irten daiteke eta. Gainera orain formazio saioen sasoian sartzeko gaudela, hemen daukazu wikiaren inguruko "ikastaro" %100 praktikoa, debalde, eta inora joan behar barik. Tongue out

Hemendik jarraitu ahal dituzue wikien aldaketak:

Wikispaces
16
Mai
2007

Norberaren (ama) hizkuntza

Duela hilabete batzuk Ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren berri eman genuen hemen. Handik gutxira ama-hizkuntzarekin lotutako proiektua proposatu ziguten (bi kontuen artean ez dago loturarik, e).

Europar Batasunak norberaren formazio osorako eta gaurko mundura egokitzeko giltzarri diren funtsezko zortzi konpetentzien zerrenda bat egin du. Hemen daukazue dokumentua (.doc formatua) in-formatzen atariaren bidez, edo, nahiago baduzue, Scribd-en ere badago.

Hauek dira zerrendako lehenengo biak:

  1. Ama-hizkuntzaren bidezko komunikazioa
  2. Bigarren hizkuntzen bidezko komunikazioa.

Ama-hizkuntzaren konpetentzia lantzea eskatu ziguten. Beti bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan ibilita lehenengo momentua ohiko ebaluazio irizpideetara zoaz. Hala ere, ama-hizkuntza eta bigarren hizkuntzaren arteko aldeez pentsatzen hasita, berehala konturatzen zara ama-hizkuntzaren konpetentzia funtsean hizkuntza bera erabiltzeko gaitasuna dela. Hizkuntzaren bidez adierazpena eta elkarreragina bideratzeko gaitasuna diote han. Soziolinguistikan zabaldu den "gaitasun erlatiboa" kontzeptuaren kontrakoa: "gaitasun absolutua" edo.

Ama-hizkuntza zer den definitzeko irizpideak argi-argiak ez diren arren, wikipedian edo beste gune honetan azaltzen den bezala, hizkuntzarekin egiteko gauza garena aztertuta, segidan barruntatzen duzu gauza batzuk hobetoen egiten dituzun hizkuntza ez dela beti izaten ikasi zenuen lehenengo hizkuntza.  Horrela bada, Euskal Herrian berton adibide asko dauzkagu: egunkaria erdaraz errazago irakurtzen duen euskaldun "natiboa", edo euskaraz gehiago eta erosoago idazten duen euskaldun "berria".

Gaur, L blogean idazmena dela eta hausnarketa egin du Idoiak. Bigarren hizkuntzan ondo idazten duenik aurkitzea ze zaila den eta. Nabokov eta Conrad aipatu ditu, euren ama-hizkuntza ez zen batean idatzi zutenak. Nago hala ere, historian, eta orainean ere, Nabokov eta Conrad asko daudela (haien maila literariora heldu barik ere, eta idatzi barik ere bai).

Azken batean, zortzi konpetentzien dokumentuak dioenetik tiratuta, uste dut pertsona baten konpetentzien profil linguistikoa ez dela osatzen hizkuntza bakar bat erabilita egiteko gauza denarekin, Europako Portfolioak egiten duen grafika bere osotasunean hartuta eskumatik noraino ailegatzen den ikusita baino. Gero zein hizkuntzatan zer egiteko gauza den beste kontu bat izango da. Eta zein hizkuntzatan zer egitea nahiago den ez da soilik konpetentzia kontua izango.

12
Mai
2007

Gramatika maitea

El blog de mr1b3len irakurrita: Gramática por aquí, gramática por allí....

Creo que, a veces, pensamos que viene a fastidiarnos; pero, no es así, ella siempre viene con su mejor intención. Supongo que nuestra amiga gramática no todos los días es igual; además, cambia mucho de apellido: unos días es cognitiva, otros días es normativa, explícita, implícita, cognitiva, comunicativa... Tiene tantos apellidos que una, al final, se pierde. Bueno, voy a charlar un ratito con ella porque tengo que quiero que me explique alguna cosas... Quizá, debiera registrar mis diálogos con ella...

Osorik irakurri. (Gomendatzen dizuet).

09
Mar
2007

Noka-toka

Eztabaida interesgarria piztu da erabili.com-en Ekaitz Santazilia blogari eta filologia ikasleak hitanoaren inguruan plazaratu duen proposamenaren inguruan. Roberto Manjonek egin duen irakurketa soziolinguistikoa gehien bat. Irakurtzea gomendatzen dizuet.

Hitanoa unibertsitatean

Funtsean hor hizkuntzaren ikuspegi bi (ez derrigor kontrajarriak) ditugula begitandu zait, linguistikoa eta soziala. Hitanoa salbatu beharreko altxorra eta hitanoa hizkuntzaren funtzio batzuen adierazle. Hitanoa euskaltegietan "irakatsi" behar den ala ez horretaraino heldu barik (eztabaida interesgarria ala bizantinoa, zer diozue?), gurean "horrela esan behar da" zenbat biderrez esaten dugun etorri zait gogora. Alegia, "horrela esan behar da" eta "horrela esaten da" sinonimo egiten dira sarritan. Eta, gaur egun jakin, badakigu ez dela horrela izaten.

Beraz, horrela esaten ez den zerbaiti buruz "horrela esaten da" esaten dugunean, gezurretan ari gara? Ikasleari engainatzen? Geure buruari? Ala ikasleak berak intepretazen ditu "esaten da" eta "esan behar da" sinonimotzat? Gure autoritateak engainatzen ote die?

Adibidez, ikasle bati "elkar ikusiko dugu esaten da eta ez ikusiko gara" edo "hitanoa ez da erabiltzen" entzuten diogunean, zer egin behar dugu?

16
Ots
2007

Hizkuntzak berezkoa du identitatea (Joxe Manuel Odriozola)

Hizkuntzak berezkoa du identitatea - Joxe Manuel Odriozolaren artikulua argitaratu du Izaronews egunkari digitalak. "Euskalduntzearen eta alfabetatzearen emaitzak ikusita, inork gutxik ukatzen du gaur egun gure porrotaren handia. Inork gutxik aitor ditzake irakaskuntza formalean eta informalean lortu ditugun emaitzak ikusita, euskararen ikasketak euskaldunak sortzeko balio izan duenik. Aho batez ez baldin bada ere, ñabardurak... [Tiraka]

Hizkuntza eta identitatearen arteko loturaz dihardu Joxe Manuel Odriozolak artikulu horretan. Hausnartzeko kontu asko euskalduntzeari dagokionez. Edozelan ere, lehenengo baieztapen hori izan da niretzat deigarriena. Hainbesterakoa da gure porrota? Nortasun arazoa ote da?

Neuri behintzat identitatearen kontu hori gutxien-gutxienez apur bat labaina egiten zait.

 

10
Ots
2007

Bitxikeria etimologikoa

Espainiako Real Academia de la Lenguaren hiztegian RAE 2.0 zerbitzuaren bidez "carrejo" hitza kontsultatu eta hona hemen emaitza:

carrejo.
(Del lat. curricŭlum, carrera).
1. m. pasillo (‖ pieza de paso de un edificio).

Ez dut uste "carrejo" hori zergatik kontsultatu dudan azaldu behar denik. Begira hemen bestela.

Gurea bai karrera!

29
Urt
2007

Kukurrukulu..curriculum

Gogoeta kurrilularretan nabilela Felipe Zayasen Darle a la lengua blogean Valentzian curriculuaren inguruko jardunaldi batzuen gaineko mezua hau irakurri dut: Una dura pero grata sesion de trabajo.

Duela 15 urte inguru diseinatu zuten curriculum-aren balorazioa egiten ibili dira, eta hausnarketa batzuk azpimarratu ditut:

Las editoriales no saben qué hacer con un currículo centrado en habilidades lingüístico-comunicativas, y presentan los contenidos curriculares en forma de contenidos conceptuales. La enseñanza de la comprensión y de la expresión queda de nuevo relegado. Este es un problema con el que se va a encontrar siempre el currículo de lengua.

Hauek erantzunetan:

En cuanto a la síntesis que presentas, es cierto que la reforma del 92 era innovadora y que recogía modelos que se habían llevado a cabo en el ámbito de la experimentación; pero lamentablemente esos nuevos patrones metodológicos no se normalizaron y aún hoy hay quien culpa a esa reforma del fracaso educativo.

En el área de lengua, el principal cambio curricular (un verdaero giro copernicano) es la sustitución del objeto de enseñanza-aprendizaje. Eso es lo que todavía no se ha digerido. Si el currículo tuviera que limitarse a prescribir lo que la mayoría del profesorado ve como “natural”, la gramática debería seguir siendo el eje.

Duela urte batzuk curriculuma gora eta behera ibili ginen geu ere. Handik hona berriz, ez da hartaz asko entzun, ezta? Beharbada, orain hasiko gara berriro.

 

Sindikatu edukia