Iraila 2007

07
Ira
2007

Gogoeta-praktikaren adibide bat euskarako ikasgelan

esteka: 
http://tinyurl.com/2vrj3s
azalpena: 

Hizkunea soziolinguistika aldizkari elektronikoan maiatzean agertu zen Mondragon Unibertsitateko Maria Pilar Sagasta Errasti eta Matilde Sainz Osinagak sinatutako artikulua.

HUHEZIko eleaniztasun-gaitasuna garatzeko plangintzaren barruan ikasleen artean hizkuntza ikastearen inguruko gogoeta eta eztabaida sustatzeko lanaren eta haren emaitzen berri ematen digute. Ikasleen ideiak eta iritziak besteak beste.

Lanaren ondorio eta emaitza modura aipu hau:

Emaitzek frogatzen dutenez, gure ikasleen eleaniztasun-trebezia hobeki ulertu ahal izan dezagun, gogoetan oinarrituriko ikaskuntza-irakaskuntza prozesua jarri behar da martxan. Hausnartze praktika horri esker jakin dezakegu gure ikasleek zer sinismen eta irudikapen duten hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzaz. Hala bada, hezkuntza alorrean esku-hartze eraginkorragoa planifikatu ahal izateko aukerak ahalbidetzen dira.

Hizkuntza eta ikastearen gaineko gogoeta irakaslearen (edo superdidaktikariaren) esku uzteko joera edukitzen dugu. Gure planteamenduek sarri ikaslearen ideia eta pertzepzioekin egiten dute talka. Ondorioetan dioten bezala, ikaslearen begiradari ere erreparatu egin behar zaio.

Artikulu ona honetaz hausnartzeko, eta hausnarketa bera abian ipintzeko.

06
Ira
2007

Aprender euskera - Search

Kanpotik euskara ikastera etorri nahi zuen baten berri izan nuen duela gutxi. Euskaltegien eta euskara ikasteko zentroen berri ez zuela edukiko pentsatu nuen, eta seguruenik ikasteko nora jo-eta informazio bila internetera joko zuen, hau da, ohiko bilatzaileetan "aprender euskera" edo halako zerbait ipini eta emaitzen ordenari jarraituko ziola, internauta gehienok egiten dugun bezala, nahikoa logikoa gaur egun, ezta?

Matrikulazio sasoi nagusian sartu gara, eta laster euskaltegiok geure kanpainak plazaratzen hasiko gara. Ia denok gaude amaraunean, batzuek berritu ere egin dute ataria. Beraz "aprender euskara" hori bilatuz gero, han agertu beharko dugu.

Proba egjn dut "aprender euskara" hori Google-en eta Yahoo-n sartu, eta Google-en euskaltegi bakarra agertzen da lehenengo orrian (Santurtziko Udal Euskaltegia, 7. lekuan) , Yahoo-n, berriz, lehenengoan bat ere ez.

Lehenengo postuetan euskara ikasteko webguneak, CDak, metodoak, edo albiste hutsak...

Gaztelaniaz bilatu dudalako izan ote da? "Euskara ikasi" sartu eta emaitza ez da hobea, ez horixe!

SEO tekniketan jantzi beharko dugu, edo, hobeto esanda, geure webguneak jantzi beharko ditugu. Osterantzean, amaraunean ez gara topatzen errazak.

Badaukagu janzten nondik hasi gainera (edo hemen entzun).

06
Ira
2007

Euskaljakintza

Aspaldian geneukan aipatuta Maite Goñi ikasleekin polito atontzen joan den blog-webgune hau. Gaur Ikteroen blogean helbide aldaketa iragarri digute (bere domeinuan ezarri da: www.euskaljakintza.com), eta horrekin batera bloga eta berton batutako baliabideen berrantolaketa.

Baliabide ugari eskaintzen diren gunea izan da beti, eta -onena- Maiteren lana sarean jarraitu dugunok seguru gaude aurrerantzean gehiago eskainiko dizkigula. Euskara ikasteko eta lantzeko apuntatzeko moduko gunea duda barik.

04
Ira
2007

Santurtziko Udal Euskaltegia: webgunea berritzen

Santurtziko Udal Euskaltegikoak bereziki aktiboak ditugu gure sektore honetan, didaktika zein teknologia alorretan. Eta abuztuan geldirik ezin egon eta webgunea berdiseinatu egin dute.

Aurrekoan atari osoa antolatzeko Moodle erabili zuten. Orain Joomla CMSa erabilita berdiseinatu dute, atariaren sarrera gehien bat. Moodle Ikasgela birtualerako kontserbatu dute.

Oraindik berregokitzapena amaitu barik dagoela dirudi, haren albiste ematen dute, baina labur-labur. Hala ere nobedade batzuk ikusi ahal dira. Albistegi ezberdinak atondu dituzte: euskaltegia, ekitaldiak, ikastaroak eta azterketak eta deialdiak. Inkestak ere jarri dituzte. Interesgarriena proiektuak atalean dugu, didakteka atalean hain zuzen ere. Bertan sartu eta wikia dela konturatuko gara. Honela azaldu dute sarreran:

Didaktekaren helburu nagusia euskara-irakasleen esku era guztietako materialak uztea da, teoria eta hausnarketa uztartuz hezkuntza-praktika mesedetzeko asmoz. Horretarako, euskara irakatsi eta ikasteko tresnak, baliabideak eta dokumentazioa era sistematikoan eta kolaboratiboan bildu eta sailkatu nahi ditugu.

Euskara irakasleontzako baliabide bilduma egin nahi da dirudienez, era kolaboratiboan. Dagoeneko material batzuk jarri dituzte eskura. Erabili duten software-arengatik (Mediawiki), euskalduntze-alfabetatzearen wikipediaren traza hartu dakioke.

Gure sektorean kolaborazioa eta han-hemen dihardugunon parte-hartzearen beharra sarri azpimarratu dugu hemendik ere. Seguruenik horretara heltzea tresna eta teknologiatik haragoko arazoa ere bada. Kolaborazioa suspertzeko harremanak eta ohiturak zabaltzearena adibidez.

SUEkoen proiektu honi jarraitu egin beharko zaio beraz.

04
Ira
2007

Magikoa?

Gaur8n Elizabeth Macklin New Yorkeko poetari buruzko artikulu polita idatzi du Ines Intxaustik aste honetan. Pasarte hau hona ekartzeko modukoa begitandu zait, Euskal Herrira etorri, euskara ikasten hasi eta lehenengo berbak esan behar zituenekoa:

...«Nor zara zu?», galdetu zion irakasleak. «Ni Elizabeth naiz». «Zer zara zu?» galdetu zion ostean. Galdera entzun bezain azkar, inoiz ahoskatu gabeko erantzuna ematera zihoala jabetu zen: «Ni idazlea naiz». Ordura arte ez omen zion inoiz buruari «I'm a writter» esan. 46 urte zituen dagoeneko. Ez al da magikoa?

Inguruan uste dugun baino magia gehiago dabil, guk ez dugu beti sentitzen baina. Lastima!

Elizabeth Macklinen webgunea bisitatzen baduzue, euskara ikasi eta praktikatu bitarteko esperientzia-testuetan "aurkitu" zuen poema esperimental hau duzue: Who Put the Code in the Dagoeneko?

Berton Macklin-ek

...euskara eta aurre-itzulpenaren mundua esploratzen du -non "ulertzen ez duzunean zaila da gaizki ulertzeak azaltzea, eta, bereziki ez dakizunean ez duzula ulertzen".

03
Ira
2007

Euskaltube

Bideoak zabaltzeko euskarazko zerbitzua iragarri da gaur, Euskaltube. Bueltatxo bat eman dugu eta itxura ona dauka. Youtube-ren sistema berdintsua darabil funtsean. Hona hemen erreferentzia batzuk:

Hango bideo bat "enbotatzen" saiatu naiz, baina kodea itsatsita hemen behintzat ez dut lortu. Tira, oraindik azken doiketa teknikoak egiten ibiliko dira.

Zorionak eta zorte ona bada!

Eguneraketa.

Dagoneko piperrak enbotatu ahal direla ematen du. Trukutxuren bat erabili behar da baina...

03
Ira
2007

ikasturte naturala

Lantokira etorri naiz gaur bueltan, batetik lankideen mezu andana "(er) bueltan nago", bestetik, agenda ikusi eta uztailetik datozen lanak. Abuztua urtearen mugarri dugula sentitzen dugu oraindik, ikasturtea-edo. Susmoa daukat hemendik aurrera ikasturtearen kontzeptua ez dela hain "naturala" izango.

Tira ba! Zer daukagu hemendik? Sarean osteratxoa egin eta ez dut berrikuntza handirik topatu. Iraileko publizitate kanpainak ez dira oraindik hasi. Horrek ez du buelta errazten, ez.