euskaltegiak

19
Urr
2007

Inbertsioa

I. kolegak inspirazioa ekarri dit gaur. Berbalagunekiko kontuetara bueltatzeko parada hain zuzen ere. Haiek euskara gora eta behera jardun zuten lehengo egunean. Guk euskara ikasteaz gaur.

Bi lagunekin ibili naiz gaur. Bi kontu: irakasleak eta dirua.

Pozarren etorri zaigu bat euskaltegitik. Irakaslearentzat loreak baino ez dauka. Inoizko onena. Euskaraz pentsatzen irteten ei da klasetik. Gustura dago, bistan da. Irakaslea ezagututa ez naiz harritu, ez. ;-)

Krashenek aspaldian bota zuen iragazki afektiboarena, eta irakasleak parte handia dauka horretan. Egiten duena sinestu, nahi eta sentitzen duen irakasleak arrakastarako puntu asko dauzka, teknika eta teknologia gutxiago edo gehiagorekin.

Halaxe nabarmendu du beste berbalagunak ere. Komunikatzen duen irakaslea baloratu izan du gehien ikasle ibilibidean, konektatzen duen irakaslea. Irakasleak lotu ditu bere ikas-prozesuaren gorabeherekin.

Teknologiaz-eta hainbeste dihardugun honetan, komunikazioa eta enpatiaren balioa hor dago beti. Ez ahaztu.

Ikasteko ibilibidea dela eta ez dela, atzera egin dugu.

Denbora eman dute biek euskara ikasten. Lau urte batak, hamar besteak, etenak tartean. Baita dirua gastatu ere. 6.000 euro inguru kalkulatu du batek. HABEren azterketak gaindituz gero erdia ere ez luke bueltan hartuko. Langileak dira biak, ez funtzionarioak, euren enpresetan ez dago euskara planik edo ikasteko laguntzarik. Gurasoak ere ez dira, eta Bilbon bizi dira. Hala izanda, HABErena dute dirulaguntza jasotzeko aukera bakarra. Defizita eurentzat, duda barik. Ez da oztopo izan orain arte, baina atsegina ere ez.

Irakasleak bezala, ikasleak ere gogoa eta ilusioa behar izaten ditu, eta honetarako saria lantzean behin botatzen diren loreak baino ez dira izaten.

14
Urr
2007

Zubi gorriak

Egutegia daukat bistan. Urriak 14 gaur. Hispanitatea gorabehera, gure egutegietan hiru egun gorri izan dira. Hamazazpi egun barru Domu Santu eguna, osteguna, lau egun gorri. Egutegian aurrera abenduaren 6-8koa, lau jai egun segidan (aurten Sortzez Garbiaren eguna larunbata da. Laaaastimaaaa!). Handik aste pare batera Eguberrietako oporrak, bi aste. Nafarroan Xabierrekoaren eguna ere hor dabil bueltan.

Ondo datoz udazkeneko jaiok, dudarik ez! Perretxikozaleentzat, mendizaleentzat, eskizaleentzat... eta zaletasun ezagunik ez daukatenentzat ere bai, neuk ere oraindik daukat birikietan Gaztelako paramoetako airea.

Baina Hegoaldean darabilgun egutegi hori ikusita, zubi deitzen ditugun horiek, zubi baino mendate iruditzen zaizkit gehiago udaren ostean euskara i(ra)kasteko erritmoa hartu nahi duenarentzat. Hiruhileko honi hankak hausteko halako etapa baten traza hartzen diot batzuetan alegia. Karreristok freskoen gauden unean hain zuzen ere.

Tira! Utz ditzadan kontuok. Ostiralean batu genituen perretxikoak jatera noa.... Onak badaude, GPSan daukat lekua markatuta... Domu Santurako.

Argazkia: Lisboa: Vasco da Gama zubia (Garaigoikoa)

03
Urr
2007

Motibazioa eta normalizazioa

Aitor. Santurtziko Udal Euskaltegia | 2007, Urria 3 - 21:00

Duela ordubete edo, Argia-ren "Haria" zerbitzu bikainari esker, izan dut gaurko DEIAren edizioan Xabier Larrañagak idatzi duen artikuluaren berri, "Zenbakiek bozkario" izenburupean.

Irakurtzen hasi, eta ohiko artikulu arrunt baten aurrean nengoela uste izan dut: HEAren ikasturtearen hasieraren aitzakiapean (ia 40 mila ikasle, ez dakit zenbat irakasle, ikastordu...) , motibazioaren inguruko hausnarketa bat: ikasle asko bai, baina beraien motibazio nagusia?...

Baina artikuluaren bukaerara heldu naizenean, honako hau dio Xabierrek:

"Arazoa da ideologikoki ezinbestekoa zaigun hizkuntza, ideologian eta praktikan behar ez duen jendea ikasten ari dela gehienbat. Eta jende horren gain utzi duela abertzaletasunak euskararen benetako salbazioa. Injustuaz gain, absurdoa."

Zur eta lur utzi nau honek. Artikulu asko irakurria naiz gai hauen inguruan, baina sekula ez dut antzeko baieztapenik ikusi. Zer esan nahi du benetan? Zer da injustua, norentzat?Zer iruditzen zaizue zuei?

Zuzen badago, kezkagarria; zuzen ez badago, arriskutsua.

03
Urr
2007

Batzuk eta besteak

Zabaldu.com-en bidez Deian Xabi Larrañagak idatzi duen artikulu honen berri jaso dut: Zenbakiek bozkario.

Xabik idatzi dituenak hona ekartzeko modukoak begitandu zaizkit. Ez dira politiko oso zuzenak eta polemikoak izan daitezke zelan irakurtzen den-eta.

Argudio testuetan akabuan ei dago tesi nagusia, eta honako aipua topatu dugu han:

Arazoa da ideologikoki ezinbestekoa zaigun hizkuntza ideologian eta praktikan behar ez duen jendea ikasten ari dela gehien bat. Eta jende horren gain utzi duela abertzaletasunak euskararen benetako salbazioa. Injustuaz gain absurdua.

Baiztapen absolutuegia iruditu zait. Abertzaletasunak euskara ikasleen gain utzi du euskararen salbazioa? Hala da? Baliteke batzuk euskara ikastearekin itsutu izana, baina ez dut uste euskaltzaleon artean ikuspegi orokorra denik inondik ere. Beharbada diskurtso sinplista batzuetan halakoak barruntatu daitezke, baina...

Egia esanda, abertzaletasunaz ari denean ez dakit euskaltzaletasuna ere harekin parekidetzen duen, ala askotan aipatzen den abertzale erdaldunen kolektiboaren erreferentzia ote den. Edozelan ere, termino horiek tentuz eta zehaztasunez erabili behar direla uste dut.

Euskara ikasleen inguruan beste baieztapen hau:

Gauza jakina baita ikasle gehienek agiriren bat eskuratzeko egin dutela matrikula. Horrek ez du esan nahi euskarari gorroto diotenik. Birjaiotzeko aukerarik izango balute guztiek nahiago lukete euskaldun sortu. Baina tituluaren beharra desagertuko balitz zenbatek oparituko lioke hainbeste urte eta izerdi hizkuntza honi -edo besteri-?

Ni neu apur bat nekatuta nago ikasleak tituluaren atzetik baino ez datoz horrekin, ez dut esango gezurra denik, baina eskatuko nuke botatzen denean arrazoitzea eta zehaztea. Topikoa sortzen ari garen sentsazioa daukat bestela, mesederik egiten ez digun topikoa.

Euskategietan 40.000 lagun matrikulatu badira (bide batez. Amaitu da matrikulazioa eta behin betiko datuak dira?) ez da hori arduratzeko seinalea, ikasle horiek "ikasten" dutena eta lortzen dutena bai ordea, eta gehien bat euskaldunon kolektiboa edo komunitatea suspertzeko estrategia eta politiketan dauden hutsuneak. Ikasten duten horiei euskararen beharra piztu beharko lieketenak hain zuzen ere.

Honetaz hausartzeko asteon prentsan zabaldu diren bi etorri zaizkit gogora. Bat, Txilardegik Larrunen egin dioten elkarrizketan normalizazio ereduez dioena. Eta bestea Garan atzo argitaratu zen artikulu hau: Mugak eta lagunak.

Tira ba, zuek zer diozue?

Eguneraketa eta oharra.

Blogeko sarrera hau publikatu bitartean Aitor Etxebarriaren artikulua heldu zaigu zabalik daukagun aukera erabilita. Bistan denez, gai berberaz dihardugu biok, eta zer komentatua eman dezakeenez, mezu honen iruzkinak itxi eta gonbidatuei zor zaien kortesiagatik eta eztabaida ez bikoizteagatik, Aitorren mezuan egin ditzakezue iruzkinak. Neurea mezu honetan eginda dago (oraingoz Wink)

Hemen daukazue Aitorrena:

Motibazioa eta normalizazioa

02
Urr
2007

Txis....pun! Hasi da!

Inaugurazio ofiziala eduki genuen lehengo astean, baina ikasturtea benetan hasi den behin-betiko seinalea Erandioko Udal Euskaltegiko ikasle batek bidali digu blogosferara:

Heldu da eguna! Bai,gaur euskaltegiko lehen eguna izango da,beraz, lauetan ez dut biao egingo Cry. Ze azkar pasatu diren hiru hilabete hauek! Gaurtik aurrera betiko ohiturak berreskuratuko ditut, zenbat gauza egiten hasiko naiz gaur. Pentzatzeak nekatzen nau Frown, hobe da horretaz ez pentzatzea eta etorri behar dena etor dadila, bestela ez dakit zer egingo dudan.

Gaurko ez dago gehiagorik kontatzeko, hurrengoan gehiago edo ez, batek daki. Agur.

Egia da. Zenbat biao, kafe, paseo, berriketa eta barealdi sakrifikatuko dira hemendik aurrera? Ea ba, ez dezala gure lagunak biaoa galtzeagatik damurik izan! Ezta guk geuk ere.

26
Ira
2007

Aprender euskera (bis)

Lehengo "aprender euskara" harena bota genuenetik hogei egun inguru pasatuta, beste kukutxu bat egin diegu bilatzaileei, eta gauzak apur bat aldatu dira, ez asko baina.

Google-en bilaketaren lehenengo orrian gaur (09/28) euskaltegi bakarra agertu da, Gabriel Aresti, 4. postuan. Top10ean kokatu den bakarra. Ez dakit posizionamendu lana egin duten ala ez, baina eskalan gora egin dute sano.

Yahoo-n lehengo lepotik. 4. orrialdera arte joan behar dugu Santurtziko Udal Euskaltegia topatzeko.

Hori bai, bi artikulu agertu dira bi zerrendotan. Bata, Karrajuan berton publikatu genuen hura: Aprender euskera - Search eta bestea Sergio Mongek egin zuen iruzkina (eta eskaintza): Aprender Euskera.

Blogek arinago eskalatzen dutela dirudi. Gehiago bisitak, iruzkinak eta link-ak egiten badira. 

Probatxua egin dut dena dela, orri berezi bat atondu dut Karrajuan etiketa eta tituluekin. Ea noraino heltzen den.

Bide batez. AZK komunikazioa blogean ere iruzkina eta hausnarketatxo interesgarria egin zuten kanpainen gainean.

Eta gaur Pasalo saioan erreportaia hau eman dute matrikulazioa, euskaltegiak eta euskara ikastea dela ez dela.

25
Ira
2007

Txis...pun!

Ez naiz berri-emale izateko jaio, horretan abilagoak eta profesionalak direnek bihar kontatuko dizuete gaur EAEn 0708 euskaltegiaren tenporada ofizialaren irekiera ofiziala egin dela. Lehenengo aldia izan ei da horrelako bat egiten dela. Autoritateak, zeremonia, hitzaldia eta konpintxeoa (pintxo jana konpainian, alegia).

Honako gauzak egiteak sustapen publikoari begira edukiko dute arrazoia, ez dut ukatuko. Baina, zer nahi duzue esatea? Ez naiz eroso egoten. Formalitate eta zeremonia gehiegi akaso. Azken batean han egon garenok lankideak gara neurri batean, eta giro informalagoa estimatzen dutenetakoa naiz. Norberaren kontuak azken batean.

Moreno Cabreraren hitzaldia entzun dut. Eta egia esanda apur bat hotzik geratu naiz. Gehiago espero izan dut (bai, Iñaki, nirea konstantea da). Haren gogoeten gainean Karrajuan berton jardun genuen aspaldian. Eta orduan proposatu zuen sesquilingúismo haren haritik tiratu du, eta orduan bezala hausnartzeko moduko ideia iruditzen zait, hala ere irakurketa arriskutsuak eduki ditzake gurea bezalako testuinguru batean.

Euskaraz egin behar dela, eta euskarari behar zaion onarpena eman behar zaiola bezalako ideiak azaldu dizkigu. Ondo, baina ez zait gauza berria iruditu, geure ohiko aldarrikapenak ez dira horiek guztiak? Seguru nago Morenok ideia eta hausnarbide interesgarriagoak jorratu ditzakeela. Beharbada inguru informalago batean kantxa eta saltsa gehiagorekin...

Bestela, pintxoak onak, blogarien topaketa ez hain kasuala... Baina hurrengo batean halako bat zeremonia gutxiagorekin... ikasturtearen hasieran ez bada ere.

Bide batez

Tenporadaren inauguraziorekin batera sarean agertu diren kontutxu bi:

Albiste hau agertu da El Pais-en

Konpetentzia nondik etorri eta...

Vaya Semanitakoen berri eman genuen lehengoan. Euskaltegiarena seriea izango dela dirudi. Dagoeneko bigarren kapitulua agertu da Youtuben. Hemen daukazue bada:

18
Ira
2007

0708 kanpaina, adituen iritzia

Taller d3 blogean iruzkina egin du Sergio Monge komunikazioan adituak AEK eta Elkarlanen kartelen gainean.

El primero es un rollo conceptual que a ver si me lo explica alguien porque así, sin más, me ha dejado bastante frío. El segundo es un mero ejercicio de diseño gráfico. Ni posicionamiento ni idea publicitaria. Sólo publiarte.

Administrazioaren kanpainaz ere bota du iritzia.

Las campañas publicitarias de la administración en pro del Euskera son pésimas. No porque cada una sea especialmente mala en sí sino porque no hay estrategia, ni posicionamiento, ni nada de nada. Sólo una agencia diferente (espero) ganando el concurso de marras cada año

Kritikoa izan da hiru kasuetan. Estrategia eta posizionamendu falta azpimarratu du bereziki. Neuri behintzat zer pentsatua eman dit.

Bestalde, bloga eskaini du euskaltegiei sarean zabalkundea emateko, berton nahi duten euskaltegiek esteka ipinita.

Si, como es probable, este artículo adquiere un puesto alto en Google por la búsqueda “aprender euskera”, cualquier centro de enseñanza de euskera que lo solicite obtendrá un vínculo desde esta página. El vínculo probablemente ayudará a mejorar la posición de su web en los buscadores. Simplemente, dejad un comentario con el nombre del centro, su población y su dirección web o enviadme un mail a la dirección monge.sergio [arroba] gmail.com.

Ados egon nahiz egon ez, interesgarria eta estimagarria da beti adituen iritzia, eta laguntza, jakina.

Eguneraketa: Hemen daukazue AEKren spot-a. Ea horrela kontzeptua hobeto deszifratzen den.

Eta hemen berbaz (gaztelaniaz):

Spot gehiago dabiltza telebistan. Nik gaur Bai&By eta Aurten Baienak ikusi ditut behinik behin. Baten batek grabatu eta Euskaltube edo Youtubera igotzen baditu komentatzeko kantxa emango dugu.

Sindikatu edukia