euskaltegiak

10
Abe
2007

Batzorde akademikoa

Gaur HABEren Batzorde akademikoa bilduko da aspaldiko partez. Azken bilera duela lau urte luze egin zen hain zuzen ere.

EAEko Batzorde akademikoa ez da ezaguna izango seguruenik, orain arte gutxitan bildu dela dirudi eta bileron artean urteetako tartea egon da askotan. Beraz, askok izena ere egundo entzun barik edukiko duzue.

Zertarako da? HABEren antolamenduan honela azaltzen da:

Batzorde Akademikoari, gai akademikoetan eta pedagogikoetan analisiak egitea eta euskaltegien jardueren ebaluazioa dagozkio eta, orobat, HABEren Urteko Memoriaz informatzea.

1996ko dekretu honetan dauzkazue zehaztapen gehiago.

Didaktika kontuak azken batean.

Didaktika-eraketa "dikotomia" horretaz egun batean esan beharko dugu zerbait. Gaur zelako umorearekin amaitzen dugun...

19
Aza
2007

Euskaltegien webguneak

Lehengoan deskubritu nuen Webslides jostailuarekin euskaltegien webguneen aurkezpena egitea pentsatu dut. Erraza, Diigon lastermarken zerrenda egin eta automatikoki sortu du aurkezpena, hemen daukazue: Euskaltegien webguneak. (bide batez, baten bat falta bada esan, mesedez.)

Aurkezpenari begira geratu naiz. Zer daukagun ikusten. Hain zuzen ere, ikasturtearen hasieran euskaltegien webguneek interneten zer pisu daukaten jardun genuen, ez webguneei eurei buruz hala ere.

Alde handiak daude batetik bestera: estetika, antolaketa, edukiak, zerbitzuak, informazioa, lantze-maila, eguneratzea, irisgarritasuna, funtzionamendua... Oro har hala ere, denak ikusita inpresio gazi-geza hartu dut.

Gaur egun webgunea edukitzeak berez ez du ezer adierazten, ez bada interneten egon behar dela munduan bazarela adierazteko akaso. Funtzio desberdinak bete ahal ditu webguneak: nor-zer-non zaren esan, marketing eta publizitaterako tresna, zerbitzuak emateko bide, baliabide-iturri, komunikazio-gune, albistegi...

Hori guztia nahi izaten da sarritan, eta horrek mantenu eta eguneratze-lana eskatzen du. Inpresioa daukat gurean internet oraindik urrun ikusten dela eta, salbuespenak salbuespen, ez dela egiten webguneak antolatzeko eta eguneratzeko ahalegin berezirik. Eta gauzak aldatzen ari dira.

Ez naiz jarri diseinu hutsuneak detektatzen. Baten batek (auto)ebaluazioa egin nahi badu hor dauzka webguneen ohiko 43 akatsen zerrenda hau (ingelesez, hemen gaztelaniaz) edo Jakob Nielsen guruaren aholkuak.

Ez da diseinu kontua soilik hala ere, beharbada lehenengo galderak honakoak izan daitezke: Zertarako nahi dugu webgunea? Zertarako behar dezake jendeak? Zer irudi-mezu-eduki zabaldu nahi ditugu sarean? eta... Hori da gaur egun zabaltzen duguna?

Hemen daukazue aurkezpena. Zuei zer iruditzen zaizkizue?

Euskaltegien webguneak

09
Aza
2007

Leire Narbaiza: Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak


Leire Narbaiza eibartarra euskal blogosferan aspaldian enpadronatu zen biztanlea dugu. Eibar.org komunitatean Kalamuatik Txargainera blogetik jarduten du honetaz eta hartaz. Blogaria ez ezik euskaltegiko irakaslea ere bada Leire, eta blogean gaur hausnarketa landua eta sentitua plazaratu du euskaltegiko irakasleon bizimodua eta sentipenez.

Plisti-plastak eman digu lehen Leireren artikuluaren berri. Gero Leirek berak jakinarazi digu, buelta asko eman dizkio buruari eta ahalik eta lankide gehienekin konpartitu nahi lukeela esan digu.

Irakurtzea eta komentatzea merezi duelakoan hemen dauzkazue pasarte batzuk:

Prestigioa: gai honen gainean asko hitz egin dut lankideokin Karrajua-n ere agertu da honen inguruko artikuluren bat Vaya semanita-n ere txisterik egin dute. Baina guk hori igarri, kalean igartzen dugu ezagunek askotan galdetzen digutenean: Oraindik zabiltza euskaltegian? Gure lana gaztaroan egiten den lanbidea balitz bezala, astialdiko begiraleak bagina moduan. Ia berrogei urte eta euskaltegian lanean? Arraroa.

Nire kontratuan “irakasle” dio, baita “erdi mailako teknikaria” baina nire soldata ez da teknikariarena, eta delegazioko zerrendetan gure esperientziak ez dauka punturik, euren aurrean gu ez gara eta irakasleak. Nire ia hamazortzi urteek 0 (zero) puntu daukate.

Soldatarekin jarraituta, ez naiz kexatuko; jakinda Aek-ko lankideak gure erdia inguru kobratzen dutela lan gehiago eginda. Horrek ere Udal Euskaltegietako irakasleok isildu gaitu askotan, eurekin inork ez zezan agrabio konparatiborik egin. Baina aipatu dudan moduan, ez bagara irakasle hezkuntza sailaren aurrean, zer edo zer izan beharko gara.

Pena hauek guztiauek bota arren, nik lan hau maite dut, gustura nabil eguneroko borroka honetan. Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken baten, floreroa baino ez da. Polit egiten du programa eta paperean. Baina eguneroko jardunean, enbarazuan dago. Hori, kontatu dudan honetan garbi asko ikusten da. Guk egunero ikusten dugu

Leirek zer esanak eduki ditu eta ahalegina egin du plazaratzeko, aukera ona izan daiteke denok inoiz esan nahi baina gorde ditugunak botatzeko.

Bere blogean daukazue artikulua osorik eta berak nahi lukeen modura gure lanbide/bizimoduaz jarduteko aukera.

Euskaltegietako irakasleon miseriak eta komeriak

Oharra: Karrajuan artikulu honi buruzko iruzkinak itxi egin ditut, Leireren blogera bideratzeko.

08
Aza
2007

Martiriak

Zaldieroa atomiko etorri zaigu gaur:

(klikatu irudiaren gainean hobeto ikusteko) 

06
Aza
2007

Hirugarren maila

Honez gero EAEko euskaltegi gehienetan edukiko duzue informazioa. HABEtik bidali den hau alegia:

Zuzendari hori:
Honen bitartez dei egin nahi dizut HEOKaren 3. maila ezartzeko HABE datozen hilabeteetan egitekoa den urratsen berri emateko antolatu dugun bilera informatibora.
Bileraren xehetasunak hauek dira:
Gai-zerrenda:

  • HEOKaren 3.maila ezartzeko egitasmoa
  • Agirien baliokidetza
  • 3. mailako azterketa-eredua
  • Aztertzaileak: aztertzaile taldea, prestaketa
  • Azterketa-deialdia: baldintzak, datak

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dira aurkezpenak. Bilbon azaroaren 8an eta Donostian 12an nik dakidala. Ez daukat Gasteizkoaren berririk.

EGA eta 3. maila bat dira? azterketa ala "maila"? 3. maila horri 1. eta 2. mailei eman zaien trataera emango zaiola dirudi.

Bestalde, bigarren puntukoan jarri beharko da arreta. Askotan komentatu da hemen dabilen titulu-saltsa. HABE eta beste erakunde batzuk (HAEE, Hezkuntza saila...) agiriak baliokidetzeko lan-negoziazioetan ibili ei dira azkenotan.

Ea zer berri datorren.

PD: Santurtziko Udal Euskaltegiko webgunean zehaztasun gehiago eman dituzte: HABEk EGAren pareko agiria sortuko du.

05
Aza
2007

Irakasleak behar dira

Lizarrako AEKn irakasleak behar dira. Hala jakinarazi digute hango ikasle-irakasleek sarean agertu den bideo honetan.

Diario de Noticiasen ere agertu da albistea: El euskaltegi busca 'irakasles'. Jende asko ikasi guran, alternatiba bakarra eta irakasle gutxi.

Irakasleen joan-etorria leku guztietan arazo bada, euskaltegi txikietan eta hiriburuetatik urrun zailago suertatzen da askotan eskaria asetzea. Arazo estrukturala izan daiteke nonbait eskatzen den unean eta lekuan euskara ikasi nahi duenari beti bidea ematea. Eta zaila era berean horretarako irakasle guztiei lanean iraunkortasuna eta prestakuntza ziurtatzea.

Irtenbide errazik ez dago, ez. Eskaintzan eta modulazioan berregituraketa sakona akaso.

Kontuak kontu, ikasteko animoa bizi-bizirik dabil Lizarra inguru horretan. Lastima izango litzateke lagun horiek ikasteko aukera galtzea. Ezta?

25
Urr
2007

Basauriko AEK eta Euskarabila elkarteek azkenik lehiaketa publiko bidez lortu ahal izango dituzte dirulaguntzak

Albiste kezkagarria zabaldu zen lehengo astean. Basauri retira una ayuda a AEK por su vinculación a la izquierda abertzale. (El correo digital). Gaur Zabaldu.com-en bidez, Basauriko Udalak erabaki hartan atzera-edo egin duela heldu zaigu albistea (Gu, EHE).

Politika mundua hain nahasia den herri honetan, zurrunbilo horretatik inor libre dagoela pentsatzea ez da komeni. Albistetik gogoeta bi datozkit.

Alde batetik, euskalgintzak eta euskarak hainbat politikori oraindik errespetua ematen diete. Seinale gizarte mailan zerbait garela. Bestetik, indar horrexek egin gaitzake beste batzuen fobia eta tirrien jomuga ere.

Errealitatea eta obsesioak aipatu ditu Basauriko alkateak. Horixe, honakoekin hobeto obsesiorik hartzen ez badugu.

20
Urr
2007

IKAbideoak

Euskaltegiak propaganda eta irudi kontuetan ez ditugu oso aktibo ikusi azkenotan sarean, are gutxiago web2.0 munduan.

Gaur berriz sorpresatxoa hartu dut Youtuben. IKAkoek bideo sorta zabala sartu dute han. Ez dakit publizitate kontua den edo bideook norako diren. Hemen lagintxu bat, "IKA beldurrik gabe":

Bideo landuak duda barik. Webgunean zelan txertatuko dituzten ikusteko deseatzen nago.

 

Sindikatu edukia