euskaltegiak

15
Mai
2008

Eta zuk? Ba al dakizu euskara?

Nafarroatik dator sorpresa oraingoan. Iruñean AEKren Iruñezar euskaltegian bideo hau egin dute. Ez da spot-a ez, fim labur-ertaina baino, 20 minutu ingurukoa. Ondo landua duda barik, eta umorez betea.

14
Mai
2008

Kalostrape

kalostrapeHelduen euskalduntzeaz ari garenean ikusmira norberaren ingurutik gehiegi ez urruntzeko joera izaten dugu denok. Badira hala ere HABEren "inperiotik" haragoko planetak, eta han ere ari dira, gogo eta ilusio handiarekin aritu ere.

Larunbat honetan hain zuzen ere, AEK-k egoitza berria inauguratuko du Baionan, hiru pisuko etxea hartu da, Baionako gau-eskola (gau eta egunez orain ezta?), bulegoak eta behean Kalostrape ostatua.

Iparraldean helduen euskalduntzeak hazkunde polita izan du azken urteotan, Hegoaldean apenas konturatu ez garen arren. Han ere, hemen bezala, lan luzea dugu aurretik. Kalostrape eta kalostrapegaina izango dira duda barik horretarako tresna aproposak.

Hantxe izango gara larunbatean, eta aurrerantzean ere bai, seguru.

Informazio gehiago:

Eta bidean ez galtzeko:


Kalostrape map

07
Mai
2008

Gazteak 21

Euskara21 horri kukutxoa egin diot gaur. Askoren antzera seguruenik. Hizkuntz-politikaz eta euskararen gainean jarduteko gune horretan gogoeta batzuk ditugu dagoeneko. Bitxia, lelo batzuk behin eta berriz: Hizkuntz-eskakizunak, lanposturako merituak, harako eta honako inposizioak... eta euskaltzale gutxi.

Tira! Euskara ikastea eta euskaltegiak sarri aipatuak ondorioz. Esan direnen artean, aipu batek eman dit zer pentsatua, Gaitasuna landu, gakoetako bat mezuan hain zuzen ere (euskaraz gutxi bota dira eta haietako bat). Hau (letra lodia nik ipini dut):

Jende askorekin hitz egin izan dut honetaz eta azkenean beti ematen didate arrazoia, gakoa da hainbat eta hainbat gazteren gaitasuna baxua dela, D ereduan ikasi arren. Gainera, gazte hauek badakite, baina ez dute izena emango euskaltegi batean, lotsa ematen die horrek (askok esan didate “baina zelan joango naiz ni euskaltegi batera…”).

Deigarria, ezta? Hala bada, zerk lotsatzen ditu gazteok euskaltegira joanda? Zaharretxearen traza hartzen ari ote gara? Kontzientzia txarraren baten erakusgarri bihurtu ote gara? Zer ikusia ote dauka honek irakasle berriak lortzeko zailtasunekin?

Egia esanda, inguruan inoiz barruntatu dut D ereduan ikasitako gazteek halako errespetutxoa izaten diotela euskaltegiari, eta berton gabiltzanoi ondorioz. Baina belaunaldi kontuak izan direla pentsatu izan dut.

Edozelan ere, kezkagarria izango da aurrekoan esandakoa edo beste mezu honetan esan den hau hala badira:

Si es verdad que las nuevas generaciones tienen la oportunidad de aprenderlo desde los colegios. Aún así, en algín mometo de sus vidas, tendrán que apuntarse a una academia, pues el Título les será necesario.

Gazteek euskaraz egiteko edo titulua eskuratzeko azkenean euskaltegira etorri behar derrigor, eta euskaltegiak izutu. Ederra etorkizuna gurea! Umeentzako "sacamantecas" modura-edo erreziklatu beharko dugu.

PS: igual hobe nuen hau Euskara21ean botatzea, baina hango eztabaidek hartu duten norabidea ikusita, neuri ere etorri zait halako errespetu atabikoa.

17
Api
2008

Euskaltegien balorazioa

Titulazioen dekretuak zer esana ekarri digu asteon, duda barik. Atzo euskaltegi pribatu-homologatuetako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu zuten euren iritzia. Positiboa oro har.

AEK eta IKAren webguneetan daukagu adierazpenaren testua. Sareko Argiaren bidez hedabideetako errenferentziak aurkitu ditzakezue.

Aipamen batzuk:

Euskaltegi pribatu homologatuon iritziz, ikasleek euskaltegian bertan lortu dezaketen eta Europa osoko titulazioekin bateragarria izango den euskara titulu ofizialak eskaintzeak euskal hiritar askoren jarrera ezkorrean eragingo du. Erabaki honek euskara ikastea erraztuko du eta, ondorioz, jendea euskarara hurbiltzea. Hori dela-eta, erabileran ere igartzea espero dugu.

Izan ere, gure helburua ez da jendea tituluak lortzera bultzatzea, ez hori bakarrik behintzat. Euskaltegiok euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, argi eta garbi. Xedea ez da azterketak egitea edota ikasleak tituluak lortzen trebatzea. Ez dugu nahi euskara azterketekin identifikatzea, hainbeste titulu eta azterketa egin beharrarekin, orain arte gertatu den bezala.

Baina hemendik aurrerako bidea errazagoa izango delakoan gaude, ikasleentzat nahikoa izango delako euskaltegian maila bat eskuratzea titulu baten jabe izateko, beste ezer egiaztatzen ibili beharrik gabe.

Beraz, herritarrek eguneroko bizimoduan euskara gustura eta eroso erabili dezaten urrats garrantzitsu bat da eta euskararen onurarako izatea espero dugu.

Igual belarriondokoren bat irabaziko dut, baina -neure iritzia honetatik asko aldendu barik ere- hemengo baieztapen batzuk: "...bidea errazagoa izango delakoan...", "euskara gustura eta eroso erabili..." Ez dakit ba. Tira!

Edozelan ere, ezin dugu ahaztu honek guztiak erronka dakarkigula berekin.

27
Mar
2008

Irakasle power

Sektoreari buruzko hausnarketa planteatu ziguten lehengoan Batzorde Akademikoan, erronka eta kezka nagusiak zeintzuk ziren aipatu eta hemendik aurrera jorratzeko geratu ziren apuntatuta. Han esan zirenen artean, ideia batekin geratu naiz egunotan, irakasleen lana, irudia eta ospe soziala "saldu" beharra. Helduen euskara irakasleak profesionalak dira, lana serio egiten dute, prestakuntza eta gogoarekin ari dira eta hori guzti hori jendartera zabaldu beharra dago.

Egia da, edo horrela begitandu zait neuri pentsatzen hasita. HEAren publizitatean eta sektoreaz hitz egiten denean irakaslea gutxitan aipatzen da. Ikasle-kopuruak, erakunde eta euskaltegien metodologia, egiturak, tresnak, eskaintza ugariak eta desberdinak... baina horren atzetik dabiltzan pertsonak gutxi, euren merituak, prestakuntza, ibilibidea, ospea... Ez dago izarrik gurean, irakasle ezagunik (irakasle lanagatik behintzat) gutxi.

Ez dut ikerketa zehatzik egin, baina nire eskuetara heldu diren balorazio inkesta askotatik jasotako inpresioa da: irakaslea izaten da ikasleari baloratzeko ematen zaizkien galdetegi, inkesta eta halakoetan puntu gehien jasotzen dituen "item" horietako bat. Ikasleekin berba eginda berdin, ikas-prozesuko une erabakiorrak nabarmentzean irakasleren baten papera aipatzen da sarri. Hala ere, ez da "saltzen" den elementua izaten, euskaltegian edo erakundean den-denak klonak edo operazio berdina berdin exekutatzen duten operario balioaniztunak bailiren.

Eta nire ustez, bada saltzeko generoa gainera. Esperientzia handia metatuz doa gurean adibidez, hogei urtetik gora dihardutenak asko adibidez, gero eta gehiago. Milaka ordu klase, jardunbide desberdinak ezagututa eta eskarmentatuta, eta hori baino garrantzitsuagoa: ikasle askoren errekonozimendua jasotako profesionalak ditugu.

Horri kontrajarrita, badakigu, soldatak, kabaretera-ordutegiak, segurtasun eza, egonkortasun falta, eta, horren ondorioak: desmotibazioa, estresa, lanaren ordain afektibo-sozial eskasa.

Honetaz gabiltzala, sarean endredatzen Madrid Teacher webgunera heldu nintzen lehengoan. Deigarria egin zitzaidan eta Atoan-en apuntatu nuen hain zuzen ere. Madrid Teacher ez da (ez dirudi hala behintzat) akademia edo erakundea, hizkuntz-irakasleek euren zerbitzuak eskaintzen dituzten gunea baino. Irakasle bakoitzak bere curriculuma, espezialitatea, lan-metodoa eta lan-eremua azaltzen ditu, batzuek esperientziak kontatzeko bideoak ere erabiltzen dituzte bertan. Norberaren promozioa egiten da neurri handi batean, ez erakunde edo akademia batena. Freelance irakasleak ditugu nonbait, helduentzako hizkuntza batzuen irakaskuntzan ohikoa izaten da figura hori, gurean nahikoa marginala berriz.

Pentsatzen hasita, ez dakit freelance maila horretaraino heldu beharko genukeen (ikara apur bat ematen du egia esanda), baina, ez litzaiguke ondo etorriko indibidualazio apur bat gurean ere? Onerako nahiz txarrerako jakina. Irakasle power?

PD: Badakit, ironikoa (adar jotzea ere bai) iruditu lezake irakasle power horrek irakasleak harrien azpitik topatzen dabilenarentzat.

30
Abe
2007

¡Que inventen ellos!

plisti-plasta | 2007, Abendua 30 - 18:39

Urteak joan ahala, usteak galdu egiten ei dira, baina Unamunok esandakoak ez dakit ez ote dituen gure artean ere erro luzeegiak.

Lehengo egunean, mailetako azterketen baremazioaz ari ginela, gauzak bere horretan uzteko erabilitako arrazoiak bultzatu nau hau idaztera. Batera eta bestera argudiatu ostean, bueltan jasotako erantzun bakarra beste batzuek ere horrela egiten dutela esatea izan zen... besterik gabe, duda egin gabe. Batzuek txikikeria dela pentsatuko duzue baina nire ustetan erantzun horrek barren mikatza dauka, Unamunoren "¡Que inventen ellos!" hura etorri zitzaidan burura.


Ez dut esango homologazio kontu honetan ez dugula bateratsu jokatu behar, horrela da. Ez dut esango ez zaiola kanpokoari begiratu behar, ez dut zalantza egiten. Baina itsu-itsuan jokatu beharrean, izan gaitezen kritiko eta jar ditzagun gure ekarpenak geure eta besteen mahai gainean.

Neuretzako daukat euskaltegion mundu honetan gabiltzanok gure oskolean aurkitzen dugula babesa, estimu gutxian dugula geure burua. Harritu egiten nau, hainbeste ahalegin eta lan egin ostean, hizkuntzen didaktikaren munduan zein presentzia eskasa dugun ikusteak. Zurtu egiten nau hainbeste jarraitzailekeriak.

Bada garaia kanpotik baliagarria zaiguna hartu ez ezik, daukaguna eta dakiguna konplexurik gabe kanporatzen hasteko, lan prospektiboa egiteko, euskaltegiak eta unibertsitatea harremanetan jartzeko, Ikerketan eta Garapenean indarrak jartzeko... Finean, zera esateko:

¡Que inventen ellos! eta Asma dezagun guk!

Argazkia: am I in the right line?. Steve took it Flickr-en.

18
Abe
2007

Olentzerori gutuna

Plisti-plasta | 2007, Abendua 18 - 15:33

Olentzero maitea, aurten ondo portatu naiz ikasleekin baina asko falta izan zait irakasle ona izateko. Halere, hainbat gauza eskatzera ausartuko naiz, irakasleok ere arrautzak eta kapoiak jateko eskubidea baitugu. Hona:

  1. Lan-baldintza duinak sare guztietako nire laguntxo irakasleentzat.
  2. Euskara hiritar bihurtzeko benetako plangintzatxoren bat.
  3. Gure ikasleentzat euskara gozagarri izatea; eta ez, “el puto euskera”. Barkatu, Olentzero, hitz zatarrak esateagatik.
  4. XXI. mendeko euskaltegi polit-politak eratzea.
  5. Ikasleen eta irakasleen sare sozialak sortzea eta indartzea.

Gauza gehiago eskatuko nizuke, baita ikatza ere zenbait pajarorentzat (horiek bai buru handia, entenimendu gabia!), baina ez dut zure zakua gehiegi bete nahi.

A! eta etzazula ahaztu, faborez, aurreko gutunean eskatu nizkizun portatila eta Matusalem ron botila (hamar arroako zahagiarekin ere ausartuko nintzateke, alajaina!)

OHARRA: nire laguntxo batek Joselito urdaiazpikoa eskatu dizu baina txoritxo batek esan dit gaizto-gaiztoa izan dela, konduktista hutsa dela eta musuka aritu dela Patxirekin gainera. ;-D

Argazkia: Olentzero/Basque old man (caravinagre Flickr-en) 

18
Abe
2007

IKAren webgune berria

IKAk egindako bideo batzuk lokalizatu genituen sarean hilabete pare bat. Norako ziren eta misterioa argitu egin da. IKAk www.ikanet.net helbidean webgune berria atondu eta, beste hainbat edukirekin batera, berton jarri dizkigu ikusgai.

Lehengo helbidean (www.ikastari.net) betiko webgunea daukate oraindik hala ere.

Albistegi edo blog itxura eman diote webgune berriari. Fondo zuriaren gainean txukun eta argi azaltzen dituzte IKAren zerbitzuak, kokapenak eta informazioa. Albistegia ere jarri dute. Agregatzailearentzako alpiste apur bat falta zaio akaso.


IKAnet.net

Sindikatu edukia