ikastea

23
Ots
2007

Bore da

Cymruko (Gales) hizkuntza irakasle eta teknikari koadrila eduki dugu bisitari gurean egunotan. Gaur goizean AEKren bulegora etorri dira hain zuzen ere. Pentsatzen dut beste leku batzuetan ere izan dituzuela. Pozik ibili dira, harrera ona egin diegula eta gustura dabiltzala.

Europako hizkuntza minorizatuen irakaskuntza-berreskurapenean ari direnen zerrendetan maiz suertatzen gara galesak eta euskaldunak elkarrekin, beste hainbatekin batera (katalaniarrak, frisiarrak, bretainarrak,...). Hizkuntz-minorizatuen mapa politak eta aldarrikapen hunkigarriak sinatzen ibili ohi gara, baina egia esanda, hortik aurrera elkarren berri gutxi eta harremana gutxiago.

Behin ezagututa, hango gorabeheren berri asko barik, jende jatorra eta lanean geure antzera dabilena dirudi. Askok bigarren hizkuntza dute galesera, galdera asko eta interes handia sumatu diet guk egiten dugunarekin. Ez dakit geu hara joanda hain fin ibiliko ginatekeen.

Bisitaren aurretik dena dela apur bat dokumentatzen saiatu naiz (badakizue sarean-eta) kymrueraren helduen irakaskuntzan zer dugun eta zer dabilen, eta gauza deigarriak aurkitu ditut:

Batetik, Galesen inguruko informazioa ematen duen atari honetan kymruera ikasteko 10 arrazoien zerrenda egin dute. Gure kanpainetan esaldi laburrak eta agintera izaten dira nagusi, kymruera ikasten motibatzeko testu honetan indikatiboa dugu aditz-aspektu nagusia. Hona arrazoi batzuk (itzulpen saiakera oso-oso librea):

  • Ikerketaren arabera, behin bi hizkutza menperatuta, errazago duzu beste batzuk ikastea.
  • Apur bat ikasita ere inguruan daukazuna hobeto ulertzeko moduan egongo zara.
  • Edozer ikastea ona da zuretzat, ikasten zabiltzan denboran gogoa bizirik eta aktibo daukazu. Zergatik ez kymruera (edo euskara) ikasi orduan?

Onena berriz, azkena:

  • Batzuen ustez, kymruera zeruko hizkuntza da.

Ez dakit marketing estrategia modura eragingarria den, baina gurearekin aldea egon, badago. Igual handik ideiaren bat hartuko bagenu.

Hizkuntzaren irakaskuntzan diharduen Acen erakundearen atarian sartu naiz gero, kymruera ikasteko aukera askoren berri izan dezakegu berton: ikastaroak, jolasak, aldizkariak,... Asko daude, haien artean sari bitxia daukan lehiaketa ere bai: galdera batzuei ondo erantzunez gero (eta zortea edukiz gero), aukera izango duzu irakasle edo mintzalagun batekin (ez dakit hemen tutor hitza zelan itzuli zehazki) bazkari edo afari batean hizkuntza praktikatzeko, argazkian ikusten duzuen legez.

Guri zergatik ez zaigu halakorik bururatzen?

Mintzalaguna edo praktika ere antolatzen dute. Horretara dedikatzen den CYD izeneko erakunde bat dago. Honela aldarrikatzen du bere xedea: Cyd is an organisation that aims to help turn Welsh learners into speakers, ikasleak hiztun bihurtu, gustatu zait leloa. Hala bada, ikasleak eta hiztunak elkartzeko ekimen desberdinak antolatzen ditu  Gales guztian zehar, gure mintzalagun askoren antzera.

Dena dela, gaur goizean esan didate desagertzeko zorian dagoela, "no money". Txakurrak ortozik azken batean.

Pd: "Bore da" kymrueraz ikasi dudan lehenengoa da, "egun on".

22
Ots
2007

Gogo gogorra

Blogosferan egunero topatzen da ustekaberen bat, lehengoan euskaraz idazten animatu den ikasle batena ekarri genuen, eta gaur antzerako beste bat, Sink or swim (igeri egin edo hondora) bloga. Euskal Herrira etorri berria den ingeles irakasle madrildarra da egilea, eta euskara ikasten dabil. Bloga gaztelaniaz egiten du, dagoeneko euskaltegiko kontu pare bat ekarri dizkigu, eta azkenengo post-ean euskaraz idazten ere animatu da.

Euskara ikasleek euren blogetan kontatzen dutena interesatu ez ezik, harritu ere egiten nau sarri. Gustura irakurtzen ditut ikasleen kontuok, jakin mina eta morbo pittin bat ere izango da, baina oxala honelako gehiago baleude! Ikasleek sekula aitortuko ez liguketena asmatzeko modu ona izaten da.

Hona euskaltegiko pasadizo bat adibidez:

Hoy ha sido la segunda. Supongo y espero que no habrá tercera porque como bien dice el proverbio árabe: "La primera vez que me engañes, será culpa tuya; la segunda vez, la culpa será mía". La borde de la remesa de nuevos compañeros que se han sumado a nuestra clase del euskaltegi ha vuelto a atacar. La primera vez nos echó la bronca a otra chica y a mí por intentar ayudarla a comprender lo que explicaba la profe.

16
Ots
2007

Ikastea zenbakietan

Sarean han eta hemen zabaltzen diren aipamenen artean gaur William Glasser psikiatrarena ei den batekin egin dut topo. Askok honez gero ezaguna daukazue seguruenik. Hona hemen:

Ikasten dugu:

  • Irakurtzen dugunetik %10.
  • Entzuten dugunetik %20
  • Ikusten dugunetik %30
  • Ikusi eta entzuten dugunetik %50
  • Besteekin berba egiten dugunetik %70
  • Norberak esperimentatzen duenetik %80
  • Besteei irakasten diegunetik %90.

Ergo?

edo

Horrela da?

28
Urt
2007

Ongi etorri gure mundura

De estranjis blogaren bidez Jose Luis Garcia Sanchezek Gaztelania ikastaro baterako prestatu duen bideo hau ezagutu dut.

Jorratzen duen gaia eta jorratzeko modua itzelak, baina curriculum-ak, markoak eta enparauak gabiltzala, hain lazgarria izan gabe ere, geurean ere hizkuntzaren zer ikuspegi daukagun pentsatzen ipini nau.

Zer deritzozue?

21
Urt
2007

Euskara zaila?

EEBBetako Ontario Basque Club-eko webgunean euskararen gaineko FAQ moduko honetan Larry Trask hizkuntzalariaren galde-erantzun hau:

Q8. Is Basque exceedingly difficult to learn?

A8. Not at all. Today thousands of people speak Basque as a second language; among these are native speakers of Spanish, French, English, Dutch, German, Japanese, and other languages. In fact, Basque is a rather easy language to pick up, while mastering it is no more difficult than mastering any other language. The pronunciation is easy, the spelling is regular, there is no grammatical gender, there are no noun-classes or verb-classes, and there are no irregular nouns and hardly any irregular verbs.

Jabetzeko ez beste edozein hizkuntza baino zailago. Ahoskera erraza, ortografia erregularra, generorik ez, irregulartasunik ia bat ere ez...

Euskara zaila dela dioenari botatzeko argudioa, autoritate eta guzti. Ala, beste zerbaitengatik egiten da zaila?

14
Urt
2007

Aizkoraren distira

Hitzetik Hortzera ikusten egon naiz gaur. Joxerra Gartziari egin diote elkarrizketa. Eta euskararen egokitasuna dela eta ez dela galdetuta, bere lanetan (euskara komunikatiboa, pdf-n) sarri aipatzen izan duen Koldo Mitxelenaren aipua ekarri du atzera:

“Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako;
horrexegatik beragatik da ona haizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta haizkora amutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza amutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik, errua, behiala Axularrek zioenez”.

Mitxelena, Koldo (1972): Idazlan hautatuak . Bilbo. Mensajero

Aizkoraren zorrotza eta aizkoraren distira gogoan, geurera ekarrita domeka arrastiko hausnarketarako (edo siestarako) ideiak etorri zaizkit, ez dira berriak, baina, horra hor:

  • Zertan ematen dugu denbora gehiago? Egurra egiten ala aizkorari distira ematen? Zer erabiltzen dugu gehiago: zorroztarria ala trapua?
  • Ikasleari ebakitzen duen egurrak zeozer berotzeko balio dio? Ala behearen gainetik garbitu behar diren txirlorak eta ezpalak baino ez dira?
  • Badaukagu egurretan ibiltzeko basorik? Ala aizkora surik gabeko tximiniaren gaineko apaingarrien arteko beste bat da, laia, laratza eta taloburdina legez?
  • Aizkora ondo zorroztuta, ondo ebakitzen digu? Ala distirarekin itsututa konformatzen gara?
  • Zer-zelan egin dezakegu gure aizkorarekin auzokoaren motozerrak egiten ez duena?
  • Aizkora probetan enborrak eta denbora estiloa eta lustrea baino gehiago neurtzen dira?

Alegoria forestalak azken baten.

Argazkia: larrabetzutik mundura

22
Aza
2006

Beldurrak kentzen

Tandem fundazioko Jürgen Wolf eduki genuen hizlari atzo Santutxun. Berbalagunak antolatuta Euskaraz hitz egiteko beldurra nola galdu lelo erakargarria zeukan hitzaldiak, berbalagun eta euskaltegian ikasle dabiltzanentzat gehien bat.


Kopia - 100_0792

Neuri ere interesatzen zitzaidan kontua. Tandem-i buruz zerbait entzun dut inoiz. Hizkuntz elkartrukeak antolatzen dituztela, hainbat herritan zabalduta daudela, mintzalagunen inspiratzaileak direla,... Hala ere, ez da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzaren munduan sarri entzuten den izena, eta zerbait desberdina aurkitzearren edo.

Eta zerbait desberdina bai..., eta ez.

07
Aza
2006

Hizkuntza gatazkak kudeatzen ikasi

Hizkuntza gatazkak kudeatzen ikasi - Pasa den astean autoari gurpilak aldatzera joan eta horixe egin nahi nuela mekanikoari esan nioenean, irribarre burlaize batekin erantzun zidan, berari gaztelaniaz egiteko esanaz. [Erabili.com: iritizi muinetik]

Iñaki Arruti euskara teknikariak askotan erreparatzen ez diogun kontua ekarri digu gaur erabili.com-en, hizkuntz-gatazkak pertsona artera ekartzen dituen gatazkak. Eguneroko hartu-emanetan euskaraz jardun nahian topatzen ditugun jarrerak, egoerak eta oztopoak ditu gai nagusi.

Hizkuntza ikastearen ingurumarian ere ez dut uste ondoezak, tira-birak eta (barne) gatazketatik libre gaudenik. Norbaitek espero eta besteak nahi duena, baten konbentzimenduak eta bestearen usteak, halakoak esaten duena eta besteak egiten duena, nahi genukeena eta daukaguna... Hizkuntz-pedagogiarekin batera hizkuntz-psikologia horri kukutxu bat egitea ez litzateke kalterako izango. Ikastea bera ez da hizkuntz-gatazka azken baten?

Sindikatu edukia