ikastea

29
Urr
2006

Ingelesa eta beste

Francisco Muñozen blogaren bidez artikulu hau topatu dut: ¿Por que los españoles no aprendemos a hablar ingles?. Meneame-n ere zabaldu da eztabaida. Hasiera baten gurearekin loturarik ez daukala pentsatu daiteke, baina azken baten Iberiar penintsulako biztanle askok ama-hizkuntza ez dauzkatenak ikasteko dauzkaten arazoez ari dira. Hegoaldean behintzat ez nuke esango hor esan direnetatik oso urrun gaudenik, gaztelania ama-hizkuntza daukagunnok behintzat. Betiko topiko-astakeria batzuk kenduta, aipatu/antzeman diren jarrera batzuk behintzat ezagunak egin zaizkit: hitz egiteko eta praktikazeko lotsa, beharrik gabe ezin ikasia, hizkuntza zaila izatearen ustea, pertsonaia publikoen eredu txarra, .... Egun baten ingeles irakasleak eta euskara irakasleok batuta antzerako pasadizoak aterako genituzkeela uste dut.

Albotik baino ez bada ere, beste gogoeta bat etorri zait hau irakurrita. Euskara bertoko hizkuntza dela etengabe aldarrikatzen dugu, geurea, hemengoa. Diskurtso maila afektiboan batez ere horrela zabaltzen dugu. Baina, maila teknikoan, hau da, klase-jarduera antolatzean, hurbiltasun tratamendu hori ematen diogu? Ikasleak askotan ez ote dauka ingelesa bezain urruneko hizkuntza ikasten duen sentsazioa? Geuk ere neurri baten ez dugu sarri errealitate hurbiletik urruntzen?

Lau kasurekin saiatuko naiz esan dudana ilustratzen:

  • Lehenengoa ez dut esango konstatazioa denik, baina azkenotan kasu batzuk ikusi ditut. Gaztelania ez beste ama-hizkuntza daukaten eta euren herritik duela hamar urtetik behera etorritako batzuk ezagutu ditut (alemaniarrak, ingelesak, poloniarrak,...) euskara ikasi eta, hala iruditu zait niri behintzat, hemengoek baino zailtasun haindiagorik izan ez dutenak. Badakit hau ez dela berez esanguratsua eta ondorioak ateratzeko iturri sendoa, baina ilustratiboa da.
  • Iñaki Gaminde hizkuntzalariari entzunda beste bat. Bilboko gaztelanian "zarama" hitza ezaguna izan da, edade batetik aurrerako bilbotar askok behintzat "zarama" eta "zaramero" hitzak ezagutu dituzte. Baina Bilboko euskaltegietan askotan "zakarrontzia" eta "zaborrontzia" berbak zabaldu dira "zarama"ren kaltean. Anekdota baino ez dirudi, oso kasu zehatza eta beharbada apur bat estututa ekarri dut. Nik jarrera baten ispilua dela susmatzen dut hala ere. Euskara sarritan mitologia afektibo baten kokatzen dugu, baina errealitatean suertatzen zaizkigun agerraldien aurrean ez dugu jakiten didaktikoki zelan jokatu.
  • Niri aste honetan gertatutakoa. Irakasle pare batekin ikasleak bistan eta eskuan daukagun zerbait zelan egiten den azaltzeko gaiak eta gauzak topatzen. Mila ideia: argazki baten dagoena azaldu, arraultza zelan frijitzen den, .... kasu gehienak errealitatean berton erakusteko antzerkia edo egoera fortzatzea eskatzen dutenak, ikasleari zer eginean sartzeko oztopoak ekarriko dizkiotenak. Ahoz gora pentsatzen gabiltzala, mahai gainean mugikorrak dauzkagu... Ez du ba jendeak mugikorrean gauzak zelan egiten diren azaltzen aparatua eskuan darabiltela besteak entzun eta ikus dezan? Errezeloa eman digu aukera honek. Arruntegia. Tontakeria dela pentsatuko dute. Ez dugu materialik prestatu behar,... Euskara fikzioa egiteko baino ez dugu erabiliko akaso? Ala errealitatera ekartzeko geuk ere arazoak dauzkagu?
  • Azkena neuk barik, Plisti-plastak azaldu du azken artikuluan. Bota duen galderak tak! egin duela uste dut. Dinosaurioa zelan egiten den ikusten duten umeak zertan dabiltza? Dinosaurioa egiten? Ingelesa ikasten? Gramatika lantzen? Seguruena, hizkuntzaren bidez zerbait ikasten. Hizkuntza hori zein da? Errealitatera ekartzen duguna.

Ez dakit beste inork inoiz honetaz pentsatu duen. HABEren formazio bideoen bildumako ale baten antzeko kontu bat plazaratzen entzun nion Ernesto Matin Perisi aspaldi. Martzianoen hizkuntaz ziharduen hark.

Ikusten duzuenez momentuko gogoeta izan da, gauza bat ikusita gogora etortzen diren hariekin osatuta, ez dogmarako sententzia inola ere. Pentsatzen eta komentatzen hasteko atxakia besterik ez.

24
Urr
2006

Partizipazioa

Alvaro Gregorik on-line komunitate eta jardueretako partizipazioaz gomendio batzuk ematen ditu Jakob Nielsenen iradokizunetan oinarrituta.

Partizipazioa fetitxe-berba izaten da gurean. Metodologia partizipatiboa, klase partizipatiboak,... Ikasle baten ebaluazioa egiteko orduan ere "oso parte-hartzailea da" edo "ez du parte hartzen" bezalakoak sarri entzuten dira, ebaluazio irizpideen artean daukagu nonbait, esplizitatuta egoten ez den arren.

Nielsen eta Gregorik ingurune birtualetarako aholkuak eskaintzen dituzte, haiek irakurrita bestelako inguruneetara (talde presentizalak jakina) ondorioak ateratzea ez zait zaila iruditzen: Partizipazioa erraztu, parte hartzeko ahalegina murriztu, kalitatezko parte hartzea sustatu, parte hartzea saritu...

Kontua harago eroango nuke hala ere. Igual galdera politikoki-ez-zuzenak izango dira, edo lerdoak besterik gabe, baina botatzeko dauzkat aspalditik:

  • Zer da partizipazioa? Zeri deitzen diogu parte-hartzea? Denok publikoan hitz egin/idazteari? Entzutea/irakurtzea/pentsatzea/prozesatzea/ondorioak ateratzea ere ez da parte-hartzea?
  • Zer parte-hartze maila nahi izaten dugu? Gure atariko batzarretan egundoko partizipazioa dago, baina ez dago ezer argitzeko modurik izaten. Parte-hartzaile aktiboa eta fagozitatzaile paperaren artean zein da muga?
  • Zertako nahi dugu parte-hartze maila hori? 20 laguneko taldean adibidez 20 ikuspuntuak hain desberdinak izango dira?
  • Nahi genukeen partizipazio maila kudeatzeko prest(atuta) gaude? Oilategia gobernatzeko alegia. Mintza-praktikaz ari bagara adibidez (hitz egin behar da), Willis-ek apuntatzen zuen modura ez da eraginkorragoa talde txikiagoak egitea?
  • Parte hartzen ez duenak balorazio baxuagoa merezi du horregatik? Gutxien ikasi duena da ala?

Karrajuko estatistikak ikusita, hemen mezuak eta iruzkinak idazten ditugun laupabost lagunok baino parte-hartzaile gehiago daudela pentsatzen dut orain adibidez. Errejistratuta egon ez arren. Zer esana edukiko dute batzuek, baina igual ez diegu txandarik ematen jakin.

24
Urr
2006

Konexioak eta kontaktuak

Lehengo mezu baten Technorati blogosferan gure intereseko kontuetan kuxkuxeatzeko zelan erabili daitekeen eta zer topatu genuen kontatu nuen. Bitxikeria zen, baina ikasle batzuen esperientziak ezagutzeko modua topatu genituen berton. Haien artean Donostian bizi den ingeles hiztun batena. Gaur neska hura Luistxo Fernandezen blogean agertu zaigu berriro. Wheylona ezizena darabil eta euskarari bueltak ematen jarraitzen du antza. Haren blogari bisita egin baino ez dago.

Neska euskarari erreparatzen dabil, aurkitzen duena aztertzen, praktikatzen eta blogean komentatzen. Luistxoren laguna egin dela dirudi eta berau euskararekin laguntzen dabilkio, ergatiboari buruzko azalpen eta guzti. Blogen arteko lotura antzeko zerbait dabil martxan. Luistxok, bestalde, harentzako mintzalagunaren eskean bota du mezua euskarazko blogean. Neskak ingeles irakaslea dela eta halako hizkuntz-trukea ere proposatu du.

Honek guztiak konektibismoaren inguruko psikolastoarekin konexiorik ote dauka?

Ez dakit ba,... bitartean baten batek neskari ikasten lagundu ahal badio, konektatu hona.

Bide batez, artikulu hartan aipatu genuen beste batek euskaltegi atala zabaldu du bere blogean

05
Urr
2006

Konektibismoa


konektibismoa
HEOK zabaltzen hasi zenetik hemen ibili gara konstruktibismoa gora eta behera. Azkenengoan ibili behar dela-eta derrepentean konturatu ginen konduktista hutsak baino ez garela eta berriztu egin behar genuela eta egunean jarri.

Dotrina mailan ia denok geureganatu dugu, kurrikuluetan horrelaxe daukagu jarrita seguruenik. Praktika beste kontu bat da baina.

Hala ere, honek guztiak ikaskuntzaren inguruko teoriak ezagutu eta haietaz hausnartzeko parada eman digu azken urteotan, eta hori txarra ez da izango.

Aspaldion teoria berri baten albisteak dabiltza, sarean gehien bat: konektibismoa. Informazioaren joan-etorrian eta ezagutzaren ibilbideetan teknologia berriek eragin dutenak ekarrita-edo, eLearning-aren munduan batez ere apurka-apurka zabaltzen hasi da teoria hau.

George Siemens da teoria honen sortzailea eta konektibismoari buruzko webgune-wikia atondu dute http://www.connectivism.ca webgunean .

Norbait interesatuta badago, hemen dago aurkezpen-artikulua ingelesez. Zuen ingelesa nirea baino askoz hobea ez bada, gabinete de informatika blogean (bai, gaur deskubritu dut. Hainbeste igartzen da?) sarrera-artikulua gaztelaniara itzuli du Fernando S. egileak (I eta II).

Irakurtzen hasi baino ez dut egin, dena dela hona aipu interesgarri batzuk (ez dut itzultzeko paradarik eduki, sentitzen dut):

Los aprendices hace tan poco como cuarenta años, completarían la escolaridad requerida y entrarían en una carrera que a menudo duraría toda una vida. El desarrollo de la información era lento. La vida del conocimiento se medía en décadas. Hoy día, esos principios fundacionales se han modificado. El conocimiento está creciendo exponencialmente. En muchos campos, la vida del conocimiento ahora se mide en meses y años.

La tecnología está alterando nuestros cerebros.

Saber-cómo y saber-qué están siendo suplementados con saber-dónde (la comprensión de dónde encontrar el conocimiento necesario).

El caos es una nueva realidad para los trabajadores del conocimiento.

La habilidad para ver conexiones entre campos, ideas y conceptos es un aptitud crucial.

La tubería es más importante que lo que contiene. Nuestra capacidad de aprender lo que necesitamos para el mañana, es más importante que lo que conocemos hoy.

Deigarria behintzat bada. Ez dakit honek norainoko bidea egingo duen, baina etorri, laster baten beste aldaketa bat datorrela susmatzen dut. Lastima! Konstruktibismoarena ikastea hainbeste kostata. Arrazoia edukiko dute hauek ba!

12
Ira
2006

Tandem

Hemen sarritan jardun dugu mintzalaguna eta halako esperientzien gainean. Mintzalagunaren hastapeneko ideian hizkuntz-bikoteen edo hizkuntz-trukaketaren kontzeptua daukagu, eta horretan aintzindari Tandem fundazioa izan da.
Gurean ere badabil, Donostian hain zuzen ere, eta gaur haien eskaintza ailegatu zait.
Eskolak emateaz gain, logikoa denez, praktika eta trukaketarako taldeak eta bikoteak ere antolatzen dituzte, eta horrez gain ikasleentzako hitzaldiak eta aktibitateak. Trebakuntza estrategikoan nahiko zentratuta dabiltzala dirudi.
Urte askotako esperientziak zer erakutsi dien guretzako ere interesgarria izan liteke jakitea. Gainera, euskaltegi izena erabili barik euskara ikasteko jarduerak ere antolatzen dituzte.
Gaur egun tekonologia berriekin gabiltza iparra markatu guran, baina halako bide "humanoagoak" ere beste buelta pare bat emateko modukoak direla uste dut.

06
Ira
2006

Jarrerak, hizkuntzen ikasketaren funtsa

Jarrerak, hizkuntzen ikasketaren funtsa - Hizkuntzen ikasketari buruz hausnartzean, pedagogiaren ikuspuntutik bereziki, alde batera uzten da gure ustez erabat funtsezkoa den alderdi bat: hizkuntz jarrerak. [Erabili.com: iritizi muinetik]

Artikulu interesagarria erabili.com-en agertu den hau. Ea datozen egunotan zer komentatua okurritzen zaigun. 

Sindikatu edukia